Berriak
Gaur amaitu da Bilbon, Mendekotasunak aztergai izan dituen Osasun Biltzarra
2016-04-23
Bi egunez ospatu da OEE erakundeak urtero egiten duen osasun biltzarra, Bilbon.
- Aurten menpekotasunak aztertu dira, substantziadunak (alkohola, drogak…), substantziabakoak (teknologiak, jokoa, emozionala) eta soziosanitarioak (adinekoena, gaixoena…).
- Gaur egungo egoera ezagutzeko datu eta interpretazio asko eman dira eta, horrez gain, etorkizunerako ildoak nondik joan behar duten ere azaldu dira.
- Aurtengo ekitaldian 210 lagunek hartu dute parte.
Aurtengo biltzarra emankorra izan da, hizlarien informazio eta proposamenengatik. Biltzarrean hiru mahai inguru, ahozko komunikazio, poster eta world cafe bat egon dira.
Mahai inguru bakoitza gai nagusi batean zentratu da. Lehenengoak substantzia bat hartzean sortzen diren menpekotasunen gainean izan da. Hor hiru hizlari izan ditugu. Batetik Koldo Calllado Hernandok azken garaian sortzen ari diren droga berriei buruz mintzatu da. Mota pilo bat dago eta ezagunenen datu batzuk eman ditu baita sintomak eta ondorioak ere. Ondoren Idoia Larrañaga Garatek patologia duala zertan datzan azaldu du (aldi beran adimen arazo bat zein droga-menpekotasun bat dituzten pazienteak) eta horiei artatzea zertan datzan. Santi Mintegi Rasok alkohola dela eta hainbat gauza aipatu du: osasun sistemak nerabeengan alkoholarekin koman heltzen direnean zer egiten duten, arazo honi osasun sistemak eta gizarteak eskatzen duen erantzuna ez diotela ematen eta gaur egun jendeak alkoholagatik konortea galtzea normaltzat hartzen dela baina ez litzatekela horrela hartu behar.
Bigarren mahai inguruak substantziagabeko drogei buruz jardun du eta hiru multzo nagusiak aztertu eta eztabaidatu dira. Batetik Ainhoa Otaola Agirrek teknologia berriek gazte eta nerabeengan sortzen duten menpekotasunari buruzko azterketa batean oinarrituta, batez ere telefono mugikorra sortutakoa, erabiltzen ikasi behar dela aipatu du, erabilera logiko bat izateko. Ilargi Zarate Orio joko patologikoari buruz aritu da, hau da, txanpon makinetan edo bestelako jokoetan konpultsiboki jolasten dutenak: arazoak, errehabilitazioa, Ekintza-Aluvizek eskaintzen dien laguntza… Azkenik autonomia emozionala lantzeko estrategiei buruz hitz egin du Aritz Anasagasti Undabarrenak, menpekotasun psikologikoari aurre egiteko.
Gaur goizean hirugarren mahai inguruaren txanda heldu da eta adinagatik edo gaixotasunengatik menpekotasuna duten pertsonak izan dira hizpide. Lehendabizi, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Lourdes Zurbanobeaskoetxeak adinekoengan tratu txarrak zertan dautzan zehazten duen protokoloa azaldu du, izan ere, denek ez datoz bat arazo larri hau noiz gertatzen den esateko. Horrez gain erakundeen arteko koordinazioa eskatu du, gai hau hobeto koordinatu ahal izateko. Mikel Lopez Elorriagak zaintzaileei buruz hitz egin du. Batetik, legez hauen figura egonkortzea eta diruz laguntzea erabaki zenean lehendik zuten gizarte aitorpena galdu zutela aipatu du baina gainera, gobernu zentraleko irizpideen aldaketarekin hasieran onartutako dirulaguntzak kentzean, egoera berriro txarragotu zen orain onarpen sozialik ezta dirulaguntzarik ere ez daudelako. Hirugarren hizlaria, Javier Yanguasek, gizartearen zahartzearen tsunamiaren aurrean eredu berria behar dugula aipatu du eta ez soilik osasun arlora edo gizarte ekintzara eta zaintzara mugatutako eredua, arlo guztietara baizik. Zahartzaroa orain arte 65 urtetik aurrera zegoen garaia ikusten zen baina berak hiru azpiaro bereizten ditu: bizitza aktiboa eramaten moduan daudenen garaia, ondoren bizitza pasiboagoa eta gogo gutxiagorekin baina oraindik autonomoak direnen garaia eta azkenik, eguneroko bizitzan besteen laguntza behar dutenak, hau da, menpekotasun egoeran daudenak.
Mahai inguruez gain gai honi buruzko ahozko komunikazioen azalpenak entzun ditugu eta posterrak erakusgai egon dira eta azkenik, Markos Zapiainek amaiera eman dio bi egun hauetan garatutako biltzarrari.
Utzi zure iruzkina