Berriak
UEUk eta OEEk OSAGAIZ aldizkaria sortu dute, osasun-zientziei buruzko edukiak euskaraz sustatzeko asmoz
2017-06-16
UEUk eta OEEk, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren laguntzarekin, OSAGAIZ: osasun-zientziak on-line aldizkaria jarri dute martxan, osasun-zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa taldeen lanak euskaraz ezagutzera emateko helburuarekin. Lehen zenbakia dagoeneko ikusgai dago www.osagaiz.eus helbidean.
Aurkezpenean Iñaki Alegriak, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendariak; Karlos Ibargurenek, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakariak; Izaskun Elezgaraik, OEE eta UEUko kideak; Victor Irigoienek, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak eta Jose Ramon Furundarenak, aldizkariko zuzendariak hartu dute parte.
Iñaki Alegriak hartu du lehendabizi hitza: “Udako ikastaroen kanpaina betean dago UEU, eta aurtengorako aukeratu dugun leloa, #ElkarEkin, gaurko agerraldirako ezin aproposagoa da. Izan ere, elkarlanak egin baitu posible gaur mahai honetan gu guztiok biltzea, eta elkarlanak egin baitu posible proiektu berri hau sortzea. OSAGAIZ Osasun alorrean euskaraz dagoen hutsune bati erantzutera dator, eta gaur hemen biltzen garenok auzolanean gure hondar alea jarri nahi dugu esparru honetan. Oso pozik gaude, izan ere, bidelagun ezinhobeak topatu ditugu proiektu honetan”.
Karlos Ibargurenek, OEEko lehendakariak, OSAGAIZ beharrizan batek sortu duela adierazi du: “Beharrak aukera eta aukerak beharra ekarri du. Osasun arloan sorkuntzan ari den profesional askoren publikatzeko beharrak eman digu OSAGAIZ erditzeko aukera eta OSAGAIZek eskaintzen duen aukerak behartuko du osasun arloko komunitatea sorkuntza lana areagotzera. Euskal Herriko maila zientifikoa goratuko duen zurrunbilo honek gizartean izango du eragin positiboa. OEErentzat plazer bat izan da UEUko eta Sendagileen Elkargoko lagunekin bidaia hau egitea eta zereginak hain aise egiteko aukera eman diguzuelako eskerrak eman behar dizkizuegu”.
Izaskun Elezgaraik, OEE eta UEUko kideak, proiektu honen bilgune izaera azpimarratu du: “Udako Euskal Unibertsitatean zein Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean osasun arloan aldizkari zientifiko baten falta sumatu genuen. Aldizkari honek euskal komunitateko osasun arloko profesionalen bilgune izatea du xede. Proiektuaren inguruan biltzen dira lurralde guztietako osasun zentro, ospitale, ikerketa zentro, unibertsitate eta abarretako profesionalak. Osasun-ikerkuntza ezagutzera ematea eta elkarlanak eta elkar ezagutza bultzatzea eta osasun arloan euskara sustatzea dira bere helburu nagusiak”.
Victor Irigoien, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak azaldu duenez, “proiektua aurkeztu zigutenean berehala ikusi genuen lotura zuzena zuela Elkargoaren misioarekin, eta, beraz, babestu besterik ezin genuela egin. Batetik, osasun gaiak dituelako oinarri; bestetik, horien dibulgazioa duelako helburu, modu zientifikoan, gainera. Eta, azkenik, hutsune bat betetzera datorrelako proiektua: aurreko biak, alegia, osasun gaien dibulgazio zientifikoa euskaraz egitea”.
Jose Ramon Furundarenak, OSAGAIZ aldizkariko zuzendariak, argitalpen berriari buruzko xehetasunak eman ditu: “Osasunarekin lotura duten arlo ezberdinetako profesionalen lanak euskaraz argitaratzeko aldizkaria izango da. Lehentasuna izango dute artikulu originalek, ikerketa medikoek, azterketa klinikoek eta erizaintza-lanek. Argitaratuko dira baita ere interes handiko gai sanitarioen berrikuspenak, farmako berriei buruzko informazioa eta beste aldizkarietan argitaratutako artikulu interesgarrien balorazio kritikoak. Atal desberdinak izango ditu aldizkariak: Editoriala, errebisio artikulua (ebaluazio prozesua pasa duena), jatorrizko artikuluak, Dosi txikitan (luzera laburragoa duten artikuluak), KATak (kritikoki aztertutako testuak) eta Farmazilarien txokoa. Argitaratutakoak egile-eskubideak eta DOI erreferentzia izango ditu. Aldizkaria elektronikoa izango da eta www.osagaiz.eus web orrian PDF formatuan argitaratuko da. Urtean bi zenbaki argitaratuko ditugu, eta DOAN eskuratu ahal izango da, soilik erregistratzea eskatuko dugu”.
LEHEN ZENBAKIKO EDUKIAK http://www.osagaiz.eus/issue/view/29/showToc
Editoriala
- Jose Ramon Furundarena, mediku hemetologoa eta OSAGAIZ aldizkariko zuzendaria.
Errebisio artikulua (ebaluazio prozesua izan duena)
- Droga berriak merkatu berritzailean. Igor Horrillo eta Luis F. Callado
Jatorrizko artikuluak
- Miokardioko infartu akutuen maneiua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sexuaren arabera, Bihotzez sarearen eragina. Mirenen Telleria, Angel Loma, Jesus Artaecheverria, Koldo G. San Roman, Jose Ramon Rumoroso, Abel Andres, Cristina Oria, Pilar Vazquez. BIHOTZEZ lantaldearen izenean.
- Urte bat baino gutxiagoko umeengan agertutako nerbio-sistema zentraleko tumoreak: berrikuspena Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean eta literaturan. Edurne Ruiz de Gopegui, Gaizka Bilbao, Lara Galbarriatu, Goyo Catalán, Miguel García-Ariza, Itziar Astigarraga, Laura Zaldumbide, Ainara Dolado, Iñigo Pomposo.
- Listeria, haurdunaldirako desafioa? Maialen Olazabal Loyola,Nerea Marin Lacarta, Arantza Lekuona Artola.
- Tumoreek, estres sozialak eta estresari aurre egiteko estrategiek jokabide depresiboan eta garunaren aktitibatean duten eragina. Olatz Goñi-Balentziaga, Oscar Vegas, Ainitze Labaka eta Larraitz Garmendia.
Dosi txikitan
- Osasun-profesionalaren bilaketa bibliografikoa eta eguneratzea. Eukene Ansuategi Zengotitabengoa.
- Terminologia Erreala Ikusgai egiten: Terminologia Sareak Ehunduz programa. Itziar San Martin.
KAT-Kritikoki Aztertutako Testuak
- Korrelazio altua dago d dimeroaren mailen eta biriketako tronboenbolismoaren artean. Asier Mitxelena Bengoetxea.
- Bestibulu-errehabilitazioak bertigo periferikoak eragindako sintomak hobe ditzake. Ander Alberdi Arbelaiz.
Farmazialarien Txokoa
- Medikamentuen informazioa: INFAC eta botika berrien fitxen azken 6 hilabeteak. INFAC idazkuntza-batzordea eta Euskadiko Medikamentu Berrien Ebaluazio Batzordea.
Utzi zure iruzkina