Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak

3.11. Osasungintza publikoaren hizkuntza-politikak eta planak

Egilea: Roberto Manjon Lozoya

Osakidetza. Gorlizko Ospitalea. Euskara Teknikaria.


1. HIZKUNTZA POLITIKA
1.1.Hizkuntza-aldaketa eta politikaren ahalmena
Hizkuntza-politikaz dihardugunean arriskua izaten dugu gauzen hierarkiaz okertzeko, sarritan larregi handiesten baitugu politikaren ahalmena eta oinarri materialak nahiz sozialak gutxietsi. Idealismo filosofikoa da hori. Hizkuntza-aldaketari bagagozkio —esan dezagun, hizkuntza-desplazamendua edo hizkuntza-ordezkapena— gauza bera esan daiteke: politika garrantzitsua bada ere, ez da hizkuntza-aldaketaren ardatza, eta horrela, nekez izango da hizkuntza normalizatzeko bermea. Esan nahi baita, Gobernu batek politikaren bidez asko egin ahal duen arren, hizkuntzaren izaera sozialak ezartzen dituen eskakizunek politika gordina gainditzen dutela.
Hizkuntza, hiztun-herri baten mintzaira denez, gizartearen alderdi soziokulturalari lotzen zaio. Izaki soziala poliedro bat da, alde anitzekoa. Alderdi soziokulturalari hertsiki lotuta daude sozioekonomikoa eta soziopolitikoa, berez, gertakari beraren izari desberdinak dira. Halaz, hizkuntza-aldaketa ezinbestean lotzen zaie aldaketa sozioekonomikoari eta soziopolitikoari, eta horregatik, gizartearen egituran oinarrizko aldaketak eskatzen ditu. Beraz, ezin da hiztun-herri bat biziberritu hizkuntza politikaren bidez, oso ausarta eta eskakizun handikoa bada ere.
Eta kontua da euskal hiztun-herria egungo egoeraraino ekarri duten aldaketen norabideak lehengo ildotik jarraitzen duela, alegia, historiaren norabidea ez da aldatu, euskal hiztun-herriaren kalterako, eta aitzitik, badirudi, Globalizazioa lehengo ildoa sakontzen ari dela alegia, jarraitzen dugula autonomia ekonomikoa, kulturala eta politikoa galtzen. Munduan gertatzen ari diren aldaketok hizkuntza-aldaketak bultzatzen dituzte, noski, betiko legez, baina ingelesaren eta globalizazioko eskualde-hizkuntza handien alde.
Hortaz, hizkuntza-politikak anai-arreba nagusiagoak ditu, eta haien eskutik edo ondo lagunduta burutu behar da. Lehenengo maila batean, lurralde-plangintza da funtsezkoena, bera baita demografian, eguneroko bizimoduan eta, azkenik, eskualdeko indar ekonomikoen ibilbidean gehien eragiten duena. Alabaina, lurralde-plangintza bera ere oinarrizko politiken eskutik dator, hots, gizartearen egiturak mugiarazten dituztenen menekoa da, eta oroz gain, politika ekonomiko eta azpiegitura-politikaren menekoa.
1.2.Hizkuntza-boterea
Politikaz ari bagara, hein handi batean boterearen gainean dihardugu, eta beraz botere-lehiaren gainean. Botere-aldaketak hizkuntza-aldaketen aurre-baldintza dira, eta kulturaren zatia diren aldetik, hizkuntza-aldaketek besteak islatzen dituzte. Historian gure ahalmenak urrituz baikabiltza, gero eta apalagoa da geure etxea kontrolatzeko ahalmena, eta beraz, noraezeko aldaketak gero eta gehiago gure kontroletik kanpo jazotzen dira. Bere buruari eutsi ezin dion erkidegoa indar zentripeto batzuen menean erortzen da, alegia, erkidego ahaltsuagoek azpiratuta, eta modu horretan sakabanatuz doa, harik eta asimilatua izan arte. Mende askotako gure historia da.
Kinka horretan, hiztun-herriak, ahalmen ekonomiko eta politikoa galdu ahala, ahulduz doa kultura nahiz hizkuntza etengabe birsortzen duten bere sareen multzoa. Arian-arian kulturari —eta beraz hizkuntzari— eragiteko ahalmena galtzen duelarik, bere inguruan eta bere baitan gertatzen diren aldaketek beste mintzaira bat dakarte, beste hiztun-herri baten nagusitasuna. Txepetxek “gune sinbolikoaren” galera kontzeptuaz ohartarazi gintuen prozesu horretaz. Herriari bere hitzak arpilatu eta beste batez ordezten diote; irentsia geratzen da. Botererik gabe, ez dago bizitzerik.
1.3. Botere publikoen hizkuntza-politikak
Nolanahi ere den, hizkuntza-politikak, isolaturik ez badago, garrantzia du, noski. Administrazioetako hizkuntza-politikak, balekoa izateko, lagundu behar du euskal hiztun-herriaren gune sinbolikoa berrosatzen, indartzen, eta hasteko, gutxienez, euskaldunen erkidegoa trinkotzen. Aspalditik dakigu hori, Txepetxi eskerrak, eta ondoren beste batzuek gai berorretan sakondu dute, hala nola Joshua Fishmanek eta Mikel Zalbidek. Aitzindari horiek eta eguneroko eskarmentuak erakutsi digutenez, ez da lantegi erraza, ez horixe!
2. ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK
Administrazio publiko handien euskara-planek lerro nagusi bi garatu izan dituzte: bata, herritarrei zerbitzua euskaraz ere ematea, bestea, langileei lana bere hizkuntzan jardun ahal izateko aukera ematea. Lerro biok 1982ko euskararen legetik datoz. Baina, nolanahi ere, aitortuta edo aitortu gabe, argi dago planen xedea ez dela administrazioak euskalduntzea, Legearena ez den bezala, arian-arian euskaldunen eskubideak urratzeari uzten joatea baizik, beti ere elebitasun orokorraren printzipiopean. Elebitasun orokorra bideragarria ote den alde batera utzita, eta orobat planetan hartzen diren neurrien zorroztasunari begiratu gabe, nolanahi ere bistan dago planon emaitzak eskuarki ez direla oso arrakastatsuak izaten, ez behintzat osasungintzan. Horregatik, komeni da haien akatsak zertan diren aztertzea.
2.1. Akats metodologikoak: batasunaren zatiketa
Arean ere, lan- / zerbitzu-hizkuntza banaketa horretan datza planon lehenengo arazoa. Nire irudiko, planok errealitatea metodoarekin nahasten dute, metodoa errealitatetzat hartuta. Metodologikoki, errealitatearen analisia egiten dugu, logikaz, eta beraz, zatitu egiten dugu, baina errealitatea bat bera eta bakarra da, zatiezinezkoa. Errealitatean ez dago mugarik ez lerrorik; mugok, banalerrook gure mundu sinbolikoaren proiekzioa dira, baita hizkuntzak, dialektoak… bereizten ditugunean ere. Eta zer esanik ez gizarteari bagagozkio.
2.2.1. Lan-hizkuntza / Zerbitzu-hizkuntza
Errealitate zatikatu bat ikusten duen behakune oker horren ondorioz, euskara-planek jarduera eremu bi banatzen dituzte, independenteak balira bezala: batetik, herritarren hizkuntza-eskubideak, bestetik, langileen hizkuntza-eskubideak, edo bestela esanda, batetik zerbitzu-hizkuntza, bestetik, lan-hizkuntza. Lehentasunak bereizteko beharra ukatu gabe, esan dezadan banaketa hori ondo legokeela aldi berean eremuok irmoki eta estu lotuta daudela pentsatuko bagenu, eta ondorioz, planen jardun-lerroak eta ekintzek elkarri eragin eta elikatzeko diseinatu eta burutuko bagenitu, baina ez da horrela gertatzen. Eskarmentuak erakusten du langileak lan-giroan zenbat eta motibazio txikiagoa daukaten euskara erabiltzeko, orduan eta motibazio eskasagoa gaixo eta senideekin ere erabiltzeko, eta beraz, euskara-planen helburuak betetzeko.
2.2.2. Hizkuntza ikastea / Hizkuntza erabiltzea
Huts bertsutik, hots, gertakarien berezko batasuna hautsita ikustetik, dator beste arazo bat: ikasketa eta erabilera banatzea. Horrela, planen ondorioz euskara ikasten duten langileak ez dira hiztun-herriarekin bat egiten, ez herrietan ez lankide euskaldunen artean. Beraz, ikasketa-prozesua ez da joaten hizkuntza-integrazio prozesu bati lotuta, eta beraz, erabilera sozialari. Beste erabilera-motarik ez dagoenez, langileak ez du hizkuntza benetan ikasten, eta oinarrizko modu batean moldatzeko —ikasgela batean— ikasitakoa berehala galduko du, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu eta gutxira. Beraz, prestakuntzak oso modu eskean betetzen du bere xedea. Gainera, hizkuntza-eskakizunak eurak ez dira egoten lanpostuko lanaren arabera ondo egokituta, ez eta dagokien ikasketa-sistema ere, baina gai hori ez dugu oraingoan jorratuko.
2.2.3. Hizkuntza-eskakizunak / Erabilera-programak
Hizkuntza-eskakizunen ezarpena denaz bezainbatean, antzeko arazo batekin egiten dugu topo. Eskakizunok ezarri egiten dira, teorian, normalizazio-xede batzuk ahalbidetzearren, bestela esanda, erabilera bultzatzeko neurri jakin batzuen kariaz. Batzuetan, horretarako erabilera-programak diseinatzen dira (“unitate-planak” edo “programak”), hizkuntza-eskakizunak ezarritakoan nolanahi ere. Errealitatean, nahitaezko osagarri biok bakoitza bere aldetik doa, eta finean hizkuntza-eskakizunak nahiz erabilera-programak ez deus izaten dira.
Nago gauzak alderantziz egin behar liratekeela, urrats guztiak hertsiki lotuta eta bakoitzari behar beste denbora emanda, presarik gabe: lehenengo unitate-programa diseinatu, langileak informatuta eta kontzientziatuta. Ondoren hizkuntza-eskakizunen derrigortasun-datak jarri, prestakuntza-programa atxiki, eta prestakuntza hori unitate-programa gauzatzeari lotuta burutu. Bide batez, prestakuntza hori ahal den neurrian inguruko euskal jarduerekin lotu behar litzateke, eta bereziki tokian tokiko administrazio-zentro txikietan —osasun-zentroetan kasu— euskaldun berriak euskal hiztun-herriaren kide bihur daitezen, alegia, benetan euskalduntzeko.
2.3. Akats metodologikoak: Plan orokorrak eta tokiko enpresa-planak
Jakina, horretarako euskara-planak sare hedakor baten antzera pentsatu beharko lirateke, gune jakin batzuetatik abiatuta besoak luzatu eta hariak bilbatuz administrazioaren eremua osoa bereganatuko lukeena. Abiaburuan, euskara normalizatzeko premia handiago duten guneak leudeke —euskal arnasa-guneak—, plangintza arrakastatsuetarako baldintza egokiagoak dituztenak, oso garrantzitsua delako sarea arrakastan oinarrituta hedatzea porrotaren gainean egin ordez. Esan gabe doa diru-inbertsioak hobeto bideratu beharko liratekeela, giza baliabideetan bereziki, trebatzaile eta dinamizatzaileena baita premiarik handiena.
2.4. Berme instituzional ahula
Eraikuntza horrek, berriz, zeinahi enpresa-planetan legez, aitzindaritza sendoa bezain argia behar du agintarien aldetik, mundu guztiak zalantza barik antzeman behar baitu normalizazioaren asmoa soziala eta interes handikoa dela. Aitzindaritza horrek hedakorra izan behar du, erdiko arduradunek ere partekatzea noraezekoa denez gero. Eta noski, transbertsala ere bai, erakundearen antolaketa osoa goitik behera ez ezik alderik alde ere zeharkatu behar duelako, euskararen gaia ezin baita txoko batzuetara mugatuta geratu, gune horiek entzute handikoak balira ere. Eta askotxok dakigunez, ezinbesteko aitzindaritza hori da administrazioetako euskara-planen gunerik ahulenetariko bat.
3. OSAKIDETZA
3.1. Euskara-planaren arazoak
Arestian esandakoak izan dira Osakidetzaren gabeziarik handienak: aitzindaritza-falta, zuzendaritza nagusian eta erakunde askotan; eta euskararen gaia normalizazioa gauzatu behar den egituren lerro hierarkikotik landa egotea, hots, transbertsalitate eza handia. Hori guztia Osakidetzako Euskara Zerbitzuak argi utzi du bere ebaluazioan. Esan genezake euskaren normalizazioa botere-guneetatik kanpo geratu dela, ez duela izan behar besteko botere-bermerik. Jakina, zutabeek huts egiten dutenean, ez du merezi teilatuaz arduratzea, esan nahi baita Euskara Planaren xedeak askoz anbiziotsuagoak izan balira ere, ondorioak berdintsuak izango ziratekeela.
Urratsak egin dira, noski, batez ere testugintzaren arloan, hutsunekin bada ere; ahozko komunikazioan ere saioak egon dira, zenbait erakundetan erabilera-irizpideak zehaztuz eta zabalduz, nahiz eta horren gaineko heziketa eta jarraipena eskasak izan diren; zuzendaritza sentikorrak egon direnean, hala nola Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan, ahalegin handiagoak egin dira, partaidetza eta sustapen-neurriak bultzatuz. Oro har, Euskara Zerbitzuaren ebaluazioak argitu duenez, funtsezko neurriak hartu gabe geratu dira babes-faltagatik.
3.2. Planaren hutsune nagusiak
Laburtu beharrez esango dut hutsak, gehienbat, hiru eremutan ageri direla:
-      Antolakuntzan: planaren estatus egokia eta, oro har, arduradunen aitzindaritza sendotu eta ziurtatzeko.
-      Erabilera errazteko ekimenetan: administrazioak aurre-ekimena izan behar du herritarren aurrean, bestela herritarren bizkarrean uzten baitu hizkuntzaren egoera zuzentzeko ardura.
-      Langileengan: langileen jarrerari eragiteko eta gaitasuna hobetzeko.
Horrela, eta Euskara Zerbitzuaren ebaluazioari jarraiki, ondoko hauek gabezi edo ments izan dira planean:
1. ANTOLAKUNTZA
-      Maila goreneko jarraipen-batzordeak, bai lehen mailako arreta bai arreta espezializatuan, edozein enpresa-planetan egoten den legez.
-      Euskararen normalizazioa kalitatearen arloan kokatzea: normalizazio-prozesuaren dinamizatzaileak, ekimenak…
-      Zuzendaritza nagusiak, eta tokian tokiko gerentziek, euskararen estatusa sustatzeko programak, besteak beste, agerraldietan euskara ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak, agerraldi edo komunikazio sinbolikoak…
2. ERABILERA ERRAZTEKO EKIMENAK
-      Herritar euskaldunak identifikatzeko neurriak: herritarren hizkuntza-lehentasuna erregistratzeko sistema, herritar ospitalizatu euskaldunak atzemateko moduak…
-      Herritar euskaldunek zerbitzu elebidunak identifikatzeko tresnak, alegia, unitate eta langile elebidunak nabarmentzeko sistema integrala.
-      Zerbitzu elebidunen gaineko informazioa zabaltzea: mediku euskaldunak hautatzeko aukerari buruz herritarrak informatuta egotea.
-      Zerbitzu elebidunen falta nolabait biguntzeko protokoloak, hala nola arreta euskaraz eskatzen duen herritarrari beste aukera bat erraztera bideratuak. Gogoratu Kepa Elortzaren kasua. Herritarra ez da nazkatu behar langile eta arduradunen ezaxolakeria edo etsaigoagatik, eta etsipenaren atean egon amaierarik gabeko luzamenduengatik.
-      Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko kanpainak.
3. LANGILEAK
-      Langileek parte hartzeko batzordeak, hots, komunikazio-zirkuluak, hobekuntza-taldeak…, batetik, langileak neurrien gainean hitza izan dezaten, bestetik, langileen artean kulturgintza lantokietan egiteko oinarria egon dadin, eta azkenik, langileek parte hartuz trebatzeko aukera ere izan dezaten.
-      Prestakuntza iraunkorra euskaraz egiteko ahaleginak.
-      Langileen jarrera hezteko neurriak: planaren gaineko informazio-bide iraunkorrak, bilerak, normalizazioari buruzko ikastaroak…
-      Sindikatuek euskara erabiltzeko hitzarmenak.
-      Euskaraz lan egiteko lanabesak eskuratzea.
3.3. Orain okerrago
Neurri horietatik gehien-gehienak 2009an egindako ebaluazioak berak proposatu zituen, eta orduan eratutako Eusko Jaurlaritza berriari zegokion betearaztea. Horretatik oso bestera, gobernu berria urratsak atzera egiten dabil. Ezaguna denez, ez du neurri garrantzitsurik bete, baina hasi bezain laster euskara-planaren muinari eraso dio euskara-kalitatea ezinbesteko lotura hautsiz, euskararen erabilera atera baitu Osakidetzaren jarduera eraentzen duten programa-kontratuetatik, zeinek ordura arte zerbitzuen kalitatea neurtzeko irizpideen artean euskararen erabilera balioesteko betebeharra baitzekarten.
Hori bakarrik balitz, gaitzerdi. Plana eraistera jotzeaz batera, Gobernua bera bete nahi ez dituen arauen aurka ari da euskararen harrera soziala edo estatusa hondatu nahian, behin eta berriz jende aurrean jarriz langileen euskara-ezagutza eta zerbitzuen kalitatea kontrajarrita daudela, datuen eta logikaren kontrakarrean, baina lehenetsiz gobernuko alderdiaren interesak eta merkatu ideologikoa. Ez naiz gai ezagun horretaz gehiago luzatuko.
3. ZENBAIT ONDORIO
Aurreko lerroetan esandako gauza batzuek gainditu ezinak dirudite nonbait, eta ziur aski horrela da bat-batean eta bete-betean mamitu beharrekotzat jotzen baditugu. Baina ez dut hori proposatu nahi izan, norabideak zein izan behar diren adierazi baizik. Euskaldunok munduan izan dezakegun eta nahi genukeen tokiaren gaia konplexua da oso, eta bideak jorratu ahala definitzen ere joan beharko dugu. Lan egiteko filosofia bat jarri nahi izan dut mahai gainean, konponbide magikorik gabe, baina, baina nolanahi ere, fetitxetan oinarritutako hizkuntza-politika batetik urrundu, alegia, isolatutako politika sasi normalizatzailetik, ardatz gisa hizkuntza-eskakizunak, derrigortasun-datak, azterketak eta euskara-ikastaroen inguruan hezurmamitutako politika fetitxista ezagun horretatik.
Atsegin dudan erara amaitu nahi nuke, zirkulu bat osatuz hain zuzen, hasierara itzuliz. Azpimarratu nahi dut goian zerrendatutako neurri guztiak burutuko balira ere, eta beste gobernu batek —zeinahi gobernuk— onbeharrez eta gogotik euskararen erabilera sustatzeari ekinda, ez genukeela nahi eta behar beste aurreratuko, hizkuntza-arazoak konplexuak eta alde anitzekoak direnez. Gobernuak boterea du, baina ez da boterea; miraririk ez dago. Gobernua eta erdaldunak… gaiaren alde bat dira, geu beste alde bat. Arazoa Osakidetza barruan dago eta Osakidetzatik kanpo, eta gizartearen hainbat eremu eta arlotan eraginez hurbilduko gara konponbidera. Ederto, baina gure eremutxo honetatik nola eta zertan jardun?
Euskal Herrian euskara hizkuntza normala ez den bitartean, baina normaltasuna erdiesteko bidean, Osakidetzan eta osasungintzan diharduten beste erakundeetako agintariei eskatu behar zaiena da, oro har, aurreko atalean modu negatiboan, hots, gabezi edo ments gisa aipatutako gauza guztiak. Bereziki, zerbitzu elebidunen eskaintzan jarrera aurre-aktiboa izatea:
-  Euskaldunei une oro argiro uztea zer zerbitzu emango zaien euskeraz, zein langilek artatuko gaituen gure hizkuntzan.
-  Asistentzia- eta arreta-prozesu guztietan euskararen erabilera kontuan hartzea, hala prozesuaren kalitate-betekizunetan eta jardueran neurtzeko adierazleetan, nola prozedurak hobetzeko aurreikusten eta programatzen diren ekintza eta egitasmoetan.
-  Orobat, ezinbestekoa izango da herritarren gaineko informazioa eskuratzen den guztietan (harrera eta onarpenetan, harrera-protokoloetan, Osasun-txartel Indibidualean…) hizkuntza-lehentasuna jasotzea eta, ondoren, herritarra unitate eta langileen artean mugitzen denean, informazio hori transmititzea ere.
Jakina, horrek guztiak goitik beherako bultzada handia behar du, bai eta langile nahiz arduradunen kulturan aldaketa sakonak eragitea ere, zeren, neurriak gorabehera, ezer gutxi lortuko baita langileek eurek modu aurre-aktibo batez jokatzen ez badute euskalduna zein den atzemateko eta, orduan, lehenengo hitza ere euskaraz egiteko.
Baina konponbidearen giltza orokorra euskalduntasunaren mami sozialean datza. Benetan aurrera egiteko, Osakidetzan ere euskaldunok sinbolo izatetik errealitate sozial ukigarria izatera igaro behar dugu, zentro eta zerbitzu bakoitzean igaro ere, hori gabe politika orok asmo hutsaren maila nekez gaindituko du eta. Entelekia bat, kea izateari ez dio utziko. Nola egon daiteke euskara euskaldun herririk gabe? Hori da lehentasun gorena: euskaldunak bateratzea, erkidegoa trinkotzea, gune sinbolikoak eratzea eta sendotzea. Gobernu on batek lagundu dezake horretan, eta lehentsuago aipatu ditudan partaidetza-taldeen bidea erraztu, baina gobernuaren laguntzarik gabe ere egin ahal dugu, motelago agian, protagonistak gu geu garelako.
Jakina, langileok, euskaltzaleok, sindikatuok, alderdiok, elkarteok… aldaketak egin beharko ditugu gure lehentasun partikularretan eta kolektiboetan, nekez ulertzen baita Osakidetzako hainbat erakundetan euskaldunen talderik ez egotea, arauzkoak edo arauetatik kanpokoak, xumeak badira ere. Euskaldun herririk gabe ez da inor euskaldunduko, ez eta euskaldunen eskubideak errespetatuko, langileenak nahiz pazienteenak izan. Eta azkenik, euskaldunen balio sinbolikoa ustiatzen duten alderdiek, sindikatuek, elkarteek ere balio hori iraungitzen ikusiko dute, inbertsio faltagatik. Beraz, horra hor erronka.
 
ZERBAIT GEHIAGO HIZKUNTZA-POLITIKARI BURUZ
Zer itxaroten dugu hizkuntza-politikatik? Esango duzue, jakina, euskararen normalizazioa, alegia, euskara hizkuntza normala izatea. Alde batera utziko dugu normaltzat zer jotzen dugun, eta, demagun, ados gaudela, normaltasun horretan, gutxienez, sartuta dagoela euskarak herritarren hizkuntza izatean jarraitzea, esan nahi dut, euskaldunen herriak irautea.
 
Baina, ez diogu gehiegi eskatzen hizkuntza-politikari? Bestela esan da: hizkuntza-politika batek bermatu ahal du herri baten iraupena? Ez horixe; ez bakarrik behintzat. Herri batek iraun dezan, ez ote dira eragingarriagoak, besteak beste, politika ekonomikoa, azpiegituren politika eta lurralde-antolakuntza? Bai, noski, eta ez dut erabakiak hartzeko antolamendu juridiko-politikoaz jardun nahi.
 
Hiztun-herriaren kontzeptua azpimarratu nahi dut. Alboan utz dezagun ikuspegi idealista, non hizkuntza ente bat den. Hizkuntza, berez, ez da ezer. Hizkuntzaren arazoa, hiztun-herri baten arazoa da, beraz, arazo soziala batez ere, baina baita politikoa ere. Eta, benetan merezi duen galdera da, zein dira herri baten osasuna edo, gutxienez, iraupena ziurtatzen duten baldintzak?
 
Bat: jarduera ekonomikoaren gaineko gutxieneko kontrol bat, jarduera horretan berezko sareak izateko; bi: gutxieneko kontrol demografiko bat, bere oinarrizko unitateak (herriak, auzoak…) desegin gabe aldatu ahal izateko; hiru: bilakaera kulturalaren gaineko gutxieneko autokrontrol bat. Euskararen kasuan, horiek guztiek une honetan eskatzen dute eskualdeak botere-gune garrantzitsuak izatea, alegia, eskualde indartsuak, politika ekonomiko, demografiko eta kulturalaren ardatz. Horrek, noski, udal eta eskualde mailako botere politiko indartsuak eskatzen ditu. Eta, jakina, kontrako norabidean gabiltza: globalizazioaren munduan, gizartea metropolizatzen ari da.
 
Adibide batzuk jarriko dizkizuet. Azken hamarkadetan asko igo omen da ezagutzaren ezagutza, baina oso gutxi erabilera, eta bereziki erabilera formalak egin du gora. Aldiz, euskararen arnasa-gunetan, non bizitzaren alderdi gehienak euskaraz mamitzen diren, euskararen ezagutzak eta erabilerak behera egin du. Galera hori oso larria da, hizkuntzaren anormaltasuna handitzen duenez gero: herri euskalduna dentsitate soziala galtzen ari da; euskaldunen sareak ahultzen ari dira, hizkuntza-jarduera zabaltzen eta dentsitatea galtzen. Zergatik? Metropolizazioagatik.
 
Euskal herriak gune metropolitano handien auzo bihurtzen ari dira, hona hemen kausa: autobide-sareak, merkataritza-gune erraldoiak ( MegaPark, Urbil, Txingudi…), frankiziak, kultura-ekoizpen mundializatuak, espazio eta denboraren birtualizazioa… Zertarako balio du 15.000 laguneko herri batean euskara biziberritzeko plana egiteak hurrengo egunean udalak 5.000 laguneko urbanizazio bat eraikitzea erabakitzen badu? Herria gazteez hutsik geratzen bada gazteok dibertitzeko sakabanatzen badira handik 30.000tara dagoen merkataritza-gune handi batean? Edo aisia ematen badute bideo-jolasez eta mundu osoan barna txateatzen? Eta gurasoek erosketak herritik eta auzotik kanpo egiten badituzte? Eta asteburuak ere kanpoan ematen badituzte, nahiz eta herritik atera gabe egon. Horretarako daude internet eta kable nahiz satelite bidezko kanalak.
 
Esango duzue: gaur egun ezinezkoak dira eskualdean edo, gutxienez, Euskal Herrian autozentraturiko politikak; ezin da korrontearen kontra ibili. Baina hain zuzen ere, horixe ari gara egiten euskaldun bezala iraun nahi dugula esaten dugunean: korrontearen kontra arraunketan. Talka hori ulertu behar dugu: batetik, supermodernoak izan nahi dugu, edozein yanki bezalakoak, metropoliko umeak; eta bestetik, super karkak izan nahi dugu, geureari eutsi, euskaldunak. Euskaldun yankiak? Super karka-modernoak? Ez da erronka makala. Nolanahi ere, ez ahaztu aldaketa ekonomikoek, politikoek eta kulturalek dakartela hizkuntzak galdu eta irabaztea, ez ideia onek jendearen borondateak, askatasunak edo jaungoikoaren aginduak.
 
Hainbat autorek esaten dute orain arte ezagutu ditugun komunitate motak, tradizionalak, metropolian nahitaez desegingo direla eta komunitate metropolitanoak eratzen ari direla. Hori horrela balitz, euskaldunok B plana behar genuke bizirik irauteko: nahiz eta tradiziozko euskal herria galdu, sare metropolitano boteretsu bat eratu behar genuke. Eta badakizue zer den onena? Jainkoak alde dauzkagula. Izan ere, B planak –sare metropolitano indartsua- eta A planak –tradiziozko herriari eusten ahalegintzeak- ardatz berdina daukate: euskaldunek boterea berreskuratzea. XXI.mendera arte boterea galtzen etorritako herri bat gara: botererik ez baduzu, ez duzu hizkuntzarik ez kulturarik, ez zara ezer, sakabanatu eta desagertzen zara.
 
Geure arazoa hitz batean laburtu behar banu, botere-arazoa dela esango nuke. Harrigarria? Ez noski. Ez ote gara hona etorri politikaz hitz egitera? Politikari buruz ari bagara, botereari buruz ari gara, baina politika serioez, ez bigarren mailako batez, hizkuntza-politikaz hain zuzen. Beraz, berdin da zein plan mota nagusitzen den, A edo B plana den, edozein kasutan mundu arrano honetan irauteko, hizkuntza-lehian garaile ateratzeko, ezinbestekoa izango da euskaldun herriak edo erkidego metropolizatuak botere gune lehiakorrak izatea, gune ekonomikoak, politikoak, profesionalak, unibertsitarioak, kulturalak. Beraz, elite euskaldun indartsuak behar ditugu arlo guztietan. Hori da benetako erronka, eta gainerakoak osagarri hutsak, edo bestela, apaingarri nahiz txorimaloak. Eta nortzuk gaude berton bilduta elite baten kideak baizik? Are gehiago, kide gazte asko, etorkizun hurbil bateko gidariak. Ez nahastu, hori da bide bakarra.
 
Eta ez gaude txarto, ez horixe! inor baino hobeto baizik. Nork du geurea baino kultura sendoagoa eta sustraituagoa lankidetzarako? Badira argi-izpi batzuk aipatu beharrekoak. Noski, medikuntzako ikasleak antolatuta ikusteak itxaropena pizten du. Antolakuntza horrek iraun behar luke geroan ere, osasungintzaren munduan, pribatuan nahiz publikoan, euskal sarea, alegia, euskal boterea hezurmamitzen joateko. OEE izan liteke sare horren ardatzetatik bat. Baina aipamen berezia merezi du, nola ez, Mondragon Unibertsitateak, zeren eta bertako atal batean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, euskara jakitea ia ezinbestekoa baita ikasle izan ahal izateko. Ekimen eredugarri horietatik euskal amarauna osatzeko pausoak nola eman argitzea dugu noraezeko ataza.
 
Eskerrik asko arretagatik.
 
ERREFERENTZIAK
FISHMAN, Joshua (2001), "El nuevo orden lingüístico", Internacional Journal of the Sociology of Language www.degruyter.de/journals/ijsl/index.html
MANJON, Roberto, “Euskararen jarraipena eta azpiegitura handiak Euskal Herrian”, Bat, 2009, 72 zk.
MANJON, Roberto, “Administrazioko euskara planez haratago. Begirada berri bat osakidetzako Planaren ebaluaziotik” Jakin, 2011, 183-184 zk.
OSAKIDETZA, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren Euskara Plana, 2005-2011.
OSAKIDETZAko Euskara Zerbitzua, Osakidetzaren 2005-2011ko euskara planaren ebaluazio partziala (web-orritik eskura daitekeen dokumentua).
SÁNCHEZ CARRIÓN, J.M. El espacio bilingüe, Eusko Ikaskuntza, 1981.
SÁNCHEZ CARRIÓN, J.M. Un futuro para nuestro pasado, Donostia, 1991.
ZALBIDE Mikel, “Joshua A. Fishman-en RSL edo HINBE”, Erabili.com, 2004-06-08.
ZALBIDE Mikel, “HP21: Oinarrizko txostena irakurri ondoko zenbait ohar", Erabili.com, 2008-07-09.

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan