16. Osasun Jardunaldiak: Gaixotasun Kardiobaskularrak
ZER EGITEN DUGU?: LEHEN ETA BIGARREN PREBENTZIOAK
Egilea: Marisol Pérez de San Román
Familia medikua. San Martineko Osasun Zentroa. Gasteiz
Gaur egun, gaixotasun kardiobaskularrak ( GKB) geroz eta ugariagok dira. Izan ere, gure bizimoduarekin oso lotuta daude: gehiegi eta gaizki jatea, oso gutxi mugitzea, erretzaileen ugaritasuna, estresaren maila igotzea, geroz eta sarriago nahiz errazago haserretzen baikara…. Gauzak horrela, GKB heriotzaren lehen kausa bihurtu dira, heriotzen % 40an zeresana dutelarik eta maila ekonomikoan zein sozialean kostu handia eragiten dutelarik. Beraz, osasun-mailan garrantzi handiko gaitzat jo daitezke.
GKBen sorreran hainbat arrazoiren elkarreragina aurki daiteke; arrazoi hauei arrisku kardiobaskularreko faktore (AKF) deritze. Ebidentziek argi agertzen duten moduan, AKFen eta GKBen artean dagoen harremana oso estua da. AKFek, denboran zehar elkarreraginean arituz, “arrisku kardiobaskularraren continuum-a” deiturikoa eragiten dute, eta honen ondorioz GKBak sortzen dira.
AKF batzuk aldaezinak badira ere, adina eta sexua kasu, gehienak aldagarriak dira (elikadura, pisua eta tabakoa, besteak beste) eta, gainera, gure bizimoduarekin oso lotuak daude. AKFetatik bederatzik, faktore aldagarriak denak, IAM arriskuaren % 90 azaltzen dute: tabakoa, apob/apo a1 kozientearen igoera, diabetesa, tentsioa, faktore psikosozialak, gerriko loditasuna, fruta eta barazkien kontsumoa, alkoholaren kontsumoa eta ariketa fisikoa. Aipatutako faktoreok aldatuz gero, lehenengo IAM arriskua % 80an murriztu daiteke edozein populaziotan. Bestalde, diabetikoen arriskua iskemia koronarioa izan duten pazienteen maila berean dago, gehienbat emakumezko diabetikoen artean.
Osakidetzako lehen mailako profesionalek arrisku kardiobaskularrean eta bere faktoreetan esku hartzea lehentasun gisa eskaintzen dute. Hau da, AKFen bilaketa aktiboa burutzen dute, adin bakoitzari lotutako faktore posibleak identifikatzen saiatuz eta berorien jarraipena eginez. Horrela, hauetako faktoreren bat aurkitzekotan beste faktore posibleen bilaketa areagotzen da. Kontuan izanda biztanleriaren 1/4 erretzailea dela, 1/5ek kolesterola altua duela, 4/10a gizena dagoela eta abar, lana amaigabea bilakatzen da.
Arrisku kardiobaskularra neurtzeko metodoak
Gauza jakina da faktore bakoitzaren ebaluazio bereiztua egiteak ez duela zentzu handiegirik; aldiz, paziente bakoitzaren arrisku globala aztertu behar da. Izan ere, sarritan, hainbat faktoreren elkarreraginak, horietako bakoitzak maila baxua erakusten badu ere, arrisku globala handia izatea eragiten du.
Lehenik eta behin, arriskuaz hitz egitean zertaz ari garen argitu behar da:
- Arrisku kardiobaskularra (AKB): 5-10 urteren buruan gaixotasun kardiobaskularra edo koronarioa pairatzeko probabilitatea.
- Arrisku koronarioa (AK): 5-10 urteren buruan infartua, angina edo heriotza koronarioa pairatzeko probabilitatea.
- Gertaera latzetara mugatutako arrisku koronarioa: infartua edo heriotza koronarioa pairatzeko probabilitatea zehazten du soilik. Arrisku mota honek arrisku koronario guztien 2/3ak biltzen ditu.
- AKB= AK+ AIT+ IKTUSA+ IC+ gaixo baskular periferikoa.
- AKB= AKx4/3
Arriskua era zehatzago batean neurtu ahal izateko hainbat neurketa-metodo daude:
A- Kualitatiboak: pazienteak dituen eta ez dituen faktoreak kontuan hartuz, arrisku globala baxu, moderatu edo altu gisa sailkatzen dute.
B- Kuantitatiboak: epe jakin batean gaixotasuna pairatzeko probabilitate-zenbaki bat lortzen dute, populazio-kohorte desberdinak aztertuz.
B1.-Framingham-eko arrisku taula (Anderson 1991): Framingham-eko populazioan oinarrituz 10 urteren buruan gaixotasun koronarioa pairatzeko arrisku-probabilitatea neurtzen da. Neurketa hau ondorengo faktoreak aztertuz ondorioztatzen da: adina (35-74), sexua, kolesterola, HDL-kolesterola, TAS, tabakoa, diabetesa eta ezkerreko bentrikuluaren hipertrofia.
B2.- Kategorietan sailkatutako Framingham-eko arrisku taula (1998): Aurreko-taula NCEPII eta JNCVen gomendioetara moldatzeko sortu zen, populazio berdina oinarri hartuta. Neurketa-metodo honekin gertaera latzetara mugatutako arrisku koronarioa neurtzen da. Ondokoak dira neurketa-metodo honek darabiltzan faktoreak: adina, sexua, tabakoa, diabetesa, HDL-kolesterola, kolesterol orokorra eta TAS eta TAD. Bentrikuluen hipertrofia berriz, ez da kontuan hartzen. 1999an ADAk glukosaren balioetan egindako aldaketen ondorioz, kategorietan sailkatutako Framingham-eko arrisku-taula moldatu egin zen.
B3.- REGICORreko arrisku taula (2003): Gironako populazioaren infartu-erregistroa oinarritzat harturik, Framingham-eko taula espainiar gizartera moldatzean sortutako arrisku-taula da. Gure populazioaren arrisku erreala Framingham-eko taulako balioetatik baino taula honen balioetatik gertuago dago, betiere Gironako IAM Espainia mailakoa baino % 15 baxuagoa dela kontuan hartuta.
Regicorreko arrisku-taulak diabetikoentzat taula bereziak ditu.
B4.-SCORE taula (2003): Europako 12 herrialdeetako datuak aztertuz egindako taula da. Besteen aldean, taula honek gaixotasun koronarioz hiltzeko arriskua ez ezik edozein gaixotasun kardiobaskularrengatik hiltzeko arriskua ere neurtzen du. Taula honek 2. motako diabetikoak eta 1. motakoak mikroalbuminuriarekin arrisku altuko gaixotzat jotzen ditu. Hori dela eta, ez dago paziente hauentzako taula berezirik. Horretaz gain, arrisku-faktore bat oso altua bada, zuzenean arrisku altuko gaixo gisa kontsideratzen da.
B5.- Beste taula batzuk: PROCAM, Sheffield, Europako taldeak, talde britainiarrak, Zeelanda Berrikoa… Horiek guztiek ekarpen interesgarriak egiten dituzte, baina beren mugak ere badituzte. Dena den, argi dago edozein taula neurketa-eza baino hobea dela.
Egun, 2005ean, Espainiako zientzialari-taldeek SCORE taula erabiltzea gomendatzen dute.
TAULEN MUGAK:
1.- Gehienak Framingham-eko taulan oinarritzen dira, eta arriskuaren gehiegizko balio bat ematen dute. Arrisku indibiduala neurtzeko baino, populazioen arteko konparazioak egiteko baliagarriagoak dira.
2.- Arrisku-tauletan agertzen ez diren beste hainbat arrisku-faktore ere badaude.
3.- Adineko pertsonengan egindako neurketak gazteengan egindakoak baino fidagarriagoak dira.
4.- Faktore bat oso altua bada, 20 zigarro baino gehiago erretzea, kolesterola > 300 edo TA > 180/100 besteak beste, taulek arrisku erreala baino balio baxuago bat ematen dute. Desberdintasun hori zuzentzeko, arrisku-balioa 1,5ekin biderkatzea aholkatzen da.
ZERTAN LAGUNTZEN DUTE ARRISKU-TAULEK?
1.- Sendagileari dagokionez:
Paziente bakoitzaren arrisku globalaren berri izateko.
Arrisku-faktoreen kontrolerako tratamendu farmakologikoaren hasiera erabakitzen laguntzeko.
2.- Pazienteari dagokionez:
Bere arrisku errealaz jabetzeko.
Faktore bakoitzak arrisku globalean duen eraginaz konturatzeko, eta faktore hauetako bakoitzaren aldaketak arrisku globalean duen eragina aztertzeko.
Epe luzera izan ditzakeen arriskuen aurreikuspena egiteko.
HELBURUAK
Gauza jakina da arrisku kardiobaskularraz aritzean ezin dela “balio normalez” hitz egin. Gainera, oinarrizko eta bigarren mailako prebentzioak bereizteak ere ez du zentzu handirik. Izan ere, azken finean, esku-hartzearen helburu nagusia bakarra baita: pazientearengan arrisku-faktore aldakorrak arrisku kardiobaskular baxuko pertsonen mailan berrezartzea.
Ondoko bi neurriak helburu honen lorpenera bideratuak daude:
1.- OHITURA-ALDAKETA: gorago aipatu modura, bizi-ohiturak aldatuz gero arrisku-mailaren jaitsiera nabarmena dela diote hainbat ikerketek.
Gizakiari edozein aldaketa gogorra egiten zaio. Eta are gehiago aldaketa hori arriskua jaisteko bada, azken finean ez baitute sintomarik.
Prochaska-ren eredua jarraituz, edozein ohitura-aldaketaren aurrean pauso edo fase desberdinetatik igarotzen da:
a- Aurrekontenplazioa: ez du arazorik ikusten, ezta aldaketa beharrik ere.
b- Kontenplazioa: aldaketa beharraz konturatzen da, baina zalantzak ditu.
c- Prestakuntza: aldaketa txikiak egiten ditu, aldaketarako jarrera erakusten du.
d- Ekintza: aldatzen ari da.
e- Mantentzea: aldaketa mantentzen da, hots, ohitura berriari jarraipena ematen zaio.
f- Erorketa: berriro ohitura zaharrera itzultzen da.
Fase bakoitzean pertsonari laguntzeko planteamendua desberdina izan behar da, bere beharrak desberdinak baitira. Hori kontuan hartu ezean, eta denei mezu berdina luzatuz gero, porrota ziurtatua dago. Beste alde batetik, kontuan hartu behar da aldaketarako jarrera pazientearengan sortu behar dela, bera baita bere osasunaren arduradun. Hala, profesionalak beharrezko laguntza eskain diezaioke, baina aldaketa inposatu gabe.
Bestelako zailtasunak ere badira: 1.- Egungo gizartea, non aurrez prestatutako elikagaiak, koipe eta gatz ugaridunak, geroz eta gehiago kontsumitzen diren. 2.- Ohitura-aldaketak gure bizitzaren zati bati agur esatea suposatzen du. Nolabait onartu beharreko galeraz gain, aldaketen aurrean beldurra ere sortu ohi da. 3.- Normalean familian bizi garenez, ohitura-aldaketa familia osoak egitea komeni da; bestela, oso zaila baita aldaketok mantentzea. Gainera, gainerako senideentzat ere oso osasungarriak izan daitezke.
2.- BOTIKAK: esan bezala, ohitura-aldaketak egin arren arriskua oso altua denean, botikak erabiltzen dira, tentsioa eta kolesterola jaisteko batez ere. Tentsioa jaisteko botika mota desberdinak daude. Kolesterola jaisteko ere botika desberdinak daude, une honetan aproposenak estatinak direlarik. Estatinen hartzaileei dagokienez adostasun-eza da nagusi: aditu gehienen ustez gaixotasuna pairatu ostean botika hau hartu behar bada ere, gaixotasunaren aurretik botikaren egokitasuna zalantzan jartzen da.
Horretaz gain, beste hainbat botika ere beharrezkoak izaten dira gaixotasuna agertu ondoren, antiagregatzaile plaketarioak, beta-blokeatzaileak eta IECAk, besteak beste.
GAIXOTASUNA AGERTU OSTEAN
Gaixotasunak desberdinak badira ere (bihotzeko edo buruko infartua), ezaugarri komun bat dute: egun batean ondo daude eta, 5-8 egun ospitalean eman ondoren, betirako gaixotasuna dutelarik itzultzen dira etxera. Gainera, gaixotasunok bat-batean gertatzen dira eta, gehienetan, gaixoaren bizitza arrisku larrian egoten da. Ondorioak, berriz, oso anitzak izan daitezke: EKGn aldaketaren bat, hitz egiteko ezintasuna, mugitzeko ezintasuna…
Gaixotasuna agertu ostean, lehen azaldutako ohitura-aldaketak beharrezkoak dira gaixotasuna berriz errepika ez dadin, baina orain, gainera, lan gehiago daukate egiteko.
1.- Galera onartzea: Aldaketa bat eman da eta honek galera bat suposatzen du: ibiltzeko ezintasuna, kotxea gidatzeko ezintasuna, lagunekin ateratzeko ezintasuna… Gizakiak galera bat pairatzen duenean, galdutako egoeragatik dolua egin behar du. Dolu hau ezinbestekoa da galera gertatu dela onartzeko eta gure bizitza aurrerantzean horrelakoa izango dela onartzeko.
Batzuetan, galeraren aurrean burua ezkutatu eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute; beste batzuetan, berriz, erruaren pisua handia da, galeraren onarpen-prozesua zailduz.
2.- Moldatzen ikastea: bihotzeko infartua izan bada, ez da, normalean, arazo fisiko berezirik geratzen; burukoa izan bada, ordea, moldatzen ikasi beharko da: sentsibilitatea, hizkuntza, mugimenduak, garbiketak… Horretarako, errehabilitazio-programak daude, baina, oro har, ez da infartuaren aurreko egoerara bueltatzea lortzen, beraz, gelditzen diren mugekin moldatzen ikasi beharko delarik.
3.- Familiak ere gertatutakoa onartu behar du egoera berrira moldatu ahal izateko: aldaketak eguneroko ohituretan, aldaketak etxean, ohe bereziak, ateak gurpil-aulkien tamainara moldatzea, gaixoaren behar berriak… Beste alde batetik, “behin eta berriz bere burua zaindu behar zuela esaten bagenion ere, berak kasurik ez. Eta orain, gaixo dagoenean, denok sufritzera.”
4.-Kostuak: ohe berezia, gurpildun aulkia, etxeko moldaketak… Laguntza beharra: kontsultetara joateko, kontrol desberdinak jarraitzeko, botikak hartzeko, berarekin egoteko… Gizarte-segurantzak laguntzak ematen baditu ere, aurrekoak ez dira dohain.
5.- Galera sozialak: batzuetan ezin dute gehiago lanik egin edo lan desberdina egin behar dute. Nahiz eta gizarte-segurantzak pentsioa eman, ez da gaixotasunaren aurretik jasotzen zuen soldataren adinakoa izaten, gaitasun ekonomikoa murrizten delarik.