12. Osasun Jardunaldiak: Gaixo terminala. Zainketa aringarriak
TRATAMENDU SINTOMATIKOA II, BESTE SINTOMEN TRATAMENDUA
Egilea: Mila Arrieta
Lehen mailako medikua. Pasaia Sanpedroko osasun zentroa
Gehienbat onkologoak izan dira orain arte, sintoma sarrienak zein diren eta sintoma horiek nola tratatu aurkezten hasi direnak. Ondorioz, hobeto ikertu izan diren sintomak, gaixo onkologikoetan izan dira. Geroz eta gehiago familiako sendagileak, geriatrak eta beste espezialitatekoak ere ari dira aztertzen gaixotasun kronikoetan, fase aurreratuetan, zainketa aringarriak.
Sintoma bakoitza tratatu aurretik ondo aztertu beharko da zein izan daiteken sintoma horren kausa. Tratamenduak kausa hori konpontzera edo arintzera orientatua egon beharko du. Hemen aurkeztuko duguna sintoma garrantzitsuenak eta neurri farmakologikoak izango dira. Horrek ez du esan nahi, beste hainbeste síntoma eta tratamendu ez-farmakologikok garrantzi handia ez dutenik, baina aukeran hauek aztertu nahi izan ditugu, laburpen honetan.
Sindrome sistemikoa
Mina alde batera utzita, gaixo onkologikoetan, maizen agertzen dena “sindrome sistemikoa” deitua izan ohi da. Honek hiru sintoma aurkezten ditu: ahultasuna, apetitu-falta, eta flakatzea.
Hiru sintoma hauek asko kezkatzen dute bai gaixoa eta baita familia ere. Aukera gutxi daude gaur egun sintoma hauek kontrolatzeko, honek egingo du helburua, bai gaixoa eta baita familia egoera honetara adaptatzea izatea.
Apetitu-falta honetarako bi medikamentu erabiltzen dira: Dexametasona, 2-4 mg/egunean eta Megestrol azetatoa, 160 mg/egunean.
Sintoma neuropsikologikoak
Garrantzi handiko multzoa osatzen dute. Askotan gaixotasunarekin konsubstantzialak izan dira kontsideratuak, eta gutxietsiak, askotan tratatu gabeak. Sintoma hauek berriro garrantzi handia dute beste sintomen kontrolean eta baita ere familian. Adibidez loezina, antsietatea, depresioa, agitazioa.
Sintoma hauek, bizimoduan zehar agertzen diren bezala, kontrola daitezke farmako desberdinekin:
Alprazolam, 0,25-1 mg /8 orduero
Lorazepam, 0,5-2 mg/ 8 orduero
Midazolam, 15 mg /4-6 orduero antsietaterako.
Loezina, depresioarekin edo agitazioarekin lotuta egon daiteke, eta egoera bakoitzean farmako desberdina erabili beharko da:
- Antidepresiboa: Amitriptilina, Serotonina birkaptazioaren inhibitzaileak,
- Neuroleptikoak: Klorpromazina.
Beste batzuetan, loezinak ez darama antsietaterik berarekin. Orduan erabil daitezke hipnotikoak, bentzodiazepina ez direnak, adibidez, Zolpidem edo Clormetiazol.
Nahasketa akutuaren sindromea
Gaixoak alteratua edukiko du bai ulermena, bai kontzentrazioa ere. Batzuetan agitazioa ere agertuko da.
Erabiltzen diren farmakoen artean Haloperidol, 1-3 mg/8 orduero, eta Risperidona daude.
Disnea
Arnas arazoen artean disnea edo arnasestua sarritan agertzen da, eta bai pazientearengan bai familiarengan larritasun handia sortzen du. Bi farmako erabiltzen dira gehienbat:
Diazepam, 5-10 mg / 8-12 orduero. Honen helburua antsietatea murriztea da, zeren eta antsietate honek disnea handitzen baitu.
Morfina ere erabiltzen da. Gaixoa aurretik morfina hartzen baldin bazegoen, dosia % 50 gehiagotuko zaio. Ez baldin bazegoen morfina hartzen, has daiteke 5 mg/4 orduero ematen eta gehitzen joan % 50etik 50era.
Eztula
Eztula ia % 50ean agertzen da.
Desberdina izango da tratamendua eztula hezea edo lehorra baldin bada. Baita ere gaixoak indarra baldin badu eztula egiteko ala ez.
Eztul hezea baldin badu, eta gaixoak indarra baldin badu, mukolitikoak (N-azetil-zisteina) erabil daitezke, baina indar gutxi badu jariakinak kanporatzeko edo eztula lehorra bada, kodeina, 30-60 mg /4 orduero edo morfina 5-20 mg /4 orduero erabil daitezke.
Baita ere bere forma atzeratuak: Dihidrokodeina 60 mg/12 orduero edo morfina sulfatoa 10 mg/ 12 orduero.
Idorreria eta aho lehorra
Askotan agertzen diren sintomak, baina ahaztuta egoten direnak. Kasu honetan helburua detektatzea eta kontrolatzea izango da.
Idorreriarako laxanteak erabiliko dira. Hauen artean botika desberdinak daude:
- Erregulatzaileak (metilzelulosa),
- Osmotikoak (laktulosa, laktitiol),
- Purgante edo libratzaileak (senosidoak), enemak, glizerinako supositorioak.
Bakoitza egoera desberdinetarako izan daiteke.
Aho lehorra ez baldin bada tratatzen eta gainera antibiotikoak, kortikoideak eta beste tratamenduengatik, ahoan kandidiasia ager daiteke; gehienetan Candida albicans izaten da.
Tratamendua Nistatina suspentsioan izan daiteke: 10 ml / 4 ordutik 4 ordura, eta ahoan mantendu ahal duen denbora gehienean. Flukonazol, 50-100mg/egunean ere erabil daiteke.
Goragale eta gorakoak
Kausa desberdinak dauzkate. Horrela, tratamendua ere desberdina izango da. Adibidez, opioideak baldin badira eragileak: Haloperidolekin tratatu daitezke, 1,5-5 mg/12 orduero (10 tanta mg 1) eta hobe aurretik prebentibo bezala jartzen baldin badugu. Gastrozinetikoak: metoklopramida edo domperidona; eta hipertentsio endokranealan kortikoideak.
Jariaketak edo sekrezioak
Askotan agertzen dira hilzorian dauden gaixoetan.
Hioszina erabili daiteke, 10 mg/6 orduero.
Askotan gaixo batean, aldi berean agertzen dira sintoma desberdinak. Horrela sarritan 8-10 sintoma izan daitezke. Sintoma hauek oso aldakorrak izaten dira eta gehienbat gaixotasuna aurrera doanean. Normalean ez dira behar 15-20 medikamentu baino askozaz gehiago, baina garrantzi handia dauka medikamentu hauek ondo ezagutzea.
Oinarrizko helburua erosotasuna eta bizi-kalitatea izango da, bai gaixoena, bai familiena ere.
Horretarako kontuan hartu beharko dira ez bakarrik aspektu biologikoak baita ere psikologikoak eta sozialak.
Medikuntzan, eta gehienbat gaixo terminaletan, sendagileen helburuak eta iritziak ez dira beti bat etorriko gaixoen edo familiaren helburuekin. Helburu hauek argi egoteko, harreman estua egon beharko du, ondo ezagutu beharko dira bakoitzaren baloreak, jarrerak eta abar.. Horrela sendagileak aukera izango du tratamendu pertsonalizatua jartzeko.
Helburuak ondo mugatuak, definituak egon beharko lirateke, eta lortu daitezkeenak. Prozesuan zehar aldatzen joango dira, beharrak eskatzen baldin badu.
Aukera gutxi baldin badaude sintoma kontrolatzeko edo hobetzeko, hasieratik eta pixkanaka-pixkanaka hartu beharko dira neurriak egoera horretara moldatzeko edo adaptatzeko.
Medikuaren sendatzeko helburua, aldatu egiten da situazio honetan. Orain helburua beste bat izango da: ondo hiltzen laguntzea. Honek jarrera terapeutiko aktiboa mantentzera eramaten gaitu, hainbeste aldiz entzundako esaera “ez dago ezer egiterik” gainditzera eramaten gaitu.
Sociedad Española de Cuidados Paliativos (SECPAL) izenekoak printzipio orokor batzuk proposatzen ditu sintomen kontrolerako. Hauen artean daude:
1.- Tratatu aurretik, ebaluatu.
2.- Ahal dugun bezain ongi argitu sintomaren kausa gaixo eta/ edo familiari.
3.- Estrategia terapeutiko mistoa erabili: farmakologikoak eta ez farmakologikoak
4.- Banan-banakoa izan beharko du beti tratamenduak.
5.- Sintomak monitorizatu.
6.- Kontuan hartu ikusi eta entzuten ditugun xehetasunak.
7.- Tratamenduari buruz ematen ditugun argibideak egokiak eta burutuak izan beharko lukete.
8.- Sintoma konstanteak agertzen direnean, tratamendu prebentiboa jarri.
9.- Berrikusi, berrikusi eta berrikusi.
10.- Ez mugatu tratamenduak farmakoari bakarrik.
Zainketa aringarriak planteatzen ditugunean, kontuan hartu beharko ditugu farmakoak erabiltzean:
· Erosotasuna edo konforta izango dela helburua.
· Ondorio maltzurrak ahal diren gutxienak izango direla.
· Ahal den bitartean ahozko bidea erabiltzea.
· Saihestu pilula handiak eta zapore txarrekoak.
· Beste bideak erabili behar baldin baditugu farmakoekin kontuan hartu zein diren oinazerik gutxiena ematen dutenak eta eraginkorrenak: transdermikoa, mihipekoa, azalpekoa, ondestekoa eta abar.
· Administrazioa erraza izan dadila eta ahal dugun farmako gutxienak izan daitezela.
Bibliografia
1. Manual de Cuidados paliativos de Edmonton: J. Pereira, E. Bruera. Edición especial para las II jornadas de cuidados paliativos. Bilbao 1997.
2. Cuidados paliativos en Oncología: X. Gomez-Batiste y col. Edt. JIMS, S.A. Barcelona 1996
3. Cuidados paliativos: control de síntomas: Gómez Sancho, Ojeda. Unidad de Medicina Paliativa. Hospital el Sabinal. Las Palmas de Gran Canaria 1999.Asta Medica.
4.
5. Cuidados Paliativos en las personas mayores. Sociedad española de Geriatría y Gerontología. Ediciones Glosa.
6. Erizaintzako zainketa aringarrien liburuxka. Donostia ospitalea. 2001