Berriak
Gripeari aurre egiteko gomendioak.... 1918an
2020-03-14
1918ko Osalari Bazkunak (Medikuen Elkargoak) gomendio hauek zabaldu zituen Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez:
a) PDF: Gripeari_aurre_egiteko_gomendioak_1918an.pdf
(Behean jatorrizko testua idatzita)
Gripe hori gogorra izan zen. Hona hemen Wikipedian Euskal Herriko datuak:
Euskal Herrian espainiar gripeak hiru agerraldi izan zituen:[18]
- Lehenbiziko agerraldiak ez zuen eragin handirik izan. Espainiatik heldu zen, eta Bilbo inguruan izan zuen eragina. Iruñean 15 lagun hil ziren maiatza eta ekaina artean. Udan gripea desagertu zen, eta irailean berriz agertu.
- Bigarrengoa kaltegarriena izan zen. Identifikatu den lehenbiziko fokua Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) zegoen. Anton Erkorekaren esanetan, «Seguruenik trenaren bidez helduko zen, eta hortik aurrera, epidemia ikusten dugu zabalduta. Urrian Europa osoan dago epidemia». Nafarroako iparraldean ere agertu zen Irun eta Hendaiarekin batera, Goizuetan adibidez. Irunen 1918ko iraila eta urrian populazioaren %1 hil zen gripe horren kari. Hildako gehien izan zituen eguna irailaren 22a izan zen; 10 lagun zendu ziren. Gripeak aurrera egin zuen Euskal Herrian behera, Baiona eta Donostia pasatuta, Gasteizeraino ailegatuta. Oso agudo zabaldu zen eritasuna, eta Bilbo kolpatu zuen urrian.
- Hirugarren agerraldi bat ere izan zen, baina Euskal Herrian bolada bat baino, eritasuna toki batzuetan berriz agertu zela dirudi. Izan ere, ez zen asko zabaldu. Urdaibai inguruan baizik ez zuen eragin nabarmenik izan.
- Ikertzaile batzuen aburuz, laugarren bolada bat ere izan zen 1920an. Oro har, Euskal Herrian epidemia bat-batean agertu zen, ez zuen denbora askorik iraun eta mila lagunetik hamabi hil zituen. Gainera, garaiko hedabideetan ikus daitekeenez, alarma piztu zuen gizartean. Eragina oso ezberdina izan zen herriaren arabera. Haietako batzuetan gogor kolpatu zuen 1918ko gripeak: Orozkon (Bizkaia) herritarren %25,7 hil zen, eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hilkortasuna %61,1era ailegatu zen urrian. Hildako gehienak 1918ko udazkenean izan ziren.
b) Jatorrizko bertsioa
IZURRl-GEXOA GALAZOTEKO BILBAO’KO 0SALARI-BAZKUNAK AGINDUTEN DAUZAN EGIN-BEARRAK
Gexo-izurriak agertzen diran aldietan, Udal, Aldundi ta enparau agintarien osasunen aldezko alegiñei, notiñak (norberak) eurak be, bakotxak bere burua zaindurik, gogoz ta biotzez lagundu bear dautse, beztela agintarien alegiñak alperrezkoak izango dira ta gexoak, gustien nagikeriz, geroago eriotza geiago egingo dau.
Bakotxak, ba, al daun neurri ta eran, Agintarien osasunen aldezko lan, zeregin ta ardureai lagundu egin bear dautso, ezetariko eragozpen ta bage barik.
Orretara, gripe gexoa, gizadiaren izurri kaltegin geizto ori, galazo egingo dozube.
Zabaldu dan gripe diritxon gatxa gitxitu ta, al dan eran, kendu-erazoteko egin bearrak.
l‘goa. Gexo-izurria dabilenean arnasea onetara egin bear da: aizea surretatik sartu ta agotik atera.
2‘gna. Sur-barru, ago ta oyak (aho barrukoak) egunean birritan, gitxienez, garbitu bear dira. Garbiketa ori, ur osigenadoaz, clorato-potasico-uraz (1.000‘ko 10‘en) edo biborato sodicoaz (1.000‘ko 10’en) edo ur irikiñaz egingo da.
3‘gna. Eskuak sarri garbitu bear dira, batez be, suzmo txarreko gexoren bat etxean ba-da.
4‘gna. Astakeririk egin barik bizi. Jana eztaitela larregia izan ta edanaz kontuz ibili. Askok uste dabe, gexoa galazoteko edaria ona dala, baña oker dagoz, gustiz oker.
5‘gna. Egunean beratzi ordu, gitxienez, lo egin bear da.
6‘gna. Otz-bero aldakuntza andiakaz ardura andia izan, eta lagun asko batzen dan tokietan ez egon.
7‘gna. Lo egiteko gela edo tokiak, pitian-pitian aizetu bear dira, batez-be euria dan egunetan. Euriak, jauskeran, gexoa zabaltzen daben kokoak narraztu egiten dauz eta aizea garbitu egiten da.
8‘gna. Gustizko ekandu (ohitura) txarra da usin saratatzuak egitea. Usin egin daunak gexoa aldian badauko, beragaz dagozan lagunei irasi leikio.
9‘gna. Gexo iraskorra zabaltzen danean, etxe-barruak, etxe-bitarteak eta eskilarak zuritu egin bear dira, gexoaren kokoak ilteko gauzarik onena karea da-ta.
10‘gna. Al dala, ez estulik egin, ta egitekotan zapia (pañelua) surreratu. Txu egikeran, txu-ontzira egin. Txu-ontziak kobre-zulfatoaz (1.000‘ko 5‘ean) gertauriko lobela (ura) euki bear dabe barruan.
11‘gna. Etxe-barru-garbiketea, bertan bizi diranak egin legie; ezta diru andirik eralgi bear. Espirituaz su-egiteko ontzi bat zuzendu. Formol’egaz (100‘ko 5‘ean) edo zotal‘egaz (100‘ko 2‘an) ura nastau, ontzi zabal batera bota (palangana batera edo) ta ontzioi espiritu-ontzi ganean ipiñi ta sua emon. Itxi bertan, irikiñen irikiñaz lurrun eginda ur gustia amaitu artean. Sua emon orduko ate ta zulo gustiak itxi. Au eginda gero, gelea iru ordu itxita euki. Iru orduok igarota, ate ta zuluok zabaldu, ondo aizetu daiten. Ondo aizetuten ezpa-da, buruko miña egiten da.
Iru metro alturea, iru zabalerea ta bost luzerea dauken gelaentzat, len esandako eran ta gauzakin gertauriko litrobete ur naiko da. Komunak, ur-zikin-tokiak, odiak, etxarteak eta abar, kare-uraz edo kobre-sulfato-uraz, 100‘ko 5‘ean, garbitu bear dira. Areik-eta izurri edo gexo au aldendu arte, garbiketea egun bitik baten, gitxienez, egin bear da.
12‘gna. Agintariei osasunen aldezko zeregiñetan bizkor ta zoli laguntzea, notiñentzat egiñenik ederrena ta goralgarriena da. Edonok, ba, osasunerako kaltegarria dan zerbait nunbaiten ikusten ba-dau edo nunbaiten dagola ba-daki (esate baterako, abere-il atsituak (hatsa dariela), garbitu bako ur-zikin-tokiak, bildurrez-edo osalariari deitu eztautson gexorik, ondo garbituten eztan etxarterik eta abar) Erri osasunaren ardurea daukan Ikertzaleari (Inspectoreari) salatu. Oretara gexoa kentzen lagundu egingo dau.
13‘gna. Gexorik egotea beti izan da errukarria, eta gexoak berak, eta bere artekoak, gatxari, dan baño aztunagoa ereizten dautse. Eztabe asmo ta gogo biurrez egiten, baña kaltea ekarten dabe, euren esan ta eretxiak, agorik ago, erri gustian zabaldurik, adorea kendu ta gogoa makaldu egiten dabelako. Oker ta kalte andia da ori, gexoen barria, bata besteagandik andiagotu egiten dalako. Gero izpar ikaragarriok entzunik, asko ta asko bildurtu, mekotu (ahuldu) ta kokildu egiten dira, ta bildurren bildurrez indarra ta adorea galdurik, gexoak errazago arrapetako gai izaten dira. Ori ezta zentzuna, zentzuna bestea da: osasun gauzetan jakitun diran gizonak aginduten dabena (garbiketea, era oneko bizikerea ta abar) egitea ta bildurrik ez izatea, barriketan, gitxi dana asko dala esaten, ibili barik.
14’gna. Gexo onek birritan ez ei-dau iñor joten, batez be aldi luzea ezpa-da igaro ebala. Auxe da jakintzuen eretxia ta alan ikusi da. Ez eztutu, ba, lendik igarota daukenak, barriro gexotutea ez-ta erraz-da.
15’gna. Oraingo gexoa gripe deritxona da. Ezta beste gexorik orixe baño. Orixe agertu da egin diran azterketan, gatxak darabilan bidean, iraskorra izatean eta abar. Ezta egia, ba, bestetariko gexo-aztun-kaltegarria danik, saratea dan lez.
16‘gna. Negu aldean gagozan ezkero, otzakaz ta euri ta busti-aldiekaz ardura andia izan bear da. Ondo zaindu gorputza, ta ez otzitu ta ez busti, katarrorik etorri eztaiten, katarroa gexo aonen atea da-ta.
17‘gna. Osalariaren agindu barik osakairik (botikarik) ezta artu bear, askotan on egin bearrean gatx egin lei-ta.
18‘gna. Etxeko osalaria bear dan ariñen ezin ba-da etorri, Zauri-Etxeetako (Soros Etxeetako) osalariei deitu. Zauri-Etxeetan osalariak gau ta egun dagoz.
19‘gna. Gexo onek, ondo sendotuteko, gexo-oste luzea bear dau, bestela arin etorri lei gexoa barriro.
20‘gna. Gexorik dagona ikusten joatea, gexorik dagonarentzat gogaikarria da, ta ikusten doanarentzat, gexobidea ta arrizku andia. Urak eztauko zer ikusirik izurri onegaz, uraren bidez eztago irasterik, baña dana dala, obe izango da ur irikiña edo mingoztua edo bererizko ontzietan irazia, edatea.
c) Batuaz
IZURRlTEA GALARAZTEKO BILBOKO MEDIKU BAZKUNAK AGINDUTAKO BETEBEHARRAK
Izurriteak agertzen diren aldietan, gogoz eta bihotzez sustatu behar dugu Udalek, Aldundiek eta gainerako administrazioek osasunaren alde burututako ahalegina eta norberak ere hala egin behar du, nork bere burua zainduz; bestela, agintarien ahaleginak alferrikakoak izango dira eta gaixotasunak, guztien nagikeriaz, heriotza gehiago eragingo du geroago.
Beraz, gutako bakoitzak, ahal duen neurri eta eran, Agintaritzak osasunaren alde egindako lan, zeregin eta ardurari lagundu egin bear die, inolako eragozpen eta salbuespenik gabe.
Hala, gripe izurritea, gizadiaren izurri kaltegarri gaizto hori, galarazi egingo duzue.
Zabaldu den gripe deritzon gaitza gutxitu eta, al den eran, kenarazteko egin beharrak.
Lehenengoa. Izurritea dabilenean horrela arnastu behar da: haizea sudurretik sartu eta ahotik atera.
Bigarrena. Sudurraren barrualdea, ahoa eta ahoaren barrualdea egunean birritan, gutxienez, garbitu behar dira. Garbiketa hori, ur oxigenatuz, klorato potasikoz eta urez (1.000ko 10) edo biborato sodikoz (1.000ko 10) edo ur irakinez egingo da.
Hirugarrena. Eskuak sarritan garbitu behar dira, batez ere, etxean susmo txarreko gaixotasunen bat badago.
Laugarrena. Astakeriarik egin gabe bizi. Ez jan gehiegi eta edaten duzunarekin kontuz ibili. Askok uste dute, gaixotasuna galarazteko edaria ona dela, baina oker daude, guztiz oker.
Bosgarrena. Egunean, gutxienez, bederatzi orduz lo egin behar da.
Seigarrena. Hotz eta beroaren arteko aldaketa handiekin ardura handia izan eta lagun asko batzen den tokietan ez egon.
Zazpigarrena. Lo egiteko gela edo tokiak, sarritan haizatu behar dira, batez ere euria egiten duen egunetan. Euriak, erortzean, gaixotasuna zabaltzen duten kokoak eraman egiten ditu eta airea garbitu egiten da.
Zortzigarrena. Oso ohitura txarra da usin edo doministiku kontrol gabe egitea. Usin egin duenak une horretan gaixo badago, berarekin daudenak kutsatu ahal ditu.
Bederatzigarrena. Gaixotasun kutsakorra zabaltzen denean, etxe barruak, etxe bitarteak eta eskilarak zuritu egin behar dira, gaixotasunaren kokoak hiltzeko gauzarik onena karea da eta.
Hamargarrena. Ahal dela, ez eztulik egin eta, egitekotan, zapia sudurreratu. Txu egitean, txu ontzira egin. Txu ontziak kobre sulfatoz (1.000ko 5) prestatutako lobela (ura) eduki behar dute barruan.
Hamaikagarrena. Etxe barruen garbiketa bertan bizi direnek egin dezakete; ezta diru kopuru handirik erabili behar. Alkoholez sua egiteko ontzi bat zuzendu. Formolez (100eko 5ean) edo zotalez (100eko 2an) ura nahastu, ontzi zabal batera bota (palangana batera edo) eta alkohol ontzi gainean ipini eta sua eman. Utzi bertan, irakinen irakinez lurrun eginda ur guztia amaitu arte. Sua eman orduko ate eta leiho guztiak itxi. Hau egin eta gero, gela hiru orduz itxita eduki. Hiru ordu horiek igarota, ate eta leihoak zabaldu, ondo haizatu daitezen. Ondo haizatzen ezbadira, buruko mina sorraraziko du.
Hiru metroko altuera, hiruko zabalera eta bosteko luzera daukaten geletarako, lehen esandako eran eta gazekin gertaturiko litrobete ur nahiko da. Komunak, ur zikinen tokiak, hodiak, etxarteak eta abar, kare urez edo kobre sulfatoz eta urez, (100eko 5ean), garbitu behar dira. Harik eta izurrite edo gaixotasun hau aldendu arte, garbiketa egun bitik behin, gutxienez, egin behar da.
Hamabigarrena. Agintariei osasun arloko zereginetan bizkor eta prest laguntzea, norberarentzat eginbeharrik ederren eta laudagarriena da. Edonork, bada, osasunerako kaltegarria den zerbait nonbait ikusten badu edo nonbait dagoela badaki (esate baterako, abereak hilda hatsa dariela, garbitu gabeko ur zikinen tokiak, gaixotasuna dagoela ez adierazteko medikuaren beldurrez edo, ondo garbitzen ez den etxarterik eta abar). Osasun publikoaren ardura daukan Ikuskatzaileari horren berri eman. Hala, gaixotasuna ezabatzen lagundu egingo duzu.
Hamairugarrena. Gaixoak egotea beti izan da errukarria eta gaixoak berak nahiz bere senideek gaitzari izatez dena baino larriagoa irizten diote. Ez dute asmo edo gogo bihurrez egiten, baina kaltea ekartzen dute, euren esan eta iritziak, ahorik aho, herri guztian zabaldurik, adorea kendu ta gogoa makaldu egiten dutelako. Oker eta kalte handia da hori, gaixoek esandakoa, bata besteagandik handiagotu egiten dalako. Gero albiste ikaragarriok entzunik, asko eta asko beldurtu, ahuldu eta kikildu egiten dira, eta beldurraren beldurrez indarra eta adorea galdurik, gaixotasunak errazago harrapatzeko arriskua izaten dute. Hori ez da zentzuzkoa, beste hau, berriz, bai: osasun arloko adituek agintzen dutena (garbiketa, bizimodu ona eta abar) egitea eta beldurrik ez izatea, gutxi dena asko dela esaten aritu gabe.
Hamalaugarrena. Gaixotasun honek ez omen du birritan inor jotzen, batez ere, igaro zenetik orain arteko aldia luzea ez bada. Hauxe da jakintsuen iritzia eta hala ikusi da. Ez da larritu behar, bada, lehendik igarota daukanak, barriro gaixotzea erraza ez da eta.
Hamabosgarrena. Oraingo gaixotasuna gripe deritzona da. Ez dago beste gaixotasunik horixe baino. Horixe agertu da egin diren azterketetan, gaitzak darabilen bidean, kutsakorra izatean eta abar. Ez da egia, beraz, bestelako gaixotasun astun-kaltegarria denik, saratea* den bezala.
Hamaseigarrena. Negu aldean gaudenez gero, giro hotzarekin eta euri nahiz bustialdiekin kontu handia izan behar da. Ondo zaindu gorputza, ez hotzitu eta ez busti, katarrorik etorri ez dadin, katarroa gaixotasun honen atea da eta.
Hamazazpigarrena. Medikuen agindurik gabe botikarik ez da hartu behar, askotan on egin beharrean min egin dezakeelako.
Hamazortzigarrena. Etxeko medikua ahalik eta azkarren ezin bada etorri, Sorospen Etxeetako medikuei deitu. Sorospen Etxeetan medikuak gau eta egunez egoten dira.
Hemeritzagarrena. Gaixotasun onek, ondo sendotzeko, gaixoaldiaren ondorengo aldi luzea eskatzen du, bestela arin etorri daiteke gaixotasuna berriro.
Hogeigarrena. Gaixorik dagoenarentzat gogaikarria izaten da norbere osasun egoera ikustera joatea, eta ikustera doanarentzat, gaixobidea eta arrisku andia. Urak ez dauka zer ikusirik izurrite honekin, uraren bidez ez dago kutsatzerik, baina dena dela, hobe izango da ur irakinda edo mingoztuta edo berariazko ontzietan iragazita edatea.
Utzi zure iruzkina