Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak

3.1. Medikalizazioa

Egilea: Eulalia MariƱelarena MaƱeru

Gipuzkoako Familia eta Komunitateko Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko burua.


SARRERA
Orain dela mende laurdena azaldu zen lehen aldiz “medikalizazioa” hitza osasungintzako eztabaidetan, Foucault, Navarro, Mendelsohn eta Skrabanen testuetan, eta batez ere, Illichek Némesis médica liburua argitaratu zuenean. Ondorioz, alerta ugari piztu zen osasun munduan, nahiz bertatik kanpo. Medikalizazioa edozein arazo arrunt, arazo mediko edo gaixotasun bihurtzeari deritzogu, hau da, edozein arazoren aurrean osasun ikuspegia aplikatzeari (nahiz eta akaso emaitza hobeagoak lortu genitzakeen hori egin gabe). Honen harira, orain arte axioma moduan bizi izan ditudan kontzeptu batzuen inguruan hausnarketa egitera gonbidatu nahi zaituztet.
 
GAIXOTASUNAREN DEFINIZIOA
R. Smith-ek zioen bezala “gaixotasunaren ideia labainkorraz gogoeta sakona egiteak onurak ekarriko dizkigu eta galera bakar bat ere ez”. Gaixotasunaren definizio dinamikoan zientziaren garapenak eta faktore soziokultural zein ekonomikoek eragin zuzena dute. Diego Graciaren arabera, gaixotasuna gizarteak testuinguru zehatz batean erabakitzen duena da.
Adibideak ugariak dira: XIX. mendean S. A. Cartwright medikuak drapetomania izeneko gaixotasuna deskribatu zuen, esklabuek sentitzen zuten askatasun grina edo esklabutzaren aurkako sentimenduak jasotzen zituena. 70. hamarkadara arte homosexualitatea DSMko gaixotasunen sailkapenean agertzen zen eta Smithek 2002an British Medical Journal-en argitaratutako ikerketa batean jasotzen duen moduan, gaur egun, zahartzaroa, lanaz aspertzea, betzuloak, burusoiltasuna, zorionik eza eta abar, kontsultarako arrazoi arruntak bihurtu dira.
XXI. mendeko giza balioek, kontsumismoak, zientzi eta teknikaren hedapen izugarriak eta informazioaren sozializazioak, gaixotasun “berriak” asmatzea errazten dute. R. Moynihan, Plos Medicin-ek, Disease Mongering sailean dioen bezala, medikalizazioaren eta asmatzen diren gaixotasunen arteko lotura, bost atalen bidez ematen da:
  1. Bizitzako gertakizun naturalak arazo mediko bihurtzea (haurdunaldia, menopausia, heriotza, etab.)
  2. Arazo pertsonalak edota sozialak arazo mediko bilakatzea (lotsa fobia sozialarekin lotzea, adibidez).
  3. Sintomen maiztasunari gehiegizko garrantzia ematea (erekzio ahulezia, andropausia, etab.)
  4. Sintoma arinei gehiegizko garrantzia ematea (heste suminkorra, etab.)
  5. Arriskua gaixotasun bihurtzea.
Ez genuke ahaztu behar ordea zeintzuk diren biztanleen osasunean eragina duten faktoreak, hala nola, bizimodua, faktore biologikoak, ingurunea eta osasun sistema; azken hau, gizartearen osasun mailan gutxien eragiten duen faktorea izanik.
Hala ere, osasun sistema bizitzarekin lotuta dagoen edozein ondoez konpontzeko gaitasuna duen erakundetzat onartzen da eta arriskua gaixotasun bihurtu denean ere, pertsona osasuntsuen ardura hartzeko gaitasuna duen sistematzat barneratu.
 
BADAEZPADA HOBE DA AURREIKUSTEA
Ideia honek garrantzi berezia du medikalizazioa azaltzerakoan eta ondorioz, osasuntsu dauden herritarrei zuzendutako ekintza prebentiboak erruz zabaldu dira.
Ekintza prebentiboek osasun zerbitzuak bultzatutako neurriak biltzen dituzte eta pertsona osasuntsuei zuzenduta daude, bai gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egiteko eta baita arrisku faktoreak antzemateko ere. Ikerketa epidemiologikoetan oinarritzen dira eta beraz, biztanleria orokorrean hartuta eginiko ikerketen ondorioak, kasu indibidualetara aplikatzeak izaten ditu eragozpenak.
Programa prebentiboak ez dira kalterik gabekoak. 2002an Sacket-ek medikuntza prebentiboak izaera harroa eta handiustekoa zuela eta baieztapen oldartsuak egiten zituela adierazi zuen artikulu batean. Izan ere, honek ziurtatzen du, kalte mesede baino gehiago egiten duela eta horrez gain, eskainitako gomendioak zalantzan jartzera ausartzen direnei eraso egiten die.
Publikatu berri den artikulu batean, Welch-ek baheketa goiztiarreko programek dakartzaten arriskuei buruz ohartarazi nahi du. Alde batetik, baheketa frogaren arriskua bera (mamografien erradiazio arriskua), bestetik, negatibo faltsuak (oinarririk gabeko lasaitasuna ematen dutenak), positibo faltsuak (antsietatea sorrarazi eta diagnosirako froga pila egitea eragiten dutenak) eta azkenik, eta seguru aski larriena, gain-diagnosia, gehiegizko jarduera terapeutikoak ondorio fisiko iraunkorrak eragiten dituelako. EEBBetako datu epidemiologikoetan oinarritutako ikerketa honen arabera, hainbat minbiziekin (prostata, tiroide, bular eta melanoma) lotutako heriotza-tasa ez da gutxitu nahiz eta diagnosi-tasa nabarmen handitu den. Honek zalantzan jartzen du diagnosi goiztiar horien adierazgarritasun klinikoa. Prostata minbiziaren kasuan, diagnosi goiztiarrak arrisku eta abantailen arteko balantza kolokan jarri du eta berriki TASK FORCE amerikarra baheketa horren aurka agertu da.
Arrisku faktoreen kudeaketa farmakologikoari dagokionez, ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) argitaratutako “Ponencia de necesidades de recursos humanos del Sistema Nacional de Salud” txostenak dionez, estatu espainiarraren osasun-gastu osoaren %25a farmazia gastuari dagokio (beste herrialdeena baino askoz ere gehiago), eta ehuneko horren zati handi bat prebentziorako (batez ere, prebentzioa kardiobaskularra, hezur hausturarena eta gastroprebentzioa) farmakoek osatzen dute, nahiz eta jarduera hauetako askok oinarri garbirik ez duten.
 
OSASUN JARDUERA ONURAGARRIA
Gaitzak hain modu zabalean ulertzerakoan, diagnosiaren armiarma sarean gero eta pertsona osasuntsu gehiago harrapatzen dira eta horrek interbentzioak eta hauen ondorioak areagotzen ditu. 1999ko “Institute of Medicine” txostenak osasun jardueren ondorio kaltegarrien heriotza-tasa, bularreko minbizia, hiesa edo trafiko istripuena baino handiagoa zela zioen. Geroztik, herrialde askok euren txostenak plazaratu dituzte (estatu espainiarrean ENEAS, APEAS) eta pazienteen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzera bultzatu ditu osasun sistema gehienak.
Interbentzionismo horrek aurretik ezagunak diren hiru mailatako prebentzioez gain, laugarren mailako prebentzioaren kontzeptua onartzea ekarri du: erabiltzaileak osasun sistemak berak eragiten dituen ondorio kaltegarrietatik babestearena, alegia.
Gauzak horrela izanik, hasieran planteatutako hiru axiomek beste ikuspegi hau ere izan dezakete:
  • Gaixotasuna labainkorra eta aldakorra da
  • Irtenbidea gaitza baino okerragoa izan daiteke
  • Osasun jarduera iatrogenoa da
Bukatzeko, ez du ematen norabide egokian goazenik eta beraz, eredu honen jasangarritasun sozial eta ekonomikoari buruz hausnarketa egin beharko genuke.
Ibilbide berri eta egokian lagunduko liguke, eszeptizismo kritikoa mantentzeak (ziurgabetasuna onartzen ikasi eta medikuntzak eta teknologiak arazo guztiak konpontzeko gaitasunik ez dutela onartzea), osasuna alfabetatzeak (oinarrizkotzat jotzen ditugun tratamenduen eraginkortasuna balore absolutuetan - Arriskuaren Gutxitze Absolutuaren (AGA) – oinarritzea eta ez erlatiboetan) eta azkenik, gure irizpideak modu ezegokian baldintzatzen dituzten itunak desegiteak.
 
BIBLIOGRAFIA
- Illich I. Limits to medicine. London: Penguin, 1990
- Márquez S, Meneu R. La medicalización de la vida y sus protagonistas. Gestión Clínica y Sanitaria. 2003;5:47-53.
- Moynihan, Ray . Selling sickness: the pharmaceutical industry and disease mongering. BMJ. 2002; 324(7342):886-890.
- Moynihan R, Henry D (2006) The Fight against Disease Mongering (1): Generating Knowledge for Action. PLoS Med 3(4): e191. doi:10.1371/journal.pmed.0030191.
- Smith R. In search of "non-disease". BMJ. 2002;324(7342):883-5.
- Heath I (2006) Combating Disease Mongering: Daunting but Nonetheless Essential. PLoS Med 3(4): e146. doi:10.1371/journal.pmed.0030146.
- Welch HG, Black WC. Overdiagnosis in Cancer. Journal of the National Cancer Institute. 2010;102(9):605-13.
- Sanghavi DM. The perils of excessive medical care. The Lancet. 2011;377(9777):1561-2. 
- Miguel  F,  Montero MJ.  Las cifras mágicas en la prevención farmacológica de la enfermedad cardiovascular y de fracturas. Una valoración crítica. BIT. 2009;174(4).  
- Grupos terapéuticos y principios activos de mayor consumo en el SNS en 2010. Información Terapéutica del Sistema Nacional de Salud.2011;35:124-128
- Blech J. Los inventores de enfermedades. Cómo nos convierten en pacientes. 1ª ed. Barcelona: Destino. Colección imago mundi, volumen 65; 2004

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan