Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

31. Osasun Biltzarrak oso harrera ona izan du

2022-04-01

Joan den larunbatean eman zion itxiera Kike Amonarrizek OEEren 31. Osasun Biltzarrari. Bi egunez aritu gara 80 bat lagun COVID-19a eta gero... Zer? jardunaldietan osasunaz eta pandemiaren garaiaz zein hark ekarritako ondorioez. Hainbat ahozko komunikazio aurkeztu ziren, baita hitzaldi interesgarriak ere. Jardunaldiak online bidez jarraitzeko aukera egon da aurten eta laster Internet bidez osorik ikusi ahalko dugu.

Pandemia garaian Osasun Biltzarra antolatzeaz

Pandemia hasi eta handik gutxira,  31. Biltzarra Nafarroan egitea erabaki genuen. Nafarroako Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) lagun gutxi batzuk elkartzen hasi ginen. Iruña aldean lan egiten dugunok gara gehienak. Hasierako asmoa 2021. urtean egitea izan zen, baina segituan konturatu ginen ez zela posible izango. Elkartzeko arazoak genituen: non?, nola? Guk ere gure beldurrak eta ezjakintasunak genituen. Bestalde, itxialdiak irauten zuen, olatu baten atzetik bestea zetorren. Euskal Herriko barne mugak ezin gainditu, aurrez aurrekoa ezin ziurtatu…, eta kezka, ea teknologia berriek lagunduko ote ziguten biltzarra aurrera eramaten. Atzeratzea erabaki genuen. 2022. urtean egingo genuen. Ordurako pasako ote zen dena!!!

Hasierako bilerak Uharteko Osasun Zentroan egin genituen. Gero, itxialdiak zirela eta, etxetik egitea erabaki genuen. Gaia aukeratzean, berriz, ahobatezko hauxe izan zen: COVID-19a… eta gero zer? Biltzarra egiteko leku aproposa Atarrabiako Kultur Etxea zela, eta bertako Udaletxera jo genuen horren eske. Egitaraua prestatzeko orduan,  hiru arlo desberdin jorratu nahi izan genituen.

Batetik, pandemiak osasun atentzio maila desberdinetan izan zuen eragina ezagutu nahi zen. Hain zuzen ere, Oinarrizko Osasun Laguntza, Osasun Mentala eta Ospitaleetako profesional desberdinen ikuspuntu eta esperientziatik abiatuz. Horrela, mediku, erizain, gizarte langile, administrari eta kudeatzailez aparte, ikerlari eta arlo sozialeko beste eragile batzuk ere kontuan hartu ziren.

Bestetik, euskararen egoera ere aztertzeko beharra ikusi genuen, Osasunbidean bezala Osakidetzan zein urrats ematen ari ziren ezagutzeko asmoz. Eta nola ez, jardunaldi hauen zientifikotasuna eta akreditazioa gauzatzea lortu nahi zen. Hori lortzeko asmoz Euskarabidearen laguntzaz, Osasunbideak eta OEEk lehen aldiz, hitzarmen bat sinatu zuten biltzar hau gauzatzeko.

Azkenik, “Duintasunez hiltzeko eskubidea” elkartearen hitzaldia ere antolatu zen. Hau herritarrei irekia proposatu genuen.

Bukatzeko, alaitasunerako eta bizi-poza berpizteko agur alaia nahi izan genuen.

Biltzarra: hasiera eta mahai-inguruak

Zeinek esango zigun 2022. urtean pandemiak jarraituko zuenik! Ezin sinetsia zirudien, biltzarra gauzatzeko unean elkartzeko aukerarik izango ote genuen? Osasun profesionalek komunikaziorik aurkeztuko ote zuten? Hizlariek zer azalduko ote zuten? Kezka eta ezjakintasuna zen gure antolaketaren oinarri.

Hala ere, Martxoaren 25erako dena prest genuen. Uste baino harrera hobea jaso dugu alde guztietatik.

Aurkezpenera Atarrabiako Alkate jauna Mikel Oteiza, Osasunbideko Kontseilari anderea Santos Indurain eta Euskarabideko Zuzendari Nagusia Mikel Arregi etorri ziren. Babes osoa eta onarpena jaso genuen antolaketa gauzatzeagatik. Osasuna eta euskara uztartzea kalitatearen oinarriak zirela baieztatu zen.

Ondoren, Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalen txanda izan zen. Osasunbideko osasun zentroetako langileak denak ere, zuzeneko atentzioa ematen dutenak. Herritarren eskura daudenak hain zuzen ere. Nabarmentzekoa izan zen osasun publikoaren aldeko aldarria, ahuleziak aipatu zituzten, hainbesteko protokolo aldaketa, ordezkapen eta profesionalen falta, ezintasunak… Baina, bestalde, euren indarrak ere azaldu zituzten, talde lanaren garrantzia goraipatuz, osasun heziketan eta prebentzioan oinarritutako lana bultzatzean, arlo soziala jorratzean, komunitatea kontuan izatean… Biltzarrean zeudenek ere gai hauetaz eman zituzten euren iritziak. 

Hurrengo mahaia Osasun Mentalari buruzkoa izan zen. Osakidetza eta Osasunbideko profesionalak hizlari. Covid-19ak eragindako arazoak aipatzeaz aparte, antsietate, depresio kasuak… gehitzen joan direla zioten. Patologia gehienak okerrera egiten, gizarte beraren sufrimenduak, bakardadeak… zein nolako ondorioak izan zituen, suizidioak, gaixotasunen estigmaren arazoa…

Eta nabarmentzekoa, gizarte sareen babespenaren beharra, eragile guztien parte hartzea, osasun profesionalen koordinazioa eta batez ere Oinarrizko Osasun Laguntza eta Osasun Mentalaren artekoa. Eta honetaz, esperientzia positiboak ere aipatu ziren.

COVID-19ak Ospitaleetan izan duen eraginari buruzkoa izan zen beste mahaietako bat. Hizlariak Osakidetza eta Osasunbidekoak hauek ere, bat zetozen esatean “tsunamiak” harrapatu zituela. Bat-bateko berrantolaketa egin behar izan zutela. Eskertu zuten zenbait gauzatan azpiegitura sendoak izateak lagundu ziela. Zirkuitu berriak antolatu beharra, elkar laguntzan oinarritu zirela, zerbitzu berriak ere sortu zirela eta onerako izan direla. Gelditzeko etorri zirela zioten. Entzuleren batek ere gogoratu zien euren atentzio maila “triangeluaren gailurra” zela eta oinarrizko osasun maila sendotu bat beharrezkoa zela herritarren osasuna ziurtatzeko. Euskararen erabilerari buruz ere galdera bat egon zen, ea pandemia garai honetan, osasun arloko profesionalen artean, nolakoa izan zen erabilera. Erantzun oso baikorra eman zuten mahai honetako hizlari guztiek, euskaraz zekitenen artean euskaraz hitz egitea izan zela euren arteko komunikazio tresna esan baitzuten. 

Azkeneko mahai ingurua COVID-19a eta gizarteari buruzkoa izan zen. Alde desberdinak jorratu nahi izan ziren, batetik zainketa mundua azaldu nahi zen.  Zahar-egoitzen egoera, genero ikuspuntua, zaintzaileak, etorkinen lan egoerak… Bestetik neurri ez farmakologikoaz eta ikerketarekin lotutako berriak ere azaldu nahi izan ziren, baina ezustekoak sortu ziren eta hizlari horiek ezin izan zuten parte hartu. Eskerrak, komunikabideen eragina aztertzeko Berria egunkariaren ikuspegia izan genuen. Helburuetako bat informatzea izan zela zioen hizlariak. Ikerketetan oinarritutako mezuak zabaltzea izan zela informatze horren oinarria. Ikertzaileen laguntza eskura izan zutela. Osasun arloko profesionalen parte hartzea jasotzea ez zela hain erraza izan. Instituzio eta kudeaketako profesionalekin oraindik gehiago kostatu zitzaiela harremanetan jartzea. 

Biltzarra: hitzaldi irekia eta tailerrak

“Heriotzaren aurrean oraingo eginbeharrak nola bideratu?” izenarekin egin zen hitzaldia ere interesgarria izan zen oso. Batek baino gehiago esaten zuen gogorra egin zitzaiola gai hau aztertzea, lehen aldia izan zela hain sakon eta argi azalpenak jasotzea.

Bestalde, komunikazioak aurkezteko orduan, profesional gazteak izan ziren protagonistak. Kalitatezko lanak egin zituzten, ikerketetan oinarrituak eta esan genezake foro egokian aurkeztuak izan zirela.  Eskertzekoa izan zen.

Osasunbidean eta Osakidetzan euskararen erabilera sustatzeko egin ziren bi tailerretan osasun langileek gogoz parte hartu zuten. Zein ahalbide eta lan-tresna dituzten ikasteko balio izan zien.

Azkenerako, denok zai geunden AGUR ALAIA jasotzeko. Eta horrela izan zen, “Oee, Oee, Oee” abestuz jarri baitzitzaigun Kike Amunarriz. Hauspo ederra eman zigun. Beharrean geunden denok horrelako zerbait jasotzeko.  Biltzarraren maila goraipatuz eta euskara inongo beldurrik gabe hitz egiteko aholkatuz agurra eman zigun.

Nafarroako OEErentzat ohorea izan da COVID-19ari buruzko hainbat profesional elkartzea, osasun maila desberdinetako ikuspuntuak elkarrekin lantzea, besteen ikuspegiak ezagutzea eta batez ere, indar berrituz gure lanera itzultzea. Orain, etorkizuna herritarrekin batera landu nahi dugu."

 

                            Batzorde zientifiko eta antolatzaileko kideak.

 

Iruña, 2022ko martxoaren 29a


 

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan