Berriak
Osakidetzako euskara plana: aurrera pausuak, baina oraindik gabeziak
2018-02-08
Astelehenean EAEko osasun sailburu Jon Darpon Sierrak Osakidetzako Euskara Planaren ebaluazioa aurkeztu zuen Legebiltzarrean, planaren (2013-2019) indarraldi erdia bete denean. Berrian argitaratu denaren arabera, osasun-zerbitzua euskaraz eskatzea gaixoen gain gelditzen da, ez da hasieratik eskaintzen, eta eguneroko jarduerak, barne zein kanpo harremanak, oraindik gazteleraz egiten dira, alde handiarekin. Datuek argitara ematen dute planak aurrera pausua ekarri duela egiturazko arloetan, batez ere idatzizkoetan (eskakizunak, komunikazioak, irudiak), itzulpenei esker gehienbat, baina ez egunerokoan.
Euskarazko zerbitzua eskatzea maiz erabiltzaileen gain geratzen da Osakidetzan: «Zentro askotan lehen mailako arreta euskaraz eskain daitekeen arren, eskuarki ez da modu proaktiboan eskaintzen, erabiltzaileak eskatu arte itxaroten da». Euskarazko zerbitzua lehenetsi dutenen %13k soilik esan dute mediku, pediatra edo emagin euskalduna eskaini dietela. Espezialisten arloan, %67ri ez diete eskaini euskarazkoa hautatzea.
Berri onak:
- Belaunaldi aldaketarekin, Osakidetzako lantaldea gehiago euskaldundu da.
- Erakunde guztiek dute euskara plan bat, eta teknikari gehiago dago.
- e ikurraren emaitza positiboak.
Gabeziez, Osasungintza euskaraz taldea aritu da. Oraindik hobetzeke:
- Unitateetako arduradunen jarrera aktiboa: ardurak betetzea hizkuntza irizpideak jakinarazteari dagokionez, eta ez uztea ardura hori normalizazio teknikarien esku.
- Planak betearaztea.
- Ekitaldietan euskararen erabilerarako gutxienezko kuota ezartzea.
- Trebakuntza espezifikoa ematea gai profesionalei buruz, eta ez soilik euskarazko prestakuntza orokorra.
- Bilerak eta horiekin lotutako dokumentuak euskaraz prestatzea.
Utzi zure iruzkina