Berriak
Hizkuntza-politikaren argi-ilunak
2015-03-31
Iturria: Osatuberri 20
Roberto Manjon Lozoya Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko hizkuntza-normalizazioko teknikaria
Denok iragan bat dugu, baldintzatzen gaituena, eta hizkuntza-politikak ere bai. Aurrekaririk eragingarriena aurkitzeko frankismora jo behar dugu. Orduan eztabaida bizia izan zen euskal nazioko kide zein zen finkatzeko, eta ideia bat nagusitu zen: euskal herritarrak euskaldun izan behar zuen edo, gutxienez, euskararen aldeko, desiratu behar baitzuen euskara hizkuntza nazionala izatea. Hautu ideologiko hori euskalgintzaren berebiziko pizgarria izan zelarik, ikastolek, gaueskolek, aldizkariek eta abarrek bultzada handia ezagutu zuten.
Hala ere, guztiak du bere ifrentzua, eta garai bateko argia itzal bihurtu da beste testuinguru batean. Horrela, frankismoko ibilbidearen ondorioz, erakunde demokratikoek eta herrimugimenduek estrategia hedatzailea lehenetsi dute, hots, euskalduntze delakoa. Kontua da hizkuntza bat historian barna maldan behera datorrelarik, azpian, hiztun-herri baten disoluzio soziokulturala dagoela, desegite sozioekonomikoa eta politikoa, bestela esanda, hiztunak saldoka galdu ez ezik, haren harreman-sare mota guztiak hondatu eta desagertuz doaz, bilguneak txikituz, harik eta erabat desagertu arte. Prozesu hori nahiko aurreraturik dago Euskal Herriko inguru gehienetan.
Horregatik, garai bateko euskalgintzaren teorikorik handienak, J.M. Sánchez Carriónek (Txepetx), ez txiripaz kanpotarrak, lehentasun zeharo desberdin bat proposatu zigun: hiztun-herria trinkotzea. Ordea, iraganari atxikirik jarraitu dugu euskalduntzea lehenetsiz. Batak ez du bestea kentzen, noski, baina bat bakarra da lehentasun gorena. Hamarkadak igarota, argiro ikusi da hiztun-herriak barnetik hustuz dirauela —herri euskaldunen gainbehera, galerak erabileraren dentsitatean nahiz kalitatean— eta euskalduntzearen emaitzak —erabilera— oso urriak direla, erruz banaturiko euskara-ziurtagiriak gorabehera. Zergatik? Hutsetik ez delako ezer sortzen: erdal gizarteak erdaldunak ekoizten ditu.
Ildo beretik, Joshua Fishman hizkuntzaren soziologo handiak ohartarazi gaitu normalizazioa eskalera bati darraiola, ezin dugula mailen artean jauzi egin, maila guztiak igo behar direla. Ordezkatua izateko bidean dabilen hizkuntza familian eta auzoan erabiltzen ez bada, eskolak nekez sortuko ditu hiztunak, eta, halaber, hezkuntza-sistemak hiztunik sortzen ez badu, ez da benetan administrazioko hizkuntza izango, ez eta, oro har, maila goreneko gizarte-jardueretan ere. Oinarririk gabe, euskalduntzea ez da dekretuz eta inbertsio bidez helduko.
Jakina, argirik ere bada, eta ez txikia, herri-euskalgintzaren eta erakundeen ahalegin handiei eskerrak. Euskarak sinbolikoki asko irabazi du, prestigio apur bat, nonahi da ageri, noranahiko, gizarte-maila guztietan, eta hori ezinbestekoa da hiztun-herri xume honek inoiz historiaren osin beltzetik irtengo badu. Gainera, herritar askok euskara apur bat dakite. Osakidetzan bertan, ez dira gutxi esfortzuaren mozkinak.
Baina, hala ere, urrun samar gaude aurrerapen sendo eta iraunkorretatik, gainera, albo-ondorio gaiztoak ez genituzke gutxietsi behar. Norabidea ondo orientaturik egon dadin, estrategia orokorra berritu behar genuke. Aldatu bai baina ez nolanahi, astindu handirik gabe, behar den erritmoz, emeki eta buruargiz. Argi dakusat ezin dugula estrategia bat bera eduki euskal hiztunen errealitatea oso desberdina den inguruetan, kualitatiboki desberdin jokatu behar dugula, inguru oso euskaldunetarako egokiak diren neurriak normalean desegokiak baitira inguru oso erdaldunetarako.
Horrek guztiak narama esatera sistemaren muinaz gogoeta sakona egin behar dugula, aurreiritzirik gabe, sotilki, zientifikoki. Hizkuntza-eskakizunen sistema berriro pentsatu behar dugu, zein hizkuntza-eskakizunak berak, zein derrigortasunak, zein prestakuntzaren zeregina, argitu beharrez non eta nola diren bideragarriak, onuragarriak, egokiak. Agian, gure planak orokorregiak dira, lauegiak, ardatz bakarrekoak, eta horren ondorioz ez zaizkie ondo egokitzen lurraren tolestura aldakorrei, orografia soziolinguistikoari. Halatan, apika, ez dugu behar beste presionatzen gehiago egin behar genukeen tokian, eta alferrik apalagoak izan behar genukeenean. Malguagoak hemen eta gogorragoak han, bietara jokatu eta jarraitu.
Utzi zure iruzkina