Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

25. Osasun Biltzarra: Osasuna eta Kirola

3.1 Jarduera Fisikoa eta Osasuna; onurak arriskuen gainetik. Osasun Publikoaren Ikuspuntua

Egilea: Larraitz Arriola Larrarte


Sarrera

Gizakien sistema kardiobaskularra, ingurunearekiko indartsuagoa izateko eboluzioaren emaitza da. Baina azken mendean eman den bizi-itxaropenaren gehikuntzak eta gure bizimoduan eta elikaduran egon diren aldaketa ikaragarriek giza espeziea mehatxupean jarri dute, ez baitago prestatuta ezta biologikoki egokituta aldaketa horiek jasateko.

Agerleku berri honen eragile gehienak arrisku-faktore eta gaixotasun kardiobaskularren garapenarekin zuzenki erlazionaturik daude. Gaixotasun kardiobaskularrak azken mende honetan heriotza-kausa nagusi bihurtu dira, hori dela-eta medikuntzaren arloan saiakera handiak egiten ari dira gaixotasun horien tratamenduen bila.

Bizimodu sedentarioa da gaixotasun hauen arrisku-faktore nagusietako bat. Azken urteotan bizimoduan eman diren aldaketak direla medio lana asko aldatu da eta orokorrean jarduera fisikoa asko jaitsi da; Euskadiko helduen % 30ek bakarrik egiten du osasun-egoera ona ziurtatzeko nahikoa jarduera fisiko. Jarduera fisiko eza, aldakorra den arrisku-faktore bat izanik, prebalentzia altuko arrisku-faktorea da, beste arrisku-faktoreak baino altuagoa. Horregatik gaixotasun kroniko askoren tratamenduan eta maneiuan gomendio nagusitzat jotzen da. Halere eta argi egonik osasungarria dela, ez da orokorrean betetzen ez “errezetatu” beharreko neurri bezala, osasun-arloko gomendioan, ezta norbanakoek betetzeko neurri bezala ere.

 

Jarduera fisikoaren onurak

Literatura ugari dago jarduera fisikoen onuren inguruan, eta eztabaida gutxi jarduerak sortzen dituen onurengan. Deigarriena aipatzekotan, baieztatuta dago jarduera fisikoak hilkortasun orokorra (kausa guztiak) % 30ean jaisten duela.

Estatu Batuetan duten Phiysical Activity Guidelines for Americans-etik hartuta honako hauek dira onurak ebidentzia-mailaren arabera.

 

1 taula. Phiysical Activity Guidelines for Americans

Haurrak eta nerabeak

Ebidentzia-maila sendoa

-          Baldintza kardiorrespiratorio hobea

-          Baldintza muskular hobea

-          Hezurren osasun hobea

-          Adierazle kardiobaskular hobeak

 

Ebidentzia-maila moderatua

-          Depresio-sintoma gutxiago

 

 

Helduak eta nagusiak

 

Ebidentzia-maila sendoa

-          Heriotza goiztiarraren arrisku baxuagoa

-          Gaixotasun koronario gutxiago

-          IKTUS gutxiago

-          Hipertentsio arterial gutxiago

-          Dislipemia gutxiago

-          2 motako diabetes gutxiago

-          Sindrome metaboliko gutxiago

-          Ondesteko minbizi gutxiago

-          Bularreko minbizi gutxiago

-          Pisu-gehitzearen prebentzioa

-          Baldintza fisiko kardiorrespiratorio hobea

-          Baldintza muskular hobea

-          Erorketen prebentzioa

-          Funtzio kognitibo hobea (nagusiak)

 

Ebidentzia moderatu/sendoa

-          Osasun funtzional hobea

-          Obesitate abdominal txikiagoa

 

Ebidentzia moderatua

-          Aldaka hausteko arrisku baxuagoa

-          Birikako minbizi gutxiago

-          Endometrioko minbizi gutxiago

-          Pisua mantentzea argaltzearen ondoren

-          Hezur-dentsitate hobea

-          Loaren kalitate hobea

 

 

Azterketa sistematiko batean oinarriturik eta laburpen gisa jarduera fisikoak osasunarengan dituen onurak azalduko ditut, bai lehen mailako prebentzioan baita bigarren mailako prebentzioan ere.

 

Kausa guztietako hilkortasuna eta hilkortasun kardiobaskularra

Lehen mailako prebentzioa

Bai gizonezkoetan baita emakumeetan ere hilkortasunaren arriskua % 50 arte ere murriztu daiteke. Ikerketa batzuek kuantifikatu egin dute gainera murrizketa hori, eta badirudi jarduera fisikoarengatik astean gastatutako 1.000 kcal bakoitzeko edota MET 1 handitzen dugun bakoitzean heriotza-arriskua % 20 murrizten dugula. Hilkortasun kardiobaskularra ere murriztu egiten da, esate baterako emakumeetan emakume aktiboenek RR:0.67 (%95 KI 0.52-0.85) agertzen dute heriotza kardiobaskularrean emakume inaktiboekin alderatuz.

 

Bigarren mailako prebentzioa

Ariketa fisikoa egitea kausa orokorreko hilkortasunean garrantzitsua da ere bigarren mailako prebentzioan, batez ere gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonengan. Denbora luzez pertsona hauei atsedena (inaktibitatea) gomendatzen zitzaien, konkretuki bihotzeko gaixotasunak zituztenei. Ikerketa ugari egin da gai honen inguruan, Saiakuntza Kliniko Ausazkotuak barne. Errehabilitazio kardiakoaren eragina zalantzaz kanpo geratu da; asteko 1.600 kcal-ko gastua eraginkorra da bihotzeko gaixotasunaren progresioa geratzeko, eta gastua 2.200 kcal-koa bada arterioesklerosi-plaka txikitzea lortzen da gaixo hauetan. Jarduera fisiko arinak ere baditu onurak, baina gutxienezko prestakuntza-intentsitatea, bihotz-taupada erreserbaren % 45a da orokorrean.

 

Diabetes mellitus

Jarduera fisikoak intsulinarekiko sentsibilitatea hobetzen du, baita glukosaren homeostasia ere

Lehen mailako prebentzioa

Asteko 500 kcal-ko gastuak 2 motako diabetesaren arriskua % 6 jaisten du (RR 0.94 , %95 IK 0.90-0.98). Onuragarria da eta batez ere diabetesa edukitzeko arrisku handia duten pertsonentzako.

Argitzeke dago zein motatako ariketa den aproposena (aerobikoa vs. erresistentziazkoa) eta zein intentsitatekoa.

Bigarren mailako prebentzioa

Jarduera fisikoa positiboa da diabetesa duten gaixoen maneiuan. Bai erresistentziako jarduera baita aerobikoa ere eraginkorrak dira, baina badirudi erresistentziako jarduera egokiagoa dela kontrol gluzemikoa lortzeko

 

Minbizia

Lehen mailako prebentzioa

Ohiko jarduera fisikoak, bai lanean edota denbora librean egiten denak, minbiziaren intzidentzia jaisten du, batez ere ondeste eta bularreko minbizien kasuan. Jarduera fisiko neurritsua (4,5 > MET) jarduera fisiko arina baino egokiagoa gertatzen da.

Bigarren mailako prebentzioa

Ez dago hainbeste ikerketa maila honetan. Azkeneko ikasketa batzuek diotenez bigarren mailako prebentzioan, minbiziaren hilkortasuna edo errekurrentzia gutxitzeko eragin positiboa dauka jarduera fisikoak. Eragin honen zergatiak ikertzen ari dira eta oraindik ez dago argi zein ote diren:kimioterapiako tratamenduen eragina, eragin psikologikoa, etab.

 

Osteoporosia

Lehen mailako prebentzioa

Hezurretako dentsitatearengan duen eragina frogatua dago eta honek aldi berean osteoporosiaren sorrera ekiditen du, batez ere maila altuko jarduera fisikoan.

Ikusi da gainera jarduera fisiko arruntak ere, bai haur edo nerabeetan baita helduetan ere urteko % 1ean gutxitzen duela adinaren eraginez daukagun hezur-galera; bizkarrezurrean eta femurraren lepoan neurtuta bai menopausia aurretik baita menopausia ondoren ere.

Hezur-hausturetan ere eragina dauka jarduera fisikoak. Aktiboak diren pertsonek aldaka-hausturen maiztasun urriagoa dute (HR 0.38 %95 IK: 0.16-0.91)

Bigarren mailako prebentzioa

Saiakera klinikoetan frogatu da jarduera fisikoak hezur-dentsitatearen galera geldiarazten duela nolabait eta kasu batzuetan berreskuratzen dela dentsitatea neurri batean.

 

Jarduera fisikoaren arriskuak

Nahiz eta jarduera fisikoa bizitza osasungarria eramateko osagai garrantzitsuenetako bat izan,  baditu bere arriskuak. Arrisku hauek kontuan hartu behar dira biztanleria osoari gomendioak ematerakoan. Hala ere arrisku/onura erlazioa onuraren alde dago guztiz.

Hauexek arriskuetako batzuk:

- Lesio osteomuskularrak

- Deshidratazioa eta bero-kolpea

- Bat-bateko bihotzeko heriotza

- Estres oxidatiboa

 

Jarduera fisikoaren sustapena eta sustapen-estrategien eraginkortasuna

Osasunaren sustapenerako estrategia desberdinak erabiltzen dira; bai estrategia indibidualak baita komunitarioa ere. Orokorrean banakako estrategia erabiltzen badugu eragina handiagoa izaten da banakako horietan. Gomendio indibiduala ematen zaio, normalean gainera arrisku altua duten pertsonengana zuzenduta dago eta lortzen ditugun emaitzek eragin handiagoa dute. Hala ere eta osotasunean pertsona gutxiagorenagana iristen gara eta gainera baita beste arrisku asko dituztenengana ere, eta hori guztia osotasunean neurtzen badugu, eragin murritzagoa dauka.

 

Estrategia komunitarioak latzagoak dira, bai inplementazioan baita duten eragina neurtzen ere. Baina orokorrean lortzen den eragina txikiagoa izanik, jende gehiagorengana heltzen da eta osotasunean hartuta eraginkorragoak direla esan dezakegu.

 

Nola egin sustapena eraginkorra izan dadin?

Jarduera Fisikoaren sustapenari dagokionez osasun-arloa ez da neurriak hartzeko arlo bakar edo nagusietarikoa. Europar jarraibideek diotenez arlo desberdinetan hartu beharko lirateke neurriak, ez bakarrik osasun-arloan. Esaterako, honako arlo desberdinak aipatzen dituzte: kirolak, osasuna, heziketa, garraioak, hiri-plangintza, herritarren segurtasuna, lan-ingurunea eta adinekoentzako zerbitzuak.

Europar Komunitateak aginduta estatuek neurri ugari hartu dituzte; herrialde bakoitzak bere Jarduera Fisikoaren plana dauka. Neurri desberdinak hartu dira, bai osasun-arloan baita beste arlo batzuetan ere. Hala ere badirudi neurriak ez direla nahikoak. Europa mailan herrialde batzuetan igo egin da jarduera fisikoa egiten dutenen kopurua, baina beste herrialde batzuetan ordea asko jaitsi da (Diario Oficial de la Unión europea, 4-12-2013). Hartutako neurriek ez dute espero zuten eraginik lortu.

Euskal Autonomia Erkidegoak ere badu bere plana (Mugiment Basque Country). Osasun Planaren helburuen artean dago jarduera fisikoren bat burutzen duten pertsonen kopurua ugaritzea, eta egungo jarduera ezaren portzentajea % 10-% 15 murriztea.

2013ko Euskal Osasun Inkestak dioenez jarduera fisikoaren eboluzioa 2007tik 2013ra ez da aldatu emakumeengan eta gizonezkoengan igo egin da (% 17). Obesitatearen emaitzak, aldiz, ez dira hain baikorrak, azken hamar urteotan 16 urtetik gorakoetan obesitatea % 26 hazi da.

 

Argi dago osasun-arloan duen garrantzia gaixotasun kroniko asko ekidin eta hobetzeko. Baina sustapenean egiten diren neurriek duten eragina da garrantzitsua. Eta eragin hau neurtzea.

Estatu Batuetan 2002 urtean plazaratutako “The Guide to Community Preventive Services” azterketan, jarduera fisikoa areagotzeko egindako esku-hartzeen eraginkortasuna neurtu zuten. Estrategia desberdin ugari aztertu zituzten bai eskoletan, familietan, komunitatean baita bakarkako aholku moduan ere. 2. Taulan laburbiltzen dira estrategiak eta azaldutako eraginkortasuna.

Lehen mailako atentzioan egiten diren esku-hartzeen eraginari dagokionez (A. Sanchez, Paola Bully, Catalina Martinez, Gonzalo Grandes. Preventive Medicine 2014) azterketen azterketa (review of reviews) da eta bertan argitaratutako estudioen analisia egiten da. Eragina positiboa dela diote, baina argitu beharreko zalantzak ere plazaratzen dituzte, hala nola aholkatu beharreko ariketa fisikoen motarik aproposena zein den, zenbat denbora, ze segimendu, “gaixoen” zein ezaugarri diren garrantzikoak aholkuak ematerako orduan, etab.

Azkenik, Cochranek 2015. urteko urtarrilean argitaratuko azterketan ondorioztatzen du komunitatean egiten diren ekintzek ez dutela eraginik jarduera fisikoa egiten duen jende-kopurua areagotzeko.

Jarduera fisikoa sustatzeko neurrien eraginkortasuna neurtzea da erronka nagusia. Nola neurtzen den eragina, zeintzuk diren estrategia egokienak, etab. oraindik ere argitu eta aztertu behar diren gaiak dira Jarduera Fisikoa benetan gizartean barneratzeko eta osasunean mesedegarri den eragin hori lortzeko.

2. taula. The Guide to Community Preventive Services

 

Adibideak

Kopurua

Eragina

Ikuspegi informatzailea duten sustapen estrategiak

 

 

 

Ohar zehatzak

Eskaileratan jartzen diren kartelak oinez igotzeko

6

Bai

Komunitate-mailan eginiko estrategiak

Komunikabideetan biztanleria osoari zuzendutako mezuak, zabalak, orokorrak, bizimodu osasuntsuari buruz

10

Bai

Komunikabideetako kanpainak

Kanpaina espezifikoak Jarduera Fisikoaren inguruan

3

Ez dago ebidentziarik

Ikasgelan oinarrituriko osasun-hezkuntza

Informazioa geletan

13

Ez dago ebidentziarik

Ikuspegi konduktual eta soziala duten estrategiak

 

 

 

Eskola-mailako Heziketa Fisikoa

Gimnastika klaseak luzatu edo klase gehiago jarri

16

Bai

Unibertsitateko Heziketa Fisikoa edo Osasun-hezkuntza

Hitzaldiak edo/eta jardunaldiak Jarduera Fisikoaren inguruan

5

Ez dago ebidentziarik

Familietan oinarritutako gizarte-laguntza

 

12

Ez dago ebidentziarik

Bakarkakoan oinarritutako osasun portaera aldatzeko programak

Bakarka erakutsi nola gehitu dezaketen jarduera fisikoa

20

Bai, oso eraginkorra

Ingurumen eta politika planteamendua

 

 

 

Kirola egiteko lekuak sortu edo horietara heltzea erraztu

 

12

Bai, oso eraginkorra

 

Azken Berriak

Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...
OEEren Osasun Biltzarraren hitzaldia ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan hitzaldian parte hartu zuten osasun-arloko profesionalek esandakoak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Hitzaldia: "Historia klinikoa euskaraz: beharra e...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan