Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

24. Osasun Biltzarra: Osasun Hezkuntza

3.6 Gaixo kronikoei zuzendutako telemetria-zerbitzua: multipatologian espezializatutako software-plataforma

Egilea: Miren Bagües Bafaluy

Saludnova S. Coop., I+G Saila


Laburpena. Artikulu honetan oinarritzat telemetria duen proposamen berritzaile bat aurkezten da. Proposamen honetan, smartphoneak, sentsore biometrikoak eta plataforma espezializatu bat erabiliz, honako helburu hauek ahalbidetzen dira: 1) Patologia bat edo hainbat patologia aldi berean monitorizatzea. Unean uneko datuak modu inteligentean analizatzen dira, bizi-konstanteen irregulartasun posibleak detektatu ahal izateko; 2) Familiartekoek edo medikuek pazientearen datuak urrunetik atzitu ahal izatea. Medikuek, irregulartasunen aurrean erabakiak hartu ahal izango dituzte; eta 3) Analisi-sistema urrunetik aldatu, pertsonalizatu, eta une oro egokitu ahal izatea, eta ondorioz, baita sortuko diren alerta-egoerak definitzea ere.

1. Sarrera

Paziente kronikoen osasun-arreta erronka handi bat da gaur egun, ondorengo faktoreengatik [1]: 1) gaixotasun kronikoren bat duten pertsona kopurua goraka doa; 2) gaixo kronikoek behar duten osasun-arretaren kostuen gorakada esponentziala izaten ari da; 3) osasun-sistemak gaixo kronikoen beharretara egokitzeko premia edukiko du; 4) gizartearen aldetik, bizi-kalitate egokia mantentzeko behar den osasun-arretaren eskaera dago; eta 5) familien desegituraketaren ondorioz, gaixoen zainketaren errespontsabilitatea osasun eta gizarte-sistema publikoen baitan ari da gelditzen.

Faktore horien gainean eginiko ikerketen ondorioz, pazientearen auto-zainketan eta bere egoeraren une oroko jarraipenean oinarritutako hainbat proposamen ari dira sortzen, eta proposamen horiek ospitaleko egonaldiak txikiagotzea eta etxeko jarraipena bultzatzea dute helburu. Aldi berean, lehen arretako zerbitzuek alor honetan duten esku-hartzea bultzatu eta zainketa partekaturako diziplina anitzeko taldeek duten garrantziaz ohartarazi nahi da.

Norabide horri jarraituz, partekatutako zainketan eta prebentzioan oinarritutako modelo baterantz goaz. Modelo honetan, pazientea gero eta informatuago dago, bere ongizatearekiko gero eta jarrera proaktiboagoarekin, eta teknologia berriak gero eta barneratuagoak ditu. Testuinguru honen barnean telemedikuntzak bere zentzua hartzen du, bereziki telemetriak. Azkeneko hori, pazientearen osasun-egoera urrunetik jarraitzea ahalbidetzen duen telemedikuntzako zerbitzua da [2]. Pazienteak berak, jarrera proaktibo bat hartuz, bere datu biometrikoak neurtzen ditu, teknologia berrien laguntzarekin.

Osasun-langileen ikuspegitik, telemetriari esker ezohiko sintoma eta osasun-parametro desegokiak larrialdi-kontsulta batera iritsi aurretik detektatzea ahalbidetzen duenez, erabaki zuzentzaileen bidez egoera larriagoak ekidin daitezke. Modu berean, pazienteak osasun-zentroetara egin beharreko bisiten kopurua gutxitzea ahalbidetzen du, honela bere bizi-kalitatea hobetuz. Beste modu batean esanda, baliabideen optimizazioa eta, ondorioz, produktibitatearen gorakada lortzen dira teknologia berri honi esker.

Telemetriak, pazientearenganako arretari, osasun-sistemen eraginkortasunari eta, orokorrean, baita ekonomiaren gorakadari ere eragiten dio, sektore berritzaile honek datozen urteetan industrian hainbat aukera berri sortu baititzake. Ez da ahaztu behar 2020rako aurreikuspenen arabera bost heriotzatik lau gaixotasun kronikoekin erlazionatuta egongo direla, eta horrekin erlazionatutako osasun-arretaren eskaera oso handia izango dela [3].

Telemetriaren kontzeptuari jarraituz, Saludnovak pauso bat gehiago eman du, analisi inteligente bat nonahi egiteko gai den soluzio bat eskainiz, eta honela edozein larrialdi-egoerari aurre egitea ahalbidetuz. Une oro erabilgarria den soluzio honekin, tokian tokiko analisiaren bidez, pazientearen egoeraren jarraipen proaktiboa burutzen da. Une oro erabilgarri dagoen sistema bat kontsideratzen da, komunikazioa beharrezkoa den kasuetan bakarrik burutzen duen soluzioa denean (komunikazioaren kostu kontrolatu bat mantenduz eta kontrol-zentroarekiko konexioen kudeaketa kontrolagarri bat sortuz).

Gure soluzioak beste soluzioekiko eskaintzen duen balio erantsiari dagokionez, alde batetik, soluzio bakarrarekin hainbat patologiari aurre egin diezaiokegu, eta bestetik, analisian patologiak eta jasotako balio biometrikoak konbinatzen dira, alerta-egoerak zehaztasun handiagoz detektatu ahal izateko. Honela, telemetria-zerbitzua sistemaren erabiltzaile bakoitzera egokitu daiteke, dituen patologiak dituela edo dagoen egoeran dagoela ere. Gainera, gure proposamena pertsona helduek dituzten arazoei aplikagarria da, kolektibo hori izanik, hain zuzen ere, espainiar estatuan gehien hazten ari den eta patologia kronikoen eragina gehien jasaten duen taldea.

 

2. Telemetria-zerbitzua Saludnovaren arabera

Saludnovaren telemetria-zerbitzuak, telefono mugikor batera konektatutako sentsore harigabeen bidez jasotako pazientearen bizi-konstanteak modu azkar eta zehatz batean interpretatzea ahalbidetzen du. Lehenago aipatu den bezala, sistema honen alde berritzailea, modu lokalean egindako analisi inteligentean datza, honi esker balio irregularrek sortutako alarmen aurrean modu automatikoan erantzuten delarik. Alarma-egoerarik sortzen ez duten neurketak aldiz, telefono mugikorrean gorde eta web kudeatzailera bidaltzen dira. Web kudeatzailea, baimendutako pertsonei pazientearen jarraipen eta kudeaketa egitea ahalbidetzen dien tresna seguru eta konfidentziala da.

2.1. Software-plataforma espezializatua

Software-plataforma gailu mugikorren (1. irudiaren lehenengo zatia) eta web kudeatzaile baten bidez (1. irudiaren bigarrengo zatia) osatua dago. Bi zati hauek ondorengo ekintzen bidez elkar komunikatzen dira: datuak sentsore-multzoaren bidez bildu eta telefono mugikorrean bertan analizatzea, bi noranzkoko komunikazioa (analisiaren emaitzak, pertsonalizazioak,…), eta datuen jarraipena zerbitzariko softwarean.

Datuen bilketa posible izateko, neurketarako sentsore bat edo hainbat sentsore, eta sentsore hauekin komunikatu ondoren jasotako datuak interpretatzeko gai izango den softwarea daraman telefono mugikorra eduki behar ditu erabiltzaileak. Komunikazioa, interpretazioa eta analisia erabiltzailearenganako guztiz gardenak dira, horretarako ukipen-pantaila intuitibo, egokitu eta erabilerraza pretatu baita (ikusi 2. irudia). Erabilitako teknologiaren egokitzapen horrek, hainbat motatako erabiltzaileengana iristea ahalbidetzen du.

Gure zerbitzuaren prozesu adierazgarrienetako bat analisi lokala da, bi arrazoi nagusi direla medio: proaktibitatea eta non-nahi egitea. Non-nahi egin ahal izatea, softwarea telefono mugikorrean edukiz lortzen da, eta horrela analisirako unea eta tokia ez dira arazo izango. Proaktibitateari dagokionez, berriz, beste inoren interbentziorik gabe alerta-egoerak detektatu daitezke jasotako datuen gainean egiten den analisiari esker, egoera hauen aurrean modu azkar eta automatikoan erreakzionatuz.

Datuen komunikazioa, analisiarekin zuzenean erlazionatuta dago. Emaitzak emergentzia-egoera posible bat adierazten baldin badu, alerta-mezu bat sortu eta zuzenean bidaltzen du (osasun-eragileen call center-era, pazientearen medikuarengana, zaintzailearengana, etab.) eta ondoren gure web kudeatzailean gordetzen da, hartuko diren erabakietarako lagungarri izan dadin. Alarma-egoera sortu ezean, telefono mugikorrean jasotako eta analizatutako informazioa web kudeatzailera bidaliko da (aurrez definitutako maiztasunarekin), pazientearen eboluzioaren jarraipena ahalbidetzeko.

Datuen jarraipena, horretarako izendatutako pertsonek burutzen dute. Pertsona hauek, unean uneko neurketa eta obserbazioen datuak modu zehatzean jasotzen joango dira. Web-tresna hau erabilgarria izan dadin, alde batetik, datu guztien interpretazioa erraztuko duten txosten eta laburpenak eskaintzen dira, eta bestetik, pazientearekin urruneko interakzio bat edukitzea ahalbidetzen da, oroigarri eta eguneratzeen bidalketen bidez. Eguneratze horien bidez, softwarearen konfigurazioa edo medikuak gailuaren bidez emandako gomendioak egokitu ahal izango dira. Hori guztia, modu erraz eta intuitiboan egin daiteke, edozein nabigatzaileren bidez (ikusi 3. irudia).

2.2. Patologia anitzeko zerbitzua

Gaixotasun kroniko, operazio ondorengo prozesu naiz etxeko ospitalizazioetan, bihotzarekin, birika-hipertentsioarekin edo diabetesarekin erlazionatutako arazoak dituzten pertsonentzako zerbitzua eskainiko dugu. Zerbitzu hau telemetriako gailu bakarraren bidez burutzen da, software bezeroaren bidez lehenago aipatutako patologia bat, bi patologia edo hainbat patologiarekin erlazionatutako datuak neurtu eta analizatu daitezkeelarik. Zerbitzariko softwarearen bidez, aldiz, datu guztien pertsonalizazioa eta jarraipena burutuko da, hainbat patologia posibleren datuak konbinatuz.

Software bezeroa PDA gailu batean exekutatu eta sentsore batekin edo hainbat sentsorerekin erlazionatuko da. Erabiliko diren sentsore-kopurua eta jasoko diren datu-motak pazientearen beharren araberakoak dira (pazientearen patologiak, bere egoera pertsonala eta medikuak hartutako erabakiak). (Ikusi 4. irudia).

Zerbitzariko softwarera, pazienteak, zaintzaileak, profesionalak eta call center-eko osasun-langileak sar daitezke. Web kudeatzailearen helburua ez da datuak modu seguru eta konfidentzialean gordetzea bakarrik, pazientearen urruneko jarraipena burutzeko tresna ere bada.

Web kudeatzaile honen funtzionalitate nagusia erabiltzaileen eboluzioa eta sortutako alerta-egoerak modu laburbildu eta irakurterrazean aurkeztea da. Gainera, modu erraz eta azkarrean softwarea erabiltzailearen berezitasunetara urrunetik egokitzea ahalbidetuko du, pazientearen patologiaren eta egoera konkretuaren arabera, eta sortutako alerten aurrean erantzun pertsonalizatu bat eman ahal izateko.

 

3. Zerbitzuaren onuradun zuzenak

Aldez aurretik aipatu den moduan, gaixotasun kronikoren bat duten erabiltzaileak (gehienek 65 urtetik gora izango dute), osasun-langileak eta lehen arretako zentroetako naiz ospitaleetako zerbitzuak dira zerbitzuaren onuradun nagusiak.

Erabiltzaileentzako onura nagusiak, seguruago sentitzea eta bizi-kalitate hobeago bat edukitzea dira. Izan ere, pazienteak une oroko arreta lortzeaz gain, bere gaixotasunaren kudeaketan parte hartzen ikasten du, tresna honek norbere gaixotasunaren kontrol eta gestioa ahalbidetzen baitu, horretarako inolako desplazamenduren beharrik gabe.

Profesionalei dagokionez, aipatu plataforma honen bidez unean bertan pazientearen jarraipena egin daitekeela da onura nagusia. Horrek balio erantsi bat ematen die beraien erabiltzaileei, izan ere, honi esker interbentzio azkarrago bat ematea posible litzateke, egindako neurketa guztien eboluzio guztia aztertu ondoren. Aipatzekoa da baita ere, bildutako datuak modu ziur eta pribatuan jasotzea bermatzen dela, datuen transmisio manualak sor ditzakeen hutsegiteak ekidinez.

Azkenik, zentroentzako ere hainbat onura aipatu ditzakegu. Alde batetik, erabiltzaileei soluzio berritzaileak eskaini ahal izatea, eta soluzio hauen bitartez, pazienteek bilatzen duten bizitzeko modu berrietara egokitzea. Bestetik, prebentzioa eta ongizatea mantentzea, erabiltzailea bere gaixotasunarekiko aktiboa izatea lortuz, eta horretarako une oro jarraituko diren zainketa-planak edo zainketa partekatuak diseinatu ahal izango dira. Modu berean, zentro hauek, gaixotasun kronikoren bat duten erabiltzaileek behar izaten dituzten ohiko bisiten kopurua gutxitzea lortu dezakete, orain arte zentroan bertan egiten ziren hainbat eta hainbat kontrol etxean bertan egin ahal izango baitira, bildutako datu guztiak modu zuzen eta automatikoan zentrora bertara bidaliko direlarik.

  

4. 4. Ondorioak

Artikulu honetan, gaixo kronikoen osasun-arreta hobetzeko zainketa partekatuaren jarraipena egitea beharrezkoa dela adierazten duen ebidentzia eskaini da. Zentzu honetan, Saludnovak gaixo kronikoen egoeraren etengabeko jarraipen intentsiborako telemetria-plataforma bat eskaintzen die medikuei, osasun-langileei, familiartekoei edo pazienteari berari, gaixotasun kroniko bakarra edo hainbat gaixotasun batera izanik ere.

Azkenik, bezero-zerbitzari plataforma espezializatua aztertu dugu. Erabiltzailearen Smartphone gailuan bizi-konstanteen balioak unean bertan analizatzen dira, honela alerta-egoerak detektatu ahal izateko. Zerbitzariak alerta eta bestelako datu guztiak jasotzen ditu, modu grafikoan laburbilduta aurkeztu ahal izateko. Azkenik, zerbitzari honek erabiltzailearen gailuaren urruneko pertsonalizazio eta jarraipena ahalbidetzen du.

Erreferentziak

[1] De Toledo Heras P. Propuesta de un modelo de sistema de telemedicina para la atención sanitaria domiciliaria. Doktorego-tesia. Madril, 2003.

[2] Paré G et al. Systematic review of home telemonitoring for chronic diseases: the evidence base. J AM Med Inform Assoc. 2007; 14:269-277.

 

[3] Murray CJ, Lopez AD. Alternative projections of mortality and disability by cause 1990-2020: Global Burder of Disease Study. Lancet 1997 May 24; 349 (9064): 1498-504.

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan