Berriak
OEEk osasuna eta jarduera fisikoa zein kirola uztartuko ditu datorren astean egingo duen 25. Osasun Biltzarrean
2015-04-10
Haritz Arrieta Etxeberria
Iturria: zuzeu.eus
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) zilarrezko ezteiak ospatuko ditu aurten, Gasteizen antolatuko duen Osasun Biltzarraren 25. edizioan. Biltzarra apirilaren 17 eta 18an izango da Gasteizko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean (EHU). Bi egunetan zehar, batik bat osasun-arloan jarduera fisikoa nola txertatu aztertuko da, 13 hitzaldi, 16 ahozko komunikazio, 23 poster eta 4 tailerren bitartez. Jardunaldia osasuna, jarduera fisikoa eta kirolaren arloko langile eta ikasleei zuzenduta dago batez ere, baina bestelako kolektiboei ere irekita dago.
Osasun-programetan jarduera fisikoaren garrantzia aitortu bai baina ez dago behar bezala jasota eta landuta. Horregatik, biltzar honek gaur egun garatzen ari diren esperientzietara eta ildoetara hurbiltzeko aukera aparta emango digu. Adibidez, lehenengo mahai-inguruan osasuna jarduera fisikoaren bidez lantzeko programak ezagutzeko aukera izango dugu eta horretarako hiru gai izango ditugu hizpide: “Jarduera fisikoa eta osasuna; onurak arriskuen gainetik. Osasun Publikoaren ikuspuntua”, “Mugiment, gizarte aktiboagoa sortzeko proiektua” eta “Kirol-errezeta”. Mahai-inguru honetan datu interesgarriak ezagutuko ditugu, adibidez, gaur egun gizonezkoen %73 eta emakumezkoen %66 egiten dutela jarduera fisikoren bat, edo zenbait botiken ordez, Getxoko udalerrian medikuek jarduera fisikoa preskribatzen dutela, batez ere, lan hori egiteko moduari erreparatuz.
Bigarren mahai-inguruan talde berezietan egiten den jarduera fisikoa aztertuko da, beste hiru gai landuta: “Bihotzekoa izan dutenentzako jarduera fisikoa”, “Indarra nola landu” eta “Ariketa fisikoaren preskripzioa gaixotasun kronikoetan”. Izenburuetan ikusten denez, pazienteek dituzten gaixotasunen arabera, jarduera fisikoa modu batera edo bestera egitea lagungarria da oso. Azterketa guztiek diotenaren arabera, ariketa fisikoa pazienteen errehabilitazioaren barruan kontuan hartu beharreko ezinbesteko osagaia da.
Hirugarren mahai-inguruan osasun eta kirol-profesionalok egin dezakegunari buruz hitz egingo da, hiru gai hauen bidez: “Kirol azterketa medikoa. Eta ariketa fisikoan? Eztabaida guran!”, “Elikadura eta hidratazioa: ariketa fisikoa egin aurretik eta ondoren zer egin” eta “Ohiko lesioen prebentzioa”. Ariketa fisikoa egiten dugunean adibidez, dieta orekatu bat eta hidratazio egokia egun osoan zehar mantentzea gomendatzen da. Eliteko atletentzat noski, aktibitate maila altuagoa denez, elikadura pauta zehatzago eta indibidualizatuagoak behar dituzte.
Laugarren mahai-inguruan errendimenduko kirolean osasuna zertan datzan aztertuko da, beste hiru hizlariren ekarpenekin: “Modernitate osteko jarduera fisikoaren eta kirolaren kritika”, “Genero-perspektiba errendimenduko kirolean” eta “Gure haurren kirola, osasun-iturri?”. Mahai-inguru honetan errendimenduko kirolak osasunean duen eragina aztertuko da, baina baita urrutira doazen beste ikuspegiak ere, esate baterako, kirola lehiakorkeria bultzatzen duen ekintza bat baino, bizipenekin eta ondo izatearekin dituen loturetan sakontzea, ariketa fisikoan oinarritutako bizi-ikuspegi baterantz.
Osasuna berreskuratzeko jarduera fisikoak gaur egun osasun-zerbitzuetan duen presentzia ere aztertuko da biltzarrean: Kontuan hartzen da? Ez? Zer egin beharko litzateke? Zergatik dago osasun-sistematik kanpo dago?
Hitzaldiez gain lau tailer praktiko ere eskainiko dira: “Indarra nola landu”, “Mugikortasuna nola landu”, “Kirola egiteko elikadura eta hidratazioa” eta “Adinaren eragina jokalari gazteen kirol-ibilbidean eta osasunean”.
Gainera, Biltzarrean osasun-argitalpenak bultzatzen dituen Agote sariaren banaketa, eta amaiera moduan Irati Anda Villanueva bertsolari eta eskalatzaileak ikuskizun polit bat izango dugu.
Utzi zure iruzkina