10. Osasun Jardunaldiak: Osasuna denontzat 2000. urtean
EZGAITASUNA: OSASUNARAZOA
Egilea: M. LARRAĆAGA
Gipuzkoako Osasun Zuzendaritza
Ezgaitasunak neurri eta profil erabat ezberdinak hartu ditu azken hamarkadetan zenbait faktorek bat egitearen eraginez. Beren garrantzia eta larritasuna aldatu egin dira herrialde industrializatuetan aldakuntza demografiko eta sozialen ondorioz. Heriotza-tasaren jaitsierak eta bizi-itxaropenaren luzapenak, eritasun arrunten profilaren aldaketarekin batera ezgaitasunaren hazkunde progresiboa ekarri du. Bestalde, urbanizazio etengabeak eta giza mugikortasunak istripuak izateko arriskuak handitu ditu, ezgaitasunerako arriskua areagotzen duten bizimoduak sortzen baitituzte.
Eritasun kronikoen maiztasunak eta istripuek ezgaitasuna sortzeko duten ahalmenak eragina dute jasaten dutenengan ez ezik, ingurune familiarrean eta komunitatean ere. Beraz, ezgaitasunaren dimentsio sanitarioak, sozialak eta ekonomikoak gero eta garrantzitsuagoak dira, eta Osasun Publikoaren planifikazioan eta antolamenduan lehen mailako arreta bereganatu dute. Zerbitzu eskakizunak handitzea da ondorio zehatza; beste ondorio bat kultura, politika eta lege arloko azpiegituretan izan du, askotan ez baitira egokitzen ezgai direnen beharretara eta egoerara.
Ezgaitasunaren definizioa erabat lotuta dago giza testuinguruarekin, honek bizi baldintzak, determinatzaile kulturalak eta portaera banakako eta kolektiboa barne dituelarik. Beraz, ezgaitasunaren ikerketak pertsona ezgaitua bizi den egoeraren balorazio orokorra eskatzen du. Osasunaren Mundu Erakundeak eginiko azken sailkapenak (ICIDH-2, 1999), ezgaitasunean parte hartzen duten faktoreen sare konplexua kontuan hartzen du eta inguruneko zenbait faktore eta beste aldagai sozialak sartzen ditu.
ICIDH-2k oinarritzat hartu duen argibide ereduak dioenez, gaitasun funtzionala beste zenbait faktore pertsonalen (osasuna, adina, generoa., status sozio-ekonomikoa, heziketa maila etab.) eta ingurunekoen interakzioaren emaitza da (portaera sozialak, lege araudiak, erakunde publikoen garapenak, inguruko baldintza arkitektonikoak...). Interakzio hau konplexua da, bi norantzakoa eta dinamikoa; eta nahiz eta ereduak faktoreen arteko harreman kausalak ezin ezarri, ezgaitasuna intentsitate ezberdinarekin azaltzen da faktore hauen partehartzearen arabera.
Inguruneko faktoreek gizakiaren osasun mailarekin dute lotura, eta gaitasun funtzionalaren maila eta hedadura beraien elkar-eraginaren ondorioa izango da. Planteatutako ereduan, ezgaitasuna hutsune fisiko eta adimen funtzio mugen kanporatzea bezala definitzen da, giza-testuinguruko baldintzen arabera, ezgaitasuna eta desabantailak eraginez. Hauek, inguruneko eskakizunen eta pertsona ezgaituaren ahalmenen arteko desfasea adierazten dute. Testuinguru orokor honetan, pertsonen status funtzionala bizi kalitatearen elementu funtsezkotzat jotzen da eta bizi-itxaropenarean osagai determinantea.
EZGAITASUNAREN NEURKETA
Pertsonen gaitasun funtzionala ebaluatzeko adierazle eta neurri ezberdinak daude. Adierazle batzuek eguneroko jarduera arruntak egiteko gaitasuna ebaluatzen dute eta funtzio biologiko eta psikologiko oinarrizkoenak baloratzen dituzte (ADL). Beste adierazle batzuek, berriz, koordinazio zehatza eskatzen duten zenbait jarduera egiteko gaitasuna neurtzen dute, hau da, eguneroko zenbait jarduera instrumental burutzeko koordinazio fina (IADL).
Eritasun kronikoen igoeraren ondorioz, eguneroko bizitza arrunta egiteko gaitasuna murriztuaz doa eta beraien inpaktu aren balorazioa ere indartu da.
EAEn, osasun inkestaren bitartez, ezgaitasun funtzionalak bi eratara ebaluatzen dira: jardueraren aldi baterako murrizketa eta ezintasun iraunkorra. Halaber, Nafarroako azken osasun inkestak ezgaitasunaren bi alde hauek ere ikertzen ditu. Ondoren agertzen diren datuak bi autonomi elkarte hauetan eginiko azken osasun inkestei dagozkie: Nafarroan l991n eta EAEn 1997an.
Jardueraren aldi baterako murrizketa:
Aldi baterako murrizketa honek, batez ere, osasun arazo akutuen eragina adierazten du. Bere baloraziorako, inkesta egin aurreko bi asteetan pertsona bakoitzak bere jarduerak, osasun arazoren bategatik, zenbat egunez gutxitu behar izan dituen galdetzen da.
Bi inkesten datuen arabera, prebalentzia berdintsuak ikusten dira bi elkarte autonomoetan; EAEko inkestan parte hartu zutenen %6ak aldi baterako murrizketaren bat adierazi zuen. Nafarroan, %6,4ak murrizketaren bat adierazi zuen, baina urtean zehar ezgaitasunaren batez bestekoa kontutan hartuz gero (pertsonak zenbat egun urtean), Nafarroan 11 egun/urte azaltzen zen bitartean, EAEn 7 egun /urte izan ziren. Ez zen diferentzia esanguratsurik ikusi generoa eta adinaren arabera bi komunitateen artean. Dena dela, bietan bizitzako muturreko adinean jardueraren murrizketa handiagoa zen.
Bi inkestek status soziala eta aldi baterako jarduera murrizketaren arteko lotura adierazten dute. Ahalmen ekonomiko apala duten pertsonek EAEn jardueraren murrizketa handiagoa adierazi zuten eta Nafarroan, maila sozio-ekonomiko baxuenekoen artean, jardueraren batez besteko murrizketa handiagoa izan zen (egun gehiago).
Ezintasun iraunkorra:
Ezintasun iraunkorrak morbilitate kronikoaren ondorioa pertsonen gaitasun funtzionalean adierazten du. Bere ebaluaketarako, inkestaren aurreko hamabi hilabeteak hartu ziren erreferentziazko denboraldi bezala.
EAEn inkestatutako %9k eta Nafarroan %7k gaitasun funtzionala modu iraunkor batean murriztua zutela adierazi zuten. Bi elkarte autonomoetan murrizketa areagotu egiten da adinarekin eta 65 urte edo gehiagokoen artean murrizketa funtzionala agertzeko arriskua, 20-40 urte dituztenen artean baino 10 bider handiagoa da. Lan egiteko, adinekoen artean gizonezkoek ezintasunaren prebalentzia handiagoa agertzen dute, baina 65 urtetik gora aldatu egiten da, emakumeak erakusten baitute jardueraren murrizketa handiagoa.
Gaitasun funtzionala mugatua edukitzeko arriskua status sozialari lotuta dago. Bi komunitateetan ezberdintasun sozialak, gizarte-maila ezberdinetan agertzen diren ezintasun funtzionalaren prebalentzietan ikusten diren ezberdintasunean islatzen dira. EAEn, gizarte-maila altuenetakoek gaitasun funtzionala iraunkorki murriztuta izateko probabilitate maila apalenetakoek baino %50 txikiagoa dute. Nafarroan alde hori txikiagoa da (%30).
Gaitasun funtzionalaren murrizketaren ondorioz, EAEn, 70 urtetik gorakoen artean k eguneroko jarduera arruntak egiteko laguntza behar zutela esan zuten eta ek laguntza behar zutela jarduera instrumentalak egiteko eta beraien bizitzaren burujabe izateko.
Hezur-artikulazioetako arazoak, ondoren arazo kardiobaskularrak eta gero zentzumenetakoak, eta laugarren tokian adimeneko eritasunak izan ziren ezintasun gehien sortzen dutenak.
Ezintasunik gabeko bizi-itxaropena
Adierazle honek bizi kalitatea erakusten du, bere luzapenetik at. Bere kalkulurako heriotza-tasaren eta ezintasunaren prebalentziaren datuak konbinatzen dira, adin talde bakoitzerako osasun inkestaren arabera.
EAEn, emakumeak jaiotzean dagozkien bizi-itxaropenaren 83 urteetatik batez beste 71 urtez bizitzen dira ezintasunik gabe eta gizonak 65 urtez bizitzen dira ezintasunik gabe bizi-itxaropenaren arabera dagozkien 75 urteetatik. Nafarroan, bizi-itxaropena jaiotzean 81 urtekoa da emakumeentzat eta 71 urtez bizitzen dira gaitasun arazorik gabe. Gizonezkoak Nafarroan 65 urtez bizitzen dira arazorik gabe, beraien bizi-itxaropena 74 urtekoa izanda jaiotzerakoan.
Bi elkarte autonomoen artean aurkitutako ezberdintasunak analisian hartutako bi denboraldi ezberdinen ondorioa izan daitezke. Nafarroako eta EAEko inkesten artean igarotako 6 urteak, bizi-itxaropenaren joera luzapenera bultzatu dute eta aipaturiko ezberdintasunak justifikatu ditzake. Hala ere, bi elkarteen arteko ezberdintasunak ikusita ere, biztanleriak ezintasunik gabe bizi dituen urteen kopurua berdina da bietan.
Gertakari nabarmenak
Eritasun kronikoek gora egiteak eta istripuek ezintasun- prebalentzia igoarazi dute, batez ere gaitasun funtzionalaren limitazio iraunkorra.
Gora doan ezgaitasun honek jasaten dutenengan ez ezik, beren ingurune familiarrean eta bizi den komunitatean ere badu eragina, Osasun Publikoko planifikazio eta antolamenduan lehen mailako interesa sortuz.
Ezintasunen prebalentziaren igoerak osasun zerbitzuen eskakizunak gora egitea dakar eta aldaketak exijitzen ditu lege, kultura eta politika arloko azpiegituretan, ez baitira egokitzen askotan ezintasunak dituztenen egoera eta beharretara.
Nafarroako biztanleriaren %6,4ak eta EAEkoaren %6ak aldi baterako aktibitatearen nolabaiteko murrizketa jasaten dute urtean zehar, batez beste Nafarroan 11 egun urteko eta EAEn 7 egun urteko.
Ezintasun iraunkorra altuagoa da EAEn Nafarroan baino (%9 eta %7 hurrenez hurren).
Aldi baterako ezintasuna nahiz ezintasun iraunkorra adinari lotuta daude eta garrantzitsuagoa da adintsuenen artean.
Ezgaitasun funtzionala ezberdintasun sozialei uztartuta agertzen den adierazlea da. Gizarte maila apalenetako biztanleriak gaitasun funtzionala mugatuta izateko arrisku handiagoa du gizarte maila altuenetakoak baino.