22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak
3.9. Ezagutzatik berrikuntzara- Bilbo eskualdea
Egileak: Miren Josu Ormaetxea Legarreta, Jesus LarraƱaga Garitano
Osakidetza. Bilbo Eskualdea. Giza Baliabideen Zuzendaria; Osakidetza. Bilbo Eskualdea. Zuzendari Gerentea.
SARRERA
Osakidetzako Bilbo Eskualdetik eskaintzen dugun Lehen Mailako kudeaketa sanitarioak, 2004az geroztik, hobekuntza ibilbidea egiten dihardu, ibilbide horretan herritarrari zuzentzea izanik ardatz nagusia.
Ibilbide horrek kudeaketa aldatzeko beharrezko premisa bat izan du: “erakundeak arrakasta izango badu bere jardunean parte hartzen dutenei protagonismoa eman eta erlazio horrek aldaketa positiboak ekar ditzala eragin behar die”.
Zentzu horretan, Hobekuntza Taldeak baliatuz, gure proiektuen partaide eginez, erakundeko pertsonak aintzat hartu ditugu gure hobekuntzarako ibilbidearen oinarriak eta egitura ezartzeko.
Parte hartzeko, antolatzeko eta, ekintza eta aldaketa eragiteko daukaten gaitasuna kontuan hartuz profesionalak batzea, ezagutza partekatzeko eta hobetzeko sistematizazioaren hastapena izan zen. Lan egiteko eta hartu-emanetarako dinamika berri honek ezagutza asko eragiten zuenez gero, ezagutza hori sozializatzeko beharra ikusi genuen, hobetzeko eta aldaketak ekar zitzan.
Horrela bada, 2007an Ezagutzaren kudeaketa hobetzeko estrategia diseinatu zen, gure erakundean bertan pilatutako ezagutza elkarrekin konpartitzeko, sozializazioaren bitartez ezagutza berria eragiteko eta ezagutza-iturri berriak bilatzeko. Hori guztia, hobekuntzarako lankidetza-ingurunean -web 2.0 gunean, hain zuzen- oinarritua, eta gure osasun zentroen sakabanaketaren eta ordutegiaren mugak gaindituz.
HELBURU NAGUSIAK
§ Bilbo Eskualdeko profil guztietako profesionalen arteko (sanitarioak eta ez sanitarioak) ezagutza elkartrukea ahalbidetzea euren praktika profesionalaren esparru desberdinetan, horrela ezagutza berria eragiteko zerbitzuak hobetuz.
§ Osasun zentroetako saio klinikoetan eta administratiboetan sortutako ikaskuntzaren ezagutzaren elkartrukea ahalbidetzea. Horiek ON LINE argitaratuz, edozein profileko profesionalek euren ekarpenak egin eta ezagutza zabal dezaten saio partekatu eta globalizatuak prestatuz.
§ Euren jarduna oinarri duten Hobekuntza Taldeen bitartez sortutako ezagutza integratzea, erakundearen gainontzeko profesionalekin partekatzeko prozesuan aberastu dadin.
§ Lehen Mailako Arreta – Arreta Espezializatuko saio klinikoak edota baterako jarduerak planteatzeko aukera emango duen On Line lankidetza-ingurunea irekitzea ahalbidetzea.
EMANDAKO PAUSOAK
Hobekuntza taldea sortzea:
Bilbo Eskualdearen ikuspegi parte-hartzaileari esker, zeharkakoa eta talde profesional guztietako ordezkaritza (sanitarioak eta ez sanitarioak) izango duen (euretako bat arduraduna izango dela) Hobekuntza Taldea eratzea bultzatu da, erakunde osoan daukagun ezagutza nola elkartrukatu eta hobe daitekeen aztertzeko asmoz.
Ezagutzaren kudeaketarako plataforma teknologikoaren diseinua:
Hobekuntza Taldeak ezagutza plataforma era azkar eta interaktiboan atzitzeko aukera eskaintzea ikusten du proiektuaren eragile. Horretarako, on line plataforma edo erreminta proposatzen du (teknologikoki bloga).
Arlo tematiko ezberdinetan egituratu da, bakoitzak interesekoak diren eta lotura daukaten gaiak biltzen dituztela. Profesionalen artean ezagutza elkartrukatzeak (iradokizunak, iritziak baita kanpoko informazioa ere) bere baitan biltzen dituen gaiak zein arlo tematikoak eurak ere aberastea dakar.
2008ko IV. Bilbo Eskualdeko Prestakuntza Jardunaldien baitan aurkeztu zen era ofizialean eta, segidan, gure erakundea osatzen duten Lehen Mailako Arretarako Unitateetako bakoitzari modu banakatuan, plataformaren funtzionamendua profesional guztiek ezagutu zezaten.
Bestelako osasun-arreta mailekin Ezagutza partekatzea
Bilbo Eskualdeko Ezagutzaren Kudeaketa proiektuak arlo honetan aukera paregabea eskaini du osasun-arreta eredu desberdineko erakundeetako profesionalen arteko harremanak ahalbidetu dituen ataria eratu duelako. Dagoeneko Ezagutzaren Kudeaketarako Plataforman dagoen proiektu honek “SAIO PARTEKATUAK” du izena.
Parte-hartzaileen ezagutza konpartituz zenbait pertsonek parte hartuko duten proiektu zehatzak planteatzeko diseinatu da. Guztion onerako izango den emaitza lortzeko, elkarren artean ezagutza partekatzea oinarri izango duena.
Funtzionamenduaren xedea honako hau da: bai Lehen Mailako Arretako bai Espezializatuko dinamizatzaileek, saioaren ardura izango dutenek, batzuentzat nahiz besteentzat interesekoak diren saioak prestatzea. Saio bakoitzean tratatuko den gaiarekiko eztabaidarako bloke ezberdinak planteatzen dira. Profesionalek gaiari lotutako zalantzak plantea ditzakete, baita komentarioak eta ekarpenak egin ere. Dinamizatzaile bakoitzak parte-hartzaileek planteatutakoei erantzungo die On Line.
Proiektuak urte bat egin zuenean eta hainbat ekitalditan aurkeztu ondoren, asko izan ziren gurekin ezagutza konpartitzeko nahia azaldu zutenak, hori dela eta 2009ko uztailean, Osakidetzako langile guztiei sarrera eskaini genien, horretarako tresnan bertan moldaketak eginez.
Horrela bada, ezagutzaren elkartruke aberatsagoa lortu dugu, denei aukera zabalduz.
Datuak kontuan hartuz, 80.000 sarreratik gora izan ditugu eta 330.000 irakurketa-kopurua ere gainditu dugu. Horrez gain, Osasun eta Gizarte Politika Ministerioak antolatu ohi dituen kalitate sarietan, 2008ko edizioan hain zuzen, gardentasunari saria eman zion.
Baina Ezagutza partekatzea nahikoa ahal da? Ezagutza norberaganatuta, ezer egiterik edo ezer aldatzerik ba al dago?
Bilbo Eskualdeak, Ezagutza jaio denez geroztik, bertatik ustiatu dituen ideiak eta proiektuak hainbat izan dira, esaterako, Infogramak diseinatzea Lan Arriskuen Prebentziorako, pazienteentzat aldi bereko itzulpen-zerbitzua martxan jartzea, laneko biolentziaren aurkako kartelak diseinatzea, pazientearen segurtasunari lotutako gertaeren tratamendua ON LINE…
Bilbo Eskualdeak, ordea, Ezagutza proiektua berraztertzean eta hausnarketa egitean, lan-ardatz berria definitu du: Ezagutzaren oinarri izanik, Berrikuntza sistematizatura jauzi egitea.
Berrikuntza prozesu horren oinarri, Ezagutza plataforma bera da. Bertatik ustiatutako ideiak jorratu, profesional guztien iritzia eskatu, lan-talde eta foroetan forma eman eta bideragarritasuna aztertu ondoren, erakunde osorako proiektu bilakatu da.
Proiektuaren etorkizunaren garrantzia kontuan hartuz, Bilbo Eskualdeak eremua zabaltzea aukera gisa ikusi zuen, eta hala, Bizkaiko Lehen Mailako Arretako gainontzeko hiru eskualdeei proiektua elkarrekin bultzatzeko eskaintza egin zien. Horrela jaio zen bada, HOBE4+.
Proiektuaren egiturak Ezagutzarekin egindakoaren eskemari jarraitzen dio: lehenengo lan-taldeetan oinarritutako plataforma hedatu eta, gero, lau erakundeetako (frogaldian Bizkaiko lau eskualdeetakoak) arduradunen inplikazioa lortu, hobekuntza-proiektuak urteko kudeaketa planetan txertatuz.
ZERTAN DATZA HOBE4+?:
Arestian esandakoaren haritik, proiektuaren oinarri ideiak dira. Langile bakoitzak, beren-beregi diseinatutako plataforma baten bitartez, bere ideiak planteatzeko aukera dauka. Behin hori eginda, plataforman erregistratutako langile guztiek, bertan azaltzen diren ideiak gustuko dituen ala ez bozkatzeko eta komentarioak uzteko aukera daukate.
Ideia guztiak aztertzeko eta bideragarri ote diren epaitzeko “Ezagutza ideiak” deritzon lan-taldea eratu da. Talde horrek, ideiok aztertzeaz gain, bakoitzari buruzko informazioa bildu ohi du eta bere bideragarritasuna erabaki. Ondoren, informazioa bigarren lan-talde bati igortzen dio, Berrikuntza Taldeari alegia. Talde horrek erabakiko du zein ideia bilaka daitekeen proiektu eta zein ez.
Proiektuek bi bide egin ditzakete: barne-proiektuak izan daitezke eta kudeaketa-planen bitartez hedatzea edo kanpo-proiektu bihurtzea eta I+D-ren bitartez hedatzea.
HOBE4+ proiektuaren ezaugarri nagusien artean honakoak nabarmendu genitzake: Berrikuntza irekia sustatzen du, prozesu-sortzaileak ixteko bidea ematen du, teknologia berriak detektatzeko eta garatzeko tresna da eta, azkenik, proiektuakkanporatzerakoan Eskualdeko ekonomia piztu eta lanpostu berriak sortzeko ahalmena dauka.
Momentu honetan HOBE4+ deritzon plataforma errealitate bat da http://www.hobegehi.com/, 4.000 lankide daude erregistratuta, 80 ideiatik gora daude, 1.400 boto inguru eta ideiei buruzko 550 iruzkin. Bestalde, 2012ko Eskualdeetako kudeaketa-planetan HOBE4+-tik ateratako 6 proiektu landuko dira.
BI PROIEKTUON GILTZARRIAK
- Bilbo Eskualdeak, erakundeak berak abian jarri dituen hobekuntzen bitartez, erakundeak bere baitan biltzen duen ezagutza eta informazioa PARTEKATZEAREN eta KUDEATZEAREN BALIOA frogatu du.
- EZAGUTZA Proiektuak Arreta Espezializatuarekiko lankidetza-ituna dakar, berorrekin partekatzen baitira guk guztiok zerbitzua ematen diegun herritarrei eta pazienteei eragiten dien prozesuei buruzko kezkak, zalantzak eta hobekuntzak.
- Hortaz, elkarrizketa ARDURATSU, DEMOKRATIKO ETA GARDENEKO praktika ona da (guztien eskura dagoena eta edozein profileko profesionalengandik datorrena).
- Azkenik, ezagutzaren elkartrukean, profesionalen parte-hartzeak eskaintzen duen informazioa azpimarratzea. Batetik, hobekuntzan profesionalen inplikazioaren adierazlea da, guztiok partekatu eta guztion artean diseinatu dugun proiektuarekiko partaide zentzua eta harrotasuna.
- Esperientziok teknologia berriek eta komunikazio-bideen demokratizazioak berekin dakarten aukeraren froga praktikoa dira. Berorren bitartez, guztiok pairatzen genuen komunikazio arloko hutsunea, sekula gustuko emaitzarik ez zuena, konpondu dugu seguruena.
- Proiektu horrek gure igurikimenak hainbatez gainditu ditu. Norberak ez daki zein dimentsio hartzen duen tresnak esperimentatu eta ezagutza sozializatzean, interakzioaren partaide egiten den arte. Horrek berekin ekarri du, hobekuntza erdieste aldera, lankidetzazko parte-hartzerako eskenatoki berria eraikitzea, konfiantzan/gardentasunean oinarritutako komunikazio-ingurunean eta erakundeko edozeini parte hartzeko aukera emanez, inor baztertu gabe.
- Ezagutza eta ideien partekatzeak, aldaketak eta berrikuntza ahalbidetzen ditu, eta lankideen esperientziaren eta sormenaren bitartez erakundeakaurrera egitea lortuko dugu.
http://osakidetza.blog.euskadi.net/ezagutza/