Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

24. Osasun Biltzarra: Osasun Hezkuntza

3.10 Nola hil nahi duzu? Hiltzen ikastea

Egilea: IƱaki Olaizola Eizagirre


 1. SARRERAKO HITZAK

Badakigu heriotza prozesu kulturala dela, eta, beraz, aldaketa historiko eta kulturalek eragiten diotela. Hori horrela, komeni da gogora ekartzea, ikas litekeela hiltzen. Egun, hemen, ez garela lehen beste nonbait bezala hiltzen, eta, areago, egun, hemen ere, ezberdin hiltzen garela norbanakoak izan ditzaketen oinarri sozial, politiko, kultural, erlijioso eta ekonomikoen gorabeheran.

Gizarteko aldaketen erakusgarri, bi eredu ditugu egun:

·         Tradizionala bata

·         eta biografikoa bestea.

Eredu tradizionalak, adostasun itxura batean erabatekoa du oinarri hiltzeko prozesuari dagokionez. 1960ko hamarkada arte kasik eredu bakarra izan den horrek, kristau tradizioaren eragina du funtsean. Hona, bere ezaugarri nagusiak:

·      Kristau pentsamoldearen hegemonia, eta, ondorioz, erlijio katolikoak heriotzaren gain sortzen duen beldurra (Infernua, adibidez).

·         Eta, horrekin bat, gure bizitzaren jabe ez garela sinetsaraztea.

Hiltzeko eredu biografikoak, berriz, hiltzearen eta heriotzaren inguruko beste pertzepzio bat du berekin. Hiltzea ez da soilik heriotzarekin lotura duen ekintza bat. Gertatzen dena da, bizia, bere azken faseetan, prozesu konplexu bat dela, eta gaixotasuna, mendekotasuna, eta heriotzaren ekintza bera, bizitzaren zati garrantzitsuak direla: alegia, hiltzeko prozesua.

Ondorioz, aldi hori bizi izateko, hiltzen ikasteko eta hiltzeko hainbat moduren artean aukera egiteko (nola hil nahi duzu?), pertsona batzuek, gaixotasuna edo mendekotasun-aldia iritsi aurretik, pertsonalizazio-maila handiagoak hartzen dituzte beren gain.

Horretarako, hiltzeko prozesua autonomoago eta independenteago bizitzeko moduan hausnartzen hasten dira:

·         Biziaren kalitatearen edo kalitateko heriotzaren inguruan

·         Biziaren zentzuaren inguruan

·         Hiltzeko prozesuak besteengan duen eraginean (batez ere, emakumeengan)

·         Medikuntzaren eragin teknologikoan

·         Bioetikaren postulatuetan

·         Eta abar…

Eta horregatik, eredu biografikoa demokratikoagotzat jotzen dudalako (eskubideetan berdintzen gaituelako, gizartearen zati bakar batenak diren sinesmenetan oinarritu partez), lan-saio honen helburuetako bat eztabaida piztea eta aldaketa soziala eragitea da.

 

2. GAIXOTASUNA ETA MENDEKOTASUNA

Gaixotasunari eta mendekotasunari gehien eragiten dien kontuetako bat, biztanleriaren zahartzea da. Azken hogeita bost urteetan, sei urte igo da adineko pertsonen bizi-itxaropena. Datu horrek, biziari begira erakargarria bada ere, baditu era berean bere arazoak:

Ikuspegi publikotik, kostuen handitzeak aintzat hartu beharko lirateke. Nire ustez, zerbitzuen kostuak, bultzatzen ari direlako, jada, etika berriak eraikitzen.

Ikuspegi indibidualago batetik, guztia ez da abantaila. Pertsona askok zahartzaroa baldintza egokietan bizi badute ere, beste batzuek zahardadearen eta mendekotasunaren zama handia nozitzen dute, eta eguneroko pentsamenduen lehentasuna aztertzean, edadeko jendearentzat heriotza ez da, Durane-ren arabera, «kezka nagusietako» bat. Aurretik daude:

·         Bakardadea

·         Gaixotasuna

·         Mendekotasuna

·         Balio ez izatearen sentsazioa

·         Oroimena galtzea

·         Zereginik eza edo oinazea

·         Eta, azkenik, heriotza.

Horren guztiaren arabera, uste izatekoa da piztutako eztabaida hori sakontzea komeni dela, pertsona askok auzitan jartzen baitute, bizia zientzia medikoak ahalbidetzen duen mugaraino luzatzeko eskubidea eta onuragarritasuna. Horregatik, erabaki pertsonalak hartu nahi dituzte beraien hiltzeko prozesuan.

Biziaren kontrol eta kudeaketarako erantzukizun handiagoa norbere gain hartzeko testuinguru horretan, egoera berri bat sortzen da: pertsona batzuek gutxieneko baldintza batzuk ezartzen baitizkiote beren bizi-kalitateari, eta baldintza horiez behetik ez dute bizi nahi.

Egindako landa-lanean, oraindik ere gizarte-atseginerako baldintzetan zeuden emakume batzuei, baldintza horiek, beren ustez, zeintzuk liratekeen galdetu diet. Gutxieneko baldintza horietan sakondu ahala, zera esan zidaten, behin eta berriz:

1.      Oinazea, aipatu didate, gainditu ezineko lehen muga gisa.

2.      Beharbada, zainketa-lanean aritzeak utzitako oroitzapen tristeek eraginda, ez lukete beren alaben zaintzapean egon nahi.

3.      Autonomoak ez balira, nolabaiteko laguntza gorabehera beren etxean bizitzeko gaitasunik ez balute, hiltzen laguntzea nahiko luketela.

4.      Areago, “dodotisa” erabili beharra bera, behar adinako arrazoia litzateke bizitzeko nahia alde batera uzteko.

Planteamendu hori baliteke muturreko samarra izatea, orokortzeko aproposa ez izatea; izan ere, biziaren zentzuari eusten bazaio, alegia, dodotisa erabili arren pertsonak asetzen duen bizitza egiten badu, oztopoa gainditu daiteke. Honekin lotuta, Dostoievski-k berak dioenez, «existentziaren sekretua ez da bizitza hutsa, zertarako bizi jakitea baizik».

Hiltzeko prozesuaren eredu biografikoaren aldeko pertsonek, honela jokatzen dute:

·         Lehentasuna ematen diote oinazeari aurre egiteari.

·         Jarrera indibidualagoa erakusten dute, eta, sentimendu erlijiosoak eragin txikiagoa du haiengan, eta, batzuetan, batere ez.

·         Erabaki estrategiko eta ekonomikoak hartzen dituzte (non bizi; nola egokitu etxea mendekotasun-aldirako; non eta nola bizitzeko era berriak planifikatu…).

·         Besteenganako mendekotasunaren eragina, ahalik eta txikiena egitea dute helburu.

·         Lehenetsi egiten dute, exijitu baino, etxean zainduak izatea, eta egoitzara sartzearen aldeko dira, zainketak zaintzaileentzat (emakumeak, gehienetan) gehiegizkoak badira.

·         Elkarrizketaren aldeko jarrera dute sistema medikoarekin, kasu askotan tratamendu edo erabaki medikoak mugatzeko.

·         Eta, besteren artean, baita, bizi-testamentua egitea.

 

3. HILTZEAREN ATARIKOA ETA HERIOTZA BERA

Ikuspegi laiko zibil batetik gehienetan, badago joera bat egun ondo hiltzearen edo kalitateko heriotzaren ideiaren inguruan. Landa-lanean ikus daitekeenez, elkarrizketatuak nahiko bat datoz berentzat nahi luketen kalitateko heriotza azaltzean:

·         «Oinazerik gabe

·         Konturatu gabe, lotan (Aukera honetan eztabaida handia dago, zeren eta askok ez dute mundu honetatik agurtu gabe joan nahi)

·         Azkar, baina ez istripuz

·         Familia edo lagun minen alboan

·         Adinean aurreraturik

·         Etxean

·         Besteak zamatu gabe (inor izorratu edo hondoratu gabe)». (Durán, 2004:19)

Landa-lanean ere, nabari daiteke heriotzaren kalitate-gabezia hori, pertsona askok esaten baitute beren gertuko senitartekoak behar baino geroago hil direla, zentzurik gabeko sufrikariopean. Baita, batzuetan, urte askoren ostean ere.

Miren Josebe: «Azken hamar egunetan-edo gauero gelditzen ginen haren ondoan, egun guztian han, gau eta egun, ez ginen mugitzen […] Batzuetan ah! egiten zuen. Akabo! -ukitu egiten zenuen hilotz zegoen jakiteko-; une estuak ziren oso, azken minutuaren zain, bukaeraren zain…

Kalitateko heriotzaren estandarrak bermatzea, ordea, ez dirudi gauza erraza denik, ez behintzat heriotzari gaixoaldi-amaierako prozesu natural izaten uzten badiogu. Hona Sherwin Nuland-ek (1998:21) ematen digun lekukotza; andre batek bere amaren heriotzaren inguruan dioena da:

«Gure ama asko sufrituta hil zen, eta, medikuak denetik egiten ahalegindu baziren ere, ezin izan zioten sufrikarioa baretu. Ez zuen espero nuen azken lasairik izan. Espirituala izango zelakoan nengoen, bere bizitzaz hitz egingo genuela, bion bizitzez, baina ez zen hala gertatu. Oinazea handiegia zen, Demerol gehiegi […] Ez zen duintasunik izan gure amaren heriotzan».

Goikoa bezalako adibideetatik, baina, ez dugu ondorioztatu behar, heriotzaren kalitatean eragiterik ez daukagunik, hiltzen ikasi ezin dezakegunik.

Izan ere, badira gutxienez bi arrazoi hiltzeko une hori aldatu edo hobetu dezaketenak.

·         Alde batetik, sendagai aringarrien aurrerapen itzelak (hala ere, kontuan izan Nafarroako legedia oso bestelakoa dela)

·         Bestetik, eta arrazoi partikularrago eta pertsonalago modura, eta garrantzitsuagoa ere bai, bizitza ulertzeko moduan gertatutako gizarte-aldaketen eragina.

Laburbilduz, ondo legoke Marga Iraburu-ren (2005:112) esapide hau errealitate bihurtzen ikastea: «hil nazaten utzi gabe, hil nahi dut».

 

4. EUTANASIA

Nire ustez, eutanasia definitzeko eta interpretatzeko arrazoi nagusietako bat hiltzeko eskubidea errespetatzea, edo ez errespetatzea, da. Hori iruditzen zait dela eztabaidaren oinarria.

Egun, bi joera nabari dira:

·         Batak dio, egoera jakin baten ondorioz (ia beti fase terminaleko gaixoak) asko sufritzen denean, zilegi dela hiltzeko eskubidea. Literatura espezializatuan eta legedian “duintasunez hiltzeko eskubidea” esaten zaio jada kasu horri.

·         Bigarren joerak, ostera, baztertu egiten du gaixotasun terminalaren baldintza, eta, sufrimendu fisikoaz harago joanda, pertsonak, berak hala nahi duenean, “hiltzeko eskubidea” izan behar duela defendatzen du.

Honela, “hiltzeko eskubidearen” (HE) edo “duintasunez hiltzeko eskubidearen” (DHE) aitortzaren oinarrian sortzen da eutanasia kontzeptuaren inguruko lehen sailkapena. Horregatik:

1.      HEren eutanasia” deituko diet Hiltzeko Eskubidearen onarpenetik eratortzen diren jokabide edo praktikei.

2.      eta DHEren eutanasia”, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea onartzearen ondoriozko jokabideei.

Modu horretan sailkatuta, arrazoizkoa dirudi uste izateak suizidio anomikoek edo, areago, suizidio lagunduek, gaixoa fase terminalean ez egonik ere, badutela lekurik HEren eutanasia izendatu dugun multzo horretan.

Beren burua hiltzea erabakitzen dutenen ustezko heriotza-eskubideari dagokionez, Mercedes-ek, zainketa aringarrien unitate batean lan egiten duen medikuak, suizidari ez zaiola laguntzarik eman behar uste du:

«Kontziente bazara, orientaturik bazaude, eta hil nahi baduzu, ba nahi duzuna egin dezakezu».

Beraz, Mercedes-ek bezala pentsatzen dutenek, ez dute HEren eutanasia inondik inora onartzen, ez baitute ulertu nahi, kasu batzuetan, bizitzeko irrika sotilago ageri dela eta bere mugak ez direla bereziki gardenak. Gerta daiteke, izan ere, patologia klinikorik nozitzen ez dutenek ere, hiltzeko beldurrik gabeko egoerara iristea, eta bizi izatea zama edo buruhauste bihurtzea.

Aniztasunaren adibide, beste pertsona batzuek areagotu egiten dituzte hiltzeko laguntza jasotzeko egoera edo zirkunstantziak, eta onartu egiten dute HEren eutanasia. Iritzi horretakoa da Enrique, erretiratu berria, osasun onekoa eta bizitzeko ilusioa daukana. Hiltzen lagun zaitzaten, ez duzula zertan “fase terminaleko gaixo” izan pentsatzen du, eta honela dio:

“Zure bizitza jasan ezin dezakezun degradazio-mailara iritsi bada …, jada zure bizitza ez dela duina iruditzen bazaizu …” Zertarako?.

Elkarrizketatu ditudan pertsonen esanetan, baita kaleko eztabaidan ere, argi geratzen da nahasmen handia dagoela hiltzeko eskubidea eta duintasunez hiltzeko eskubidea terminoei ematen zaien adierari eta eskubideari dagokionez, eta hortik eutanasia definitzeko arazoa.

Eutanasia hitza, duintasunez hiltzeko eskubideari lotua (DHEren eutanasia), zentzu zabalean erabiltzen da, eta, oro har, beste bi teknika ezberdin hartzen ditu bere baitan: sedazioa eta suizidio lagundua (betiere gaixotasun terminalaren testuinguruan, noski).

Gaixotasun terminalaren ingurumaria horretan, hirurak ere (eutanasia, lagundutako suizidioa eta sedazioa) kategoria berekotzat jo daitezke, zeren DHEren sailkapenekoak:

·         Helburu bera eskaintzen dute: sufrimendua arintzea

·         Baita motibazio bera ere: errukiz jokatzea, hainbat teknika baliatuta.

Arrunt antzean planteatuta, eutanasiaren eta sedazioaren arteko aldea injektatu beharreko koktelaren dosifikazioan baino ez dago:

1.      Injektatutako kantitatea handia bada, heriotza minutu gutxitan gertatuko da eta eutanasia izena jarriko zaio.

2.      Dosia txikiagoa denean, ordu batzuetan etorriko da heriotza (normalean 12 ordutan, hori baita kausa-efektu erlaziorik ez dela egon ondorioztatzeko jurisprudentziak ezartzen duen muga), eta sedazio deituko zaio.

Eutanasiaren eta suizidio lagunduaren arteko kontrastea planteatuta --gaixotasun terminalaren kasuan betiere--., argi ikus daiteke ezberdintasuna zera dela:

1.      Gaixoak berak heriotza eragingo dion pilula hartzen badu (nahiz hirugarren batek lortu, eskuratu edo hartzen lagundu…), suizidio lagundua izango da.

2.      Gaixoak, aitzitik, sendagaia ahoraino eraman diezaioten behar badu, eutanasia kasu baten aurrean gaude.

Ezberdintasun horiek, nire ustez, ez dute alde edo diferentzia etiko edo moral handirik berekin; inondik ere.

Eutanasia, suizidio lagundua eta sedazioa, ezberdintzen ahalegintzean, alderdi fenomenologikoak soilik hartzen dira kontuan, eta alderdi horiek ez dira garrantzitsuenak. Suizidioak, eutanasiak edo sedazioak, egoera jakin batzuetan (sufrimendua, prozesu terminala edo ekintzarako borondatea), emaitza bera ekartzen dute eta ez dago inolako ezberdintasun moralik beren artean. Izan ere, hiru praktika horien helburua bat bakarra da eta erruki-sentimenduan oinarritzen da.

Horrek guztiak, Méndez-en (2002) ustez:

eutanasia kategoriak” ez du kokaleku egokirik auzi horren inguruko eztabaidan, besteren artean, bai araubide juridikoak, bai aginte erlijiosoak, galarazitako jokabide edo praktika delako.

Hori dela eta, eztabaida bultzatu eta hiltzeko prozesuaren jokabideak eraikitzen ahalegintzeko, baita hiltzen ikasteko, komeni da eutanasia kategoria nolabait ere eguneroko egoeretan kokatzen laguntzen diguten lau balizkoren bitartez eztabaidatzea. Egunerokotasunean gertatzen den bezala.

 

 

4.1. Zer egin gaixoak hiltzeko borondatea adieraztean?

Lehen balizko honetan fase terminalean ez dauden pertsonak sartzen ditugu, hiltzeko berehalako arriskurik ez dutenak, baina, bizi duten egoeragatik, heriotza aurreratzeko eskatzen dutenak. Pertsona horientzat, bizitze hutsa, sufrimendua da,

·         Hala, gaixotasun kroniko degeneratiboak dituztelako

·         Nola, guztiz mendekoak direlako,

·         Edota, tetraplegikoak direlako

·         Edota, Alzheimerrak jo berriak daudelako, besteren artean.

Galdera horri lotuta, Mercedesek, zainketa aringarrietako medikuak, uste du tratamendu posible guztiak baliatu behar direla “duintasunez hiltzeko” praktikaren eskubidea onartu aurretik, eta pentsatzen du Ramon Sampedro tetraplegikoaren antzeko kasu batean esku hartu beharko balu, uko egin eta kontzientzia-eragozpena aldarrikatuko lukeela.

Eztabaida, ordea, sufrimenduaren muga ezartzean nahasten da:

·         Gauza bera al dira hemiplegia edo tetraplegia?

·         Iritsiko zaigula uste dugun mendekotasun-egoeraren arabera (Alzheimer hasiberria, kasu) aurreikusi behar al dugu gure hiltzeko nahia, suizidioaren edo eutanasia prebentiboaren bitartez?

Kasu horietan, gogoeta eta erabaki pertsonalaren alde egiten dugu, kontuan izanik (HE) eutanasiaren alde daudenek ez dituztela gainerakoak horretara behartzen.

 

4.2. Zer egin gaixotasuna oso aurreratua eta gaixoa hil edo biziko egoeran badago?

Bigarren balizko honetan, laster hilko direla uste den pertsona oso gaixoak ditugu aipagai. Adibide gisa esan daiteke minbiziak jotako pertsona oso gaixoak daudela multzo honetan.

Eskuragai dauden datu estatistikoen eta egin dudan landa-lanaren arabera, biztanle gehienak DHEren aldekoak direla ikus daiteke, aplikatzeko modua edozein dela ere: eutanasia, suizidio lagundua, edo sedazioa. Hiru horien artean, sedazio klinikoa da, egun, gehien eskatzen dena. Dena dela, argi dago gero eta pertsona gehiagok nahi dutela, bai beren buruentzat bai gertukoentzat, erietxeetan eskaintzen dena baino harreman intimoago bat, eta, horregatik, senitarteko eta adiskideen ondoan hiltzea aukeratzen dute, baina, betiere, profesionalek aholkatuta, nahiz eta osasun-pertsonalak exekutatu ez.

Nahiko maiz gertatzen den beste kasu bat da: hil edo bizi dagoen gaixoak ezin erabakitzea, osasun-egoerak uzten ez diolako, eta, gainetik, bizi-testamenturik egin gabe egotea.

Erabakitzen zailago diren kasu horietan, guztiok berdin pentsatzea ezinezkoa bada ere, gehiengoaren iritzia da senitartekorik gertukoenak direla egoera horretan dagoen gaixoarekin zer egin erabaki behar dutenak. Hori dela eta, garrantzia hartzen ari da berriz, azken nahiaren testamentua egitearen komenentzia, testamentu hori egitean, neurri batean, nola hil nahi dugun adierazten baitugu.

 

4.3. Zer egin pertsona asko sufritzen ari denean?

Kategoria honetan, hamarkadetan luza daitezkeen sufrimendu-egoeretan dauden pertsonetan oinarrituko gara. Adibide batzuk emate aldera, arrazoitzeko gaitasunik ez duten pertsonen kasua aztertuko dugu, eta, betiere, aurrez bizi-testamentua egin gabekoak:

·         Alzheimer gaitza aurreratua daukatenak.

·         Egoera oso kaskarrean dauden zahardadeak jotako pertsonak.

·         Koman, urteak daramatzatenak.

·         Itxura guztien arabera kalitate txarreko bizitza izango duten malformaziodun haurrak.

Egoera horiek konplikatuagoak direnez, kategoria honetako jarrera edo iritziak zalantzagarriagoak dira, ñabardura gehiagokoak. Horrez gain, pertsona horiek, ezer adierazterik ez dutenez gero, beren borondatea gertuko senitartekoen borondatearekin ordeztea proposatzen da. Baina, erantzukizuna gertukoen gain uzteak beste eztabaida batzuk pizten ditu, ez baita beti erraza izaten gertuko pertsona hori aurkitzea.

Pertsona batzuentzat, aldiz, kasu horiek ez dira zailak. Izan ere, deskribatu ditugun egoeretako pertsonaren bat fase terminalean ez badago, ez da ezer egin behar, bizitza bere horretan jarraitu eta heriotzaren zain geratzea da kontua. Heriotza, modu naturalean, “etortzen den arte” zain geratzea.

Beste batzuek, berriz, era horretako bizitza ez dela duina uste dute, eta, ondorioz, iruditzen zaie egoera horietan esku hartu behar dela errukiaren printzipioan oinarrituta, eta, baita ere, beharbada, bioetikak aldarrikatzen dituen justizia edo benefizentzia bezalako printzipioak kontuan hartuta.

Horrelako kasuetan, nire ustez, hiltzeko eskubidea onartzea da alternatibarik bidezkoena, eta, beraz, HEren eutanasia zilegitzat jotzea, nahiz eta, aurrera eramateko zailtasunak tarteko, DHEren eutanasia gisa planteatu, ohiko hiru teknika ezberdinak erabilita.

Honen guztiaren inguruan ari garela, kontuan izan behar dugu eutanasiaren alde garenok, dela HErena dela DHErena, ez dugula inor behartu nahi. Horregatik, hiltzeko eskubidearen edo duintasunez hiltzeko eskubidearen defendatzaileek zera planteatzen dugu:

·         Errespetatu

·         Ulertu

·        

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan