Berriak
Osasuna eta euskara lotzen dituzten bi ikastaro ireki dira
2021-06-11
Euskara eta osasunari buruzko bi ikastarotan izena emateko epea hasi da:
a) Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan. Graduondoko aditu titulua (UPV/EHU, UEU):
Osasun-arreta herritarren oinarrizko eskubidea izateaz gain, pertsonen bizitzaren alderdirik intimo, erabakigarri eta garrantzitsuenei lotuta dago. Gizartearen bizitza-kalitatearen etaongizatearen funtsezko oinarrietako bat da. Graduondoko honek hizkuntza, euskara alegia, eta osasun-jarduera uztartuko ditu. Graduondokoaren helburu nagusia, kalitatezko osasun-arreta emateko hizkuntza kudeaketaren inguruko berariazko prestakuntza eskaintzea da.
Graduondoko formazio honek Unibertsitateko Aditu Titulua (15 ECTS) eskainiko die parte hartuko duten ikasleei. Unibertsitatearen berezko ikasketen arloko titulu ofizial baten bermearekin. Euskal Herriko osasun sistemaren eta osasun zerbitzuak ematen diren beste sistemen (gizarte zerbitzuak bereziki) behar eta helburuei erantzun egokia emango dieten profesionalak prestatuko ditu. Ikasleek, osasun-arretaren esparruan gaur egungo jardueraren paradigmak ezagutu eta praktika klinikoan aplikatzeko gaitasuna eskuratuko dute. Zehazki, osasun-jardueran hizkuntzak duen garrantziaz jabetuko dira, eta, aldi berean, ezagutzan oinarrituriko gaitasunak erdietsiko dituzte, euren ibilbide profesionalean jarduera egokiak bermatzeko.
b) Osasuna eta hizkuntza IV. Ikerketatik ezagutzara. UPV/EHUko uda ikastaroa:
Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez. Matrikula prozesuan nola parte hartuko duzun aukeratu: aurrez-aurre edota online zuzenean.
Uda Ikastaroaren IV edizioa duzue hau. Hizkuntza eta osasungintzaren gaia hain konplexua eta zabala izanik, azterketa sakona beharko luke. Osasun arloko edozein hizkuntza plangintzak hiru baldintza bete beharko lituzkela esan daiteke:
1- Ebidentzian oinarriturikoa izatea.
2- Pertsonengan ardazturikoa izatea.
3- Tokian tokiko egoera administratiboa, erakundeen antolakuntza eta ingurune soziala kontuan hartzea.
Aurtengo edizioan ikerketa izango da Ikastaroaren helburu nagusia. Ikerketa prozesua aukera bezala proposatzen da hemen zentzu zabalean. Ikastaro honetan osasun arloan lehenetsi daitezkeen ikerketa lerroak identifikatuko dira eta abian dauden proiektuen berri emango da. Bestalde, ikerketa eta hortik eratorria den ezagutza zabaltzeko dauden aukerak azalduko dira. Gainera, ikerketa ezberdinen emaitzek hizkuntza eta osasunaren arloko etengabeko prestakuntzan txertatzeko aukerak eta esperientziak aztertuko dira. Azkenik, ikerketaren eta ezarpen-prozesuen bitartez sorturiko ezagutza partekatzea eta zabaltzea, arlo soziosanitarioan kalitatezko eta ekitatezko arreta bultzatzeko tresna egokia bezala jorratuko da.
Helburuak
Osasun jardueran hizkuntzen kudeaketaren arloko ikerketak duen nahitaezkotasuna plazaratzea: Ikerketarako aukerak identifikatu eta martxan dauden ikerketak sustatu.
Arreta soziosanitarioko langile, ikerketan eta ebidentzian oinarrituriko ezagutzaz baliatuz, euren ibilbide profesionalean hizkuntza-aniztasunarekiko jarduera egokiak sustatzea.
Diziplina anitzeko eta jatorri ezberdinetako profesionalen eta erakundeen arteko topagunea izan, eztabaida eta batez ere elkarlana bultzatuz.
UPV/EHUk hizkuntza eta osasungintzaren gaian lidergoa eskuratzeko eta nazioartean erreferentzia izateko abiapuntua izatea.
UPV/EHUk UEUrekin elkarlanean antolatzen duen graduondoko berezko aditu tituluko ikasleen ikerketa proiektuak zabaltzea.
Jarduera nori zuzenduta
- Unibertsitateko ikasleak
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
- Osasun sistemako erakunde eta enpresetan ardura postuak dituzten pertsonak
https://www.uik.eus/eu/
Utzi zure iruzkina