Berriak
Osasuna eta kirola nola uztartu aztertu zen Gasteizen egindako OEEren 25. Osasun Biltzarrean
2015-04-21
- Ekitaldiari amaiera emateko Pablo Berasaluze egon zen, izan zuen istripua nola gainditu zuen kontatzeko
- Osasun Biltzarrean lau mahai inguru, hitzaldiak eta tailerrak izan ziren bi egun hauetan
- Osasun alorrean gero eta garrantzi handiagoa duen jarduera fisikoa bideratzeko esperientzia eta ildoak ezagutzeko aukera egon zen
- Kirol arloko teknikariek gorputza egoera onean edukitzeko teknika batzuk erakutsi zituzten
- Hizlarien azalpenek eta mailak etorritakoen aurreikuspenak gainditu zituzten
Honekin 25 dira OEEk osasun alorrean geure hizkuntzan jarduteko antolatu dituen biltzarrak. Orain arte kirola ez da inoiz landu eta gustura atera dira antolatzaileak, aurreikusi zituzten helburuak bete direlako: osasun alorreko eta kirol alorreko teknikarien artean ezagutza eta harremanak handitzea, arlo bakoitzak bestearen berri izatea, osasunean jarduera fisikoa ezartzeko dauden proiektu eta esperientziak ezagutzea eta osasungintzak kirol eta jarduera fisikoaren arloari zer eskatzen dion ere antzematea.
Lehenengo mahai inguruan osasuna jarduera fisikoaren bidez lantzeko programen berri eman zuten Larraitz Arriolak, Aitziber Benitok eta Javier Marcok. Larraitz jarduera fisikoak osasun publikoan izan behar duen kokalekuari buruz aritu zen. Aitziber bere aldetik, batetik jarduera fisikoa eta, bestetik, sendarismoak osasunean nola eragiten duten azaldu zuen. Horrela, Jaurlaritzak jarduera fisikoa sustatzeko abian jarri zuen Mugiment programaren berri eman zuen. Azkenik, Javierrek Algortako Osasun Zentroan gaixotasun kardiobaskularren eragina gutxitzeko abian duten kirol errezetari buruz hitz egin zuen.
Bigarren mahai ingurua jarduera fisikoa talde berezietan nola garatu behar den aztertu zen hiru gaixotasun motetan zentratuta: bihotzekoa izan dutenen kolektiboa, indarra lantzeko behar duten gaixotasun taldeak eta, azkenik, gaixotasun kronikoak (koronarioak, bihotz gutxiegitasuna, hipertentsio arteriala…) pairatzen dituztenak.
Arratsaldean, Iñaki Arratibelen hitzaldiak gaixotasunen tratamenduan egunez egun indarra hartzen ari den jarduera fisikoa izan zuen hizpide. Bere iritziz, errekuperazio plan egokiak behar dira jarduera fisiko hori benetan eraginkorra izan dadin, alegia, errehabilitazio programa koordinatuak, osasun arloko eta kirol teknikarien artean. Baina, gaur egun, jarduera fisikoa ia erabat dago osasun sistematik kanpo eta horrek bi arloen uztarketa erabat zailtzen du.
Larunbatean, lehendabiziko mahai inguruak osasun eta kirol profesionalok egin dezakeguna izan zuen hizpide. Alberto Garaik kirola egiteko eskatzen den kirol azterketari buruz hitz zuen lehenengo. Herrialde bakoitzean zein den egoera, azterketak zertarako diren eta talde mota bakoitzean nola egin behar den azaldu zuen Albertok. Ihintza Larrañaga ariketa fisikoa egin aurretik eta osteko elikaduraz eta hidratazioaz mintzatu zen. Logikoa denez, kirol motaren eta pertsonaren ezaugarrien arabera gomendioak desberdinak baitira. Azkenik, Maialen Araolazak ohiko lesioak prebenitzeko hartu beharreko neurriez hitz egin zigun.
Medikuntza arloko irakaskuntza lanak bultzatzen dituen eta Mondragon Healthek babesten duen Agote Sariaren irabazleek saria jaso zuten. Oraingoan, Iktusari buruzkoa izan da diruz babestuko den gaiaren argitalpena. Horrez gain, Minusbaliatuek jarduera fisikoa egiteko dituzten aukerak erakutsi ziren Olatz Zarate Sesmak egindako bideoan, pertsona batzuek eguneroko egoerak azalduz.
Azken mahai inguruan Joseba Urkolak jarduera fisikoaren eta kirolaren mugez aritu zen. Bere hitzaldian kirol merkataritzan jausteko arriskuaz hitz egin zuen eta horrek dakartzan arriskuez. Libana Taboada kirolean dagoen sexismoaz aritu zen, kirol mota guztietan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko lubakiaz. Luis Mari Zulaikak haurren kirolari buruz mintzatu zen eta hor jarduera fisikoa hezkuntza informalean eta formalean dauden arteko aldeak bereiztu zituen.
Hitzaldiez gain 14 ahozko aurkezpen eta 23 poster aurkeztu ziren biltzar honetan.
Bukatzeko, amaiera ekitaldian Pablo Berasaluze pilotariak frontoian izan zuen istripua eta txapelketa irabazi arteko errekuperazioa nolakoak izan ziren azaldu zuen.
Utzi zure iruzkina