24. Osasun Biltzarra: Osasun Hezkuntza
3.3 Minbizia: bizitza-azturak eta norbanakoaren ardura, faktore psikologikoak eta emozionalak
Egilea: Maider Sierra Arana
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea
Bizia bizi denetik, izaki bizidunek gaixotasun-multzo bat ezagutzen dugu. Multzo honen ezaugarri nagusia, zelulak libre hazten eta barreiatzen direla da. Gizakiengan zentratzen bagara, adierazi, milioika urteren ondoren, gaur egun, minbizia dela Europar Batasunean saihestu daitezkeen heriotza gehien sortzen dituen gaixotasuna.
Zortzi letratan zenbat emozio, zenbat beldur, zenbat min… Hizkuntzaren garrantziaz hitz egiten badugu, oso esanguratsua da gaixotasun-multzo honi MINBIZIA deitzea. Bizia ematen diguten zeluletan ematen den eraldaketak sortzen baitu, oraingoan mina. Bizia eta mina leku beretik etortzen dira.
Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, Europa mailan minbizia heriotzen % 20aren atzean dago. Eta 2020. urtea arte, gutxienez, minbiziak gora egingo duela dio erakundeak.
Osasun-munduan lan egiten dugun orori, minbizia ezaguna egiten zaigu. Gure lana dela medio, gaixotasun honek dakartzan gorabeherekin aurrez aurre aurkitzen baikara etengabe. Hurrengo bi egunotan landuko dugun gaia kontuan harturik, nire egunerokotasunean jendeak egiten dizkidan galdera batzuk proposatu nahiko nituzke:
· Minbizia senda daiteke?
· Minbiziak heriotzara eramaten gaitu?
· Minbizia noizbait desagertuko al da?
· Minbizia gaixotasun kroniko bihurtuko al da?
Galdera horiek gizaki askoren buruan daude. Baina erantzunak ez dira oso errazak. Gaixotasun bat kroniko bihurtu dadin, tratamendu egokiak behar dira eta oraindik, ehunka gaixotasun hauen tratamenduek aurrerakuntza gehiago behar dituzte. Ikerketek aurrera jarraitzen duten bitartean, prebentzioan zentratzen ditugu indarrak:
1994. urtean, onkologo-talde batek minbiziaren aurkako kode europar bat proposatu zuen, eta gaurdaino egunean jarraitzen du. 20 urteotan aurrerapauso handiak egon dira, baina oraindik ere minbiziaren % 75-80ak bizi-azturekin lotua jarraitzen du. Beraz, kode hori argitaratzea nahikoa izan al da bizi-ohiturak aldatzeko? Kode horrek aldaketarik suposatu al du? Galdera horiei erantzutea izaten da gure lana. Horretarako, lehenik eta behin, Europar kodea begiratuko dugu:
MINBIZIAREN AURKAKO KODE EUROPARRA
11 osagai, prebentziorik onena lortzeko
1.- Ez ezazu erre.
Erretzen baduzu, lehenbailehen utzi.
Erretzeari utzi ezin badiozu, ez ezazu erre erretzaile ez direnen aurrean, bereziki haurren aurrean.
2.- Obesitatea saihestu.
3.- Intentsitate txikiko ariketa fisikoa egin egunero.
4.- Fruta, berdura eta barazkien kontsumoa handitu: 5 anoa, gutxienez, eguneko. Animalia-jatorriko koipea duten janarien kontsumoa murriztu.
5.- Alkohola edaten baduzu, hau da, ardoa, garagardoa edo graduazio altuko edariren bat edaten baduzu, egunean, gehienez, bi unitate edan, gizona izanez gero, eta bat bakarrik emakumea bazara.
6.- Ez eguzki gehiegi hartu. Haur eta nerabeak babestea bereziki garrantzitsua da. Erredurak sufritzeko joera duten pertsonak bizitza guztian babestu behar dira eguzkitatik.
7.- Zorroztasunez bete minbizia eragin dezaketen substantzien eragina prebenitzeko dagoen legeria. Substantzia horien erabileraren inguruko osasun eta segurtasuneko gomendio guztiak bete. Erradiazioen aurka babesteko arau guztiak bete itzazu.
8.- 25 urtetik gorako emakume guztiek umetoki-lepoko minbizia saihesteko detekzio goiztiarreko probak egin beharko lituzkete.
9.- 50 urtetik gorako emakumeek mamografía bat egin beharko lukete bularretako minbiziaren detekzio goiztiarrerako.
10.- 50 urtetik gorako gizonek nahiz emakumeek koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko probak egin beharko lituzkete.
11.- B hepatitisaren birusaren kontrako txertaketa-kanpainan parte har ezazu.
11 irizpide horiek ezagunak dira pertsona askorentzat. Telebistan, aldizkarietan, liburuetan, minbiziaren aurkako “errezetak” saltzen dira gaur egun. Eta bertan aipatzen dizkiguten mezuak antzekoak dira. Osasun orokorrari buruz ari garenean ere, hainbat mezu aurreko kodean azaltzen direnak dira, beraz, kode europarra aurkeztearekin ez dugu informazio berri handirik ematen. Informazioaren aroan bizi garela hartu behar dugu kontuan. Antzeko mezuak errepikatzen dira etengabe. Baina argi dago zerbait ez dugula ongi egiten. Gaixotasun askok goraka jarraitzen baitute, minbiziak besteak beste, nahiz eta heriotza-tasak beheraka egin.
Urte askotan pentsatu da, informazioa zabaltzea zela pertsonen bizi-azturen aldaketaren oinarria. Baina esperientziak esaten digu, hori ez dela guztiz egia:
Tabakoaren kontsumoaz hitz egiten badugu, heldu askok aipatu ohi dute beren garaian ez zegoela kontsumo horrek sor zezakeen kalteei buruzko informaziorik. Eta gaur egun dagoen informazio guztiarekin ez dutela ulertzen nola, dakitena jakinda, erretzen hasten diren. Hau errealitatearen adibide xume bat besterik ez da. Beraz, prebentzioan aurrera jarraitu nahi badugu, pertsonengan informazioa zabaltzeaz gain hausnarketa bultzatu behar dugu.
Informazioa nahikoa ez bada, zein da hurrengo pausoa? Norbanakoaren ardura. Berau da gaixotasunari aurre egiteko bide garrantzitsu bat.
Gizakiok badugu alde infantil bat, ateratzen uzten diogunean, bat-batekotasuna bilatzera eramaten gaituena. Errealitate honetan finkatzen dira, ahoarekin erlazionatzen ditugun kontsumoak: tabakoa, alkohola, janariaren erabilera … besteak beste, behar emozionalak asetzeko. Antsietatea, urduritasuna eta estresa dira nire egunerokotasunean gehien entzuten ditudan hitzak. Orain galdera bat luzatu nahiko nizueke: errealitate horri aurre egiteko, zenbatetan erabiltzen dira lehen aipatu ditudan kontsumo-motak?
Erretzaile batek, ezinegonari aurre egiteko modu bakarra erretzea dela bizi duen bitartean, oso zaila da pertsona batek kodearen lehen irizpidea aurrera eramatea. “Nola utzi erretzeari, nire ezinegona hain handia bada? Minbizia sor dezake, baina epe luzera. Nire ezinegona, berriz, gaur egungo arazoa da. Hemen dago, eta egunero bizi dut”. Paziente honen hitzetan, osasunaren inguruko informazioa bere errealitatetik urrun geratzen da, bere ezinegona asetzen duena tabakoa dela bizi baitu. Ezin dezake harantzago ikusi. Antzekoa gertatzen da alkoholaren kontsumoarekin, edo janariaren erabilerarekin. Gaur egun, osasun publikoan aurrera eramaten ari diren hainbat esperientziatan ikusten da, pisua jaisteko garaian, orokorrean ariketa fisiko gehiago egiteko arazorik ez dutela, baina “pintxo-potera” joateari ez diotela uzten. Bi adibide hauekin, bizi-azturak aldatzeko dugun gaitasunaren pertzepzioaz aritu nahi dut. Norbanakoak berarentzat ona zer den jakiteaz gain, hori lortzeko gai dela bizitzea garrantzitsua da, aldaketa egiteko. Behintzat bere buruari aukera bat emateko. Puntu honetara iritsita, beste kontzeptu batez hitz egin nahiko nuke: Errenuntziaz.
Kode Europarrarekin, aldaketak bultzatu nahi dira. Baina aldaketa guztiek errenuntziak eskatzen dituzte. Eta … errenuntzia egiteko prest al gaude? Gure bizi-ohituretan ariketa fisikoa egitea ohizkoa ez bada, prest al gaude hainbat gauza utzi eta ariketa egiteko denbora aurkitzen saiatzeko? Edo gorputzak nikotina eskatzen digunean ezetz esateko? Bizi-aztura osasungarriak izateak errenuntzia dakar. Eta pazienteekin askotan hitz egiten dugu errealitate honetaz. Prest al gaude, gure osasunaren hobe beharrez, gure hainbat nahi alde batera uzteko? Lehen aipatzen nuen bezala, gure senak, askotan bat-batekotasuna bilatzera bultzatuko gaitu. Haurrek negarraren bitartez janaria momentuan izatea bilatu nahi duen bezala. Denborarekin berriz ikasten dugu gure nahiak ez direla azkartasunez asetzen. Hori heldutasunak adierazten digu. Baina ikasitako gauza guztiak bezala, egunero gogoratu behar ditugu. Bestela, tendentziak bat-batekotasunaren bila bultzatuko gaitu etengabe: dependentziak hemen oinarritzen dira.
Puntu honetara iritsita, eta bat-batekotasunaren bilaketari aurre egin nahi bazaio, frustrazioari diogun tolerantzia lantzea garrantzitsutzat jotzen da. Bilatzen dudan sentsazioa, nahi dudan momentuan lortzeko gai ez banaiz? Egoera deserosoak, gustuko ez ditudan sentimenduak bizi baditut … zer egiten dut? Itxaroteko gai al naiz? Sentimendu horiek gestionatu eta ezinegonari aurre egiteko gai al naiz? Edo momentuko plazera bilatzen saiatuko naiz? Bat-batekotasuna bilatzeak gure bizia markatzen badu, epe luzera, ordea, destrukziora eramango gaitu. Itxaroteko gai ez bagara, ezin dezakegu aurrerapausorik eman. Ezin gaitezke lan baten jabe izan, ezin dezakegu familia bat eratu,… ezin ditzakegu bizi-aztura egokiak izan. Antsietate eta estres-bizipen asko errealitate horrekin lotuta daude. Bat-batekotasuna bilatzeak gure bizia gidatzen duen heinean, osasunetik urruntzen gara.
Bat-batekotasunaren eta orokortasun-pertzepzioaren atzean gauza ezberdinak aurki ditzakegu, baina horietako bat beldurra da. Zenbat eta zenbat kasutan entzun ote dugu: “Ez naiz medikutara joaten, bestela seguru zerbait aurkitzen didatela. Nire aita oso ondo aurkitzen zen, egun batean medikutara joan zen kontsulta bat egitera eta … minbizia aurkitu zioten. Hortik aurrera ez da ezer berdina izan”. Onartu beharra dago, gure Euskal Autonomia Erkidegoan prebentzio-kanpainetan parte-hartze handia izaten dela, beste probintziekin konparatzen badugu. Baina kodearen 8-11. arauak eraginkorrak izatea nahi badugu, informazioak sortzen duen beldurra kontuan hartu beharko genuke.
Lehen esan dugu informazioaren garaian bizi garela. Eta bizi-aztura osasungarriak izateko informazioa izatea garrantzitsua dela aipatu dugu. Baina, aldi berean, beldurra sortzen du. Badirudi, gizakiok badugula tendentzia bat, ez dakigun bitartean existitzen ez dela sentitzen duguna. Prebentzioak eta norbanakoaren osasunaren aurreko ardurak ausardia eskatzen du. Jakin-mina bultzatzen du. Eta bi kontzeptu horietan oinarritzen dira prebentzio-kanpainak. Hau horrela izanda, Minbiziaren Aurkako Elkartetik saiatzen gara beldur horren intentsitatea jaisten, herritarrekin horretaz guztiaz hitz eginez. Horretarako, herrietako plaza, hondartza edota igerilekuetara hurbiltzen gara estetika eta larruazalaren osasuna ildo beretik ez doazela adieraziz, eta osasunaren arduradun egin daitezen animatuz. Edota herrietako txoko gastronomikoetara joaten gara, elikadura zaintzea eta plater goxoak sukaldatzea bat etor daitezela adieraziz. Ikertzaileek adierazten diguten informazioa zabaltzea eta osasunaren inguruko informazioa kaleratzea da gure helburua. Betiere hausnarketa bultzatuz. Hausnarketarik gabeko informazioa nahikoa ez dela pentsatzen baitugu.
Orain arte Minbiziaren Aurkako Kode Europarrean zentratu naiz. Baina onartu behar dut kode horretan zerbait garrantzitsua falta dela pentsatzen dudala. Bertan, kanpo-faktoreek sor ditzaketen alterazioak gutxitzera animatzen gaituzte: min egiten diguten substantziak gutxitu edota saihestu. Eta barne-faktoreak izanez gero, alterazioak ahalik eta lehen aurkitzera animatzen gaituzte.
Baina guztiontzat ezagunak diren beste faktore batzuk ere badira. Gorputzean markak uzten dizkigutenak. Eta hori ez da kode honetan agertzen. Bizitzeak sortzen duen minari buruz ari naiz.
Bizitzeak berak koste bat du, eta koste horrek gorputza mintzen digu. Zenbat dermatitis, zenbat buruko min, zenbat sabeleko arazo, zenbat lo-falta, zenbat anorexia … hitz batean esanda, zenbat osasun-arazo ezagutzen ditugu egoera emozionalekin erlazionatuak daudenak? Gure lanean ikusten dugunaz aparte, aldiro komunikabideek azaltzen digute estresak, antsietateak eta depresioak gora egin dutela azken urteetan. Egungo krisi-egoera ere osasun mentalean eragina izaten ari da.
Eta gizakiok gorputza eta burmuina banatzerik ez dugunez, ezin bizi-azturaz hitz egin, osasun mentalaz hitz egin gabe. Gehiegi jaten dugunean gure sabelak lan handia egin behar duenean bezala, gure bizia aztoratzen duen egoera asko ditugunean, edota aztoratu gaituen bizipenaren intentsitatea jasanezina denean, gure buruak ere lan asko egin behar du. Elikadura egokia ez denean, edota gure digestio-aparatua ondo aurkitzen ez denean, epe luzera arazo digestibo gogorrak edo kronikoak izateko aukera handia dugun bezala, bizipen gogorrek osasun-arazoak sor diezazkigukete. Hau da, substantzia toxikoek gorputza mindu dezaketen bezala, bizipenek ere gorputza min diezagukete.
Errealitate honetaz ere luze hitz egin da. Bada teoria bat, minbiziaren oinarrian egoera traumatikoak daudela dioena. Puntu honetan orokortasunek sortzen duten arazoarekin egiten dugu topo. Hasieran adierazi bezala, minbizia gaixotasun-multzo bat da, eta gaixotasun horien guztien arrazoia bakarra dela esatea ausardia handia iruditzen zait. Baina egia dena da, gure sabelak onar ezin dezakeen janariak min egiten duen bezala, onar ezin ditzakegun errealitateek ere min egiten dutela. Elikadura egokia, ariketa fisikoa egitea, toxikoen aurrean kontu izatea eta antzeko irizpideak garrantzitsuak dira, baina hori gizakiak aurrera eraman behar du. Eta galera handi baten aurrean edota bizi-mina duen pertsona batek ez die kasurik egingo aurreko irizpideei, ez baitu inongo garrantzirik berarentzat.
Ariketa fisikoa egiten erakusten den bezala, edota eguzkiaren aurrean izan behar diren irizpideak azaltzen diren bezala, oinarrizkoa da bizipenei aurre egiteko irizpideak izatea. Eta digestioa egiten ez bada botaka egiteko aukera asko ditugun bezala, bizipenak pentsatu, hitz egin eta bere digestioa egiten ez badugu arazoak izateko aukera asko ditugula kontuan hartu behar dugu.
Laburbilduz, 1996an egindako Kode Europarrari, osasun mentala zaintzea gehitu nahiko nioke.