17. Osasun Jardunaldiak: Mugimenduaren Osasuna
GERRIKO MINAREN ERAGIN SANITARIO EKONOMIKOA ETA SOZIALA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Egileak: S PĂ©rez Tierno, X Sansinenea , J Guadilla
SANTIAGO OSPITALEA. GASTEIZ
SARRERA
Gerriko mina osasun-arazo kronikoa da eta euskal biztanleriak sarrientzat jotzen du. Osasunaren erasan larria sortzen du afektatutako biztanlerian. Gure inguruan ez dugu daturik ez sistema sanitarioan arazoa abordatzen den moduari buruz, ez kontsumitzen dituen baliabideei buruz, ezta bere lan-eraginari buruz ere.
HELBURUAK
Gerriko minak biztanleriaren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina jakitea.
Zein den, gerriko minari buruz, profesionalen jokabidea jakitea. Euskal Autonomia Erkidegoan arazoak duen hedadura ezagutzea, eta ezagutzea, baita ere, zuzenean gerriko minari lepora dakizkiokeen baliabide sanitarioen kontsumoa, lan-absentismotik eratorritakoa eta prozesuaren kostu totala.
MATERIALA ETA METODOAK
Bilaketa bibliografikoa. Biztanleria adierazgarriaren zeharkako azterketa, gerriko mina duten 264 pazienteri egindako inkesta baten bidez eta 91 kontrol osasuntsuren bidez. Hiru Osasun Zentrotako 43.245 pazienteren lagin baten analisia, Osasun Zentro bana hiru lurralde historikoetako bakoitzeko. Hiru zentroetako biztanleria-piramideak EAE osoari aplika dakizkioke, oro har. Erabilitako datuak 1999. eta 2000. urteei dagozkie; informazioa antolatzeko, 10.000 biztanle urteko estandarizatu da oso-osorik. Sanitate publikoko datu-baseen azterketa: Osakidetza (Euskal Osasun Zerbitzua), Osatek (RMN), etab. Aldi Baterako Ezintasunaren (ABEren) azterketa, aipatutako laginetik eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailordetzako ITEM izeneko datu-basetik abiatuz. Esparru pribatuan kontsumitutako baliabideak: Enpresako medikuntza-zerbitzuak eta Istripuen Mutuak.
EMAITZAK
Kontrolen % 33ak gerriko mina aurkeztu zuen azken urtean; hori bat dator estimatutako urte-morbilitatearekin. Gaur eguneko osasun-pertzepzioa txarragoa da lunbalgiadun pazienteen artean, eta antsietate- eta depresio-eskalak altu agertzen dira min kronikodun pazienteetan, min hori sarriago gertatzen delarik lan sedentarioa dutenetan. Sustrai-minaren patroia batez bestekoa baino gehiago kronifikatzen da; psikogenoa, aldiz, ez du ezerk arintzen. Euskal Autonomia Erkidegoko 2.067.158 biztanleetatik 217.052 (% 10,5) Lehen Mailako Atentzioak ebaluatzen ditu, urtean zehar, gerriko mina dela-eta. 11.162 (% 0,54) espezialistarengana bidaltzen dira; 1.939 (% 0,09) sare publikoko ospitaleren batean ingresatzen dira; 1.043ri (% 0,05ari) kirurgia egiten zaie (713 diszektomia eta 330 artrodesi).
Aparatuek sortutako kostuen arabera, Lokomozio-aparatua Arnas aparatuaren hurrengo agertzen da; baina bigarren kasuan kostuak batez ere farmaziaren lepotik gertatzen badira, Lokomozio-aparatuaren kasuan, funtsean, ABEren lepotik gertatzen dira. ABE horien erdia gerriko minak sortzen duenez, lunbalgia dugu Aldi Baterako Ezintasunean lehenengo kausa indibiduala. Iraupenari dagokionez, gerriko minagatiko ABE guztien % 90,77ak galdu diren lanaldien % 47,39 kontsumitu du; aldiz, gainerako % 9,23ak galdu diren lanaldien % 52koa kontsumitu du.
Gerriko mina da lokomozio-episodioen % 20,08, baina, kostuez hitz egiten dugunean, gerriko minak aparatu honetan duen portzentajea % 31,39ra igotzen da, eta % 38,04ra Aldi Baterako Ezintasunari bakarrik badagokio. Esparru pribatuan, Mutuek gestionatutako lan-istripuengatiko ABEren iraupena ia-ia erdira gutxitzen da. Bai sanitate publikoan eta bai pribatuan ere, pazienteen proportzio txiki batek gastuaren zatirik handiena sortzen du. Gastu hori, funtsean, zeharkako kostuek (ABEek) sortzen dute, totala 224.136.419 ?-koa izanik, hau da, Euskadiko BPGaren % 0,58, 2000. urtean.
ONDORIOAK ETA GOMENDIOAK
Patologia gutxi dago gerriko minak duen adina ondorio indibidual, sozial eta ekonomikorekin. Faktore psikologikoak eta soziolaboralak ere badaude hor. Errezidibatzeko joera du eta beharrezkoa da bere kronifikazioa saihestea. Gerriko minagatiko gastuaren zatirik handiena (kontsultak, medikamentuak, proba osagarriak,
ospitaleko ingresuak, kirurgia, ezintasuna), pazienteen proportzio txiki batek bere episodio globala luzatzeak eragiten du. Paziente horiek atenditzen dituzten medikuek ez dute arazo horiek gestionatzeko tresnarik; horrela erakusten digu praktika klinikoko aldakortasun nabarmenak. Gerriko minaren sailkapen klinikoko sistema bat inplementatzea tresna bat izan daiteke pazienteak karakterizatzen laguntzeko eta aipatutako maneiua optimizatzeko, nahiz eta bere zehaztasuna hobetu behar dugun. Asistentzia-arloen arteko informazioa koordinatzea eta integratzea, lagungarria izan daiteke episodioaren iraupena laburtzeko.