Berriak
Osasun zerbitzuak euskaraz eskaintzea oinarrizko eskubideak bermatzea besterik ez da
2024-07-26
Aldiro aldiro erdal hedabideek gai hau ateratzea gustukoa dute: Zergatik dago euskara plan bat Osakidetzan? Zergatik eskatzen da euskara? Euskara behar al da osasun gaietan?...
Galdera horiek erantzun erraza dute. Izan ere, herritarren eskubideak bermatu nahi dituen edozein lurraldek lege eta plangintza egokiak egin behar ditu hala izan dadin. Gure kasuan, Hegoaldean, bi hizkuntza ditugu eta herritarrek bata zein bestean hobeto moldatzen dira eta nahi duten hizkuntzan artatuak izateko eskubide osoa dute.
Eskubide hori gauzatu ahal izateko Osakidetzak Euskara Plan bat indarrean jarri zuen eta horren arabera lanpostu batzuetan (ez guztietan) euskara eskatzen da. Gainerakoetan baloratu egiten da. Plan horri esker urtez urte gero eta zerbitzu euskaldunagoa eskaintzeko aukera egon da eta zinez eskertzekoa da orain arte egindako lana nahiz eta abiadura oso motela den eta oraindik egiteke duguna asko izan.
Esan beharra dago funtzionarioak jendea artatzeko daudenez, herritarren beharretara egokitzea dagokiela eta ez alderantziz. Gizarte elebidun batean funtzionario elebidunak egotea logikoa ez ezik, hizkuntza eskubideak bermatzeko aukera bakarra ere badela gogorazi nahiko genuke.
Zeregin horretan gauza asko hobetzeke ditugu:
- EHU-UPVk akats historikoa konpontzea: Hau da, medikuntza eta erizaintzarako euskarazko plaza gehiago eskaintzea eta euskaraz ikasteko hautua egiten dutenei gai guztiak euskaraz egiteko aukera bermatzea.
- Osasun Saileko eta Osakidetzako kargu politikoak eta arduradunak elebidunak izatea. Eredu izateaz gain, elebitasuna, bereziki, goitik bultzatu behar delako.
- Euskara ikasteko aukera gehiago eskaintzea. Katalunian katalana ikastea orain dela 40 urtetik hona doakoa izan da. Doakoa izateaz gain, lanpostuan ere aukera errealak eman behar zaizkie langileei.
- Langileek euskaraz normal lan egin ahal izatea, ahoz, idatziz (historia klinikoa…). Euskaraz lan eginez gero gaixoekiko harremanak euskaraz bermatzea errazago izango litzateke eta gainera, euskara ikasten ari direnei ikasketa prozesua erraztuko litzaieke.
Euskara bermatzea elkarbizitzaren eta hizkuntz askatasunaren sinonimoa da.
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
Utzi zure iruzkina