Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak

3.8. OSASUNA 2.0

Egilea: Rubén Garcia Perez

Osakidetza. Bilbo Eskualdea. Lehen Mailako Arretako pediatra Txurdinagako Osasun Zentroan.


SARRERA
Internet eguneroko bizitzan bizi dugun eta erabiltzen dugun errealitatea da. Internet-en gauza anitz egiten dugu: opor-bidaiak programatu, kontsultak eta erosketak egin, urrun dauzkagunekin harremanak sendotu... baita kontsultarako baliagarria suertatzen zaigun informazioa bilatu ere.
Internet-ek sorreratik gaur egungo errealitatera arte, hainbat aldaketa jasan ditu. Web 2.0 terminoa tresna zehatza baino gehiago, Internet ulertzeko bidea da eta elkarrekiko beharra dugun komunikazioan eta elkarbanatzean oinarritua dago.

WEB 2.0A OSASUN-ARLOAN: BALIZKO ARRISKUETATIK APROBETXATU DAITEZKEEN AUKERETARA
Eskasagoa da, ordea, osasun-arloan, gure parte hartze aktiboa. Neurri handi batean erresistentziak aurkitzen ditugu gaixoarekiko harremanetan, askotan Internet etsaitzat hartzen dugulako (gure profesionaltasuna eta eguneratze-gaitasuna ezbaian al dago?). Baina gaixoak bertan daude, eta ezikusiarena egiteak ez du errealitate hori aldatuko. Horretan ez ezik, XXI. mendeko gizarteak eskatzen dituen osasun-profesionalak izango bagara, etengabeko heziketan zein osasun-profesionalen arteko komunikazioan ezinbesteko tresna dugu.
 
TRESNA ETA ERABILGARRITASUN BATZUK
Tresna zehatzen erabilera azalduko ez bada, Internetek eskaintzen dituen aukeren artean, hona hemen azpimarra ditzakegun batzuk:
-hurbil ez dauden profesionalen arteko harremana eta talde-lana erraztu, horretarako espazioak eskainiz.
-eguneratu beharra, berrien zabaltze azkarragoak ahalbidetu eta informazio espezializatua demokratizatu, batez ere gizarte-sareen bidez.
-sormenerako eta garapen profesionalerako aukera berriak eskaini.
-interes bereko baina profil desberdineko profesionalen arteko elkarlana ahalbidetu.
-gaixoarekiko harremanetan bide berriak zabaldu.
Azken finean, bere garaiko beste aurrerapen teknologikoekin gertatu bezala, Internet komunikatzeko bide berria besterik ez da, askatasun handiko berezko arauak dituena. Gadget berriak (tablet-ak eta smartphone-ak) agertu izanak bide horiek askoz zabalago egiten ditu.
 
TEORIATIK ESPERIENTZIARA: AITZINDARIAK ETA EUREN ISTORIO BATZUK
Tresnak hor ditugu, aukerak ia-ia mugagabeak dira. Beste arlo batzuetan jorraturiko bidea osasun-arloan ere jorratzen hasiak dira batzuk azken urteotan. Hala, kategoria zein espezialitate desberdineko osasun-profesional batzuk aurki ditzakegu sarean.
Adibiderik aipagarrienetakoa osasun-blogena dugu. Mota guztietakoak daude: pertsonalak, talde batenak, erakunde batenak; gaixoari zuzenduak, gai oso zehatza jorratzen dutenak edo zabalagoak; arlo profesional soila jorratzen dutenak edota bizitza profesionala eta pertsonala uztartzen dituztenak. Baita blog desberdinen arteko ekimen edo elkarlan esperientziak ere.
Aukerak ez dira hor bukatzen: gizarte-sareek osasunaren inguruko irakurgaiak eta ezagutza hedatzen dute, ekimenak zabaldu eta herritarrengana hurbiltzen gaituzte, osasuna ez baita gure kontsultako hormen barruan bukatzen.
 
BUKATU AURRETIK, BI HITZ INTERNET ERABILTZEKO MUGEI BURUZ
Aurretik esandako guztia, halere, ez dugu beti erabilgarri gure lanpostuetan (osasun publikoan, behintzat), eta hiru muga nagusi aurkitzen ditugu maiz: erakundeak blokeatzen duen informazioa; web 2.0a osatzen duten tresna berri asko ez dira bateragarriak lanpostuko nabigatzailearekin; hainbat formatu eta programa erabiltzeko ezintasuna. Ba al dago hauek gainditzerik?
Lotuko zatzaizkio elkarrizketari?
 
ONDORIOAK
Osasuna 2.0 ez da etorkizuneko aukera, egungo errealitatea baizik.
Osasun-profesionalon komunikazio-beharrak asebetetzeko tresna osagarri ezinbestekoa dugu.
Oraindik bide luzea dauka gure inguruko profesional gehienon artean, eskaintzen dituen aukera guztiak baliatu ahal izateko.

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan