Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

16. Osasun Jardunaldiak: Gaixotasun Kardiobaskularrak

ZER EGITEN ARI GARA ARABAN? ORAIN DELA URTE BETE HASITAKO PROTOLOLOAREN EMAITZAK

Egileak: Javier* Rekondo , Jon* Orruño , Nieves** Cameno

*Kardiologia, Txagorritxu ospitalea. **Emergentziak Osakidetza. Gasteiz


 

Bihotzeko iskemia akutuaren sorreran eta bilakaeran plaka ateriosklerotiko ezegonkorraren hausturak duen zerikusiaren mekanismo fisiopatologikoen ezagupenean aurrerapenak eman diren arren, STaren igoera duen Sindrome Koronario Akutuak (STISKAk) osasun-arazo larria izaten jarraitzen du, osasun-baliabide ugariren kontsumoa eraginez.

 

Bestalde, azken urteotan, STISKAk jota dauden gaixoen diagnostiko eta tratamenduan ebidentzia zientifiko berriak egiaztatu dira. Horien artean azpimarratu beharrekoak dira miokardioaren erreperfusioa lortzeko estrategia hobezina bilatzearekin lotuta daudenak. Estrategia hauek ACC/AHAk (American College of Cardiology/ American Heart Asociation delakoak) 2004. urtean argitaraturako STISKAk jota dauden gaixoei buruzko praktika klinikoko gidetan zehatz-mehatz aztertu dira. Gida horiek heriotza-tasaren beherapenerako osasun-sistemaren erantzun-denboraren azkartasuna nabarmentzen dute, iskemiaren iraupena ahalik eta laburrena izan dadin.

 

Talde multidiziplinarrek diseinatutako ekintza-protokoloetan oinarrituta egon behar diren erreperfusioko estrategiak, ezberdinak izan daitezke. Estrategia egokiena aukeratzeko kontuan hartu behar diren faktoreak ondokoak dira: iskemiaren iraupen-denbora, egoera klinikoa, eszenatokia eta errebaskularizazio perkutaneorako eskuragarritasuna eta arteria epikardikoaren benetako birkanalizazioa lortzeko espero daitekeen denbora, bertako benetako datuekin estimatuta.

 

Hori dela eta, Gasteizko Txagorritxu ospitalean hemodinamikako guardia lokalizatua ezartzeaz batera, lan-talde bat eratu da ekintza klinikoko gida horiek gure osasun-eremuko ezaugarrietara moldatzeko helburuarekin. Gida horiez gain, lan-talde horrek STISKAk jota dauden gaixoen maneiuan, azkeneko berrikuntza zientifikoak erantsi nahi ditu. Horrela, buxadura koronarioa dutenetan errebaskularizazio farmakologiko edo/eta mekaniko azkarra jasotzen duten gaixoen proportzioa handituz, estrategia horren efikazia heriotza-tasan eta erikortasunaren gutxipenean egiaztatuta baitago.

 

Protokolo hau egiteko prozesuan, gidek lehentasunezkotzat eta oinarrizkotzat nabarmentzen duten horretan jarri da arreta berezia, gida horietan oinarrituz, gaixo horiek modu integralean aintzat hartuko dituzten protokolo espezifikoak zentro bakoitzean talde multidiziplinarrek idatziz. Izan ere, STISKAk jota dauden gaixoen tratamendu egokiak osasun-eragile ezberdinen arteko antolakuntza eta koordinazio ahalegin handia eskatzen du. Horiek horrela, ebidentzia zientifikoa gure influentziako eremu sanitarioa osatzen duten eszenatoki kliniko ezberdinen errealitatera ahalik eta xehetasun gehienarekin eramateko lan-talde bat osatu da. Lan-talde hori STISKAk jota daudenen tratamenduan osasun-sistemarekin lehenengo kontaktutik, prozedurarik onenarekin errebaskularizatua izan arte inplikatuta dauden agenteez osatu da.

 

Era berean, protokolo hau kalitate-kontrol egokia ahalbidetuko duen baliozko bitartekari batez hornitzea nahi izan da. Horretarako erregistro bat diseinatu da. Erregistro honen xedea protokolo honen aplikazio erreala ezagutzea eta inplikatuta dauden alderdien arteko koordinazioa hobetzea da, horrela STISKAk jota dauden gaixoen atentzioa hobetuz.

 

Beraz, hurrengo hitzaldiak, ia urtebeteren ondotik protokolo honen lehenengo emaitzak ezagutzea du helburu. Horren aurretik, aipa ditzagun azaletik bada ere, protokoloaren ezaugarriak.

 

Lehenengo eta behin, protokolo hau gure osasun-zerbitzuarekin harremanetan jartzen diren eta ondoko baldintzak betetzen dituzten gaixoei zuzenduta dago: hogei minutu baino gehiagoko iraupena duen ezaugarri iskemikodun min torazikoa dutenei, mihipeko nitritoen ondoren ST segmentuaren igoerak badirau (mm bat baino handiagoa aldameneko bi deribazioetan edo agerpen berriko His balaren ezkerreko adarraren blokeo osoa) eta sintomen hasieratik lehenengo 12 orduen barruan.

 

Ospitaleko edo ospitalez kanpoko larrialdietan gaixo hori ikusiko duen edozein osasun-agentek, lehenengo 5-10 minutuetan 12 deribazioko elektrokardiograma egin beharko dio STaren igoera iraunkorra egiaztatzen bada, erreperfusioa ahalik eta azkarren eta modu egokienean orienta dezakeen metodoak bilatuz.

 

Era berean, hasiera batean ahotik AAS 250 mg eta Clopidogrel 300 mg tratamendua eman beharko zaio. Sintomen iraupena kontuan hartu aurretik, ondoko kasuetan angioplastia transluminal perkutaneoa (KATP) da hasieratik egin behar den tratamendua:  biriketako edema akutuan, shock kardiogenikoan (Killip III edo IV) edo fibrinolisia egiteko kontraindikazioren bat dagoenean. Baldintza hauek betetzen ez direnean, hartu beharreko erabakiak sintomen hasieratik pasatu den denborak baldintzatuko du batik bat.

 

Gaixoak min torazikoarekin 3 ordu baino gutxiago badaramatza, fibrinolisia izango da erreperfusioa lortzeko lehenengo aukera (helburua atetik orratzerako denbora 30 minutu baino gutxiagokoa izanik), ospitalez kanpoko fibrinolisiaren aukera barne.

 

Aurrekoaren salbuespenak hauek dira: Hemodinamika programa martxan eta gela prest badago KATP berehala egiteko, miokardioaren infartu akutua hedatua bada edo gaixoari azkeneko 6 hilabetetan KATP egin badiote.

Nolanahi ere, beti izan behar dugu kontuan 60 minutu ondoren erreperfusioaren zeinu kliniko edo/eta elektrikorik ez dagoenean (minarekin jarraitzea, ezegonkortasun hemodinamikoa edo STaren igoeraren jaitsiera % 50 baino txikiagoa) erreskatezko KATP egiteko aukera.

Hiru ordu baino gehiago badaramatza gaixoak, beste parametro batzuk baloratu behar ditugu: sintomen hasieratik igarotako denbora, infartua izateko arriskua, fibrinolisiak gaixo horrengan odoljarioa eragiteko duen arriskua eta espero den KATP primarioaren atzerapena fibrinolisiarekin alderatuz, lekuaren eta gaixoaren araberakoa (protokolo horretan gehigarri ezberdinetan bilduta dago).

 

Modu honetan, orokorki, sintomen iraupena 3 eta 6 ordu bitartekoa bada, KATP primarioa izango da baloratu beharreko lehenengo aukera. Kontuan hartu behar da iraupena 3 ordutik gertu badago eta infartua edo odoljarioa izateko arrisku txikiagoa badu, fibrinolisia erabiltzea erabaki daitekeela KATP egiteko epea luzatuko bada.

 

 

Azken Berriak

Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...
OEEren Osasun Biltzarraren hitzaldia ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan hitzaldian parte hartu zuten osasun-arloko profesionalek esandakoak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Hitzaldia: "Historia klinikoa euskaraz: beharra e...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan