22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak
3.10. TELEBGBK (Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa) duten eta berriro ospitaleratutako pazienteak, informazioaren teknologiak erabilita, kontrolatzeko ereduaren eraginkortasuna
Egilea: BegoƱa Goiria Bikandi
Osakidetza. Igorreko Osasun Zentroa. Lehen Mailako Arretako medikua.
SARRERA
Arnas aparatuko gaixotasun kronikoak heriotza eragiten duen bigarren arrazoia dira, gaixotasun kardiobaskularren ondoren soilik. Hilkortasunaren 4 arrazoi ohikoenen artean (bihotz-hodietako gaixotasuna, garuneko hodietako gaixotasuna, minbizia eta BGBK), BGBK da prebalentzia-tasak handitzen jarraituko duen bakarra, %65 arteko hazkundeaz hurrengo 20 urteotan.
BGBK moderatua eta larria duten pazienteek, batez beste, urteko 2,6-3,4 okerragotze izaten dute. Ospitale batean alta emandako pazienteen %40-50ak berriro ospitaleratu behar izaten du hurrengo urtean. Okerragotzeen garrantzia hurrengo ondorioak edukitzetik dator: biriken funtzioaren murrizketa; ospitale barruko eta kanpoko hilkortasuna handitzea, osasunari lotutako bizi-kalitatea narriatzea eta gastuaren hazkundea. BGBKri egotzi dakiokeen osasun-gastuaren barruan, %50 baino gehiago ospitaleratzeekin lotuta dago.
BGBKri eta, oro har, gaixotasun kronikoei lotutako alderdi hauen ondorioz prozesu hauei aurre egiteko beste modu batzuk plazaratu dira. Paziente hauei emandako atentzioa aldatu da, beraien deskonpentsazio akutuetan asistentzia ematetik, pazienteek haien zainketan era proaktiboan jardutera, autokontrola sustatuta.
Ildo horretan, Telemedikuntza izan liteke antolabide berriak garatzeko gakoa. Eta telemonitoreak ugaltzea, pazienteen egoera urrunetik kontrolatzeko informazioaren teknologiak erabiltzea, ildo horretan doan tresna bat da. BGBKko Telemedikuntzak ez dauka gaur egun azterketa erabakigarririk bere efikazia eta efizientzia zalantzarik gabe bermatzeko. Izan ere, Telemedikuntzaren Komunikaziorako Europako Batzordeak bere dokumentuan eremu horretan azterketa egokiak egin beharra azpimarratu zuen.
BGBK duten pazienteek, bihotzeko gutxiegitasun kronikoa duten pazienteekin gertatzen den bezala, narriadura progresibo orokorra jasaten dute, baina goiz detektatu eta artatu daiteke, ospitaleratu beharra izan baino lehen. Gainera, okerragotzeak goiz artatzeak, ospitaleratzeak murrizten dituela nabaria da BGBKn. Bestetik, pazienteak bere datu propioak egunero bidaltzen inplikatzean, bizimodu osasungarriagoari atxikitzean eta bere tratamendua hobeto betetzean eragina izan dezakeela uste dugu.
Aurrekoa oinarri hartuta, garatu dugun TELEBGBK proiektua ondo egituratutako azterketa da eta aipatutako beharrizanei erantzuten die.
IKERKETAREN HELBURUAK
Honako hauek dira:
1.- Okerragotzeengatik berriro ospitaleratu behar izan direnen tasa zehaztea hurrengoekin alderatuta: norbere buruarekin aurreko urte biotan; eta kanpoko kontrol-talde batekin interbentzioaren aldian.
2.- Larrialdietan berriro ospitaleratutako BGBKko kohorte honen maiztasuna zehaztea, kontrol-taldearekin alderatuta.
3.- Osasunari lotutako bizi-kalitatea jarraipenaren aldian ebaluatzea, kontrol-talde batekin alderatuta.
4.- Kohorte bietako pazienteen gogobetetze-maila ebaluatzea
5.- Honako programa hau ezartzetik datozen kostu medikoak zehaztea, zainketa arrunten bidez jarraitutako talde batekin eta programa honetan sartu aurreko kostuekin alderatuta.
PROIEKTUAREN DINAMIKA
Pazienteak hautatu ondoren, informatzeko saio batera gonbidatuko ditugu. Bertan, beren gaixotasunari buruzko azalpen orokorra eman eta proiektuaren helburuak nahiz ezaugarriak jakinaraziko zaizkie. Baimena sinatu ondoren, ospitalean bilera bat egingo da gaixotasunari buruzko ezagutzetan egituratutako programa baten bitartez sakontzeko. Goiz osoan proba- eta test-sorta bana egingo zaie: Galdetegi orokorra, disnearen ebaluazioa (ZEM disnearen eskala, Borgen disnearen eskala), bizi-kalitatearen ebaluazioa (St. George´s respiratory questionnaire, SF-36), antsietate eta depresioaren ebaluazioa (HAD), eguneroko bizimoduari buruzko Londres Galdetegia, 6 minutuko Martxaren Testa, indar muskular periferikoaren zehaztapena eta Arnasaren azterketa funtzionala.
Ondoren, erizainek pazienteei IKTak erabiltzen irakatsiko zaie. PDA, pultsixiometro eta podometro bana emango zaizkie. Egunero, pazienteak hainbat aldagai helarazi beharko ditu: O2ren saturazioa, bihotz-maiztasuna, arnas-maiztasuna, gorputzaren tenperatura. Halaber, aldez aurretik ezarritako zenbait galderari erantzun behar dio (karkaxaren bolumena eta ezaugarriak, disnea-maila, jarduera fisiko maila eta osasun-egoera orokorra).
Honako informazioa Pneumologia Zerbitzuan dagoen ordenagailu batera igorriko da. Aldagaien balioek eta horien konbinazioak 3 alerta-mota osatzen dituzte, larritasunaren arabera antolatuta (alerta berde, laranja eta gorria). Egunero, erizain arduradunak (erizain bitartekaria) paziente guztiengandik jasotako datuak aztertu eta, horrela, erabakiak hartzen dira. Horretatik eratorritako jarduerak hurrengo hauek izan daitezke: telefono-deia, Lehen Mailako Atentzioak ebaluatzea, Ospitaleko Pneumologiak kontsultan ebaluatzea edo Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan ebaluatzea.
Arratsaldeetan eta asteburuetan, pazienteak trebatutako erizainak dauzkan Call Center baten laguntza jasoko du. Pneumologia Zerbitzuarekin lankidetzan, Call Centerrek hala behar duten pazienteen telefono bidezko jarraipena egiten du eta, aldi berean, pazienteak kontaktatzeko haren telefonoa dauka; behar izatekotan, berarekin harremanetan jartzeko.
BEHIN BEHINEKO EMAITZAK
Pazienteak hartzeko aldia oraindik amaitu ez den arren, eskaini daitezkeen behin behineko emaitzak hurrengo hauek dira:
|
Programaren aurreko 2 urteotan
|
Programan sartu eta gero
|
Ospitaleratze-kopurua
|
0,89
|
0,78
|
Larrialdietan artatutako aldi kopurua
|
0,33
|
0,22
|
4 egun baino gutxiagoko ospitaleko egonaldiak
|
%62,5
|
%83
|
Pazienteek erakutsitako gogobetetze-mailari dagokionez:
- “Lehengoarekin konparatuta, gaixotasunaren kontrola apur bat / askoz hobea dela esango zenuke” galderari baiezkoa eman zion pazienteen %94,1ek.
- PDA erabiltzeko zailtasunari dagokionez, ez zela zaila edo apur bat zaila zela erantzun zuen %94,1ek.
Programarekin duten gogobetetze orokorraren alorrean, nahiko edo oso pozik zegoela adierazi zuen 0k.