Berriak
Mitorik ez, errealitatea
2015-07-21
2015-07-16 / Jose Maria Armentia - Osakidetza
Igeregi jauna, Osakidetza zuzentzen duen taldea legegintzaldia hasi zenetik aritu da erakundean euskara erabiltzeko eta normalizatzeko lanean. Ondo dakizunez, 2013ko abenduan, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Plana onartu genuen. Helburu bakarra genuen: pazienteei ematen zaizkien zerbitzu elebidunen eskaintza handitzea, hain zuzen; Osakidetzan beste lan-hizkuntza bat izatea euskara, egunero ematen ditugun zerbitzuen kalitatea handitzeko. Horixe da gure helburua oraindik ere, eta etengabe arituko gara lanean hori lortzeko. Aipa ditzaket euskararekiko dugun konpromiso irmoa berresten duten zenbait ekintza: Igeregi jauna, ez dut uste ELA sindikatuak gauza bera esan dezakeenik.
Osakidetzan lanean ari gara, nahi duten erabiltzaileen hizkuntza lehenetsiaren erregistroa sortzeko, haiei profesional elebidunak esleitzeko, dokumentazio klinikoa gutxika euskaraz sortzeko, zerbitzu elebidunak identifikatzeko, profesionalen euskarazko prestakuntza hobetzeko, langile guztiak —eta, bereziki, bitarteko zuzendariak— hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak betetzearen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko, eta irizpide horiek betetzeko. Osakidetzak barruko mediku egoiliarren beharren plangintza diseinatu du, eta hainbat lanpostutarako ezarri ditu euskara-baldintzak. Bestalde, hasieratik, Osakidetzak argi eta garbi adierazi du zerbitzu elebidunen eskaintza eta arretaren kalitatearen hobekuntza ez direla eztabaidatuko, eta hala erakutsi dugu legegintzaldiaren hasieratik, bai gure jarrerarekin, eta baita gure jokabidearekin ere. Ildo horretatik, agerikoa da Osakidetzak, batez ere azken urteetan, euskararen normalizazioan egin duen aurrerapena: administrazioaren ahaleginei eta erabili dituen baliabideei esker, nabarmen hobetu da profesionalen euskara maila.
Horrenbestez, zein da euskararen egoera hautaketa-prozesuetan? Zein da benetako errealitatea? Egia da 2014-2015 aldiko Enplegu Eskaintza Publikoa prestatzeko bibliografiako material guztia ez dagoela euskaraz. Hori hala da. Baina bi hizkuntzetan eskura daiteke bibliografia horren zati handi bat. Gainera, hainbat argitalpen zientifiko ez dira gaztelaniaz sortu ere; gaztelaniara itzulitakoak dira, eta horrek ez die aparteko oztoporik sortu azterketa egingo dutenei. Jakin beharko zenuke, gaur egun, osasunaren arloko argitalpen zientifikoen zehaztasuna handitu ahala, orduan eta txikiagoa dela bai euskararen bai gaztelaniaren presentzia. Jakintzaren adar guztietan gertatzen da hori, bereziki, zientziaren arloan. Ez da berritasun bat.
Oposizio faseko azterketei dagokienez, antzeko zerbait gertatzen da. Egoera bertsua da EAEko herri-administrazioen hautaketa-prozesu guztietan, eta are nabarmenagoa espezializazio-maila handiagoko kategoria profesionaletan. Hori ere ez da berritasun bat. Hala, Osakidetzak zera bermatu behar du: azterketa hizkuntza ofizial batean zein bestean egin, erabat ulertuko direla elementu guztiak, hizkuntzek emaitzetan eraginik izan gabe. Horretarako, Osakidetzak konpromisoa hartu du euskarazko azterketek kalitatezko baldintza guztiak bete ditzaten, hizkuntzaren, ulermenaren eta komunikazioaren aldetik.
Hori da gure errealitatea. Horiek dira gertatu direnak, eta, lehenago esan dizudanez, Igeregi jauna, ez dut uste zuek antzekorik erakuts dezakezuenik. Zergatik ez du ELAk neurririk hartu Euskadiko administrazio publikoaren beste hautaketa-prozesu batzuetan? Edo Osakidetzan soilik gertatu da arazo hau? Zergatik ez du ELAk neurririk hartu hizkuntza-politikako irizpiderik aplikatzen ez duten baina ELAko ordezkarien gehiengoa duten erakunde publiko batzuetan? Zergatik?
Guk aurrera egiten jarraituko dugu. Osakidetzak bere garapena lantzen jarraituko du. Eta hori ez da mitoa, errealitatea baizik. Ekintza, kontratu eta egoera guztiak hedabideetara eramaten dituzue. Nahikoa da. Bidera ditzagun ekarpenak eta zuzenketak bide egokietatik, osasunaren arloan euskararen normalizazioa bultzatzeko. Gainerakoa, demagogia da.
Utzi zure iruzkina