Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Berriako Udako seriea: azken hitzaren jabe (III)

2016-09-10

 Ana Jesus Mosquera Etxabe eta Juanjo Uria: «Bai, agiri bat sinatu nahi dut»

Mosquerak 11 urte daramatza ELA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatuta. Gaixotasunaz, zaintza aringarriez, heriotzaz... hitz egin dio Mosquerak kazetariari.

Udak dena betetzen zuen egun horietako batean egin zen elkarrizketa, Zarautzen (Gipuzkoa), malekoian. Handik egun batzuetara erredakzioan, argi artifizialen abaro hotzean, grabagailua piztuta, harrituta gogoratu zuen kazetariak Ana Jesus Mosquera Etxabek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) nekez ebakitzen dituela hitzak, usu ulertzen zaila den manera batean. Oroimenean, oihartzun itxaropentsu bat. Planez betea: «Bi aste barru Mallorcara noa, Palmara». Kontzientea eta tinkoa, hala ere, bere eritasunaz mintzatzeko orduan: 11 urte daramatza ELA alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatuta. «Eta nik normal hitz egiten dut». Eritasunaz —larria, sendabiderik gabea—, eta heriotzaz. Halabeharrez. Gaixotasuna diagnostikatu berritan, gehienera bost urtez biziko zela adierazi zioten. Aitortzen du, ordea, prozesu luze bat egin behar izan duela egoera horretara iristeko: «Urteak eta urteak behar izan ditut. Ni ere lehen itxiagoa nintzen, baina ikasi egiten da». Inguruan oraindik ere sarri askotan gaia «tabua» dela nabarmendu du. Eta egin beharreko bidea malkarra izan dela maizegitan. «Asko kostatu zitzaidan, esaterako, gurpil aulkian kalera ateratzea». Orain hantxe dabil, norako bat utzi, eta bestera. «Suerte bat daukagu: gaixotasuna poliki-poliki doa».

Alberto Melendez, Zaintza aringarrietako medikua:  «Hitz egin bada, azken ordua bera harmonikoagoa da»

Zaintza aringarrietan dihardu Alberto Melendezek (Madril, 1968), Osakidetzan. Etxean artatzen ditu gaixoak usu; bilatzen du hilurren dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea. Talaia bikaina ematen dio bere jardunbideak eriak une horretara zein egoeratan heltzen diren jakiteko, eta hortik aurrerakoetan hobetzeko zer dagoen ulertzen saiatzeko.

Gaitz sendaezinak dituzten eriak tratatzen dituzue usu, eta sarri osasun sistemarekin prozesu luze bat izan ostean heltzen dira zuengana. Zure iritzian, ordura arteko bidean beren eritasunaren gaineko planifikazioa egiteko aukera izan dute?

Sarri ez; osasun arloko profesionalek usu ez dute astirik horretarako, trebakuntza egokirik ere ez. Galdera deseroso baten aurrean, elkarrizketa gogor bati aurre egin beharrean, maiz jotzen da proba bat gehiago egitera, interbentzio berri bat saiatzera, gaixoari azaldu gabe zer gertatzen ari zaion.

Ohiko jardunbidea da hori?

Bai, baina medikuak ez gaude gizartetik at. Familiek ere usu saihestu egiten dituzte elkarrizketa horiek; ezkutatu egiten diote diagnostikoa aitari edo amari... Jende askok parte hartzen du isiltasun konspirazio deituriko horietan. Isiltasun itunak direla diot nik, ez baitute gaizkia bilatzen.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan