Berriak
Osasun arloa euskalduntzeko aurrerapausuak emateko garaia da
2018-09-27
Atzoko Berrian Angel Bidaurrazaga Vandierdonck OEEkide eta EHUko Medikuntzako irakasleak (eta OEEko kidea) sinatutako iritzi artikulua irakurri ahal izan genuen, berriki izan diren Osasuna eta Hizkuntza jardunaldietan esandakoak gogoan. Osasungintza momentu kritiko batean dagoela dio: orain dela 30 urte balio zutenek jada ez dute balio... gauza asko eguneratu beharrean gaude.
"Beste arlo askotan bezala, Osasungintzan euskalduntzea bidegurutze batera heldu da, zirt edo zart egiteko unera. Administrazioan bezala belaunaldi aldaketa bat datorkigu Osakidetzan ere eta euskalduntzean izan duen 20 urteko atzerapenari aurre hartu behar zaio behingoz. Izan diren euskalduntze plan biak ez dira aski izan hezkuntzan bezala behar diren neurriak hartzeko. Orain euskararen hirugarren planen egitasmoekin gabiltza erakunde askotan (UPV/EHU, Osakidetza, udaletxeak…) eta aspaldi Kontseiluak esan bezala langile berriak euskaldunak izateko egin behar diren probak gutxienez euskaraz izan beharko lirateke. Profilak, epeak, ikastaroak… Orain dela 30 urterako balioko zuten baina orain euskaldunak gehiengoa gara gizartean, eta irizpideak beste eremu batera pasatu behar dira. Orain euskara lan hizkuntza izateko erronkan gabiltza, ez bezero aurrean euskaraz aritzeko soilik —zoritxarrez, Euskal Herriko alde askotan hartaraino ez gara heltzen—, beste pauso bat aurrera eman behar dugu.
EAEn, behintzat, Osasun ikasketak ia euskaraz ematen dira; graduondokoa eta MIR formazioan ez oraindik. Osakidetzako langilegoaren %40k euskararako gaitasun bat dauka, orain dela bi urte Osasun Zientzietako aldizkari zientifiko bat dugu —OSAGAIZ—, historia kliniko elebidunak lortzeko aurrerapen teknologikoen bidean gaude, lan zirkuitu euskaldunak lortzeko hastapenetan gaude… Baina zer falta zaigu oraindik? Erabakiak hartzeko ardura, gerente eta zuzendari medikoak hiztun aktiboak izatea, euskararen prestigioa gehitzea, eta jauzi kualitatiboak bultzatzea gure lan eremuetan, Donostiako euskara teknikariek egin duten GERTU programa edo Aitzinatu egitasmoa bezala Medikuntza Fakultatean".
Balorazio osoa, hemen.
Utzi zure iruzkina