Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

29. Osasun Biltzarrean Sistemak bere burua hobetzeko dituen bideez hausnartu genuen Europa Jauregian

2019-04-03

Martxo amaieran bukatu genuen ohiko urteroko biltzarra, bi egunez luzatu zena. Aurtengo asistentzia apalagoa izan arren, osasungileok ideiak trukatzen eta elkarrengandik ikasten jardun dugu urtero bezala, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako 29. Biltzarrean. Laster 30 urte beteko dugu, denborak bere bidea egiten du gero!

Arabara itzuli gara aurten eta Europa Jauregia izan dugu egoitza osasun-sistemaren ahulguneez eta hobetzekoez mintzatu ahal izateko, lankide, lagun edota ezagutu berrien artean, gazte zein nagusi, aurrera egiteko eta etorkizunari aurrez aurre begiratzen dion gaia ardatz hartuta.

Izan ere, eguneroko jardunean hobetzeko ikusten ditugunak identifikatu eta hobetuz baino ez dugu kalitatean aurrera egingo, ikuspegi orokorrean arreta jarrita, baita xehetasunei duten garrantzia aitortuta ere, hobetzeko informazio baliotsua ematen duten heinean. Gure osasun-sistema ez baita, inondik ere, perfektua.

“Osasungintza Berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema” gaia izan dugu hizpide, beraz. Jardunaren jardunaz ikusten ditugun horietatik ikasteko, horiek ezagutza efiziente bihurtu ahal izateko dauzkagun bideei erreparatzeko.

Ostiral goizean lehenengo mahai-ingurua disfrutatu ahal izan genuen. Gure hizlariek, besteak beste, galdera hauei erantzun zieten: pazienteek emandako informazioa nola igarotzen da datu-baseetara? Datuak digitalizatzeak zer dakarkigu gehiago, abantailak ala oztopoak? Egiten al da beharrezkoa ez den esku-hartzerik? Zer ondorio dute? Zalantzarik gabe, digitalizazioa beharrezkoa da Osasun Sistema Ikasle ikusi ahal izateko. Hala ere, oztopoak ere badaude, agian premiazkoena datuen babesa bermatzeko beharra.

Tailerra erabat interesgarria izan zen, gizartean kezka handia sortzen duen gai bati heldu baitzitzaion: depreskripzioari.

Arratsaldeko bigarren mahai-inguruan, berriz, osasun-sistemak izan ditzakeen akatsei heldu zitzaien. Hori horrela, errepikatzen diren akats horiez jarduteaz gain, balizko irtenbidea ere plazaratu zuten. Honako gaiak landu genituen: gaindiagnosia, gaixotasun berari aurre egiteko herrialdez herrialde dauden praktika ezberdinak, medikamentuen erabilera egokia... Zero akats da Osasun Sistemaren helburu nagusienetako bat. Hori lortzeko, oso inportantea da jarduera osoko informazioa izatea.

Larunbatean, hirugarren mahai-inguruan, pazienteen eta profesionalen arteko harremana izan genuen hizpide. Horretarako, beste  hiru adituk honako gaiak jorratu zituzten:  gaixotasunaren definizioaren aurrean dauden ikuspuntuak, pazientearen eta profesionalaren rolak, eta, pazienteek txintik esan gabe noraino onartu behar dituzten profesionalen erabakiak. Argi eta garbi geratu zen mahaian pazienteen ordua iritsi dela eta bere iritziak elementurik garrantzitsuenetako bat izan behar direla erabakiak hartzerakoan.

Ahozko komunikazioak ere entzuteko aukera izan genuen, ohi bezala. Kafearen tartean ere poster egileek prestutasunez erantzun zieten bertaratutakoen galderei. “Iktus iskemikoaren tratamentu akutua tronbektomia mekanikoa erabiliz” izeneko ahozko komunikazioak saria irabazi zuen, parte hartzaile guztien artean horrela erabaki baitzen euren botoekin.

Eta, orain… datorren urtekoa prestatzeari ekingo diogu!

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

XVII. Pediatria Topaketak: matrikula egin eta komunikazioak bidaltzeko epea zabalik
Apirilaren 3an XVII. Pediatria Topaketak izango dira Eibarren. Adituen hitzaldi batzuk egongo dira, interesezko gaien inguruan. Gero, elkarrekin aisialdi-tarte bat izan ostean, bertaratutako pediatra eta erizainek beraien lan eta ikerketak aurkezteko au...
Osasungintza euskalduntzearen aldeko atxikimendu-bilketa abiatu dute
"Euskal Herri osasuntsu eta berdinzaleago baten osaketarako ezinbesteko tresna da osasungintza publikoa, duina eta kalitatezkoa. Eta kalitatezkoa izango bada, euskalduna izan beharko da", diote EHE-Euskal Herrian Euskarazek eta Aintzat osasung...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan