17. Osasun Jardunaldiak: Mugimenduaren Osasuna
EBAKUNTZA MINIINBASIBOA BELAUNEKO PROTESIAN
Egileak: X Ureta , J Arrieta , D Eguileta , I Carrillo
Zumarragako Ospitalea
BELAUNEKO ARTROSIA. OROITZAPEN ANATOMIKOA
Belauneko artikulazioa hiru hezurrek osatzen dute: femur edo izterrezurrak, tibia edo berna-hezurrak eta errotula edo belaunburuak. Femurrak bere muturrean bi konkor ditu, kondiloak deituak, eta bi kondilo hauek tibiaren bi platertxoetan artikulatzen dira, horrela femurraren eta tibiaren arteko artikulazioa bi zatitan banatzen da, hau da barnealdeko konpartimentua eta kanpoaldeko konpartimentua. Errotula, aldi berean, femurraren bi kondiloekin ere artikulatzen da.
Hiru hezur horiek, giltzadura osoan kartilago artikularrez estalita daude, eta kartilago honek artikulazioa kuxindu egiten du nolabait.
Gaztaroan, belauneko kartilagoak lodiak eta leunak izaten dira, baina adinak aurrera egiten duen heinean mehetu egiten dira eta azpian dagoen hezurrak osteofitoak sortuz erantzuten du.
Prozesu honek luzaroan irauten du, baina azkenerako, kartilagoak guztiz hondatzen direnean ARTROSIA garatzen da.
Artrosiak mina, nekea eta ezintasun handiak ematen ditu, eta gaixoak apurka- apurka bizimodu arruntean egiten dituen gauza asko alde batera uzten ditu, adibidez: geroz eta gutxiago ibiltzen da, eskailerak edo aldapak igo edo jaisteko zailtasun handiak izaten ditu, eta ondorioz, askotan ez da etxetik atera ere egiten, bere bizi-kalitatea erabat galduz.
Kasu batzuetan, gerta daiteke artrosiak min gutxi ematea eta beste batzuetan, ordea, artrosi “txikiak” min handia ematea, hau da: askotan ez datoz bat irudi erradiografikoetan ikusten dena eta gaixoak daukan sintomatologia klinikoa.
Belauneko artrosia nabarmena denean, bai erradiografikoki eta baita klinikoki ere, belaun osoko protesia jartzen da, betiere gaixoaren adina kontuan izanik.
Adina 60 urtetik gorakoa izatea komeni izaten da orokorrean, batez ere protesiaren aldaketaren beharraz pentsatuz. Adin honetatik behera beste ebakuntza mota batzuk ere egin daitezke artrosiarentzako, adibidez: tibiaren osteotomia, protesi unikondilarra, eta baita belauneko artroskopia ere, artikulazioa “garbitzeko”, etab.
Belaun osoko protesia egiterakoan, belauneko artikulazioa osatzen duten hiru hezurrak, hau da femurra, tibia eta errotula, edo bi behintzat, hau da femurra eta tibia, metalezko pieza artifizialekin ordeztu edo aldatzen dira artikulazio berri bat sortuz.
TEKNIKA
Bi teknika bereiziko ditugu:
1. Teknika arrunta
2. Teknika miniinbasiboa
Teknika arrunta:
Badira gure inguruan 20 bat urte belaun osoko protesiak egiten ditugula, eta geroz eta emaitza hobeagoak lortzen ari gara. Teknika hau egiteko belaunaren aurreko aldetik egiten dugu “abordaje kirurgikoa”, azaleko zauria zuzen egingo dugu, gero koadrizeps muskuluaren tendoia erditik ebaki eta belauneko kapsula barneko aldetik irekiko dugu, ondoren errotula eta aparatu estentsorea kanpo aldera alboratuko ditugu, eta horrela artikulazio guztia begi-bistan geratzen zaigu eta protesia jartzeko toki zabala edukiko dugu.
Teknika miniinbasiboa:
Duela 5-6 urte jarri zen abian teknika hau. Hasiera batean azaleko ebaki txikiak egitea zen helburua, baina gaur egun “miniinbasioaren” esanahia edo kontzeptua aldatu egin da. Orain azaleko zauriari garrantzi gutxiago ematen zaio eta barruko ehunak, hau da muskulu, tendoi eta fasziak ahal den gutxien lesionatzean dago mamia.
Hiru aukera ditugu belauneko protesiaren ebakuntza teknika miniinbasiboaren bidez egiteko:
– Mid-vastus
– Sub-vastus
– Quad-sparing
a) Mid-vastus:
Aukera honetan belauneko kapsula barnealdetik ireki (kasu guztietan bezala ) eta barnealdeko muskulu bastoa erditik 4 bat zentimetrotan moztu egingo dugu, horrela koadrizeps muskuluaren 3/4ak kanpoaldera alboratu ahal izango ditugu eta belaun osoa ondo ikusi eta eroso lan egiteko modua edukiko dugu.
b) Sub-vastus:
Kasu honetan belaunaren kapsula barnealdetik irekiko dugu muskulu bastoraino, hemendik muskulu bastoaren azpitik izterraren barnealdera joango gara eta muskulu hau bere fasziatik disekatu egingo dugu , honela aparatu estentsore guztia kanpoaldera eramango dugu belaunean eroso lan egiteko tokia egin arte.
c) Quad-sparing:
Berez quad-sparing hitzak” koadrizepsa errespetatuz” esan nahi du, hau da koadrizeps muskulua osorik utziko dugula. Teknika honetan belauneko artikulazioa barnealdean “leiho bat” eginez irekiko dugu , koadrizeps muskulua inon ere moztu gabe, eta “leiho” horretatik belaunean lan egiteko tresna guztiak sartuko ditugu.
Argi dago hiru tekniketatik zailena dela azken hori.
Esan beharra dago ere teknika miniinbasiboak (hiru aukerak) teknika arrunta baino zailagoak direla burutzeko, eta horregatik badaukatela ikasteko epe edo bide bat teknika kirurgiko berri guztiak bezala. Hori dela-eta lehenbiziko kasuak ondo aukeratu behar dira; errazagoak izaten dira emakumeak (muskulu txikiagoak dituzte eta bigunagoak izaten dira), pertsona argalak, eta eskuineko belaunak (honen arrazoia teknikoa da, zeren eta tibia lantzeko gidak eskuinerantz dauka kokatua bere finkatzailea eta ezkerreko belaunetan errotularekin traba egiten baitu).
Hori guztia dela-eta teknika miniinbasiboetan aritu baino lehenago nahitaezkoa da teknika arruntean esperientzia zabala edukitzea.
Zumarragako ospitalean urte erdi bat daramagu teknika miniinbasiboa egiten, eta sub-vastus teknika aukeratu dugu bi arrazoirengatik:
1. alde batetik mid-vastus teknika baino “fisiologikoagoa” dela ematen duelako.
2. quad-sparing teknika askoz zailagoa delako.
EMAITZAK
Urte erdi honetan 14 kasu eginak ditugu eta azterketa estatistikorik egin ez dugun arren, lehenbiziko inpresioak oso onak dira:
– alde batetik gaixoaren errekuperazio orokorra hobea eta azkarragoa izan da, min gutxiagorekin, eta odol-isurketa txikiagoarekin. Ondorioz ibiltzen lehenago hasi eta etxeratzea egun batzuetan aurreratu da.
– beste alde batetik belaunaren mugimendua azkarrago errekuperatu da (kasu batzuetan hamabosgarren egunerako 90 gradura iritsi da belaunaren mugimendua).
KONPLIKAZIOAK
– Bi hematoma eduki ditugu, kirurgiarik gabe sendatu direnak.
– Sakoneko tronbosi benoso bat, geldialdiarekin eta antitronbotikoekin sendatu dena ondoriorik gabe.
– Ez da protesiaren infekziorik egon.
ONDORIOAK
1. Teknika honekin gaixoaren errekuperazioa azkartu eta hobetu egiten da (min gutxiago, odol-isurketa txikiagoa, lehenago ibili, etab.).
2. Teknika arrunta baino zailagoa da eta badauka ikasteko epe edo bide bat, teknika kirurgiko berri guztiak bezala.
3. Ez du kasu guztietarako balio, badauzka bere indikazioak eta kontraindikazioak, eta horregatik lehenengo kasuak behintzat oso ondo aukeratu behar dira.
Hori guztia bat dator adituek esaten dutenarekin:
– Epe luzean ez da abantaila handirik ikusten.
– Epe laburrean ditu abantailarik handienak, zeren eta emaitza berdinak azkarrago eta errazago lortzen baitira.