23. Osasun Biltzarra: Haurtzarotik Gaztarora...
3.4 Diagnostiko bat gure euskararen osasunari
Egilea: Fernando Rey Escalera
Medikua. Itzultzailea. Iruña.
ASMOA
Gure euskararen osasunari, hau da, osasun arloan euskarak duen egoera aztertuta, nolabaiteko diagnostikoa egitea.
Azterketa hau guztia Nafarroan dago zentratuta. Beraz, gauza batzuek Euskal Herri guztirako balioko dute, baina beste batzuk, aldiz, espezifikoak dira.
ITZULPEN LANEAN ETA DIAGNOSTIKOAN, MAIZ, BERDINTSU: “AHAL BEZAIN HURBIL, BEHAR BEZAIN URRUN”
Itzulpengintzan lana egoki egiteko, maiz esaten dugu “ahal bezain hur- bil, behar bezain urrun”. Segur aski, diagnostikoa egiteko trebetasunean ere garrantzitsua da goiburu hori bera: datuak, eta sintomak, eta gaixotasunaren zeinu guztiak hurbiletik begiratu behar dira, baina distantzia pixka bat ere har- tu behar da, egoera bere osotasunean ikusteko, datu edo sintoma batekin ez itsutzeko, eta errealitatea bere inguruabar guztiekin batera aztertzeko.
Ba, hori hala delarik, nire asmoa gure arloan, osasungintzan, euskarak duen osasunaren diagnostikoa egiteko, nire abiapuntuak gauza positiboak ditu, baina gauza negatiboak ere bai. Distantzia pixka batekin begiratzen ahal dut gure gaixoa: pazientea naizen aldetik, osasun-arloari maiz begiratzen diodan medikua naizen aldetik, osasun-arloan lan egiten duten lagun batzuk ditut, baina ez naiz lanean ari zuen arloan. Eta beste datu batzuk ere baditut: adibi- dez, jardunaldi hauetan, azkeneko 16 urteetan, lau aldiz tokatu zait zuzenketa lana egitea, eta, idatzizko lanak zuzendu beharra besterik ez izanagatik nire egitekoa, zenbait gauza ikusteko bidea eman dit.
GURE PAZIENTEA EZ DAGO OSO BIZKOR, BAINA EZ DA LARRI EDO HIL HURREN ERE
Euskalgintzan, baikorkeriak zein ezkorkeriak deus ere ez egitera bultzatzen gaituzte. Horregatik, bietatik aldentzen saiatzen naiz ni, egoera zeinahi delarik ere aurrera egiteko pausoak emateko.
Euskara ahul ez balego, osasun-arloko euskarari gaixo dagoen sintomarik ikusi izan ez bagenio, OEE sortu ere ez zen izanen.
OMEk honela definitu zuen osasuna 1946an: erabateko ongizate fisiko, mental eta soziala, eta ez bakarrik gaixotasun falta. Horri kasu eginda, asko fal- ta du gure euskarak, hau da, euskarak osasun-arloan duen egoerak, osasuntsu dagoela esateko. Osasun-faltaren ezaugarri asko ditu euskarak.
HISTORIA KLINIKOA ETA OSASUN AZTERKETA
Adin handiko pazientea da gurea, mende askokoa, eta, ahaleziak ahulezia, makalaldietatik ateratzeko sekulako gaitasuna erakutsi duena. Esan genezake eri dagoela aspalditik, baina bihotza aski indartsua du. Bihotza badu. Itolarriak izan ditu eta izaten ditu maiz, arnas falta, baina egoera horiek ere gainditzen ditu.
Gaixotasun egoera hain luzeak eragina izan du haren osasun mentalean: depresiorako joera du; autoestimu baxua. Noiz edo noiz, ziklotimikoa dela esan genezake, bipolarra.
Ingurunearekiko harremanetarako zailtasunak izan ditu maiz, eta, neurosi txikiak ere bai. Batzuetan beste hizkuntzekiko oldarkortasuna erakutsi du, bere egoera onartzeko zailtasunaren erakusgarri, ez baita ohartu ez direla beste hizkuntzak bere gaitzen iturri, baizik eta pertsonen jarrera eta inposizioak. Handik etorri zaizkio garbizalekeria, maileguak onartzeko erresistentzia eta beste gaitz batzuk.
Frogatzen zaila bada ere, eta diagnostiko etiologiko bakarra ez dagoen arren, argi esan dezakegu gaixotasun multifaktoriala dela, baina autoimmunea ere badela parte handi batean. Ingurunetik etorri zaizkion ahulezia batzuk, exogenoak dira: traumatismo batzuk, bakterio eta birusen erasoak... baina beste asko, gaur egun gehienbat, endogenoak dira, arazo autoimmuneak (herritar askok ez dute ikasi nahi, askok ez dute egin nahi, edo ez dago behar bezalako motibazio edo zirkunstantziarik euskaraz bizitzeko).
Gure pazientea, euskara, zaharra da, baina, corpusaren normalizazioaren ikuspuntutik, oso hizkuntza gaztea da. Hizkuntza gehienek 200-300 urte- an egin dutena guk 30 urtean egin dugu. Nerabezarora ere ez da ailegatu euskara hizkuntza gisara.
Hiztunen portzentaje handi bat alfabetatu gabea da oraindik.
Bestetik, herritarren portzentaje handi batek ez daki euskaraz, eta horrek, izugarri zailtzen du erabilera.
Euskaldunen portzentajeak gora egin badu ere (Iruñerrian, adibidez), erabilerak ez du gora egin maila berean.
Osasun-arloan, euskararen erabilera, maiz, batzuen boluntarismoaren ondorio da oraindik ere, eta Iruñerrian erabat anekdotikoa.
Gure pazienteari anamnesia eginda, datu hauek ikus ditzakegu osasun arloan:
- Gutxi dira profesional euskaldunak.
- Herri euskaldunetan ez dago ziurtatua mediku eta erizainen presentzia.
- Ez dago zirkuitu elebidunik, osasun arloan euskaraz bizi ahal izateko bermerik.
- Ez da sekula egin euskara osasun arloan normalizatzeko plan bat. Komu- nikazio idatzia, adibidez, ez da sekula ziurtatu, gauza solteetan ez bada. Administrazioak mila traba jarri ditu, eta, batzuetan, egindako lana ezku- tatu ere bai.
- Osasun etxeetako erabilera pobrea da, Iruñerrian behintzat; ospitaleetan erdara hutsean egiten da komunikazioa. Norberaren borondatearen ondo- rio besterik ez den kasuren batean baizik ez da egiten euskaraz (erizainek gehixeago).
- Mediku euskaldunetatik asko alfabetatu gabeak dira, eta, agurreta- tik eta galdera batzuetatik haratago, ez dira ausartzen euskaraz egitera. Alfabetatze maila baxua dago.
- Erdaraz eskolatuak dira mediku eta erizain gehienak, eta karrera er- daraz eginak. Beraz, ezagutza eta ohitura falta sumatzen da arlo espezifiko hauetaz hitz egiteko edo idazteko.
- Gerta daiteke herritarra eta osasun arloko profesionala euskaldunak izatea, baina maiz, anatomiaz edo fisiologiaz eta, batez ere, semiologiaz hitz egiteko gaitasunik edo ohiturarik ez dago.
Komunikazio-maila desberdinak:
a) Kontsultan: gaixoa medikuarekin edo erizainarekin.
b) Profesionalen artekoa (ez dago talde euskaldunik, eta ez da garatzen ari hizkera tekniko bat, osasun-kontuei buruzko fraseologia bat).
c) Komunikazio zientifikoetakoa.
DIAGNOSTIKOA ETA NEURRIAK
Gaixotasun kronikoa du gure pazienteak, baina bizirik dago, eta badu bere egoeratik ateratzeko gogoa, badu nork lagundua, eta bizi-konstanteak aski egonkorrak dira.
Osasun-egoerak hobera egiteko faktore batzuk zuzentzea gizarte osoaren ardura eta erantzukizuna dira, eta ez daude gure esku. Esan dugun bezala, multifaktoriala da, eta, gaixotasunari aurre egiteko, arlo desberdinak hartu beharko dira kontuan.
Gure pazientea, euskara, nekez bizi daiteke bizkor halako giro osasun- gaitzean.
Faktore haietako asko politikoak dira, eta bide batzuk iradoki besterik ezin dugu egin:
-Profesionalak euskaraz trebatu beharra.
-Zirkuitu elebidunak.
Zaila da diagnostiko etiologiko bat adostea, eta, zaila, beraz, etiologia oinarri duen tratamendu bat jartzea. Gatazka serioetan bezalaxe, zaila da diagnostiko bateratu bat egitea parte guztien artean, baina posible da, eta hori da aurrera egiteko bidea, neurri batzuetan adostasunera ailegatzea.
Baina bitartean, laguntzen dion ingurune bat sortu bitartean, jarri ditza- gun martxan neurri batzuk, edo iradoki ditzagun zer tratamendu sintomatiko behar dituen.
a) Karrera euskaraz izatearen garrantzia.
Ezinbestekoa da Medikuntzako eta Erizaintzako karrera euskaraz eskaintzea. Hori dugu bide hoberena hizkuntzaren aldetiko eremu guztiak menperatzen dituzten profesionalak izateko. Horrek, gainera, isla izanen luke gizartean. Orain, erabat erdal produkzioaren menpe bizi da osasun arloa. Medikuntzan eta Erizaintzan euskaraz eskolatutako jendea izaten hasten garenean, horrek oihartzuna izanen du gizartean, eta modu naturalean alfabetatuko ditugu herritarrak.
b) Karreretan euskara lantzeko premia.
Hori ezinezkoa balitz oraindik, tarteko bide bat dugu, martxan jarri beharko litzatekeena: euskarazko irakasgai batzuk izatea, edo euskara bera izatea irakasgai bi karreretan, zenbait gauza lantzeko.
1. Anatomia eta oinarrizko fisiologia.
2. Anamnesia eta historia klinikoa (gaixotasunen zeinu eta sintomak).
Semiologia klinikoa.
3. Azterketa fisikoa, aparatuz aparatu. Analisi klinikoa.
4. Hizkera zientifikoaren oinarriak.
5. Osasun-arloko fraseologia. Erdarak bere egina du fraseologia mota bat, denok ikasi duguna. Kalko okerren bidez geureganatzen dugu gehiena. Zuetako askok ongi dakizuenez, problema ez da kalkoa egitea. Kalko egokiak eta desegokiak bereizten dira gaur egun, baina edozerk ez du balio. Adibideak.
Eta horretan guztian, lexikoa eta esapideak ikasi eta landu behar dira.
c) Profesional euskaldunak eskatzea.
d) Prestakuntza ikastaroak.
Profesionalaren beraren interesa eta birtziklaje etengabea (badakit, bai, nekagarria da euskalduna izatea, baina euskararen egoera diglosikoa den bi- tartean, hala behar du segur aski).
Ideia bat. OEEn eduki sail bat prestatzea, edo eman dezagun, ikastaro moduko zerbait, orri bateko edo gehienez biko 50 mezutan, astean behin zerbait bidalita, osasun-arloko profesionalak esfortzu handirik gabe hori har- tu, irakurri, eta landuz pixkana-pixkana oinarrizko eduki batzuk bereganatu ditzan.
e) Eta batez ere, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egitea.
Konplexuak uxatu beharra. Ez gaitezen lotsatu gure pazienteaz, gure eus-
karaz. “Egiten ez dena da euskara txarrena”.