15. Osasun Jardunaldiak: Adimen Osasuna Oztopoak Gainditzen
“NOLA ESAN, ENTZUN, ADITU, ULERTU: ESPERIENTZIA BAT”
Egilea: BENAR INTXAURRONDO ARRARAS
Josefina Arregui Klinika. Altsasu.
Gizarte lanaren esparruan dihardut, Josefina Arregui klinika psikogeriatrikoan; badira hamar urte baino gehiago. Klinika hori Altsasun dago, Nafarroan, Gasteiztik 35 kilometrora eta Iruñetik 50era, eta hiru zerbitzu ditu:
- Ospitalizazio-unitatea, 21 ohekoa; horietatik 10 Osasunbidearekin hitzartuta.
- Psikogeriatriako eguneko zentroa, 25 plazakoa, Sakana-Burundako jendea hartzeko.
- Kontsulta anbulatorioa.
Gure klinikan patologia psikogeriatrikoak —batez ere, alterazio depresiboak eta dementziak— dituzten pertsonak zaintzen ditugu; 65 urtetik gorakoak. Adin horretatik beherakoak ere bai, narriadura kognitiboarekin lotzen den sintomatologia izanez gero; kasu horretan, balorazio diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egiten dira.
Klinika honen 11 urteko ibilbidean hauxe ikusi da: komunikaziorako oztopoak daudela patologia mota hauek jotakoak zaintzen dituzten senitarteko batzuekin, batik bat bilakaerak okerrera egiten duenean eta pazientearengan jokabide-nahasteak agertzen direnean.
Halako patologiak dituzten gaixoen familiako batzuei zaila egiten zaie eri- tasuna eta haren bilakaera onartzea, eta artatzen duten pertsona eri dagoela ukatzera iristen dira zenbaitetan. Gainera, bestelako arazoak sortzen ahal dira, hala nola gaixoarekiko harremana aldatzen duten defentsa-mekanismoak, norberaren arazoak eta pertsonen artekoak areagotzea zaintzaileak jada gazteak ez direlako, gaixoari laguntzeak berak dakartzan arazoak, erabakitzeko zailtasuna... Behaz- topa hauek guztiek familiakoaren, gaixoaren eta terapeutaren arteko komunikazioa eta harremana iluntzen ahal dute.
Kontuan izanik eritasunak zer ezaugarri dituen eta zer bilakaera bihurri edo iluna izan dezakeen, garrantzitsua da aintzat hartzea nolako komunikazio era baliatzen dugun diagnostikoa eta pronostikoa ematerakoan, etxeko baten osasunari buruzko berri txarrak jasotzeak ematen duen lehen kolpeari aurre egin beharra baitago.
Batzuetan ukatzen dute edo medikua —diagnostiko larria eman edo bila- kaera gaizto baten pronostikoa egin duena— errudun bihurtzen; horrela, terapeutaren eta familiaren arteko harremana tentsioz bete eta gaixoaren egonkortasunari kalte egiten zaio, eta, horren ondorioz, familiako giroa hondatzen.
Hori dela eta, osasun arloko profesionalek gogoan izanen dugu enpatia ezinbestekoa dela familiakoekin komunikatzean. Enpatiari esker, zaintzaile nagusiaren egoera berriaz jabetzen ahalko gara eta gaixoak behar dituen laguntzak jakinarazten ahalko dizkiogu. Hala, komunikazioak garrantzia hartzen du, senitartekoen maila berean jartzen baikara eta haien kezkak arintzen baititugu.
Komunikazio modu honetara ailegatzeko, banan banako elkarrizketa per- tsonalizatua eginen dugu, lehen-lehenik; entzute aktiboa nahitaezkoa da bidea errazteko eta gaixoen eta senitartekoen arazoak eta ezinak —ezkutukoak zein agerikoak— ikusteko eta argitan uzteko.
Familiakoekin izandako elkarrizketetan, hitzik gabeko lengoaiari erreparatu behar zaio (hasierako agurra, ahotsaren tonua, gorputzaren eta gogoaren jarrerak), mintzaira horrek erakutsiko baitu eroso, urduri edo triste dauden, barnerakoiak ala kanporakoiak diren, beren buruan konfiantzari baduten edo ez duten.
Komunikazioa pertsonalizatu beharra dago, solaskideari bere izenez deitu, ulermenezko harremana, giro egokia eta konfiantza eskuratzeko, hark bere kezkak, egonezina, haserrea, tristura eta abar azaldu ditzan.
Entzute aktiboa dela medio, zaintzaileak beharrezko informazioa jakinaraziko digu, gero guk iritzia emateko, jasotako informazioa erabilita; aldi berean, informatzaileak bere buruari entzun eta egoeraz jabetuko da; horretan badu zeresana bere baitan sartzeko duen gaitasunak.
Elkarrizketan, informazioa ordenaturik azalduko da, garbi, labur eta modu ulergarrian; izan ere, guk emandako azalpen eta datu guztiek eragina izanen dute gaixoaren zainketan eta, beharbada, familiako estresa arinduko dute. Hortaz, informazio argia, zehatza eta jokabide mota bakoitzari lotua; harekin batera eria zaintzeko jarraipideak irakatsiko dira, bai gaixoaldiaren hasieran bai bilakaeran zehar, betiere aintzat hartuta eriaren nortasuna eta familiaren egoera. Gatazka eta haustura dakarten jokabideen kasuan, senitartekoei jakinarazi behar zaie gaixoari zer gertatzen zaion, zergatik dituen halako portaerak. Behin eta berriz esanen diegu ez direla bere gogoz eta nahita ari, horiek gaixotasunaren sintomak direla.
Lehen solasaldian zaila da gaixotasuna ezagutu eta onar dezaten erdiestea, lanez gainezka dabiltzan zaintzaileak edo eritasunaren sintomak ulertzen ez dituzten senitartekoak izaten baitira (hamaika aldiz entzun ditugu “nahi duenean badaki bai honek…”, “komeni zaionean ederki asko gogoratzen ditu gauzak…” edo horien gisakoak). Horregatik on da jarraipena egitea eta familiakoekin hainbat solasaldi izatea, gaixotasuna onar dezaten errazteko eta haren bilakaeran laguntzeko. Honelako elkarrizketekin, profesionalekin batera eusten zaio gaixoa zaintzeak dakarren zamari, zaintzailearen egonezina gutxitzen da eta gaixoaren egonkortasuna bultzatzen, giro lasaiagoa sortuta.
Solasaldian, senitartekoen edo zaintzaile nagusiaren estresa edo karga zen- baiterainokoa den harrapatu behar da, besteak beste. Izan ere, oso kontuan hartzekoa da zaintzailearen estresak hark jasotzen duen informazioa desitxuratuko duela batzuetan, diagnostikoa, bilakaera, pronostikoa eta gaixoaren zainketa azaltzen dizkiogunean. Horregatik, komeni da emandako informazio hori beste profesional batekin kontrastatzea, zer ulertu duten jakite aldera. Zer diagnostiko eman zaien galdetzen diegunean, haiek jasotakoak zenbaitetan ez du emandako informazioarekin zerikusirik; gauza bera gertatu izan da pronostikoarekin eta bestelakoekin.
Gure esperientziak erakutsi digu derrigorrezkoa dela gaixoarekin, familiakoarekin edo zaintzaile nagusiarekin lehen solasalditik bertatik lotura bat ezartzea. Orobat, familiarekin komunikazio egokia izatea, eta gaixoaldiko tarte bakoitzean informazio aratz eta zehatza ematea. Hurbiletik jarraitzea, eta enpatiaren eta entzute aktiboaren bidez familiari eustea. Eriarekin eta senitartekoekin harreman egokia izatea, sintomatologiaren eta gaixotasunaren bilakaeran diren gorabeherak atzematea, egonkortasuna lortzen laguntzea eta, estabilizazioa erdiesten ez denean, bidea erakustea.