Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

12. Osasun Jardunaldiak: Gaixo terminala. Zainketa aringarriak

ZAINDARIAREN ZAINKETA

Egilea: Ana Orbegozo

Erizaina. Matia fundazioa. Donostia


 

Lanerako gogorik ez izatea eta emoziozko nekea dira mende honen amaieran gizarteak dituen gaitz handienetakoak, eta eguneroko funtzionamenduan funtsezkotzat hartzen direnak, berriz, errentagarritasuna eta lehia, giza alderdiak alde batera utzi dira, eta horren ondorioz giza harremanak bigarren mailan geratu dira.

 

Ezarri den bizitza-erritmoak egonezintasun eta urduritasun egoerak sortzen ditu, eta horren ondorioz iruditzen zaigu dauzkagun aukerak uneoro galtzen ari garela.

 

Osasun-alorreko profesionalen lana poztasunez betea dago, baina baditu tentsio eta kezka ugari ere. Zainketa aringarrien sailetako profesionalek gaixoaren bizi-kalitatea hobetzea dute helburu, hori sendatzea guztiz ezinezkoa baita. Minarekin, sufrimenduarekin eta heriotzarekin etengabe harremanean egoteak, gaixo terminalaren eta bere familiaren egoera pertsonala ezagutzeak, igarotako denboragatik eta egoeraren laztasunagatik gaixoarekin eta familiarekin lortzen den harremanak, sortzen diren hainbat zailtasun konpontzerik ez izateagatik sortzen den frustrazioak, etab. gutxitu egiten dute pixkanaka osasun-alorreko profesionalen emozio-ahalmena.

 

Horrenbestez, denbora luzean besteen estres fisikoa eta emozionala arintzeko lanak emoziozko nekea eta higadura bortitzak sortzen ditu sarritan, horren ondorioz lanerako gogorik eza eta porrot pertsonala nagusitzen dira, etsi eta dena bertan behera uzteko gogoa izaten da lan-itxaropen hoberik ez izateagatik.

 

Eragozpen horiekin batera ere aipatu beharrekoa da osasun-alorreko profesionalek nahikoa ospe ona izan dutela gizarte-mailan; horrek nolabait esateko balantza parekatu egin dezake, gizartean horretarako dauden arrazoiak gauzatzea bultzatuz.

 

Baina pixkanaka egoera aldatuz doa, egunetik egunera ohizkoagoak dira salaketak eta kexuak, gizarteak ez ditu lehengo moduan onartzen, errendimendu handiagoa eskatzen zaie, sarritan asistentzia-kalitatearen kaltetan, teknikak gero eta sofistikatuagoak dira baina gaixoarekin hitz egiteko denbora gutxiago dago, emozioei ez diegu kanporatzeko biderik uzten, ez baitira azaleratzen egoera horiek sortzen dituzten sentimenduak.

 

Alderdi horiek disfuntzioak sortzen dituzte profesional horiek bere lanerako sendotuak zituzten itxaropenen eta eguneroko lanean aurre egin behar izaten dioten errealitatearen artean, eta horren ondorioz ez da harritzekoa horiek “nekatuta eta erreta egotea beren lanean”.

 

Zientzia Medikoetako hiztegi terminologikoaren arabera estresa organismo batean gertatzen diren erreakzio biologiko eta psikologikoen multzoa da; organismo horrek bat-batean edo etengabe kaltegarria den eragile bati aurre egiten dionean gertatzen da, eragile kaltegarri hori edozein delarik ere. Ohizko estimulu bat estresagarri bihur daiteke hainbat egoeratan, sarritan noiz eta zergatik gertatzen den jakiteko modurik ez izan arren; batzuei estresa sortzen dienak indarra ematen baitie beste batzuei, gainera kontuan izan behar dugu gizaki bakoitzak estres-maila partikularra duela eta alderdi desberdinek baldintzatzen dutela hori, hala nola haserretzeko estimuluekiko duen tolerantzia, horrek egoera desberdinetan egiten duen interpretazioa eta bere lanean duen tentsio-maila.

 

 

Laneko estresean eragina izan dezaketen arrazoiak besteren artean honakoak dira: bizitzako erritmoaren azelerazioa, gizartean eta familian egokitzeko zailtasunak, sexu-mailan osatzeko zailtasunak, komunikaziorik eza, egitura moralak eta ohizkoak goitik behera erortzea, etorkizunari beldur izatea, eta azken gaitza dena, jendartean bizi den gizakiaren bakardade tragikoa, ezer gutxi dela eta bakarrik dagoela pentsatzen duen gizakiaren bakardadea...

 

Estresa norberak sor dezake aurrez izan duen bizi-esperientziaren arabera, gaixo edo familiako baten heriotzarekin izan duen harremanaren ondorioz, denbora gutxian hiltzen diren  gaixo askorekin egoteagatik, gaixoekin ardura gehiegi izateagatik edo laneko giroagatik.

 

Osasun-alorrean lan egiten duten batzuk bereziki ahulak dira burnout-en sindromearekiko, lanean ardura gehiegi hartzen dutelako emozioaren ikuspegitik, azkenean besteek ezartzen dizkieten errekerimenduek gainditu egiten dituztelako; hori dela eta oreka gordetzen ikasi behar dute, eta agonia eta heriotza bizitzaren eta bizi izatearen ikuspegi zabal baten barruan ikusteko ahalmena baldin badute bakarrik lortu ahal izango dute hori.

 

Lanean pixkanaka erretzearen ondorioak negatiboak dira, hala aldaketa psikoafektiboak jasaten dituen profesionalarentzat nola erakundearentzat, komunitateari eskaintzen dizkion zerbitzuen asistentzia-kalitatea ez baita hain ona izango.

 

“Lanean erretzearen kontzeptua” (burnout) kirolaren munduan sortu zen, ahaleginak egin eta ongi entrenatu arren emaitza onak lortzen ez dituen pertsonaren egoera adierazteko. Estatu Batuetan Freudenberger-ek sartu zuen kontzeptu hori 1974an osasun, hezkuntza, gizarte, boluntario eta abarren alorreko erakundeetan izandako beherakadari erantzuna emateko.

 

C. Maslach egileak, Amerikako Psikologia Elkartearen 1977ko urteko batzarrean psikologia alorrean sartu zuen.

 

Burnout delakoa emozio-akiduraren sindromea da, despertsonalizazioarena edo ahalmen pertsonala gutxitzearena, eta bere lanagatik beste pertsonekin lan egin behar izaten dutenetan ematen da. Gizakiekin etengabean harremanean egoteak sortzen duen emozio-tentsio kronikoaren aurrean izaten dugun erreakzioa da, bereziki horiek sufritzen ari direnean edo sufritzeko arrazoiak dituztenean.

 

Agian, burnout-en sindromeari buruz Maslach eta Jackson-ek proposatutako definizioa da onartuena, eta oinarrizko hiru dimentsio hauek osatuko lukete:

 

Norberaren nekea edo akidura: profesionalei iruditzen zaie beren emozio-baliabideak ahitu egin zaizkiela eta ezinezkoa dutela besteei laguntza eskaintzea, eguneroko lanean indarra galdu dutelako pixkanaka-pixkanaka. Emozio-baliabideak gutxitzearen ondorioa da, eta besteei eskaintzeko ezer ez izatearen sentimendua gehitzen zaio horri.

Despertsonalizazioa: jarrera negatiboak agertuko lirateke, hala nola gaixoekin eta familiekin izaten den harremanean urrutiratzea, horiek dituzten arazoei arretarik ez eskaintzea, ardura haiena dela esanez, gizakiei ez dagokien ikuspegia eta portaera izatea, afektiboki gogortzearen ondorioz. Lankideekiko jarrera eta sentimendu negatiboak agertzen dira, eta horiekin batera jarrera zinikoak eta inpertsonalak, gertatu dena ongi merezitakoa duela azaltzen zaio besteari, etab.

Autorrealizazio pertsonala: profesionalak bere lanaren autoebaluazio negatiboa egitearen ondorioa da, lortu nahi zituen helburuak lortu ez izatearen erantzukizuna bere gain hartzen du, laneko emaitzek ez dute betetzen eta etsi egiten du, lan-autoestimua galduz.

 

 

LANEKO ESTRESAREN ITURRIAK

 

Sindrome hori agertzeko estresa sortzen duten lanak zein diren jakitea erraza ez baldin bada ere, ez da hain zaila era horretako arazoak zeren ondorioz sortzen diren jakitea eta horiek agertzeko erasogarrienak diren nortasunezko berezitasunak zein diren jakitea.

 

Estresa sortzen duten faktoreen artean hiru maila bereiz daitezke, eta horien eraginez burnout-en sindromea ager daiteke zainketa aringarrietako profesionalengan.

 

Lanekoa:

1.   Rol bat jokatzea, hori baita alderdi batetik espero den portaerei buruzko itxaropen eta eskaeren multzoa, horietatik laneko estresaren arrazoi nagusitzat har daitezkeen bi disfuntzio sor daitezke:

 

•        Rolaren anbiguotasuna, edo lanpostua betetzen duen pertsona konturatzen denean jasotako eginkizunak ez dituela behar bezain garbi ikusten.

•        Rolaren gatazka, edo pertsona horrek bete ezin dituenean iristen zaizkion aurkako aginduak, elkarren artean edo egoerarekin bateragarriak ez direlako.

 

2.   Egindako akatsen ondorioak.

 

3.   Gaixotasunaren izaera, sintomena, pronostikoa larria izatearena, emozioen aldetik eta fisikoki narriatzea, etab. Sufrimenduari eta heriotzari maiztasun handiz aurre egin behar izatearen ondorioz profesionalak aurrez aurre izaten du gehien izutzen gaituen beldurretako bat, eta bere heriotza nolakoa izan daitekeen gogorarazten dio egoera horrek.

 

4.   Heriotzaren ezaugarriak, sufrimendu luzea, narriadura fisikoa, duintasuna galtzea, kontrolatu gabeko mina galtzea, etab.

 

5.   Denboraren presioa, eskaeretan aldaketa azkarrak izatearen ondorioz, sintomak aldatu direlako eta sarritan larriak diren egoerak sortzen direlako.

 

6.   Gaixoaren eta familiaren emozio-egoerak, horietan haserrea, amorrua eta ezintasuna agertzen dira heriotza hurbil izateagatik, horren ondorioz askotan gaixoak eta/edo bere ingurukoek beren haserrea osasun-alorreko profesionalei egozten diete.

 

Sarritan, azken horiek, aurrez azaldutakoa maiz gertatzen zaien arren, eraso egin dietela pentsatzen dute, eta horrek eragin handia du horien emozio-alderdian, ez baitute gogoan hartzen azken egoerari aurre egiteko modu bat dela; bestalde gaixoak eta/edo familiak presioa egiten dute hori sendatzeko edo horrekin hartu beharreko neurriak hartzeko, eta horrek guztiak ez du inolako zentzurik fase terminal horretan, giro txarra sortu besterik ez du egiten.

 

Gaixoari zer duen eta zein egoeratan dagoen ez azaltzeak ere giro txarra sortzen du profesionalarentzat, edozein gauzaren aurrean arrazoiak ematen ibili behar duelako beti, eta etengabe kontuan izan behar duelako zer den pertsona horrek edo familiakoek dakitena, edo familiari aurre egin behar dio egoera hori pixkanaka aldatzeko.

 

Horregatik guztiagatik pixkanaka aldatzen ari da osasun-alorrean lan egiten dutenen bokazioa, eta laguntzazko harreman bat gauzatzeko askatasun osoz hartu beharrekoa eta ezinbestekoa den balio-sistemarik ez dagoela agertzen da.

 

Antolamendua:

 

1.   Baliabideak:

 

•     Materialak: beharrezko baliabide gutxi izatea lan egiteko.

•     Giza baliabideak: lanean gehiegizko zama izatea, lan gehiegi eta pertsonal gutxiegi izateagatik, etengabeko prestakuntza beharrezkoa izaten da norberaz arduratzeko denbora gutxi izaten den arren, antolamendua itxia da, oso hierarkizatua, horren barruan promozionatzeko aukera gutxirekin, horren ondorioz profesionalek ez dute helburu profesionala lortzeko aukerarik izaten.

 

2.   Lantokian eragina duten faktoreak: laneko jardueraren ingurune fisikoa, egokia ez den tenperaturan lan egitea, etengabeko zaratarekin, argitasun egokirik ez izatea edo argi artifizialak izatea, arriskuan egotea (kutsadura, erradiazioak, etab.), espazio fisiko gutxi eta atseginak ez diren usainak izatea, egoera guztiz estresagarriak izan daitezke.

 

3.   Txandaka lan egitea eta guardiak egitea: azterketa asko egin dira eta horietan ikusten da eragin handia dutela norberaren erritmoan eta lo egiteko orduan. Langilearen osasunean horrek dituen ondorioak honakoak dira: errendimendu gutxiago, lan-istripu gehiago izateko aukera, ordutegira ez egokitzea etengabeko aldaketengatik, psikofarmakoen kontsumoa gehitzea, etab.

 

4.   Maila bereko lankideekin gatazkak izatea, edo diziplinarteko taldekoekin edo beste zerbitzuetako lankideekin, gaixoarekin eta/edo familiarekin, etab.

 

5.   Egiten den lana aintzat ez hartzea eta promozionatzeko aukera gutxi izatea.

 

6.   Nahikoa prestakuntza ez izatea: eskoletan eta unibertsitateetan ez digute erakusten gure harremanak eta komunikazioa nola gauzatu behar ditugun, nola sendatu behar den bakarrik erakusten digute. Baina ez digute erakusten atzeraezina egin den egoera nola arindu behar den eta/edo albiste gogorrak noiz eta nola eman behar zaizkien gaixoei edo familiakoei. Gainera zainketa aringarrietako sintomak kontrolatzeko teknikak aldatzen ari dira etengabe eta osasun-alorreko profesionalen talde osoa etengabe prestatzea ezinbestekoa da.

 

7.   Ez dago behar bezala ordainduta.

 

Pertsonalak:

 

Norberaren nortasunaren ezaugarriek eragin handia izango dute sindromea agertzeko orduan.

Norberaren nortasuna osatzen duten faktoreek (balioak, sinesmenak, desioak, gizarte-inguruneak, etab.) zerikusi handia dute sintoma horien sorreran eta arazoaren ondorioak tratatzeko orduan.

 

Adibidez, antzeko gaixotasunen bat izan duen norbaitekin edo zainketa aringarrien arloan diharduen profesionalarekin kidetasunezko harremana duen pertsona baten historia pertsonalak eta/edo gertatu berriak diren edo ustekabekoak diren dolu-egoerek  zerikusia izan dezakete tentsioei aurre egiteko gaitasun-galerarekin.

Freudenberger-en iritziz, “erretzeko” arrisku handia zuten pertsonak “idealistak, baikorrak eta tolesgabeak” ziren, lanaren bitartez “beren buruei buruzko iritzi ona” lortu nahi zutenak; izan ere, oso ideal edo asmo handiak baitzituzten nekez lor zitezkeen helburu batzuei begira, eta horrela zaila zitzaien poztasuna lortzea.

 

Besteekiko harremanetan segurtasun-falta eta autoestimu-arazoak dituztenek tentsioari aurre egiteko eta egokitzeko gaitasun gutxiago izaten dute, eta gaixotzeko arrisku handiagoa. Era berean, nortasunean enpatia-ezaugarriak dituztenak, pertsona sentiberak, altruistak eta lanerako kezka eta gogo handia dutenak errazago “erre” daitezke.

 

Beren buruaz seguru jokatzen duten profesionalek, aldiz, sindrome hori izateko joera gutxiago dute.

 

 

 

 

 

BURNOUT-EN SINDROMEAREN ONDORIOAK

 

Ondorioak elkarri loturik agertzen badira ere, profesionalengan edo erakundean duten eraginaren arabera sailka ditzakegu.

 

1.      Profesionalengan dituen ondorioak:

 

Burnout-en sindromearen bakarkako ondorioak organismoko sistema guztietara iristen dira. Ikerketa guztiek arazo psikomatikoekin lotzen dute sindrome hori. Arazo horiek hurrengo ondorioak eragin ditzakete profesionalengan, maila hauetan:

 

● Maila fisiologikoan

. neke kronikoa

. sarritako tentsio-zefaleak

. lepoko eta bizkarreko mina

. ultzerak edo urdail-hesteetako bestelako ondoezak

. anorexia

. asma

. sarritako katarroak

. alergiak

. infekzio ugariagoak

. hilekoaren alterazioak

. hipertentsioa,  bihotzaurreko mina, palpitazioak

. amets-asaldurak

 

● Ezagutza edo emozioen mailan

. suminkortasuna

. urruntasun afektiboa

. kontzentratzeko gaitasunik eza

. mesfidantza eta susmoak

. zinismoa

. kritikarekiko hipersentiberatasuna

. ahalguztiduntasun- edo ezintasun-sentimenduak

. kontzentraziorik eza

. zalantza

. autoestimu gutxi

. emozio-hoztasuna edo urruntasuna

. gehiegizko inplikazio emozionala

. ikuspegi ezkorra edo despertsonalizatua

. tristura, ezkortasuna

 

● Jokaera-mailan

. agresibitatea

. saiheste- eta isolatze-jokaerak

. drogak kontsumitzea eta neurriz gain hartzea

. bere buruaz beste egiteko joera

. bikote-arazoak

. harremanetarako arazoak

. lanera ez agertzea

. indarkeriazko joerak areagotzea

. erlaxatzeko ezintasuna

 

● Defentsa-mailan

. emozioei uko egitea

. arreta hautatzailea

. ironia

. arrazionalizatzea

. afektuen lerratzea

 

1996. urtean Katalunian zainketa aringarrien arloan ziharduten profesionalekin egindako ikerlan batean  profesionalen % 92k adierazi zuen beren lanak eta/edo horren inguruko gorabeherek sortzen zietela estresa.

Profesional horien iritziz, lanean estresa eragiten zuten hiru arrazoi nagusi zeuden: orientazioak eta etengabeko prestakuntza ez izatea, taldeko kideen artean komunikaziorik ez izatea eta baliabide gutxi izatea.

Medikuntzako profesionalentzat, estresa eragiten zuen bigarren arrazoia lan gehiegi izatea zen, eta erizaintzako laguntzaileentzat, berriz, hirugarren arrazoia ondo egindako lana aintzakotzat ez hartzea.

Badira adierazle batzuk, krisialdirako joera izan dezakeen pertsona baten ezaugarriak erakusten digutenak:

 

1.   Harreman pertsonal iraunkor eta esanguratsuen alienazioa.

2.   Funtsezko laguntza-sistemak (adibidez, familia, lagunak edo gizarte-taldeak) erabiltzeko ezintasuna.

3.   Esperientzietatik ikasteko zailtasuna, gaixoak lehengo akats berak egiten jarraitzen du.

4.   Lehendik konpondu gabe dauden krisialdi-esperientziez osaturiko historia.

5.   Buruko nahasmendua edo emozioen desoreka handiz osaturiko historia.

6.   Autoestimu gutxi.

7.   Jokaera probokatzailea, oldartsua, oraindik konpondu gabe dagoen barne-gatazka baten adierazgarria.

8.   Bikote-harreman urriak.

9.   Drogak neurriz gain hartzea, alkohol gehiegi edatea.

10. Diru-sarrera edo irabazpide eskasak.

11. Gogobeteko lan iraunkorrik ez edukitzea.

12. Sarritako edo ohiz kanpoko lesio fisikoak.

13. Bizileku-aldaketa maiz samar.

14. Legearekin arazoak ditu sarritan.

(Greenstone & Leviton-en testuaren itzulpena eta egokitzapena. 1993 (4. or.)

 

Estresa eragin dezaketen uste batzuk:

/“Nire lana nire bizitza da, ordu asko sartu behar ditut, ez daukat aisialdirako denborarik eta aginpidea delegatzeko zailtasuna dut.

/“Langile aditua izan behar dut, ondo prestatua egon eta mundu guztiari laguntzeko gauza izan behar dut”.

/“Nire lana egiteko eta neure autoestimuari eusteko, nire lankide guztien gogoko izan behar dut, eta guztien onarpena izan”.

/“Gainerakoak burugogorrak eta tratatzeko zailak dira, ez dira nire lanaren benetako balioaz jabetzen, gehiago lagundu beharko lidakete”.

/“Edozein feedback negatibok erakusten dit nik egiten ditudan gauzetan zerbait gaizki dabilela”.

/“ Egin izan ditudan akats eta  hanka-sartze batzuk direla-eta, gauzak ez zaizkit behar bezala ateratzen”.

/“Nik nahi dudan moduan egin behar dira gauzak”.

/“Gaixoei laguntzeagatik dena emanez gero, geure buruaz ahaztu gaitezke”.

/Eguneroko bizimoduaren estresa.

 

2.      Erakundean dituen ondorioak:

 

Osasun-erakundearen barruan “erreta” dauden profesionalak izateak zer-nolako ondorioak dituen kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Zalantzarik gabe horrek eragin nabaria izango du profesionalen arteko harremanetan, profesionalen eta gaixoaren eta familiaren arteko harremanetan eta baita erakundearen dinamikan ere.

Sarritan sortuko dira tentsio-egoerak lan-esparruan, lanera ez agertzea areagotu egingo da eta horrek ondorio ekonomikoak eta neurriz gaineko lana ekarriko dio erakundeari.

Lanean gustura aritzeko aukerak nabarmen gutxituko dira, lan-jarduerak bertan behera uzteko arriskua sortuz.

“Erreta” dauden profesionalek eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea kaskarragoa izango da, horiek errutinari lotuago egiten baitute lana; interes gutxi erakutsi eta ez dute gaixoekin harreman esturik izan nahi; horren guztiaren ondorioz tratua ez da hain atsegina izango. Gainera, sarritan akats gehiago egiten dituzte, beren sistema kognitiboa aldatua dagoelako.

 

 

BURNOUT-EN SINDROMEARI AURREA HARTZEKO ETA AURRE EGITEKO JARDUKETA-ESTRATEGIAK

 

Ez dugu etsi behar osasun-lanbide honetan topatzen ditugun arazo psikosozialak  ezagutu ondoren; aitzitik, ezagutza horrek esan nahi du horiek identifikatzeko gai garela  eta horiei aurre egiteko beharrezko estrategia bereziak antolatzeko aukera dugula; horrela, oreka berreskuratu eta gure eginkizunak gustura egiteko modua ere izango dugu.

Oro har, esan daiteke  “burnout” delakoari aurrea hartzeko funtsezko bi alderdi hartu behar direla kontuan: komunikazioa eta autoezagutza.

Laneko estresaren prebentzioa lan-unitateetan bertan has liteke. Kontuan hartzen badugu komunikazioa dela  arazoei modu eraginkorrean aurre egiteko funtsezko oinarria, behar-beharrezkoa da lan-taldeko kide guztiei prestakuntza eta laguntza eskaintzeko ekimenak abian jartzea, gure lanbideko eguneroko jardueretan izaten ditugun zailtasunak ezagutu, onartu eta behar bezala bideratzeko.

Alde horretatik, komenigarria da  horren ondorioak nozitzeko arriskua izan dezaketen taldeei, hala nola, larrialdietako zerbitzuei, onkologia-unitateei, arreta intentsiboetakoei, psikiatria sailekoei eta oro har egoera zailetan esku hartzen duten talde komunitarioei laguntza eta babesa emateko ekintza bereziak antolatzea.

Ondo osaturiko laguntza-programa batek estresa arindu dezake, defentsarako mekanismoak suspertu eta bizi izandako sentimenduak adierazteko aukera ematen baitio profesionalari; era horretan, profesionalak gaitasun eta eraginkortasun handiagoak lortuko ditu, bere burua inguru psikologiko seguru batean ikusiko baitu.

Prebentzio-lanak eta jarduketarako estrategiak ekintza-plan baten arabera antolatu beharko lirateke, hiru maila hauek kontuan hartuz: bakarkakoa, taldekoa eta erakundekoa. Hiru maila horietan behar-beharrezkoa da estresa eragozteko edo horri aurre egiteko dauden moduei buruz oinarrizko informazioa izatea.

Bestalde, funtsezkoa gertatzen da gure autoestimua sustatzea autointrospekzioaren eta autobehaketaren bitartez, gure alderdi onak eta akatsak ezagutuz eta aldaketa-prozesua burutu ahal izateko mekanismoak abian jarriz. Pertsonen arteko komunikazioa lortzeko, gatazkak konpontzeko, sormena eta erlaxazioa lantzeko edo kontzentratzeko teknika batzuk oso egokiak izan daitezke.

 

Bakarkako estrategiak:

·         Estresa identifikatzeko gai izateak hura hobeto eramaten lagunduko digu.

·         Norberaren oinarrizko gaitasunak eta ezaugarriak zorrotz aztertu.

·         Bitarteko material eta giza baliabideei eta prestakuntza-aukerei buruzko informazioa eskuratu, eguneroko errutinan aldaketak egin eta taldeko beste kide batzuen rola hartzen ez saiatu.

·         Arazoak konpontzeko babes emozionala edo laguntza eskatu, norberaren  arazoak lan-ingurunetik kanpo atera gabe, eta abar.

·         Estresari aurre egiteko edo ezagutza berregituratzeko baliabideak garatuz eta gure itxaropenak benetako egoerara egokituz gero,  laneko estresari errazago aurre egin ahal izango diogu eta egokitzeko trebetasunak landuko ditugu.

·         Norberaren nortasuna berreskuratzen saiatu,  giza bizitzak eta kulturak eskaintzen dizkiguten aukera zabalak eta poz-atseginak bizitzeko interesa piztuz.

·         Lanean eta bizitzan helburu irisgarriak hartzen saiatu, bizitzari esanahia eta zentzua bilatu ahal izateko.

·         Eskura ditugun baliabideak proposaturiko helburuak lortzeko modukoak izatea.

·         Errutina alde batera uzteko aukera emango diguten aisialdiko jarduera erakargarriak egin.

·         Arnasketa-ariketak, muskuluak erlaxatzeko edo buruari atsedena emateko ariketak, yoga, kirola eta gorputza nekarazteko ariketak egin.

·         Antsietatea gutxitzeko tekniketan trebatu (entretenitu, erlaxatu, ikuskatu, eta abar.)

·         Jarrera positiboa eta koherentzia.

·         Atseden hartzeko eta lo egiteko behar adina denbora hartu.

·         Komunikatzeko, arazoak konpontzeko eta harremanetako eta gizartera egokitzeko trebetasunak lortzeko teknikak landu.

·         Gure mugak onartu eta ahalguztidunak ez garela kontuan hartu, norberaren ezintasunak eta horrek batzuetan sortzen duen amorrua eta erruduntasuna onez eramaten ikasi.

·         Gure bizitza prozesuen, eginkizunen eta osatu gabeko gertakarien bidez egituratu eta mantentzen dela onartu.

·         Nork bere buruaren oreka eta onarpena lortzeak besteekin harreman hobea izatea dakar.

·         Ondoko alderdiak kontuan hartzea:

-          Egiten dudana neronek egindako aukeraketaren ondorio da.

-          Egiten dudan aukeraketa orok nolabait mesede egiten dit.

-          Neure baitan dago behar dudan guztia.

-          Autokontzientzia handiagoa izatea aukera dezaket.

-          Neure bizitzaren jabe eta erantzule naiz erabat.

-          Nik uzten diedan neurrian kontrolatzen dute besteek nire bizitza.

-          Ezin dut borondate hutsez nire sentimenduak  aldatu, bai ordea nire jokaera.

-          Ditudan arazo gehienak neronek sortu ditut.

-          Arazo bat izateko arrazoi hauek ditut: mesede egiten dit nolabait, horrekin jarraitu nahi dut, oraingo arazoari esker arazo handiago bat ez izatea lortzen dut.

 

Lan-taldeari dagozkion estrategiak:

·         Taldeari dagokion alderdi garrantzitsuenetako bat taldea osatzen duten profesionalen artean komunikazio egoki bat lortzea da.

·         Taldeko kideen artean emozioak adierazteko aukerak bultzatuz gero denok sentimendu berdin ugari ditugula ohartuko gara.

·         Taldea osatzen duten kide guztien partaidetza eta autonomia oinarri harturik, lanean giro ona izaten saiatzea da biderik egokiena estresari aurre egiteko.

·         Aginpidea eskuratzeko borrokak eta elkarren arteko lehia baztertu, eta elkartasuna eta eraginkortasuna bultzatu behar dira.

·         Lan eta eginkizun desberdinak elkarren arteko adostasunez, zentzuz eta era egingarrian antolatu, arloen arteko bilerak eta elkarrekin lotura duten zerbitzuen arteko bilerak antolatu.

 

Antolaketarako estrategiak:

·         Antolaketa egiterakoan kontuan hartu beharko da ingurune fisikoa estresaren eragile izan daitekeela. Horren eragin kaltegarriak ahalik eta gehien gutxitu, eta ahal denean aldaketak egingo dira, lantokiaren diseinua berrantolatuz.

·         Erakundean dauden komunikazio-bide eta sareak hobetu, buruzagitza eta zerbitzu desberdinen laguntzaz.

·         Etengabeko prestakuntza hartzeko aukera duten profesionalei laguntzea, honako gai hauekin zerikusia duten arloetan: teknika berriak, komunikazioa, autokontrola, lan-taldeak, denbora ondo banatzeko programak  eta abar, horiek guztiak funtsezkoak baitira eguneroko jardueretan.

·         Lanaren plangintzan eta jardunbideen prestakuntzan parte-hartze arduratsua izan, egoeraren kontrol handiagoa duela sentitzeko.

·         “Arrisku handiko” egoeran dauden lan-taldeei edo langileei aholkularitza eta laguntza psikologikoa eman.

·         Profesionalak gaixoen tratamendu psikosozialerako prestatu eta profesionalek adorea eta motibazioa izateko “pizgarri” sistema bat ezarri.

·         Antolaketa malguago bat lortu eta lan-baldintzak hobetu.

 

Lan egiten dugun unitatean edo zerbitzuan konfiantzazko edo segurtasunezko giroa sortzea oso garrantzitsua izango da, batez ere erantzukizunezko karguren bat izanez gero, eta baita lanean aritzen garen beste edozein arlotan ere; izan ere, gauzak ondo egitea gaizki egitea baino gutxiago kostatzen da. Gainera, bai gu eta bai gure gaixoak hobeto aurkituko gara.

Garrantzitsuena, ordea, zera da: norbera ez erretzea, besteak ez erretzea, eta batez ere inori gu erretzeko biderik ez ematea.

 

 

BIBLIOGRAFIA

 

1.      AGUIRAN, P.; AMURRIO, L.M.  eta FERNANDEZ, E. Taller sobre burnout: Factores desencadenantes y prevención. Psikoonkologiari buruzko I. Kongresu Nazioanala. Madril: Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea; 1998:89.

 

2.      ASTUDILLO, W.; MENDINUETA, C. eta ASTUDILLO E. Las necesidades de los          cuidadores en la enfermedad terminal y apoyo a su familia. EUNSA. Iruñea, 1995:351-369.

 

3.      ASTUDILLO, W.: CLAVÉ, E. eta URDANETA, E. Necesidades psicosociales en la          terminalidad. Sociedad Vasca de Cuidados Paliativos. Donostia, 2001:223-227.

 

4.      LOPEZ, R. eta laguntz.. El síndrome de burnout en el personal sanitario. Instrumentos de medida. Medicina Paliativa. V.7. 3. zk. 2000:94-100

 

5.      LUJAN, N. Los años del estrés. Jano, 1995:48; 1115,754.

 

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan