Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

22. Osasun Biltzarra: Osasun-langileon erronka berriak

3.6. Sendagile Artean (Medikua gaixotzen denean)

Egilea: Angel Alayo Arrugaeta

SENDAGILE ARTEAN-PAIME CAVeko koordinatzailea.


Honako hauek dira mediku baten betebeharrak: lehenengo eta behin norbere burua osatu, eta norbere buruari lagundu, inor lagundu baino lehenago. (Atenaseko mediku baten epitafioa, K.a.II mendea).
EAEko Sendagile Artean-MGLOE*, Euskal Herriko Mediku Gaixoarentzako Laguntza Osoaren Egitaraua, Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren proiektu bat da. Proiektu honek buruko patologia edota droga kontsumo arloan, osasun laguntza osoa eskaintzen die halako arazoren bat duten medikuei.
 
MGLOEak EEBB eta Kanadan sortu ziren 60-70. hamarkadetan; baina urte asko igaro behar izan ziren Europara heldu baino lehen. Hain zuzen ere, lehenengo MGLOE europarra Katalunian eratu zen, 1998an, PAIMM izenekoa (Programa d´Atenció Integral al Metge Malalt). Gure Sendagile Arteanek ordea, 2004 urtearen udazken arte itxaron behar izan zuen argia ikusteko.
 
MGLOEk agertzearen arrazoia sortutako beharra izan zen. Hala, Katalunian, osasun mentala edota droga atxiki arazoren bat daukaten medikuek, beste medikuek baino, gaixoek jarritako kexa eta demanda askoz gehiago zituztela konturatu ziren.
MGLOEren ezaugarri nagusiak hauek dira:
-          Laguntzen diren patologien garrantzia
-          Egitarauaren osotasuna
-          Egitarau hau profesio bertatik sortzen da
-          Azken helburua: praxi ona bermatzea
 
Isilpekotasuna
Sendagile Arteanen helburua buruko arazo edota jokaera adiktiboak sufritzen dituzten medikuei laguntza osoa ematea da, behar duten tratamendua ziurtatzeko, eta ondorioz, lanera baldintzarik onenean itzultzeko.
Laguntza osoa edo laguntza integrala diogunean, ez dugu esan nahi laguntza medikoa bakarrik izan behar dela, baizik eta lan, familia eta justizia esparruetan ere, baldintzek horrela eskatuko balute.
 
Beste aldetik, biztanleria orokorrak medikuen aldetik praxi on bat jasotzen duen bermatzea Sendagilen Arteanen xedea da ere. Arlo honetan, gure kode deontologiko agertzen den agindua baino ez dugu betetzen; zehazki V kapitulu, 19 Art., 2 eta 3 pasarteetan.
2- (sic) Mediku batek bere adimena edo bere trebetasun teknikoa hondatzen ari dela ikusiko balu, adina, gaixotasuna edo beste arrazoiengatik, ahalik eta arinen bere konfiantza handieneko lankide bati aholkua eskatu beharko dio, bere ekintza profesionala behin behineko edo behin betiko, aldatu edo eten egin beharko duen, erabakia hartzeko.
3- Medikua bere hutsuneez konturatuko ez balitz, baina beste lankide batek bai ikusiko balitu, hau berari esatera derrigortuta dago, eta behar izanez gero, era objektibo eta diskretu batean Medikuen Elkargoan jakin araziko du. Ekintza hau ez da izango anaitasunaren kontrako hutsunea, gaixoen onurak, beti lehentasuna izan behar duelako.
 
Oro har, medikuak oso gaixo txarrak izaten gara, eta hori arrazoi ezberdinengatik izan ohi da: gertatzen zaiguna zer den badakigula uste dugu eta, kontrolpean daukagula pentsatzean, gure arazoa gutxiesten dugu. Gure gaixoengan urdurituko gintuzketen sintomei, guregan garrantzia kentzen diegu. Gure buruari sarritan jartzen diogu tratamendua; itxaron gelei beldur itzela diegu, gure gaixoek edota gure lagunek ikus gintzaketelako eta honekin batera heldu lekiguken estigmatizazioagatik; horrexegatik askoz gehiago gustatzen zaigu pasilloko kontsulta informala: aizu, zuk zer egingo zenuke daukadan kasu batean…?.
 
Guzti horren ondorioz, kasu askotan denok ezagutzen dugu zer gertatzen den: arazoari uko egitea, profesionala baztertzea, lan ezintasuna, baliaezintasuna, diziplinazko espedientea…
 
Arazo guzti hauek gerta ez daitezen, eta medikuak tratamenduan jar dezan errazteko MGLOEak sortu ziren. Bi ezaugarri nagusik bereizten du MGLOE: nahitasuna, hau da, gaixoak MGLOEra joatea nahi izan behar du, eta zuhurtasuna.
 
Zuhurtasunez esatean, terapeutaren kontsultako sarrera era diskretu batean egiten dela esan nahi dugu, inorekin konpartitu gabeko itxaron gelatik pasatuz. Izan ere, ez dago identifikaturik terapeutaren kontsulta MGLOEtzat. Are gehiago, gaixoa goitizenaz joaten da kontsultetara, ez dio inori bere benetako izena eman behar, berak nahi ez badu; salbuespena salbuespen, MGLOEren koordinatzaileari egitaraura sartzen denean, baten batek ziurtatu egin behar diolako medikua dela. Gaixoa instituzio itxi batera sartu behar badu, hemendik at egiten da, Bartzelonako Galatea Fundazioan hain zuzen ere, non inork ez duen ezagutzen… Hau da: erraztasun guztiak jartzen zaizkio, bere kontsultara hurbiltzeko eta tratamendua hartzeko erresistentzia gainditu dezan.
 
Sendagile Arteanek ez du bildu gura era esklusibo batean mediku gaixoen osasun mentalaren laguntza, medikuen osasunaz arduratzen diren beste sare motak daudelako: publikoa, jabeduna, lan osasuna,.... MGLOE eskaintza ezberdina da beste lekuetara joateko oztoporen bat dutenentzat.
 
Gure terapeutak hiru lurraldetan daude, eta ez dago arazorik lurralde batean bizi den gaixo bat, bere nahia horrela bada, konfidentzialtasuna bermatzeko edo hobeto datorkiolako, beste lurraldera tratamendua hartzera joateko.
Egitaraua gaixoentzat doanik da, Euskal Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Euskadiko Sendagileen Kontseiluak erdibana ordaintzen dutelako.
 
Sendagile Arteanekin harremanetan jartzeko, 646 581 200telefonora baino ez da deitu behar. Batek ez badu gogoratzen zenbaki hau, bere elkargora dei dezake esanez MGLOEgaz hitz egin nahi duela. Horretarako ez du eman behar bere izena, kontaktatzeko telefono zenbaki bat uztea nahikoa delako, egitarauaren koordinatzaileak beranduago dei diezaion.
 
Sendagile Arteanek dituen 7,5 urteetan, 125 gaixok jaso dute tratamendua, bataz besteko intzidentzia 16 gaixo urteko izan delarik, gutxi gorabehera.
 
40 urteko jardute profesionalean, medikuen -12k MGLOEren barnean dagoen gaixotasunen bat sufritzen du; kasu hauen erdia antzemangarriak dira. Kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan zenbat elkarkide dauden, 20 kasu berri aurkitu beharko genituzke urtero, baina jakina, arestian aipatu dugunez, kasu guztiak ez dira Sendagile Arteanera etortzen, batzuk beste sareetara doazelako, eta hori baldin eta kontsultatzen duten.
 
Urte hauetan, guztira ikusi diren 125 kasutik, 48 egitarauan jarraitzen dute. Kontuan izan behar dugu ikusten diren gaixotasun gehienak kronikoak direla.
 
Beraz, 2011ko abenduaren 31 arte 77 alta eman dira, horretatik 6 “exitus-gatik”. Hori dela eta, hilkortasun tasa altua dela esan genezake, %5 gutxi gora behera. Heriotza gehienak ustezko buruaz bestekoak izan dira. Kontuan izan behar da medikuetan, eta era orokor batean osasun langiletan, depresio psikiko sakonetan buru-hilketa 2 edo 3 bider sarriago gertatzen dela gainerako biztanletan baino.
 
Sendagile Arteanen ikusten diren kasu batzuk arinak dira, baina beste batzuk nahiko larriak; horrela, joan den 2011n, heriotzez gain, beste 6 kasu ospitalera sartu behar izan zituzten.
 
Hala ere birgaixotzeak oso gutxi dira, kasu gehienetan patologia kronikoa izan arren. Horrela iaz, kasu bat baino ez zen egitaraura itzuli arrazoi horregatik.
 
Lurraldeka antolatuz gero, gaixoen banaketa hauxe da: Bizkaian 71, Gipuzkoan 37 eta Araban 17. Banaketa hau lurraldeko elkarkide kopuruaren arabera proportzionala izan da aurreko urtera arte. Iaz, ostera, 21 kasuetatik 18, Bizkaian gertatu ziren, proportzionaltasuna hori apurtuz.
 
Oro bilduz, 2004tik 2011ko abendua artean ikusitako 125 gaixotik, gaur egun bere egoera hauxe da: 61 lagunek alta hartu dute eta bere lanpostuan daude lan egiten; beste 11k lan ezintasun iraunkorra lortu dute eta 6 hil egin dira. Gainerako 48k egitarauko kontsultetan jarraitzen dute; 41, hau da, gehienak, lanean ere.
 
Banaketa sexu arabera: 50 andrazkoak eta 75 gizonezkoak dira.
 
 
Adinaren araberako banaketan 36 eta 50 bitarteko adinakoak gehienak (68 kasu) direla ikus daiteke, gero 50 urte baino nagusiagoak datoz (52 kasu), eta azkenean 36 urte baino gazteagoak (5 kasu).
 
Lan motaren arabera, %77k lan publikoa baino ez zeukan; beste ak sare publikoan zein pribatuan lan egiten zuen, eta ak sektore pribatuan bakarrik ziharduen.
 
Gaixo gehienak ere, hau da, %51,2 ospitale arloan lan egiten zuten, %37,6 berriz lehen mailan eta ,2 beste lan esparrutan.
 
Sendagile Arteanera sartzeko zioa gehienetan, 125tik 80, buruko gaixotasunagatik izan da, 21 alkoholarekiko arazoak, 17 beste drogaren baten abusua eta 7 “patologia dual” delakoa.
 
Joan den 2011. urtean, Galatea Fundazioaren laguntzarekin hasieran, prebentzio lanei eman genien. Ildo horretan honako hau esan behar dugu: lan prebentiborik garrantzitsuena talderik apurkorren eta ahulenaren gainean egin behar direla, hau da, egoiliarren multzoan. Egoiliar taldeak, hauskorrenak izateaz gain, etorkizun handiena daukala ere esan genezake, beraz, ez dago inbertsio hoberik ere; halan da ze, tutoreentzako eta irakaskuntzaren arduradunentzako, BAMEen (MIR) osasuni buruzko tailer batzuk antolatu dira.
 
*MGLOE gazteleraz PAIME: Euskal Herriko Mediku Gaixoarentzako Laguntza Osoaren Egitaraua

Azken Berriak

Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...
OEEren Osasun Biltzarraren hitzaldia ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan hitzaldian parte hartu zuten osasun-arloko profesionalek esandakoak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Hitzaldia: "Historia klinikoa euskaraz: beharra e...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan