Berriak
Alta txostenak euskaraz idazten laguntzen du liburu berri batek
2014-12-10
Txostenak euskaraz idazten laguntzea da hain zuzen ere argitaratu berri den Alta Txostenak* liburu berriaren helburu nagusia. Argitalpena beste hizkuntza batetik itzuli beharrik gabe euskaraz idatzitako txostenen bilduma bat da, lanaren bultzatzaileek adierazten duten bezalaxe errazago egiten baita senda-agirietan errepikatzen diren formula eta esamoldeen adibideetan euskaraz idatzitako txosten berriak oinarritzea.
Iban Basabe izan da Donostia Unibertsitate Ospitaleak kaleratu duen lan honen sortzailea eta koordinazio lanak egin dituena. Bera izan da ospitaleko zerbitzu eta unitate desberdinetan lan egiten duten eukaldunen fikziozko txosten horiek bildu dituena. Lehen zuzenketa Iñaki Villoslada eta Mikel Maioz euskara teknikariek egin zuten eta behin betiko errepasoa Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kolaboratzaile den Jabier Agirre mediku eta itzultzaileak egin du. Elkargoaren laguntza izan da, hain zuzen ere, lan hori bermatu duena.
Euskararen eguna dela eta asteazken honetan aurkeztu da liburua Donostiako Unibertsitate Ospitaleko areto nagusian. Bertan Felix Zubia zentruko langileen euskara batzordeko lehendakariak adierazi du lan honi egin ziezaiokeen "harrera egokiena erabiltzea litzatekela", Gainera, arduradunek egindako esfortzu handia nabarmendu du ekitaldian zehar. Bere aldetik, Iban Basabe argitalpenaren koordinatzaileak "alta txostenak nahi duten hizkuntzatan eskatzea gaixoen eskubidea" dela gogoratu du. "Euskaraz eskatu dezakete", azpimarratu du.
Lucía Garate Donostia Ospitaleko zuzendaritza taldeko ordezkariak eskerrak eman dizkie "osasun zerbitzua euskalduntzen" laguntzen duten guztiei, eta "euskaldunen eskubideak bermatzeko" oraindik lan asko egiteke dagoela aitortu du. Jabier Agirrek, aldiz, liburua "primeran" gelditu dela hausnartu du, eta behingoz edozein zerbitzuko profesionalek beren txostenak euskaraz idatzi nahi badituzte nora jo jakingo dutela ospatu du. Gainera, Osakidetzari "egurra" eman nahi izan dio "euskararekiko daraman politika lotsagarriagatik".
Ekitaldi berberan Ospitalean bertan eta Osakidetzaren Gipuzkoako zerbitzu-erakundeetan euskara erabiltzearen, zabaltzearen eta sustatzearen aldeko ekimen eta lanak aitortzen dituen Joanes Etxeberri sariak entregatu dira. Orain dela bi urte izan zen hain zuzen ere saritua Alta Txostenak idazteko proiektua.
Aurtengo edizioan, zazpigarrena, Jose Ramon Furundarena epaimahaiko lehendakariak eman ditu sari horiek. Eukene Ansuategi eta Mari Mar Úbedak egindako Testing Treatments. Nola probatzen diren tratamenduak liburuaren bigarren edizioaren itzulpena izan da garaile. Aipamen berezia Iñaki Peñaren heriotzaren doluaren inguruko Aulki Hutsa dokumentalak jaso du eta finalista Nerea Marin eta Maialen Olazabalen Listeria, zuk uste baina gertuago lanak eraman du.
Utzi zure iruzkina