Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Atzo Klik egin genuen

2019-04-15

Atzo bukatu zen Korrika. Maialen Lujanbio Zugastik irakurri zuen 21. Korrikako mezua, sekretupean Euskal Herrian zehar ibili dena azken hamaika egunetan. Amaiera ekitaldiko Lujanbioren irakurraldia EITBko webgunean dago entzungai. Hona mezua osorik (iturria: halabedi).

“Euskara gaur egun arte,

ta Gasteizaino KORRIKA

ekarri dugunoi, biba

gora, eutsi, goza, Klika.

KLIKA! Hizkuntza ez da edukitzekoa.

Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika

Beraz, KLIKA!

instalatu eta elika!

Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa.

Euskarak behar du herri honen Sistema Eragitean.

Memoria handiko lur honen

hizkuntza beti eguneratua,

eta software librekoa.

Euskara, bestelakoa baita…

Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa.

Bestelakoa eta besteak bezalakoa.

Baina besteekiko badu alde bat:

euskarak dena du aurka;

eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!

Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke.

Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna.

Hala ere, Korrika egiten dugu.

Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek…

korrika gabiltzala.

Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte

hainbestetan oinez gabiltzanean?

Ikusiko da… ea euskara

arreta osoan gaur den

bihar herri, etzi laurden

ta laster berriz al gauden,

azkentasunetan aurre.

Korrika egiten dugu,

lehenetik eta gerorantz.

Korrika egiten dugu,

Euskal Herria eta elkar ezagutzeko.

Korrika egin,

munduari gure oinekin eragiteko.

Egin, eragiteko.

Eragin, eginarazteko.

Norbanakoak egin.

Herri mugimenduek eragin.

Erakundeek eginarazi.

Egin, eragin, eginarazi.

Aukerak eskaini eta euskara eskatu.

datozenei ere eman euskaran ostatu

eta eskertu

eta ospatu.

Gu elkartzen gaitu zer ospatuak.

Gu, eta Gu honek baitako Gu-ak.

Umeak, gazteak, helduak, zahartuak…

Ahoskera berri eta zarratuak.

Zuek eta haiek,

zakurrak katuak…

Sardeak, mantalak, gigak eta datuak.

Azalak, ahotsak…

Sei kontinenteetan sakabantuak,

Sei kontinenteetatik guganatuak.

Arnasgunekoak, oxigenatuak.

Erribera idortu ta mahats zanpatuak…

elebesteratuak.

eta neskenegunak eta zapatuak.

Euskaraz sortuak

eta euskaratuak.

Mundu bat euskarak,

mende erdia Euskara batuak,

eta ehunka milaka bizitza eta gogo

EUSKARA BATUAK.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan