Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Gehiegizko medikalizazioaren arazoaz aritu dira OEEren Osasun Biltzarrean

2024-10-29

Joan den ostiralean, urriaren 25ean, osasun-arloko hainbat profesionalek parte hartu zuten OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako Osasun Biltzarraren 33. edizioan. Zornotzako Zelaieta aretoan egindako jardunaldian, gehiegizko medikalizazioaren arazoari nola aurre egin hausnartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. “Botiketatik haratago” lelopean, bi mahai-inguru egin zituzten goizean: bata, min kronikoari buruzkoa. Eta bestea, Bermeoko Sancti Spiritus zaharren egoitzan erabiltzen duten lotura fisikoa eta kimikoa kentzeko LIbera-Caren metodologiaren ingurukoa. Nerea Ibarzabalek eta Onintza Enbeitak girotutako bertso-bazkariaren ostean, berriz, jardunaldira aurkeztutako zazpi ahozko komunikazioen eta lau posterren nondik norakoak ezagutzeko aukera egon zen, beren egileen eskutik. Bien bitartean, “Depreskripzioa” izeneko tailerrean parte hartu zuten dozena bat lagunek. Amaitzeko, historia klinikoa euskaraz idaztearen beharraz eta eskubideaz aritu ziren bukaerako hitzaldian.

Osasun Biltzarrari hasiera emateko, Amaia Mendizabal ESIko Lehen Arretako farmazialariak, Maritxu Muñoa familia-medikuak eta Alazne Pinedo fisioterapeutak hitza hartu zuten “Min kronikoari aurre egiten” gaiaz aritzeko. Bigarren mahai-inguruan, berriz, Bermeoko Sancti Spiritus egoitzako Ana Urrutia, Leire Diaz eta Nere Urbina osasun-langileak solastu ziren, “Betiko gaixotasunak polifarmaziatik kanpo” gaiari buruz. Bi mahai-inguruen artean egin zen harrera-ekitaldia: Karlos Ibarguren OEEren elkarteburuak, Olatz Ibarra Barrueta Barrualde-Galdakao ESIko Farmazia Zerbitzu-buruak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Miren Lorea Bilbao Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak parte hartu zuten. Osasun-arloko arduradunek gonbitea eskertu eta OEEren lana goraipatzeaz gain, osasungintzan ere euskera erabiltzeak daukan garrantziaz jardun zuten. Hain zuzen ere, bide horretatik joan zen amaierako hitzaldia: Idoia Agirre psikiatrak, Olatz Perez de Viñaspre Itzulbide itzultzaile neuronalaren (IXA taldea) garatzaileak, Unai Larrinaga Mendaroko Ospitaleko Prebentzio Medikuntza espezialistak eta Adrian Zelaia Aintzat Taldeko kideak eman zuten historia klinikoa euskaraz idazteari buruzko iritzia. “Depreskripzioa” izeneko tailerra Itxasne Lekue Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Lehen Arretako farmazialariak eman zuen.

Botiketatik haratago

Sendagaiak gure eguneroko bizitzaren zati dira, bai osasun-profesionalentzat, bai gizartearentzat oro har. Sendagaiek helburu terapeutikoak lortzen laguntzen digute, askotan ezagutzen eta kalkulatzen dugun arriskua hartuz. Gaixotasunak arindu eta sendatu nahi ditugunean, osasun-arloko profesionalek errezetatutako sendagaietan konfiantza izaten dugu. Hala ere, kasu batzuetan, botika horiek beste batzuekin elkarrekintzan aritzen dira, eta ondorio kaltegarriak edo ez desiratuak eragiten dituzte. Eta ez dute lortzen minaren gisako sintomak sendatzeko edo arintzeko hasierako helburua.

Ezin ditugu alde batera utzi zenbait faktore, hala nola eguneroko bizitzaren medikalizazioa, gaixotasun berriak sortzea, defentsa-medikuntza gero eta ohikoagoa egitea, espezialitate medikoak zatitzea, biztanleria zahartzea eta prozesu kronikoak areagotzea. Esandako guzti honek biztanleria sendagaien eraginpean egotea eragiten du.

Horri buruzko gogoeta egiten badugu, egia deseroso baina beharrezko bat aurkituko dugu: ongizate integrala botiketatik haratago doa. Minaren iturriei eta ondoezaren sustraiei heldu behar zaie pertsonak sakontasunean ezagutzeko eta emaitza hobeak izateko gaixotasunaren aurrean.

Hori guztia abiapuntutzat hartuta antolatu du 2024ko Osasun Biltzarra OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak. Jardunaldian egon diren bi mahai-inguruetako hizlariek haien proiektuak eta esperientziak azaldu dizkigute. Antolatutako tailerra, berriz, ikuspuntu berriak garatzeko tresna izan da.

Topaketa, eztabaida eta motibaziorako gunea izan da biltzarra; aukera bat da denon parte hartzea sustatzeko, gehiegizko medikalizazioaren arazoari aurre egiteko asmoz.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan