Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Gizaki ahalduna ala menpekoa

2016-04-08

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2016-04-08/gizaki_ahalduna_ala_menpekoa.htm

Angel Bidaurrazaga, EHUko medikuntza irakaslea, Berrria egunkarian:

Ahalduntze hitza alor ugarietan erabiltzen den modako hitza da, hau da, politikan, ekonomian, filosofian zein hezkuntzako idatzi kritikoetan; begi bistakoa baita, gure bizitzarako zeregin ugarietan, gizartean nabaria den norbanako edo taldearen boterea galdu izan dugulako irudipena.

Zer jaten dugun, zer nahi dugun, zer erosten dugun, nola bizi nahi dugun, zein den gure pentsamoldea edo informazio iturriak, gure hurbileko erabakiguneetatik urrunekoetara joan zaizkigu edo eraman dizkigute. Adibidez, ekonomia «merkatuen» eskuetan omen dago, estatuak enpresa handienen esanetara daude eta lege araudiak urrutitik datozkigu (Madril, Bruselas, Davos...). Horrela, gure erabakiak gauzatzeko orduan, gero eta zailagoa da, kontrako joera ikusten dugulako, nazioen etorkizunetik hasita, gure platerean jaten dugun azken jakiraino.

Osasun alorrean gaixo ahaldunaren aldeko joera berri bat sustatzen ari da, zeinek gaixotasunaren aurrean bere beharrak eta arazoak konpontzeko gai den paziente jakituna lortu nahi duen. Askotan, gaixoak berak elkarteetan bilduta, bere botereaz jabetzen dira, eta, batzuetan, administrazioaren aurka egiten dute, C hepatitisarekin gertatutakoa, kasurako.

Baina, gehienetan, osasun sistema gaixoaren gainetik jartzen da, eta pazientearengan jarrera pasiboa hobesten du. Hau da, menpekotasuna sustatzen du, nahiz eta pazienteak bere gaixotasunari aurre egin ahal izateko autonomia eta jarrera aktiboa behar dituen.

Beraz, gurpil zoro horretatik ateratzea zaila da, eta, sarritan, herritarrak sistemaren menpeko bihurtzen ditugu, gure gizartea horrela antolatuta dagoelako, hau da, boterearekiko menpekoa delako, baita osasun sistemarekiko ere. Gai honetan sakontzeko, bereziki, oso gomendagarria da Osakidetzak argitaratutako Nola probatzen diren tratamenduak liburua, ebidentzian oinarritutakoa eta medikuntzaren ikuspegitik idatzitakoa.

Baina nola sustatzen da menpekotasun hori? Psikologoek gure garuneko emozioen eremuan jarriko dute garrantzia. Horrela, emozioak arrazonamenduaren gaitasunaren gainetik kokatzen dituzte, eta horiek gure erabaki, harreman eta gidaritzako gaitasunak baldintzatuko dizkigute. Are gehiago, haurtzaroan izan ditugun bizipenek baldintzatuko.

Beste ikuspuntu batetik, neurozientifikoek baieztatu dituzte zeintzuk diren menpekotasunari lotuta dauden molekulak eta garuneko nukleo zehatzak, drogen eraginak eta ahalmenak azaltzen dituztenak. Bestalde, farmakologoek egunero substantzia berriak aurkitzen dituzte, adibidez, droga sintetikoak «naturalak» baino indartsuagoak direnak. Baina badago ohiko droga bat, esaterako, alkohola. Hego Euskal Herrian, gure gazteengan inon baino larrialdi pediatriko gehien eragiten du; hortaz, gogoeta sakon bat beharko luke. Horrez gain, gazte horiengan teknologia berriek sortutako ohitura txarrak ere (adibidez, 4/5 ordu pantailaren aurrean egotea) kontuan hartu beharko genituzke, adinekoengan mugikortasuna sustatzeko bizi garen garai honetan, hain zuzen.

Baina gure herrian dugun menpekotasunik handienak adinarekin zerikusia du, hots, munduko gizarte zaharkitu batean gaudenez, menpekotasun sozio-sanitarioa ugalduz doa egunez egun. Hori horrela, eguneroko bizitzan oinarrizko ekintzak, hau da, jatea, garbitzea, janztea eta ohiko zereginak egin ahal izateko laguntza behar duten pertsonak makina bat dira, eta, are gehiago, epe ertainean. Oraingoz, emakumezkoak dira zaintzaile lanak egiten dituztenak, eta pertsonen arteko menpekotasun zail honetaz, nola edo hala, arduratzen direnak.

Hasiak gara legez eta dekretuz arazo handi honi aurre hartzen, baina, datorkiguna aurreikusita, gizartearen babesa ugaldu beharko litzateke. Galdu dira baserriko familia ugari eta batuaren babes taldea, auzolanean jarduten diren etxe multzoak eta gaur eguneko bakartien multzo bihurtu dugu gure gizartea. Aldiz, oso zail jarri diegu zulo horretatik irten nahi duten cohousing (nagusiak elkar bizitzeko aukera berria) adineko ekintzaileei.

Beraz, menpekoak izateko arrisku handiagoa dugu ahaldunak izateko baino, baina zerk eraman gaitu egoera honetara? Teknologiak, ezagutzak, harremanetako aldaketek, «merkatuek»? Arazo honetaz jabetzeak, apirilaren 22-23an Bilbon OEE Menpetasunaren aurrean... geure buruen jabe biltzarra antolatzera bultzatu gaitu.

Ahalduntzea boterea berreskuratzea denez, eta, horretarako, ezagutza eta ikuspegi kritikoa behar direnez, gaur egungo egoeraren jabetza berreskuratzeko gonbidapena egin nahi dizugu irakurle adeitsu horri.

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan