Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

18. Osasun Jardunaldiak: Infekzioak

6. EPIDEMIAK EUSKAL HERRIAN

Egilea: Anton Erkoreka

Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoko Zuzendaria - Leioa


 

Epidemiologia historikoak osasun arazoek denboran eta espazioan zehar eduki izan duten frekuentzia eta banaketa ikertzen du. Ez da soilik “epidemia” deritzogunera mugatzen, gaixotasun guztiak hartzen baititu barne. Epidemia hitzaren jatorrizko esanahia, “populazio guztiari eragiten dion gaixotasun”tzat hartuta, “gaixotasun sozial”arenarekin bat dator funtsean. Gaur egun Gaixotasun Sozialari buruz daukagun kontzeptua honako hau da: hilkortasun eta erikortasun tasa altuak, ondorio sozioekonomiko, politiko edo kultural larriak dauzka eta iritzi publikoaren kezka pizten du.

 

            Euskal Herriak Erdi Arotik hona jasan izan dituen gaixotasun sozial edo epidemiak landuko ditugu, gure historiako aurretiko garaietaz informazio gutxi daukagu eta.

           

            Gaixotasunen historiaren ezagutza, gaur egungo egoera hobeto ulertzen laguntzeaz gain, tresna baliagarria da etorkizuneko gaixotasunek izan dezaketen bilakabidea hobeto ulertzeko. Batez ere historian zehar, gaur egunera arte, egon diren heriotzaren zergati garrantzitsuenen kuantifikazioan sakonduko dut.

 

 

Izurritea (XIV-XVIII. mendeak)

 

            Gure Aroaren hasieran eta aurretiko mendeetan, mundu mediterraneoan ez zen epidemia handirik ezagutu, eta faktore honek populazioaren igoera garrantzitsu bat ahalbidetu zuen. II. eta III. mendeetatik aurrera igoera demografiko hori moteldu egin zen, arrazoia: Nafarreria edo nafarreriak, elgorriak, paludismoak, legenarrak eta, VI. mendean Europa astindu zuen lehen epidemiak, “Justinianoren izurritea”. Izurriaren eragina inperio bizantziarrean eta latinar munduan ikaragarria izan zen, 542. urtean, adibidez, Konstantinoplaren populazioaren %33-50 bitartean hil zuen. Kontinentean zehar hainbat agerraldi izan ostean, gure herria ere barne, izurritea VIII. mendean desagertu zen Europatik.

 

            Europar populazioa 1000. urtean hasi zen handitzen, baina XIV. mendearen hasieran aldaketa klimatiko bat eman zen, batzuek “Aro glaziar txikia” deitu dutena, XVII. menderarte klima hotz eta euritsua egotearen arduradun izan zena. Aldaketa honekin batera “peste beltza” edo “izurrite beltza” agertu zen; Itsaso Beltzaren ertzean azaldu zen lehenengoz 1346an, eta 1348. urte hasieratik Europa osora zabaldu zen.

 

            Nafarroan kontserbatu diren iturri dokumental aberatsetaz baliatu dira Berthe eta Monteano ikertzaileak epidemiak erreinu zaharrean zehar izandako garapena erakusteko. Hauek diotenez, epidemia Frantziatik sartu zen Nafarroan, Santiagoko bideari jarraiki. Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeetatik ere hedatu zen Galiziara iritsi arte. Izugarria da zein arin zabaldu zen eta eragin zuen itzelezko hilkortasuna. Berthek[1] “hekatonbe” hitza erabiltzen du Nafarroan gertaturikoa azaltzeko, “l’implacable association, au cours de l’epidemie, de la faim et de la peste”, hilkortasuna %40 eta 50 inguruan kokatuz. Monteanok[2], ikerketa zehatzago batean, %50etaz hitz egiten du: “Navarra vió desaparecer a más de la mitad de su población” diosku. Benedictow-ek[3] gai honetaz idatzi duen azkeneko liburuan, Europa osoa kontutan hartuz, Nafarroako Erreinurako %60-65eko hilkortasunaz hitz egiten du. Larregizkoa deritzot zifra hau, eta beraz Monteanok dioen %50arekin geratuko naiz.

 

XIV. eta XVIII. mendeen artean gure herrialdeko osasun arazo nagusia izurritea izan zen. Lurralde osoan edo eskualde eta herri zehatzetan epidemiak agertzen ziren aldizka hilkortasun tasa aldakorrak eraginez, baina beti ere 1348ko lehen agerraldi horrena baino baxuagoak. Izurritea Europatik 1720. urtean desagertu zen berriro, Marsella eta Provenza astindu zituen azken piztualdi baten ostean.

 

 

Nafarreria (XVIII. mendea)

 

            XVIII. mendea oparotasun handiko garaia izan zen, gorakada demografiko garrantzitsua eman zuena. Euskal Herriko udalerri gehienetan populazioa bikoiztu egin zen, azken hamarkadan soilik motelduz guda eta epidemien eraginez.

 

Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen (Sociedad Bascongada) Aktetan nafarreria edo nafarreri epidemiei buruzko informazioa aurki dezakegu, eta baita 1770.[4] eta 1771. urteetan gure artean inokulazio edo bariolizazioa hasi zenekoa ere, Peñafloridako kondearen semeari eta beste zortzi umeri ipini zitzaienean. Nafarreria eta elgorria entitate nosologiko bakartzat zeuzkaten eta XVIII. mendean zehar umeei bereziki eragin zien epidemia larrien eragileak izan ziren. Ez daukagu informazio nahikorik Euskal Herrian eragin zuten hilkortasuna zehazteko, baina gure inguruko datuen arabera, epidemietako batzuk inguruko hilkortasuna izan zutela esan dezakegu.

                                                         

 

Tifus exantematikoa Konbentzio Gerran (1793-1795)

 

            Tifus exantematikoa gudarosteekin batera joan izan da gerra guztietan, kanpaina militarretan hilkortasun handia eraginez, Errusiako Napoleonena kasu. Irlandako 1846ko gosetearekin ere harremandu izan da. Historian zehar heriotza gehien eragin duen gaixotasuna izan da, izurriteak berak baino gehiago.

 

            Euskal Herriaren muga-herri egoerak hainbat epidemia jasanarazi dizkio, Konbentzio gerran gudaroste frantsesarekin gertatu zen moduan, edo Legio Laguntzaile Britainiarrarekin Gasteizen 1836an.

 

            Konbentzio Gerra 1793an hasi zen; hurrengo urtean, gudatalde frantsesek Gipuzkoa osoa eta Bizkaia, Araba eta Nafarroako zati bat hartu zuten. 1795eko uztailean Basileako ituna sinatu ostean, Bidasoako iparraldera aldendu ziren berriz ere. Gerra honetan ibilitako gudataldeek orduko garaiko dokumentuetan “sukar ustelak” (“fiebres pútridas”) edo “sukar gaiztoak” (“fiebres malignas”) deituriko epidemia bat jasan zuten, %5eko hilkortasuna eduki izan zuena.

 

            Biztanleria zibilak ere “sukar ustel edo gaizto” hauek pairatu zituen, eta militarrek baino modu larriagoan, gainera[5]. Epidemiak sortutako hilkortasuna Gipuzkoako biztanlerian argi islatzen da, 1787. urtean 114.304 biztanle izatetik 1799ko zentsuan 104.479 izatera pasatu zen. 10.000 biztanleko jaitsiera honek populazioaren ia suposatu zuen.

 

 

Kolera (XIX. mendea)

 

            Asiar kolera endemikoa izan da Indian, baina XIX. mendearen hasieran mundu osoan zehar zabaltzen hasi zen, zazpi pandemia handiren arduradun izanik gaur egunerarte. Lehenengoa (1817-1823) Mediterraneo ekialderarte baino heldu ez bazen ere, bigarrenak (1827-1834) Europa osoa astindu zuen, Frantziara 1832an iritsiz eta Iberiar Penintsulara 1833an. Hirugarrenak (1839-1859), laugarren mantsotu batek (1863-1874) eta bosgarren pandemiek (1881-1896) ere gure lurraldeak ukitu zituzten, oso modu desberdinean baina.

 

            1833ko epidemia Portugaletik sartu zen. Lehengoz Galiziara hedatu ostean, Extremadura, Andaluzia, eta ondoren herrialde osotik zabaldu zen, karlisten kontra borrokatzeko euskal probintzietara bidali ziren tropen mugimenduekin. 1834an Bartzelonatik sartu zen bigarren uhin epidemiko bat, ondoren zonalde mediterraneo osoan zehar hedatu zelarik.

 

Nadal-ek[6] aurkezten dizkigun heriotza-tasa ofizialak errealitatearen azpitik daude. Egile honek ‰6,5eko heriotza tasa kalkulatzen du 1833-35erako, ‰15,1eko 1853-56rako eta ‰7,6koa 1885rako. Euskal Herriari buruz ditugun datuak partzialak dira eta aldaketa handiak daude toki batetik bestera. Datu ofizialen arabera, Araban[7] 1834ean (79.000 biztanle inguru) 400 biztanle (‰5,2) hil ziren koleraren ondorioz; 1855ean (95.000 biztanle inguru) 2.427 (‰25,5), eta 1885ean (94.945 biztanle inguru) 303 (‰3,2). Bilbon[8] 1854. eta 1855. urteen bitartean (Bilboko biztanleria 1857an 17.923 bizilagunekoa zen) 523 pertsona (‰32,7) hil ziren kolerak jota. Nafarroan egin diren ikerketetatik, Peraltakoak[9] (3.000 biztanle inguru 1834.ean eta 3.400, 1884.ean), Erriberan kokatuta, ondorengo datuak azaltzen dizkigu:

 

PERALTA

Kolerak hildakoak

Heriotza-Tasa (‰)

1834 (IRA-URR)

245

‰ 81.6

1855 (UZT-ABU)

207

‰ 62.7

1885 (UZT-ABU)

215

‰ 63.2

 

 

Tuberkulosia (XIX-XX. mendeak)

 

            Industrializazio prozesuak eta nekazariek gune industrial berrietara egindako mugimendu handiek tuberkulosiaren intzidentziaren maximoa ekarri zuten 1780. eta 1880. urteen artean. Populazioaren pilaketa, egoera higieniko txarrak eta goseteak hiri industrialetako auzo pobreak “izurri zuria” bezala ezagututako gaixotasun honen foku nagusia bilakarazi zituzten hainbat faktore dira.

 

            Euskal Herriko lurralderik industrializatuenean, Bizkaian, tuberkulosia endemikoa izan zen XIX. mendeko azken hamarkadetatik XX. mendearen erdira arte. Bilbon izan zuen garapena, 1897ko urtarrilean lehen alea kaleratu zuen Boletín Mensual de Estadística Sanitaria de Bilbao argitalpenari esker aztertu daiteke. “Biriketako tuberkulosia, meningeetakoa eta besteak” heriotza-eragiletzat hartuta, eta orduko garaiko Bilboko biztanleriaz ditugun datu zehaztugabeekin harremanduta (J. Gondrak kalkulatu duen “benetako populazioa” hartu dugu), ondorengo tasak lortu ditugu:

 

BILBO

Biztanleria

TBCak hildakoak

Heriotza-tasa (‰)

1899

74.142

377

‰ 5.1

1900

79.410

361

‰ 4.5

1901

78.528

359

‰ 4.6

1902

78.166

329

‰ 4.2

1903

81.012

343

‰ 4.2

1904

85.878

352

‰ 4,1

 

            Erietxeek, dispensarioak eta XX. mendeko lehen erdialdean egin ziren osasun-kanpaina ugariek gaixotasuna kontrolatzea ahalbidetu zuten. Hala ere, benetako sendabide eraginkorrik 1944. urte arte ez zuten lortu, estreptomizina eta beste farmako batzuk agertu ziren arte.

 

 

Espainiar gripea (1918-1919)

 

            Gripe espainiarrak Frantzian eta Espainian eduki zuen eraginari buruz ditugun datuak kontrajarriak dira. Espainian gaixotasun honen ondorioz hildakoen kopurua 182.865 eta 257.082 artekoa dela esaten diguten era berean (biztanleriaren ‰8,7tik ‰12ra), Frantzian 137.200 eta 240.000 pertsona artean (biztanleriaren ‰3,9tik ‰7,3ra)[10] kokatzen dute gripeak jota hil zirenen kopurua. Desberdintasun hauek argitzeko Euskal Herriko epidemia sakonki aztertu dugu, Medikuntza Fakultateko ikasleen eta beste ikertzaile batzuen laguntzarekin. Iturri moduan lagin gisa hartu ditugun herrietako Eleiz Artxibo edo Artxibo Zibiletako heriotza-agiriak soilik erabili ditugu.       

 

            Pandemia honek gure demografian eduki zuen eraginaren erakusgarri dira XX. mendeko hilkortasuna jasotzen dituzten grafikoak. Argi azaltzen dute gertakari esanguratsuenak gripe espainiarra (1918), Gerra Zibila (1936-39) eta gerraostea izan zirela.

 

Oraintsu Euskal Herriko datu hauek jasotzen dituen liburu bat argitaratu dugu, bertan batzen dugun gripearen eta bere arnasketa konplikazioen ondorioz hildakoen kopurua ‰12,1eko heriotza tasa gordinean laburbildu daiteke. Hala ere, ezberdintasun handiak ikusi ditugu herrien artean; batzuetan hildakorik kasik egon ez bazen ere, beste batzuetan, Orozkon adibidez, heriotza-tasa ‰25,7ra heldu zen. Topatu dugun zifrarik altuena Etxarri-Aranatz-ekoa izan da, 1918ko urrian hilkortasuna ‰61,1era iritsi zelarik. Aztertu dugun Euskal Herriko laginaren hildakoen grafikoan[11], gehienak 1918ko udazkenean biltzen direla ikus dezakegu, 1918eko udaberrian eta 1919ko lehen hilabeteetan ia kasurik egon ez zelarik.

 

 

Epidemia honen bereizgarri nagusia, batez ere, gazteengan duen eragina izan da, hilkortasunik altuena 25 eta 34 urte bitarteko gizon-emakumeengan eman delarik.

 

 

 

Gaixotasun infekzioso akutu batengatik egon den azken osasun alarma nagusia izan zen gripe espainiarra. Gaurkotasun handia berreskuratu du aspaldi honetan hegazti-gripea dela eta. Munduko biztanleriaren erdia baino gehiago astindu zuen bere garaian, ondorio sozio-ekonomiko itzelak sortuz; gure herrialdean populazioaren %50-55ari eragin zion, gripeak jota euretariko gutxi batzuk baino hil ez baziren ere.

 

Epilogoa

 

            Gaixotasun infekziosoek Euskal Herrian eduki izan duten eragina ondoko taulan laburbildu daiteke (tuberkulosia ere barnean hartu dugu gaixotasun endemikoa izan arren). Ondoriorik argiena aurreko gizaldietan hilkortasun handia eragin duten gaixotasun kutsakorrak XX. mendean zehar kontrolpean hartzea lortu izan dela da. Gaur egun  euren ondorioz hildakoen kopurua benetan txikia da.

 

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan 

EPIDEMIAK EUSKAL HERRIAN

Heriotza Tasa (‰)

Izurri beltza (1358)

‰ 500