Berriak
Odol eta gernu analisien emaitzak ele bitan emango ditu Osakidetzak
2015-06-15
Harremanak zein hizkuntzatan izan nahi dituzten adierazteko aukera eman diete herritarrei; Internetez egin daiteke aukera. Historia klinikoa euskalduntzeko prozesua makalago doa
2015-06-09 / Garikoitz Goikoetxea
Iturria: berria.eus
Urte bukaeratik aurrera, odoleko eta gernuko analisien emaitzak ez ditu gaztelaniaz bakarrik emango Osakidetzak. Euskara ere aintzat hartuko dute. Zerbitzua «pixkana» euskalduntzeko bidean beste urrats bat izango da, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Jose Maria Armentiaren arabera. Herritarrek harremana zein hizkuntzatan izan nahi duten aukeratzeko modua ere jarri dutela jakinarazi du; Interneten bidez zehaztu dezakete erlazioa euskaraz edo gaztelaniaz eduki nahi duten.
Historia klinikoa euskaraz jartzeko prozesua zertan den argitzeko agerraldia zuten atzo Jaurlaritzako Osasun Saileko buruek, legebiltzarrean, EH Bilduk eskatuta. Beste neurri batzuen aldean, atzerago doa historiaren gai hori.
Urte eta erdi da Osakidetzak bigarren euskara plana egin zuela. Besteak beste, zehaztu zuten pausoak emango dituela dokumentuak euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko —erdara hutsez daude agiri asko oraindik—. Abian jarri dute lantalde bat prozesua antolatzeko.
Zehazki historia klinikoari buruz galdetu du EH Bilduk. Paziente bakoitzaren osasun ibilbideari buruzko txostena da, eta gehien-gehienetan erdara hutsez egoten da. Ele bitan jartzeko asmoa du Osakidetzak, baina Armentiak ohartarazi du «prozesu konplexua» dela. Haren arabera, bi alde hartu behar dira aintzat: herritarren hizkuntz eskubideak bermatzea —agiriak euskaraz jaso ahal izatea— eta osasun zerbitzua ziurtatzea —agiriak euskaraz egoteak ez duela arriskurik sortuko, guztiek euskaraz ez dakitelako—.
Bidea «progresiboki» egingo dutela berretsi du Osakidetzako arduradunak. Ez du eperik jarri. Lantaldea ari da aztertzen zer egin daitekeen; laburpena euskaraz eta gaztelaniaz jartzea aukera gisa aipatu dute. Prozesua euskalduntzeko gakoetako bat zein den zehaztua dute euskara planean: zirkuitu elebidunak egin nahi dituzte; oinarrizko zerbitzutik espezializatuetara arte, euskaraz aritzeko gai diren osagileak antolatu, euskaraz arituko den sarea eratzeko. Historia klinikoa euskalduntzeko abagunea izan liteke sistema hori.
Hizkuntza aukera
Horretarako, pazienteak zein hizkuntzatan aritu nahi duen jakiteko sistema bat taxutu dute. Txartel berria atera dutenei edo aldatu dutenei galdetu diete euskaraz edo gazteleraz jardun nahi duten.
Hizkuntza hautatzeko aukera orokortu egingo dutela iragarri du Armentiak: Interneten bitartez zehaztu ahalko dute zein hizkuntzatan izan nahi duten harremana. «Konpromisoa» hartu du Osakidetzak paziente horiekin, euskarazko zerbitzua bermatzeko. Bidea «pixkanakakoa» izango dela ohartarazi dute, hala ere.
Beste bide batzuk lantzen ari dira, horrekin batera. Odoleko eta gernuko analisien emaitzak gaztelaniaz bakarrik ematen dituzte oraindik; urte amaierarako bi eletan emateko hitza hartu du Osakidetzak. Senda-agiriak eta horrelako dokumentuak euskalduntzeko asmoa ere agertu dute. Donostia ospitalean hasi dira: eskatzen dutenei euskaraz ematen dizkiete dokumentuak, itzulita. Beste erietxe batzuetan ere badaukate asmoa horretan hasteko.
Utzi zure iruzkina