Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

10. Osasun Jardunaldiak: Osasuna denontzat 2000. urtean

HERIOTZA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ETA NAFARROAN 90EKO HAMARKADAN

Egileak: C. MORENO* , C. AUDICANA**

* Nafarroako Osasun Publikoaren Institutua; ** Euskal Autonomia Erkidegoko heriotza erregistroa


 Heriotza aztertzea ezinbestekoa izaten da osasun egoeraren berri izateko. Erreferentzi puntu nahitaezkoa da, bestetik, osasun politikak baloratzeko. Lan honek EAEn eta Nafarroan berriki argitaratutako lanen datuak bildu ditu (1997koak EAEkoak eta 1995ekoak Nafarroakoak). Heriotzaren kausa nagusiak eta azken urteotako joerak aztertuko dira, baita Europako Batasunaren aldean Nafarroak eta EAEk nolako heriotza-tasak dituzten.

 

Datuen jatorria Heriotza-Buletin estatistikoak dira, erkidego horietan hilak edo Espainiako gainerako erkidegoetan hilak, baina beti ere Nafarroako eta EAEko biztanleenak. Heriotzaren kausa nagusiaren kodetzea GNS-9 erabiliz egin da (Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena, 9. berrikuspena). Honela definitzen da heriotzaren kausa nagusia: heriotza eragin edo horretara lagundu zuten eritasun, gaitz edo lesioak, edo istripuak edo heriotza ekarri zuen indarkeriaren inguruabarrak. Denbora-tarteak eta herriak konparatu ahal izateko Europako populazioari egokitutako tasez baliatu gara. Bi sexuen gaineko datuak eman dira, baldin eta horren araberako desberdintasun adierazgarririk badago.

 

BIZI-ITXAROPENA

Argitaratutako azken datuen arabera, EAEn jaiotzean den bizi-itxaropena (biziaren batez besteko iraupena) 75,2 urtekoa zen gizonentzat eta 83,3 urtekoa emakumeentzat 1997. urtean. Nafarroan, 1994-95 tartean 75,5 urtekoa zen gizonen bizi-itxaropena eta 82,4 urtekoa emakumeena. Frantziako emakumeak eta Suediako gizonak dira, azken urte hauetan, Europan bizi-itxaropen handiena dutenak eta gure bizi-itxaropena oso hurbil dago horienetik, batez ere emakumeen kasuan.

 

Azken urteotan bizi-itxaropenak goiti egin du. EAEn 1987. urtean 73,2 urtekoa zen gizonen bizi-itxaropena eta handik hamar urtera 75,2koa. Denbora tarte berean 81,3tik 83,3ra pasatu da emakumeena. Nafarroan ere bi urte ingurukoa izan da denbora-tarte horretan bizi- itxaropenaren igoera. Bizi-itxaropenaren igoera handiena 40 urtetik goitikoen populazioan gertatu da.

 

HAURREN HERIOTZA-TASA

Azken urteotan nabarmen jaitsi da urte betetik beheitiko haurren heriotza-tasa, bai EAEn bai Nafarroan. EAEn lOOOko 10,2koa zen 1987. urtean eta 1997an 5,2koa. Nafarroan jaiotako milo haurretik 6 inguru hil ziren 1996- 97 tartean (lOOOtik 6). Europako Batasunean lOOOtik 4koa zen Suedian eta lOOOtik 8koa Grezian edo Portugalen.

 

HERIOTZA-TASA ADIN ETA SEXUAREN ARABERA

Adin-tarte guztietan gizonen heriotza-tasa handiagoa da emakumeena baino, bai EAEn bai Nafarroan. 15 urtetik 80ra bitartean tasen arrazoia 2tik goitikoa da.

 

Adin-tarteen heriotza-tasa espezifikoei dagokienez, 1987tik 1997ra bilakaera desberdina antzematen da adintartearen arabera. Gazteenak (25 urtetik beheitikoak) eta 50 urtetik gorakoen hiltzeko arriskua franko gutxitu da Nafarroan eta EAEn, baina tarteko adinetan (25-50) arriskua mantendu eta batzutan handiagotu egin da.

 

30 urtetik 50era bitarteko gizonek eta 30 urtetik 40ra bitarteko emakumeek heriotza-tasa handiagoa darte EAEn 1997an 1987an baino. Nafarroan ere heriotza-tasak beheiti egin du adin-tarte gehienetan, 25-34 urte bitartekoen artean izan ezik (1981-1995). Atzera egin da beste erkidego autonomo batzuetan ere. Atzerakada hori HIESaren ondorio da, adin horretako gazte eta heldu asko hil baitira.

 

HERIOTZAREN KAUSA NAGUSIAK

Tumoreak dira Nafarroako eta EAEko gizonen heriotza-kausa nagusia (Nafarroan 1995ean eta EAEn 1997an). Tumoreen ondoriozko heriotzak heriotza guztien %34 dira. Ondoren daude Zirkulazio aparatuko eritasunak (heriotzen %30), Arnas aparatuko eritasunak () eta laugarren eta bosgarren postuan Kanpoko eragileak eta Digestio aparatuko eritasunak.

 

Emakumeen artean Zirkulazio aparatuko eritasunak dira heriotzaren kausa nagusia. Bihotz-hodietako eritasunek emakumeen heriotza guztien %40 inguru eragiten dituzte. Ondoren, Tumoreak daude eta gero Arnas aparatuko eritasunak.

 

Zirkulazio aparatuko eritasunak

Kardiopatia iskemikoa eta garun-hodietako eritasunak dira nagusi Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren gaitz multzo handi honetan. Horiengatiko heriotza-tasak baxuagoak dira Nafarroan eta EAEn Espainian eta Europako Batasuneko herri gehienetan baino. Frantziako tasen antzekoak dira. Gogora bedi Frantzia dela eritasun talde honetan tasa txikiena duen herria (bereziki bi azpitalde horietan).

 

Nabarmendu beharrekoa da nabarmen jaitsi dela eritasun hauen ondoriozko heriotza-tasa azken urteotan, bi erkidegoetan. Neurri handi batean horri eskerrak handitu da 1980tik 1990era bitartean jaiotzean den bizi-itxaropena. Horrexen ondorio da, bestetik Nafarroak eta EAEk Espainiako eta Europako ranking-ean bizi-itxaropenaren sailkapenean duten toki ona.

 

 

 

Tumoreak

Gizonezkoen tumoreen ondoriozko heriotza-tasa handiagoa da Nafarroan eta EAEn Espainian baino, eta franko handiagoa Suedian baino (tasa txikiena duen herria). Zirkulazio aparatuko eritasunengatiko heriotza-tasarekin ez bezala, minbiziagatikoa ez da jaitsi azken urteotan gure bi erkidegootan. Gizonezkoentzat heriotza-tasa handiena sortzen duten tumoreak biriketakoak, prostatakoak eta urdailekoak dira.

 

Nafarroako eta EAEko emakumeen tumoreen ondoriozko heriotza-tasak Espainiakoak baino altuagoak dira azken urteotan. Emakumeen kasuan bularreko minbizia da lehenbizikoa, eta handik aski urruti kolonekoa eta urdailekoa. Biriketako minbiziaren tasak txiki samarrak dira oraindik emakumeen artean baina bularreko minbiziarengatiko heriotzen kopuruak goiti egin du, Nafarroan batik bat.

 

Bi sexuetan murriztuz doa urdaileko minbiziaren ondoriozko heriotza-tasa.

 

Arnas aparatuko eritasunak

Arnas aparatuko eritasunengatiko EAEko eta Nafarroako heriotza- tasa Espainiakoaren eta Europako Batasunekoaren antzekoa da. Talde honen barrenean beheiti egin du azken urteotan pneumoniak sortutako heriotzen kopuruak. Beste erkidego batzuetan bezalaxe, goiti egin du biriketako butxadura kronikoaren eritasunaren ondoriozko gizonen heriotzen kopuruak, bai Nafarroan bai EAEn.

 

Kanpoko eragileak

Kanpoko kausen ondoriozko heriotza guztiak kontuan hartuta, bai EAE bai Nafarroa batez bestekotik hurbil daude, bai Europako Batasunaren aldean, bai Espainiaren aldean. Azken urteotan heriotza gutxiago gertatu dira kausa horrengatik, bi erkidegoetan eta bi sexuetan.

 

Trafikoko istripuengatiko heriotzak direla-eta 1997an talde honetako %30 osatzen baitute gutxi gorabehera kausa horren heriotza-tasa altua da EAEn eta Nafarroan. Suedian edo Erresuma Batuan baino 2 aldiz handiagoak (horiek dira kasu horretan heriotza-tasa txikieneko herriak). Azken urteetan beheiti doa, mantso, tasa hori bai EAEn bai Nafarroan.

 

Suizidioaren ondoriozko heriotza-tasek goiti egin dute azken urte hauetan EAEn eta Nafarroan, ez oso hala ere. Europako Batasuneko herrietako batez bestekora hurbiltzen ari dira pixkanaka.

 

Digestio aparatuko eritasunak

Azken urteotan beheiti egin dute garbi, zirrosiak eta digestio aparatuko ultzerek, bai gizonen artean, bai emakumeen artean. Antzeko joera antzeman da, heriotza bi kausa-talde hauei dagokienez, autonomiko erkidego gehientsuenetan. Europakoekin konparatuz gero, esan dezakegu Europak duen batez bestekoa dutela EAEk eta Nafarroak.

 

ONDORIOAK

-   EAEko eta Nafarroako heriotza-tasa egokituak (kasu guztiengatikoak) baxuagoak dira 90eko hamarkadan bi sexuetan. Jaiotzean den bizi-itxaropena altua da, batez ere emakumeentzat.

-   Heriotza-tasari dagokionez bi sexuen artean dauden aldeek beren horretan segitzen dute bi erkidegoetan. Sexuen arteko aldeak ez dute gutxira egin azken urteotan.

-   Heriotza-tasaren adierazle beltzenak gazteenak dira. Gazteen heriotza-tasak ez du beheiti egin azken urteotan, batez ere HIESaren kolpeagatik.

-   Haurren heriotza-tasa nabarmen jaitsi da. 90eko hamarkadan 1000tik 6koa zen Nafarroan eta EAEn.

-   Bihotzeko iskemiaren eta garun-hodietako eritasunengatiko heriotza-tasa txikiagoa da Espainian eta Europan baino, eta 80ko hamarkada geroztik jaitsiz joan da etengabean.

-   Jaitsi da zirrosiaren eta digestio aparatuko ultzeren ondoriozko heriotza-tasa.

 

BIBLIOGRAFIA

ERREZOLA M, ESNAOLA S. La mortalidad en la Comunidad Autónoma del Pais Vasco, 1987. Osasunkaria 1989;6:1.18.

AUDICANA C. Análisis de la mortalidad en la Comunidad Autónoma del País Vasco, 1997. Osasunkaria 1999;1728-35.

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan