Berriak
Euskaraz sendatzea helburu
2015-04-30
Euskal Herriko osasun sistemetan arreta euskaraz eskaintzea sustatzeko, Berdin elkartea sortu dute.
Osasun arloko erabiltzaileak eta langileak batu nahi dituzte.
Medikuarengana joan, eta norbere hizkuntzan arreta jasotzeko aukerarik ez izatea. Egoera hori gertatzen da maiz Euskal Herriko osasun zerbitzuetan. Izan ere, euskaraz jarduteko arazoak izaten dituzte hainbat herritarrek sendagilearenean. Kezka horrek elkartuta sortu dute Berdin elkartea osasun arloko hainbat erabiltzaile eta langilek. Euskal Herriko osasun zerbitzuetan arreta euskaraz eskaintzea sustatu nahi dute. «Euskal herritar guztien osasunaren eta duintasunaren aldeko ekarpen xumea egin nahi du Berdin elkarteak». Hala adierazi zuen atzo Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Durangoko Plateruena Antzokian (Bizkaia) egin zuten aurkezpenean. «Laguntza behar duenari babesa eman, informazioa eskaini, eta elkarren arteko harremanak bultzatu nahi ditugu».
Gaur egungo osasun zerbitzuak pazientea du ardatz. Eta horretan egin du indar Larrañagak. «Osasunak ongizate orokorrari erantzun beharko lioke: fisikoa, psikikoa eta soziala. Zerbitzua pazientearen egoerari, izaerari eta inguruneari egokitu behar zaio». Norabide horretan kokatu du euskararen afera. «Arreta eta hizkuntza banaezinak dira. Kalitatezko osasun arreta erabiltzailearen hizkuntzan eskaintzen dena da». Gogora ekarri du Euskal Herrian frantsesa eta gaztelania guztiz bermatuta daudela osasun zerbitzuetan, baina bestelakoa dela euskararen egoera. «Gure gizartea eleaniztuna da, eta, osasun zerbitzua hizkuntza guztietan eskaintzea ezinezkoa den arren, Euskal Herriko hizkuntza ofizialetan jasotzea ezinbestean bermatu behar da. Hiritarren eskubidea da».
Medikuarenean komunikazioa bermatzeko beharrezkoa da hizkuntza eskubideak errespetatzea. Larrañaga: «Edonon, edonoiz eta maila guztietan bermatu behar da euskara. Kontsultategian edo ospitalean, ahoz eta idatziz». Helburu hori du sortu duten Berdin elkarteak. Arlo askotako atxikimenduak bildu ditu oraingoz. Tartean dira Nahia Aia ginekologoa, Uxue Alberdi, Karmele Jaio eta Pako Aristi idazleak, Miren Amuriza bertsolaria, Naia Alzola txirrindularia eta Alaitz Atxurra osasun arloko administraria. Gizarte eragile zenbait ere izan dira elkartea aurkezteko agerraldian, babesa adierazten; tartean euskalgintzakoak: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, AEK...
Betebeharra, ez osagarria
Osasungintzan euskarazko arreta eskaintzen dela ziurtatzeko, herritarren artean sareak eraiki nahi dituztela azaldu du Larrañagak: «Osasun arretaren kalitate hobea bermatu eta herritar euskaldunak erdaldunak bezainbeste aintzat hartzea nahi dugu». Eta teknologia berriak erabiliko dituzte horretarako. «Aniztasunetik abiatuz, berdintasuna bultzatuko duen elkartea nahi dugu. Pertsona bakoitzaren ezaugarriei eta tokian tokiko egoerei erantzun egokia ematen saiatuko dena».
Medikuntzan hizkuntza ez da osagarria, betebeharreko gaitasuna baizik, Aitor Montes Aramaioko (Araba) familia medikuaren eta Berdin elkartearen bultzatzailearen arabera. «Kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen den zerbitzua da, ez besterik». Adierazi du erabiltzaileen ama hizkuntza errespetatu egin behar dela, eta osasun zerbitzuak ere eskaini egin behar duela hizkuntza aukera. Behin eta berriz azpimarratu du ideia hori: «Arreta euskaraz eskaini egin behar da. Erabiltzailea ezin da eskatzera behartu, ez da etikoa, eta ez du kode deontologikoa betetzen. Administrazioak ziurtatu egin beharko luke hori. Eta giza baliabideak zein baliabide teknikoak behar horietara egokitu beharko lituzke».
Baztango (Nafarroa) egoeraren berri eman zuen Garbiñe Elizegi alkateak. Zailtasunak dituzte euskarazko osasun zerbitzua izateko, eta egoera aldatzeko neurri bila hasi ziren. «Osasunbidean esan ziguten hizkuntza irizpideak ezarrita zeudela eta ez zituztela aldatuko. Osasun zentroko langileekin ere saiatu izan gara egoera aldatzeko neurriak proposatzen, baina haiek ez dute beharrik ikusten».
Baztangoa ez da osasun zerbitzua euskaraz emateko arazoak dituen Euskal Herriko kasu bakarra. Asko izan dira azken urteotan bide horretan egin diren protestak. Joan den udan, adibidez, zeresan handia eman zuten ordezko medikuen auziak, osagile erdaldun elebakarrak kontratatu baitzituzten hainbat tokitan: Muxika (Bizkaia), Tolosan, Zumaian (Gipuzkoa) eta Gasteizko Zabalgana auzoan, besteak beste.
Gaiari buruz iaz Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argitaratutako txostenak ere ez zituen datu onak jaso. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Uemako 57 udalerrietatik 28tan daude arazoak: Medikuen %37k dute hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe, eta pediatren %67k. Horregatik, Elizegik uste du gaiari heltzeko herritarrak elkartzea beharrezkoa dela. «Behin eta berriz egiten dugu pareta baten kontra. Horma eraisteko, elkartu egin behar dugu, eta beste modu batean antolatu. Hizkuntza eskubideak bermatzea ezin da soilik osasun arloko langileen esku utzi».
Utzi zure iruzkina