12. Osasun Jardunaldiak: Gaixo terminala. Zainketa aringarriak
ZAINKETA ARINGARRIAK OSASUN EGOITZETAN
Egilea: Ignacio Mendiguren
Geriatra. San José zaharren egoitza. Ordizia.
SARRERA
Ezaugarri bereziak ditu egoitzetan bizi diren zaharren zaintzak; batetik egoitzak etxe direnez baldintza batzuk dituelako, eta bestetik, egoitzetako zaharren tipologia desberdina izaten delako. Izan ere, azken urte hauetan aldatzen ari dira egoitzak; hasieran zentro itxiak baziren ere, harrera-etxe, ongintzakoak, gaur egun baliabide soziosanitario bihurtu dira, irekiak eta inguruan sartuak, non egoiliarren eta horien sendien osotasunezko arreta sistematikoa, lantaldearen helburu nagusi bihurtzen den. Aldi berean, egoitzak erabiltzen dituztenen profila ere aldatu egin da, askoz ere zaharragoak dira gaur egun eta mendekotasun handiagoa dute, eta horregatik, litekeena da, komunitatearen subjektu ahulenak izatea. Beraz, bukaeran daudenen egoerak eta heriotza, eguneroko lana dira zaharren egoitzetako langileentzat, asistentziako beste esparru batzuetan ez bezala, horietan salbuespen izaten baitira heriotza eta amaiera-egoera horiek. Bukaerako egoera horietan nahiko sarritan azaltzen zaizkigu tumore-patologia aurreratuak dituzten zaharrak, baina askoz ere maizago gertatzen da bukaerako estadioetara zahartze-prozesu normal baten ondorioz iristen diren zaharrak topatzea, edo onkologikoak ez diren prozesu kronikoen ondorioz bukaerako momentuan dauden zaharrak; egoera horiek, biak ala biak, zainketa aringarriekin aztertu behar dira, batetik atzeraezinekoak direlako, eta bestetik zaharrarengan eta bere familiarengan sortzen duten eragin emozionalagatik.
LAGUNTZA OSOA ZAINTZA ARINGARRIETAN
Lehen aipatu dudan bezala, laguntza osoa (edo atentzio integrala) da zaharren egoitzetako lantaldearen helburu nagusia. Hori horrela, gure egoiliarren bizi-kalitatean eta ongizatean eragina duten aldagai guztiak identifikatu behar dira (alderdi fisikoak, burukoak, psikologikoak, sentipenezkoak, gizarte/familia mailakoak, ingurunekoak, harremanezkoak, espiritualak). Ziur jakinda, gainera, aldagai horien eta egoiliarren artean, eta aldagai guztien artean dagoen bi norantzako harreman sistematikoa dagoela. Egia esan, zorrotzak izan behar dugu gure egoiliarrak aldagai horietan guztietan eta bakoitzean gai izan daitezen saiatzerakoan. Izan ere, horietako edozeinetan hutsuneak edo galerak sortuz gero, eragin txarra izango baitu egoiliarraren ongizatean; horien artean dagoen harreman sistematikoaz jabetu behar dugu, inork ere ez ditu ukatzen gaixotasunak gizakion oreka emozionalean dituen ondorioak, edo bizi den giroak portaeretan duen eragina, edo pertsonen arteko harremanek beste edozein aldagaitan duten eragina, etab. Azkenik, gizartean orokorrean, eta egoitzetan batik bat, saihestu ezin den gai bat hartu behar dugu kontuan, egoiliar bakoitzaren egoerak gainerakoengan dituen ondorioak, eta ez hori bakarrik, baita langileengan, senitartekoengan, etab. ere, eta, alderantziz, baita horien guztien egoerak egoiliar horrengan dituen ondorioak ere.
Laguntza osoko giro horren barruan, egoiliar bakoitzak aipatutako aldagai horietan bizi duen egoera ezagutzeko Geriatriako Balorazio Integrala (GBI) dugu tresnarik hoberena, baita aldagai horiek bere osasunarengan duten eragina ezagutzeko ere. Egoiliarren ongizatean eta bizi-kalitatean eragin handiagoa edo txikiagoa duten arlo guztiak aztertzen saiatu behar da geriatriako balorazio integrala. Hona hemen arlo horiek:
- Alderdi kliniko eta medikoak.
- Gizarte/famili egoera.
- Egoera mentala.
- Gainerako egoiliarrekiko giza eta pertsonen arteko harremanak.
- Alderdi psikologikoak.
- Egoera afektiboa.
- Inguruan integratzea (kasu honetan egoitzan integratzea).
- Bizi-testamentua.
Azken puntu hori sartzeak duen garrantzia nabarmendu nahi dut, hau da, zaharren Geriatriako Balorazio Integralean bizi-testamentua sartzeak, edozein izanda ere bizi den giroa, eta egoitza batean bizi bada, berriz, saihestezina. Zaharrak egoitzetan zaintzeak ezaugarri bereziak ditu, beste giro batzuetan, hala nola, norbere etxeetan, ospitaletan, etab. zaintzeak ez dituenak. Alde batetik, desabantailak handiak izan daitezke, esate baterako, ospitaleetako baliabideak handiagoak izan daitezke, edo etxeetako afektibitatea edo integrazioa; baina, baditu bere abantailak ere, nire ustez, esaterako, egoitzetan egunero ematen den harreman eta jarraipena, eta eguneroko jardun horrek zaharraren zaintza prozesu bihurtzen du, egoitzan sartzen denetik bere egonaldia bukatzen duen arteko prozesu; eta prozesu horretan, eguneroko bizitzakoak dira bukaera-egoerak eta heriotzak. Eta arrazoi horregatik, hau da, bukaera-egoera horiek emateagatik, ez dago egoiliarrekiko esku-hartzea ikuskatu beharrik, ez baikaitu ustekabean harrapatu behar, egoiliarrarekiko laguntzan “continuum” baten urrats bat besterik ez da. Bizi-testamentua sartzen bada, zaharrarentzako garrantzia zerk duen ezagutzeko aukera ematen da, zahar bakoitzaren ongizate subjektiboa kontuan hartzeko, gauzak duten garrantziaren mailan norbanakoa ezagutzeko, eta momentu batean, zaharrak berak esan ezin badu ere, susmatu ahal izan behar dugu.
Eskema bera erabil daiteke zainketa aringarriez eta egoera terminalaz ari garenean. Bukaerako egoeran dagoen zahar baten bizi-kalitate handiena mantendu nahi badugu, bere ongizatean eragina duten arlo guztietan eragin beharko dugu. Begi-bistan dago egoera bere osotasunean aztertu behar dela. Ez da nahikoa izango bakarrik arlo batzuk kontrolatzea (mina, erosotasuna, sentipenak, etab.), eta ez da inoiz ere ahaztu behar, zaharra eta bere ingurua direla egoeraren protagonistak eta hartu beharreko erabakien jabeak. Gaixoaren autonomia horrek irautea da profesionalen eginkizuna, eta alde batera utzi behar ditugu erabakiak hartzerakoan guk geuk ditugun balore pertsonalak, edozein motatako sintomak zaintzerakoan eta, ahal bada, konpontzerakoan egoskorrak izanik (ez nahastu ankerkeria edo amorrazioarekin). Egoskorkeria terapeutikoaren puntu hori azpimarratu nahi dut, izan ere zainketa aringarrietako programetan dauden zaharren sintoma asko itzulgarriak izan daitezke eta horrelaxe izan ohi dira, esku-hartze neurriko eta egokiekin; eta sarritan ikusten da, zaharrak azaltzen dituen sintoma guztiak paliatiboki tratatzeko ohitura, horren ondoriozko egoerak itzultzeko edo hobetzeko etsita, bukaera-egoeran dagoen zaharra delako besterik gabe. Horregatik, azpimarratu beharra dago, zainketa aringarrietan dagoen zaharra banaka atenditu beharrak duen garrantzia; bukaerako gaixotasunen protokoloetatik ihes egin behar da, baita gaixotasunaren araberako hainbat konponbide erabiltzeko joeratik ere.
ZAINKETA ARINGARRIETAKO PREBENTZIOA ZAHAR EGOILIARRETAN
Zaharren egoitzetan, eguneroko kontuak dira zainketa aringarriak, bukaera-egoerak eta heriotza, ohiko egoerak dira, aurrez jakiten ditugunak, bai zaharrentzako, baita langileentzako ere. Izan ere, bukaera-egoera hori zaharren bizitzako prozesuaren urrats bat da, gehienetan ez da ustekabeko zerbait, aurrez jakiten duguna baizik; eta horrek aurrea hartzeko aukera eskaintzen digu; egoera horren aurrean zein arlo ukituko diren ikus dezakegu aurrez eta zein eragin izango duen egoiliarraren ongizatean. Horretarako, premiazkoa da eragin-arlo horietan gabeziak ba ote dauden aurrez jakitea (gizarte-arloa, familia, sentipenezkoa, alderdi medikoa, etab.) eta horietan zaharra bera eskuduna izaten saiatu behar dugu. Horixe izan behar du, hain zuzen, prebentzioaren helburua, oreka puskatu aurretik, zaharrari eskumena ematea, egoera hori etortzen zaionean, ahalik eta eragin negatibo edo kaltegarri txikienarekin egokitu dadin. Beste maila batzuetan zahartze egokiaz aritzen bagara, hemen, ondo asko hitz egin genezake bukaera-egoera egokiaz, heriotza-kalitateaz.
ZAHAR-EREDUA EGOITZETAKO ZAINKETA ARINGARRIETAN
Lehen aipatu den bezala, azken urteotan jauzi kualitatiboa ematen ari da instituzionalizatutako zaharren tipologian, eta nabarmena da nola igo diren mendekotasun eta ahultasun egoerak, eta ohikoa izaten da patologia-aniztasun kronikoko egoerekin topo egitea, bakardadea, arazo familiarrak, gizarte isolamendua, etab. Horiek horrela, zahar horiek herritarren talderik ahulena osatzen dute, eta askoz ere arazo gehiagorekin. Gainera, zainketa aringarrien menpeko egoerak direla eta, alde argi eta garbia sumatzen da beste adin-talde batzuekin parekatzen badugu, edo instituzionalizatu gabeko zaharrekin parekatzen badugu, eta zera da, patologia onkologikoa oso gutxitan azaltzen dela bukaera-egoerako kausa bezala; beste egoera batzuk askoz ere nagusitasun handiagoarekin agertzen dira, hala nola, dementziak eta/edo garuneko hodietako patologia kronikoak, bihotzekoak, metabolikoak eta, baita zahartzeak berak sortzen dituen egoerak ere.
Eta horrek esan nahi du, oso zaila dela zaharra orokorrean eta, instituzionalizatutako zaharra bereziki, zainketa aringarrietako ohiko eredu kontzeptualera egokitzea; are gehiago, bukaera-egoeran dagoen gaixoa. Eta beharrezkoa da hitz horien artean dagoen harreman saihestezina desegitea, izan ere, ugari dira gure egoitzetan sortzen diren zainketa aringarrien ondoriozko egoerak, eta ez dira, inolaz ere, normalean erabiltzen dugun kontzeptuak adierazten duena, hau da, bukaerako gaixoak edo gaixo terminalak.
EGOITZAK ETA ZAINKETA ARINGARRIAK
Instituzionalizazioak, egoitza batean bizitzeak, alegia, bere ezaugarri bereziak ematen dizkio, bai zaharra zaintzeko ekintzari orokorrean, eta zainketa aringarriei bereziki. Gainera, ezaugarri horiek oso dira bereziak, beste bi zaintza-esparrurekin, hau da, ospitaleekin eta etxearekin parekatzen baditugu. Eta ezaugarri berezi horiek nondik sortzen diren aztertzen badugu, zaharrak hiru aldagai nagusirekin dituen harremanetatik sortzen direla ikusiko dugu. Ondorengoak dira aldagai nagusi horiek:
· Gainerako zaharrak
· Gizartearen eta familiaren laguntza
· Lantaldea
Lehenik eta behin, egoitza guztiek helburu nagusi bat eduki behar dute, hau da, zaharrentzat benetako etxe bihurtu behar dute, gainerako zaharrekin harreman berriak sortzeko aukera izango duten etxe; hartara, norberak behar duen gizarte-laguntza sendotu egingo da eta mesede egingo dio, aldi berean, egoitzako talde osoari. Baina, izaten dira zaharren artean iskanbilak sortzeko moduko ohiko egoerak, egoitzako bizitzan integratzeko garrantzizko oztopo bihur daitezkeenak, esate baterako, espazioak (logela, egongelak, komunak, jangelak,...) besteekin konpartitu beharra, masifikazioa, gaixo eta menpeko zaharrekin elkar bizitzea, etab... Horixe izan behar da, hain justu, egoitzetako eguneroko helburua: alde batetik harreman horien alde onak sustatzen saiatu, baina, beste aldetik, zahar bakoitzak izan behar duen intimitate eta autonomia galarazi gabe.
Hori bezala, egoitzetako helburu izan behar du, zaharrek bere familia eta ohiko gizarte-esparruarekin eduki beharreko harremanak izateko aukera eta bultzada ematea, hartara zaharrak gizartearen barruan egon daitezen lortuko dugu. Baina, sarritan, aurkako ondorioa izaten du instituzionalizazioak, hau da, zaharrak gizarte eta familiatik isolatzen dira; batzuetan nahi gabe, baina ezer egin gabe onartzen dutena, bai familiak, lagunek eta zaharrak beraiek ere, eta horren ondorioz, gehien desio diren ohiko harremanetan murrizketak gertatzen dira. Gainera harreman horiek izaten dira, hain justu, kualitatiboki hobekien baloratuak dituztenak.
Egoitzetan, lantaldea izango da, ziurrenik ere, aldakortasun gehien jasaten duen faktorea; baina, lantalde horren osaera zein den alde batera utzita, ukaezina da horrek eguneroko egoitza bizitzan duen eragina. Kasu gehienetan, profesional hutsak baino askoz ere gehiago izaten baitira, hainbat arlotan zaharrek dituzten gabeziak betetzera etortzen baitira, hala nola, sentipen-gabeziak, familiakoak, denbora librea, etab. Diziplina arteko lantaldearen lan-topagunea, helburu bakarra izatea, asistentzia kalitatearen adierazle nagusietako bat izaten da.
Instituzionalizatutako zaharren bizi-kalitatean hiru aldagai horiek duten eragin erabakigarria onartzen bada, erraz ulertuko da horiek zainketa aringarrietan eta bukaerako egoeran dauden gaixoengan duten zereginaren garrantzia. Konpondu beharreko erronka saihestezina izango da, zainketa aringarrietako gaixoak, bukaeran daudenak eta beste zahar batzuk batera egotean, horien guztien autonomia, intimitatea eta autoestima erasotuak senti ez ditzaten lortzea. Helburuen artean, bada beste bat nagusia, hau da, gizarte eta familiarekiko harremanak iraunarazi, egoitzako bizitzan parte har dezaten sustatu eta bere etxean egongo balira bezala bizi daitezen erraztu. Egoitzetan lanean ari diren profesional guztiek, beren burua proiektuaren partaide ikus dezaten lortu behar da, eta bakoitzak duen zeregina bete, baina helburu bakar batekin, hau da, zaharraren ongizatea sustatzea, edozein egoeran egonda ere. Horrekin guztiarekin, zaharren bizitzaren eta heriotzaren kalitatea hobetzea lortuko da, zalantzarik gabe.
BIBLIOGRAFIA
1. ARARTEKO.- Las residencias de tercera edad en la comunidad autónoma vasca. 1992-1993.
2. Astudillo, W.; Mendinueta, C.; Astudillo, E. Cuidados del enfermo en fase terminal y atención a su familia. EUNSA 1995.
3. Beauvoir S. La vejez. Edhasa 1983.
4. Bott, E. Familia y Red social. Taurus 1990.
5. Camdessus, B.; Bonjean, M.; Spector, R. Crisis familiares y ancianidad. Paidos 1995.
6. Costa, M.; López, E. Salud Comunitaria. Martínes Roca 1986.
7. Garcia Alhambra, M.A.. Cuidados paliativos geriátricos en residencias. Revista Española de Geriatría y Gerontología 1999; 34(S2):42-45.
8. Gómez Sancho, M.; Ojeda Martín, M. Cuidados paliativos: Control de síntomas. Asta Médica.
9. INSERSO. Residencias para personas mayores. 1995.
10.Rojas Marcos, L. La ciudad y sus desafíos. Espasa 1999.
11.Sherwin, B.N. Cómo morimos. Alianza 1993.