Berriak
Osasuna euskalduntzeko bultzada Arabatik
2018-03-12
Argian elkarrizketatu dute Adri medikua, Arabako kanpainaren berri emateko. Egoiliarrek abiatutako sinadura bilketaz gain, beste ekimen batzuk ere jarri dituzte abian lurralde horretan. Medikuak dioenez, Osakidetzak praktikan gaztelaniaz funtzionatzen du. Horretaz eta beste gai batzuez aritzeko, mahaingurua antolatu dute martxoaren 22an 16:00etan Arabako erizaintza eskolan.
Osakidetzan euskararen egoera eskasa dela dio, eta euskaraz ez dakiten profesionalek ematea zerbitzua munduko osasun estandarren aurkakoa dela. Lan esparruaz gain, formakuntzarako aldarrikapena ere egin dute, medikuek ikasketak euskaraz egin eta praktikan gaztelaniaz egin behar izatea salatuta. Dioenez, orain arte abiatutako ekimenek harrera ona izan dute, baina Osakidetzak eta zuzendaritzak nahiz gerentziak ez dute baliabiderik jartzen egoera aldatzeko, eta profesionalek abiaturiko euskarazko saioetan trabak baino ez dituztela jarri. Ahozkoan desberdintasunak aipatu ditu EAEko beste eskualde batzuekiko, baina idatzizkoa uniformea omen da: dena gaztelania hutsean. Hortaz, deia egin du osasungintzaz eta euskaraz jarduteko martxoaren 22an.
Audio zati bat transkribatu dugu:
Zein da orain dagoen euskararen egoera osasungintzan? Egoera pixka bat txarra da, orokorrean. Hasteko, ni mediku lanetan nabilen arren, esparru guztietara zabal daitekeen egoera bat da. Oposaketak estatu mailakoak izaten dira, eta bertako jendeak kanpora joan behar izaten du, eta behin lanean daudenen artean, ez da euskaraz egitea sustatzen, ez formakuntzan ez lan arloan. Ustezko pragmatikotasun baten baitan, eta beti goiko estamentuen edo medikuen perspektibatik, hizkuntza aukerak gutxiesten dira. Praktikan, Osakidetza guztiak gaztelania hutsean funtzionatzen du.
Beraz, ez da soilik lan esparrurako, ikasketetara eta formakuntzari begira ere jarri zarete. Bai, ekimena, sinadura bilketa egoiliarron formakuntzagatik hasi da. Unibertsitatean ikasgai batzuk euskaraz egiteko aukera izan dugu, baina Osakidetzak ez digu eman aukera formakuntza hori praktikan euskaraz jartzeko. Beste gai batzuk badira, baina momentu honetan egoiliarrona, bai.
Zer garrantzi ematen diozue zuek osasungintzan euskarari? Askotan entzun izan da, "euskaraz dakiten medikuak baino, mediku onak nahi ditugu". Zer esaten duzue zuek horren aurrean? Esaldi hori praxi txarraren adierazle dela. Lehenik eta behin, adierazten du jende hori ez dela paziente eta langilearen arteko komunikazioaren garrantziaz jabetzen. Azkenaldian mundu mailako korronte ezberdinek ematen dioten garrantziaz, hain zuzen. Pazientea ez dela gaixotasun multzo bat, baizik eta bere ingurugiroa, bere hizkuntza, eta horrek komunikazio metodo bat eskatzen du. Hori batetik, hau da, osasun estandarren aurka joatea, eta, bestetik, ikusten dugu hegemonia posizio batetik botatzen den esaldi bat dela, hau da, Espainiako estatuko edozein oposaketetarako osasungintzan exijitu egiten dute C1 maila espainieraz. Horrek esan nahiko luke Osakidetzan EGA eskatzea. Ez dute eskatzen beste estatu batzuetako langile onenak etortzea, baizik derrigor eskatzen dute hizkuntza eskakizun konkretu bat, eta gero beste herrialde zapalduei aurpegiratzen diete hizkuntzari ematen dieten garrantzia. Gure ustez, Osakidetzan derrigorrez eskatu beharko litzatekeen zerbait da euskara, jakinda bi hizkuntzetan guztiz ondo moldatzen direla eta funtzio guztiak bi hizkuntzetan ondo bete ditzaketela.
Aipatu duzu sinadura bilketa bat egiten ari zaretela, beste konturen bat baduzue esku artean? Nola doa oraingo kanpaina hau? Momentuz nahiko harrera ona. Egia esan, zaila da jendea Osakidetzaren lan esparruan mobilizatzea, lan zama eta presio handiak daudelako, baina momentuz sinadura bilketa dugu esku artean, euskarazko egoiliarren formakuntza jaso ahal izateko eta zerbitzuetako barne funtzionamendua euskaraz egin ahal izateko. Bestalde, martxoaren 22an mahainguru bat egitekoak gara erizaintza eskolan, eragile ezberdinen artean Osakidetzaren II. Euskara Planaren baremazioaz hitz egiteko, eta oinarri batzuk finkatzeko mugimenduaren baitan harreman batzuk sortu eta ekimenak aurrera eramateko.
Oraingoz egindakoak, beraz, erantzun ona jaso du? Bai, bai. Tamalez, Bai Osakidetzak bai gure zuzendaritzak eta gerentziak ez dute baliabiderik jartzen guk euskaraz ikasteko edo lan egiteko, eta guk gure baliabideak sortu nahi izan ditugunean, trabak baino ez dizkigute jarri. Lortu genuen lan orduen baitan euskarazko saio bat lortzea, baina deigarria da guk euskaraz nahi egin izan genuen momentuan, erantzuna izan zen itzultzaileak jarri behar genituela, euskaraz ez zekitenek uler zezaten.
Beraz, gogoratu: hitzordua martxoaren 22an Arabako erizaintza eskolan, 16:00etan.
Utzi zure iruzkina