20. Osasun Jardunaldiak: Emakumeak eta Osasuna
GENEROA:OSASUNERAKO ERABAKIGARRIA
Egilea: Amaia Bacigalupe
Ikerkuntza unitatea.Osasun Saila.Eusko Jaurlaritza
Emakumeek bizitza luzeagoa dutela baino osasun txarragoz bizi direla baieztatzen dute ikerketa askok. Orokorki hitz eginez, baieztapen hori Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) ontzat eman dezakegu, emakumeek gizonek baino 8 urteko bizi itxaropen handiagoa dutelako baina, aldi berean, bai antzemandako osasuna zein arazo kroniko askoren prebalentzia ohikoagoa delako emakumeengan. Errealitate hori azaltzen duten arrazoiak sexuarekin zein generoarekin daude erlazionatuta: bizi itxaropenari dagokionez, biziraupen femeninoa handiagoa da adin talde guztietan bai arrazoi biologikoak direla baina baita ere gizonezkoen errol sozialek osasun aztura kaltegarriagoak izatera bultzatu dituztelako (erretzea, edatea, gidatze era arriskutsua etabar.). Osasun egoerari dagokionez, patriarkatuak definitutako emakumeen betidaniko errolek (zaintzaile, etxeko lanen arduradun, lan ordaindu eta etxekoaren uztartzailea) hilgarriak ez diren baino bai kronikoak bihurtzen diren osasun arazo gehiago sortarazten dituzte.
Alabaina, errealitatea aipatutakoa baino konplexuagoa da. Emakumezkoen artean, desberdintasunak ere somatzen dira, maila sozioekonomikoarekin zein bikote barneko etxeko lanen banaketaren berdintasun mailarekin erlazionatutako faktoreek daukaten eraginagatik. Errealitate hori argitaratutako lan askok erakutsi dute ere. Izan ere, maiz eztabaidatu egin da lan ordainduak emakumeengan daukan eragina, bi ikuspuntu kontrajarriz: ikerketa batzuen emaitzei erreparatuz, lanak ahalbidetzen dituen independentzia ekonomikoa eta sare soziala onuragarriak izango lirateke emakumeentzat. Ordea, beste lan batzuek adierazten dute, etxe barruko zein kanpoko lana burutzeak suposatzen duen gainzamak ondorio negatibo gehiago dituela positibo baino.
Komunikazio honetan, zein hipotesi zen egokiagoa EAEn ikusteko bideratutako lanaren emaitzarik garrantzitsuenak azalduko dira. Zehazki, helburua honakoa da: EAEko osasun inkestaren datuak erabiliz, lan ordainduak gizon eta emakumeen osasunean zeukan eragin ezberdina aztertu zen bai eta erlazio horretan etxeko lanen banaketa motak (berdintsua ala desberdina kideen artean) jokatzen zuen papera ere.
Emaitzen artean, hauexek izan ziren adierazgarrienak: lan ordainduaren eragin positiboa gizonengan bakarrik ikusi zen. Emakumeengan, etxeko andreek zein langabetuek ez zuten lana ordaindua zutenekin konparatuta osasun hoberik. Lan ordainduaren efektu onuragarria bakarrik azaleratu zen emakumeengan, etxeko lanen banaketa berdintsua zenean bikotearengan. Emaitza hauek aldatzeke mantendu ziren, beste aldagai batzuen eragina aintzat hartu eta gero (klase soziala, laguntza sarea eta 65 urte baino gehiagoko pertsona baten presentzia).
Lan honek aditzera jartzen duen moduan, emakumeen lan merkaturatzea bakarrik mesede egingo die emakumeei baldin eta, aldi berean, gizonek erantzukizuna hartzen duten etxeko lanekin. Osterantzean, emakume langabetu zein etxekoandreek baino osasun kaxkarragoa izango dute.
BIBLIOGRAFIA
- Rohlfs I. Género y salud: diferencias y desigualdades. Quark. 2003; 27
- Artazcoz L, Borrell C, Benach J. et al. Women, family demands and health: the importance of employment status and socio-economic position”. Social Science and Medicine. 2004; 59(2): 263-274
- Lahelma E, Arber S, Kivela L. et al. Multiple roles and health among British and Finnish women: the influence of socioeconomic circumstances”. Social Science and Medicine. 2002; 54(5): 727-740.
- Bacigalupe A, Martín U. Osasun arloko gizarte desberdintasunak EAEko biztanleen artean. Gizarte klasea eta generoa osasunaren faktore erabakigarri gisa. Vitoria-Gasteiz: Ararteko; 2007