15. Osasun Jardunaldiak: Adimen Osasuna Oztopoak Gainditzen
OSASUN MENTALEKO GAITZ LARRIAK
Egilea: BLAS ERKIZIA
Beasaingo Adimen Osasun Zentroa
Zerk eransten dio gaitz mentalari larri izatearen ezaugarria? Gaitz organikoez ari garenean badakigu larritasuna biziraupenaren arriskuaren araberakoa dela. Gaitz mentaletan, ordea, biziraupenaren arriskua salbuespena izaten da. Klasikoki gaitz mentalaren larritasuna errealitatearekiko loturaren hausturari erantsi zaio. Beste era batean esanda, errealitateari eta harremanei egokitzerakoan dagoen aztoramenaren mailak erabakiko du gaitz mentalaren larritasuna.
Henri Ey psikiatra ospetsuak zioen psikiatria askatasunaren patologia zela, psikiatriaren xedea garapen ontogenikoak Nerbio Sistema Zentralean eragindako desegite orokorrak zirela. Desegite horiek kontzientzian edo pertsonalitatean eragin zezaketela. Deuseztatutako funtzioen arabera ezaugarri negatiboak, hau da, sintoma negatiboak ezarriko lirateke; suntsitutako funtzioek, bestalde, ezaugarri positiboak, hots sintoma positiboak (eldarnioak, haluzinazioak, etab.) sortuko lituzkete. Eldarnio kronikoak eta eskizofreniak pertsonalitatearen desegite orokorrari dagozkioke; psikosi larriak, berriz, kontzientziaren erabateko deuseztapenari. Hau da, psikosi kronikoak pertsonalitatearen deuseztapen orokorrarekin lotu daitezke eta psikosi akutuak, iragankorrak, kontzientziarenarekin.
Beraz gaitz mental larrien artean, lehendabizi, psikosi deiturikoen multzoa kokatu behar da. Baina ez dira baztertu behar, psikosien bezain latzak ez izan arren, eguneroko bizitzarako egokitzapena eragozten duten bestelako gaitz mentalak, adibidez oso aztoratzaileak izan daitezkeen neurosiak. Hemen ez dago kontzientziaren deuseztapenik, baina bai kontzientziaren samina, funtsezko funtzioei sakonki ez erasan arren nortasunaren aztoratzaile direnak (larritasunezko, obsesio-bulkadazko, histeriazko aztoramenak, aztoramen somatomorfoak, depresiozko aztoramenak eta estres erreakzioak).
Baina gaitz mental larrien multzoa ez da hor bukatzen; pertsonalitatearen aztoramenak ere itzelak izan daitezke. Mota desberdinetakoak izan ohi dira eta, gaitzena, batez ere tratamenduari dagokionez, pertsonalitate psikopatikoa deiturikoa da, non nortasun patologikoa psikotikoa edo neurotikoa ez izanik, bereizgarri nagusiak ezegonkortasuna, oldarkortasuna eta erruduntasun kontzientearen gabezia diren.
Menpekotasunak sortutako arazoak ere gaitz larrien artean ezarri beharrekoak dira, bai berez larriak direlako eta baita maiz beste gaitz mental baten bide-lagunak direlako ere.
Azkenik, multzoa borobiltzeko, haurraren egoera larriak daude. Amaren altzotik sortzen den haurra guztiz menpekoa da. Bere garapena menpetasun erabatekotik erabateko autonomiara daraman bidea igarotzean datza. Hor kokatzen da oinarrizko larritasuna, hots amarekiko banantzean. Banantzearen okerreko kudeaketatik sortzen dira haurren psikiatrian ikusten ditugun gaitzak.
Ikus daitekeenez psikiatriaren xedea nortasunarekin lotuta dago, “norberatasunarekin” hobeki esanda. Hau da, pertsona bakoitzak “Ni” esaten duenean “norberaren barne-esparrua” aipatzen du, “norberarena den esparrua eta ez beste inorena, beste ororentzat helezina den txokoa”. Ba, gaitz mentala esparru horren arazoen adierazlea da: psikosietan esparruaren jabegoa sakonki aztoratzen da; neurosiak esparruaren defentsarako ahaleginak dira. Osasuna esparru horri dagokion helezintasuna eta norberatasuna osorik mantentzean datza, erasan ororen gainetik, Arestiren olerkian eraso eta suntsiketa guztien gainetik “nire aitaren etxea” defendatzen den legez. Horrela oso ulergarria da Henri Ey-ren pentsamoldea: psikiatriaren gaia askatasunaren patologia da.
Gaitz horiei zuzentzen zaie osasun mentaleko zentroen jarduera. Lehentasuna gaitz larriei ematen zaie. Gure funtzionamendua aldez aurretik ezarritako hitzorduen araberakoa izan arren, psikosia pairatzen duten edo, bere famili medikuaren ustetan, larriak diren kasu berriak berehala hartzen ditugu. Estreinako balioztapenean aztertzen dugu ospitaleatu ala ez eta, hala ikusiz gero, baliabideak ezartzen saiatzen gara, batez ere, eta sarri gertatzen den bezala, gaixoak gaitzaren kontzientziarik ez daukanean eta barneratzea bere gogoaren aurkakoa denean. Kasu horietarako, berriki, Gipuzkoako epaitegiak, osasun-departamenduak, ertzaintzak eta osasun mentalak jokaera bat adostu dute, prozedura arintzeko eta errazteko.
Erabakia tratamendu anbulatorioaren aldekoa danean egitasmo terapeutiko bat antolatzen da. Noizbehinka, zainketen hasiera gaixoaren etxean egiten da eta, aldi akutua menperatu artean, eguneroko jarraipena eskaintzen zaio. Baina gehienetan tratamendua zentroan bertan egiten da. Tratamenduaren oinarriak honakoak izan ohi dira: egoera klinikoaren larritasunaren menpeko saio terapeutikoen maiztasuna, behar izanez gero, egunerokoa; tratamendu farmakologikoa; gizartean egokitzeko egon daitezkeen arazoen azterketa. Beraz, psikiatrak, psikologoak, erizainak eta gizarte-langileak hartzen dute parte, zuzenean.
Koadro klinikoa menperatu ostean jarraipen luzerako lana antolatzen da. Ahaleginak berregokitzapenaren gidoiari lotuta daude, bai arlo pertsonalean, bai familian eta arlo sozialean ere. Zeren, gure gaixoak, gaitz klinikoaz gainera, oso sarri, giza arazoz kutsatuta daude, baina eskura dauzkagun baliabideak urriak dira. Esan beharra dago, hala ere, gizartean sortzen diren arazo asko, psikiatriarekin zerikusirik ez dutenak, psikiatrizatzeko ohitura zabaldu dela. Egia da sufritzen diren arazoek sintoma psikiatrikoak sorrarazi ditzaketela, baina buruhausteari gehitu zaion sintomaren aitzakian ezin da afera psikiatrizatu, arazoa eta izan lezakeen konponbidea ez dagokionaren eskuetan utziz. Psikiatria problema anitzen koartada bihurtu da. Erru horretan erori gara eta harrapatuta gaude.