Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Aitor Montesen iritzi artikulua: Zumarragatik Zarautzera

2014-12-12

Iturria: berria.eus

Non gogoa, han zangoa. Erresonantzia unitate berria abiatu da Zumarragako ospitalean. Osatekeko unitatearen aurkezpenaren lekuko izan gara, bertan Darpon Osasun sailburua, Urkullu Lehendakaria eta Goierri-Urola Garaiko ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) zuzendari kudeatzailea izan direlarik, pozik eta alai. Goierri-Urola Garaia esan dut, izan ere Zumarragako ospitaleak inguruko 100.000 pertsonei zerbitzua eskaintzen die, eremu euskaldun batean. Mutiloa, Gabiria, Zerain, Ormaiztegi, Idiazabal, Segura, Zegama, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Itsasondo eta Urretxu bezalako herriak. Horietako asko Uemako (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) kideak.

Unitate berrian zutunik, abangoardiako teknologiarekin liluraturik, ekipamendu berriaren aurrean apalik, zerbitzuaren kalitatearen gomutaz, herri-ordezkariek ez ikusia eta ez entzuna egin diete Goierri eta Urolako euskaldunei. Erresonantzien txostenak gaztelera hutsean idatzita egongo dira, ohiko moduan, eta ez ele bitan, legeak eskatzen duen legez. Zerbitzu berria non, gaztelera han. Non eta Gipuzkoako eremu euskaldunean.

Egoeraz oharturik, inguruko udalek eta Uemak erresonantzien txostenak ele bitan eskaintzeko eskatu zioten Osatekeko zuzendaritzari eta Zumarragako ospitaleko zuzendariari. Hurkoaren maitasuna herriaren osasuna, baina oraindik ez dute erantzunik jaso, hobeto esanda ez diete jaramonik egin. Gaztelera hutsean, noiz eta euskararen eguna ospatu zen astean bertan. Izenetik izanera gogoa zubi, baina hemen borondaterik ez.

Horrek guztiak agerian uzten du Osakidetzako zuzendariek euskararekiko eta euskaldunekiko duten jarrera. Noizean behin unitate berri bat, zerbitzu berri bat, berregituraketa edo berrantolakuntzaren bat, baina ele bitan inoiz ez. Zaharrak berri. Ez dute osasun arreta euskaraz bermatzen, ezta nahi ere. Mundu mailan gauza jakina da osasun zerbitzuaren kalitatea hizkuntzari lotuta dagoela, eta ildo horretan txostenak ele bitan eskaintzeak pazienteen gogobetetasuna hobetuko lukeela ez dago zalantzan. Jaurlaritzak ere horrela adierazi du behin eta berriro. Baina bost axola die zuzendariei. Erresonantzien txostenak ez dira euskaraz egongo inola ere.

Zergatik erresonantziak ele bitan? Zergatik orain? Ez al dago beste lehentasunik? Beharbada bai, baina oraintxe dugu abagunea euskararen normalizazioan egundoko aurrerapausoa emateko. Alde batetik, esan bezala eremu euskalduna delako. Bestetik, unitate edo zerbitzu berria delako, eta horrela aurrekari bat ezartzeko aukera paregabea; Osakidetzako edozein unitate edo zerbitzu berria hasieratik ele bitan ezartzea alegia. Eta azkenik, irudi proba horiek espezialistek eskatzen dituztelako. Jadanik ekografien txostenak ele bitan lortu ditugu Debagoienean, eta proba horiek familiako medikuon eskura daude. Erresonantziak, ordea, espezialisten eskumena dira; beste urrats bat litzateke, beraz, borondatea balego. Ez ditugu erresonantzia guztien txostenak ele bitan eskatzen, egun batetik bestera eta Euskal Herri osoan, Zumarragan baizik. Besterik ez.

Jarraitu irakurtzen hemen

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

Ikergazte2025 kongresurako artikuluak bidaltzeko epea urtarrilaren 20an zabalduko dute
UEU-Udako Euskal Unibertsitateak aktolatuta, maiatzaren 28, 29 eta 30ean Bilbon egingo dute Ikergazte2025 diziplinarteko kongresua. Bere helburuak euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerke...
Ruben Garcia pediatra euskaltzalea gogoan
"Osatuberri" Osakidetzako euskara-aldizkariaren 74. zenbakia (2024ko azaroa-abendua) kalean da jada. Ale berri honetan, Ruben Garcia Perez Bilboko Txurdinagako Osasun Zentroko pediatra eta OEEko kidea zena gogoratu dute. Joan den azaroan zendu...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan