Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

25. Osasun Biltzarra: Osasuna eta Kirola

3.3 Kirol-errezeta

Egilea: Javier Marco Juana


Giltza-ideiak:

Gure inguruan gaixotasun kardiobaskularrek jarraitzen dute lehenengo heriotza-kausa izaten. 

Gaixotasun horien garapena, neurri handi batean, bihotz-hodietako arrisku-faktore klasikoen presentziaren araberakoa da: hipertentsio arteriala, diabetesa, hiperkolesterolemia, tabakoa, obesitatea eta  egoneko bizimodua nagusiki.

Zehazki, frogatuta dago egoneko bizimodua lotuta dagoela kardiopatia iskemikoaren garapenarekin (miokardio infartua edo bularraldeko angina) eta, oro har, hilkortasun kardiobaskularrarekin.  Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2009an mundu mailan egoneko bizimodua 4. heriotza- eta ezintasun-kausa zela ezarri zuen.

Ostera, ebidentziak daude jarduera fisikoak gutxitu egiten duela gaixotasun koronarioak izateko arriskua eta heriotza arriskua. Era berean, frogatuta dago jarduera fisikoak hobetu egiten dituela hiperkolesterolemia, hipertentsio arteriala, diabetesa eta obesitatea. 

Gaur egungo gizartean egoneko bizimodua eta obesitatea osasun publikoko arazo larri bilakatu dira: gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku areagotua, bihotz-hodietako arrisku-faktoreen agerpena, horri lotutako kostu sanitario handiak…    Industrializazioa, garraiobideen garapena, hiriko bizimodua eta kaloria karga handiko elikagaiak lortzeko erraztasunak arazo horien goren maila eragin dute.

Horregatik guztiagatik, osasun publikoko sistementzat funtsezkoa da egoneko bizimodua eta obesitatea gutxitzera bideratutako estrategia integralak garatzea. Esaterako, 2005ean Espainiako Osasun Ministerioak  NAOS Estrategia jarri zuen martxan (Nutrizioa, Jarduera fisikoa, Obesitatearen prebentzioa eta Osasuna).  

 

Egoneko bizimoduaren definizioa:

Hainbat definizio daude, baina onartuena eta kuantifikatzen errazena OMErena da: “egoneko pertsona da astean 3 aldiz baino gutxiagotan 30´ baino gutxiagoko jarduera fisikoa egiten duena”

Egoneko bizimodua eta obesitatea euskadin:

Euskadin lanabes garrantzitsua dugu gizarte-ohiturak baloratzeko:  Osasun-inkesta. 5 urterik behin egiten da, populazioaren lagin adierazgarri bati egindako inkesta bidez.  

2013an egin zen azken inkesta eta inkesta horren datuen arabera Euskadiko gizonezkoen %14 eta emakumezkoen %13 obesoak dira. Datu horiek 2007ko inkestan jasotakoen antzekoak dira eta 2003an jasotako datuak baino nabarmen okerragoak.

 

 

 

Euskadiko gizonen %73 eta emakumeen %66 aktiboak dira; %27 eta %34 hurrenez hurren egoneko pertsonak dira. Laneko jarduera fisikoari dagokionez, biztanleen %41,5 egonekoa da, hau da, eserita egiten du lan.

Biztanleen %19,7 baino ez da modu aktiboan joaten lanera, hau da, oinez edo bizikletaz.

Hortaz, esan dezakegu Euskadiko biztanleen %31 egonekoa dela. Datu horiek hobetu egin dira 2007 urtearekin alderatuta, batez ere gizonezkoen kasuan. Egoneko pertsonen guztirakotik zati garrantzitsu bat prest egongo litzateke egiten duen jarduera fisikoaren maila handitzeko, aldeko estimulu lagungarri egokiak jasoz gero eta %40k aitortzen du ez dagoela pozik egiten duen jarduera fisikoarekin.

Hortaz, egoneko bizimoduak eta obesitateak prebalentzia altua dute Euskadin eta lehen mailako osasun arazo dira.

 

Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko estrategiak:

http://www.euskadi.net/contenidos/noticia/aktibili/es_aktibili/images/aktibili.jpg

Euskadin azken urteotan hainbat estrategia garatu dira jarduera fisikoa sustatzeko. Adierazgarriena 2011n landutako AKTIBILI egitasmoa izan zen: jarduera fisikoaren euskal plana. Hainbat erakundek bultzatutako plana da: Osasun Saila, Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritzako Kirol Departamentua, EUDEL, udalak, gizarte-zerbitzuak, eta abar.

Gainera beste erakunde eta elkarte batzuetako erreferenteen partaidetzarekin, 96 jarduketa proposamen zehatz diseinatu ziren 13 estrategiaren bitartez eta 11 jarduketa-esparrutan.

 

11 Jarduketa-esparru

Tokian tokikoa

Mugikortasuna

Hiriko esku hartzea

Sanitarioa

Hezkuntza

Lan-esparrua

Komunikazioa

Ikerkuntza

Ebaluazioa

Sektore arteko koordinazioa

Orokorra

13 Estrategia

1. Tokian tokiko AKTIBILI  ekimenen sorrera eta iraunkortasuna sustatu.

2. Joan-etorri aktiboak sustatu.

3. Jarduera fisikoaren praktika errazten eta egoneko jokabidea gutxitzen laguntzen duen ingurua (hirikoa eta naturala) sortu.

4. Jarduera fisikoa txertatu euskal osasun sisteman.

5. Hezkuntza komunitate aktiboagoak eta horren egonekoak ez direnak sortu.

6. Lan-esparruan jarduera fisikoa sustatzeko irizpideak txertatzen lagundu.

7. AKTIBILIren Komunikazio-plana garatu.

8. Aldaketarako sentsibilizazioa.

9. Ikerkuntza sustatu jarduera fisikoaren alorrean.

10. Jarduera fisikoko programen ebaluazioa sustatu.

11. AKTIBILen koordinazioa beste ekimen eta sektoreekin.

12. AKTIBILI Planaren sustapena eta garapena.

13. Egungo kirol-politika berrikusi.

 

 

Osasun sistemaren kasuan, plana martxan jartzearekin batera, pertsonek egiten duten jarduera fisikoaren mailaren diagnostikoa gehitu zen historia klinikoan jasotzen diren prebentzio-jardueren eta osasuna sustatzeko jardueren artean. Alderdi hori sistematikoki galdetzen zaie herritarrei profesionalaren arabera interesekoa denean, modu horretan gure eguneroko eginkizunetan txertatuz.

2013an AKTIBILI egitasmoa erreferente hartuta, Hezkuntza, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Osasun Sailak elkarlanean Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko plan estrategiko berria sustatu dute, MUGIMENT izenekoa. 

Hortaz, MUGIMENT da Euskadin jarduera fisikoa sustatzeko plan berria, Eusko Jaurlaritzak garatua, Europako Kontseiluaren Gomendioak, 2013ko azaroaren 26koak, jasoz eta erreferente moduan 2013ko Osasun-inkestako datu baliotsuak erabiliz. 

MUGIMENTen asmoa da, AKTIBILI aurrekariarena bezala, Euskadiko biztanleen artean jarduera fisikoaren garapena sustatzen duten hainbat gizarte-eragileren arteko aliantza-sarea sortzea,  8 estrategiaren bitartez.

http://www.nordicwalkinggunea.net/_/rsrc/1413280447515/noticias/gobiernovasco-tallerdeformacion-municipiosactivos/GV%20Mugiment.jpg

Getxo: 2014ko Europako kirol hiri 

http://www.getxo.net/ImagesPublic/Kirolak/logo_azul_ciudad_europea_deporte.jpg

Getxok 84.000 biztanle ditu, Bizkaiko kostaldean dago, paregabeko inguru naturalean eta kirol-tradizio luzea du. Inguruaren edertasun naturala, eta itsasbazterreko pasealeku-sarea direla eta, (mendi)-ibiliak egiteko ohiko ingurua da. 

Udal datuen arabera, biztanleen %77k jarduera fisikoa egiten ohi du.

Askotariko kirol-elkarteak ditu, erroldatutako biztanleen %8k hartzen du parte ekarteotan.

Getxo Kirolak-ek (Udal kirol-zerbitzua) kirol-plana diseinatu zuen 2008an, biztanle guztien artean jarduera fisikoa sustatzeari begira sare bat sortzeko: kirol-instalazioen, jardueren eta inguruko kirol-elkarteen harreman-sarea. Horrela, Getxok nabarmentzekoak diren azpiegituren artean 3 udal-kiroldegi ditu, gimnasia-gailuak dituzten 8 parke publiko, 10 kilometroko bidegorria, arraunketa pabilioi bat eta bela-ontzi pabilioi bat.  

Kirol-tradizio handia dela eta, hainbat diziplinako makina bat norgehiagoka antolatzen dira, bai zaleentzat, bai profesionalentzat.

Horregatik guztiagatik, udalbatzak hautagaitza aurkeztu zuen Getxo 2014an Europako Kirol Hiri izateko. Horretarako Plan bat diseinatu zen eta hautagaitza-egitasmoa idatzi. Azkenik, Getxo 2014ko Europako Kirol Hiri izendatu zuten, Europako beste 17 hirirekin batera.

Saria behin jasota, biztanleen artean kirola eta jarduera fisikoa praktikatzea sustatzeari begirako hautagaitzan diseinatutako plana garatzeari ekin zitzaion.

Jarduera horien baitan, Osakidetzako profesionalekiko harremanei ekin zitzaion, harreman horiek jarraian zehaztuko dugun Kirol Errezeta egitasmoa gauzatu zuten.

 

Kirol errezeta egitasmoa:

·         Sortzea:

Gorago jasotakoaren arabera, Getxo 2014an Europako kirol hiri izendatzeak batetik, eta AKTIBILI estrategiak bestetik, erraztu zuten 2014an diziplina arteko taldea sortzea. Taldea Getxo Kirolak-eko teknikariek eta Getxon dauden Osakidetzako Lehen Mailako Arretako 3 osasun zentroetako profesional sanitarioek (medikuak eta erizainak) osatu zuten. 

Hilabete batzuetan hainbat ideia zehazten joan ziren, egitasmoa mamitu arte. Egitasmoa 2014ko ekainean aurkeztu zitzaien profesionalei, biztanleei eta hedabideei.  

2014ko azken lauhilekoan ekin zitzaion pazienteekin pilotatzeari.

·         Kirol Errezetaren Koordinazio-taldearen helburuak:

Helburu nagusia da Getxoko biztanleen artean jarduera fisikoa sustatzea, Osakidetzako profesional sanitarioek erabiltzailea kirol-profesionalengana bideratuz, azken horiek jarduera fisikoa planifikatu eta jarduerari buruz aholkatu dezaten.

Bigarren mailako helburuak:

Erabiltzaileek, beren ezaugarrien arabera, egin behar duten jarduera fisikoa adostea.

Profesional sanitarioek eta kirol-profesionalek bete beharreko rola zehaztu.

Esparru bien arteko beharrezko koordinazio-bideak ezarri.

·         Kirol errezetaren hartzaileak:

Hasteko, osasun zentroetan artatutako edozein erabiltzaile, profesional sanitarioaren arabera jarduera fisikoaren maila handitzeko aholkularitza edo motibazioa behar duena, beti ere, horretarako kontraindikaziorik antzeman ez bada.

Gaur egun kirola praktikatzeko muga fisiko larririk ez duten pazienteei eskaintzen zaie, argi dauden segurtasun arrazoiak direla eta.

Eskaintza, aholkularitza eta jarraipena Getxo Kirolak-eko bazkideentzat zein bazkide ez direnentzat da. Bazkide direnen kasuan, jarduera-eskaintzaren barne daude udal zerbitzuen eskaintzan dauden jarduerak; bazkide ez direnei eskaintza horretatik kanpo dauden jarduerak aholkatzen zaizkie.

·         Metodologia:

Profesional sanitarioak paziente hautagaia antzematen du eta kirola egiteko aholkatzen dio.  Pazienteak parte hartu nahi badu, profesionalak kirol-errezeta sortuko du; kirol-errezeta gure historia kliniko informatizatuan gehitu dugu.  

Profesionalak errezetan adieraziko du jarduera fisikoa handitzeak zein onura ekartzea espero dugun, eta baita modu ulergarrian pazienteak berak dituen muga fisikoak.

 

 

 

Kontuz bizkarhezurrezko artrosiarekin.

 

 

Lau bat kilogramo galdu.

Egoera fisikoa hobetu.

 

 

 

Ondoren, errezeta inprimatu eta pazienteari emango dio; bertan Getxo Kirolak-eko telefono zenbakia dago jasota, pazienteak deitu eta teknikari batekin hitzordua eska dezan.  

 

Elkarrizketa horretan lortutako informazioa eta kirol errezetan jasotakoa kontuan hartuta, teknikaria saiatuko da:

Egitasmoa kokatzen.

Konfidentzialtasuna lotzen.

 Nortzuk diren eta haien xedea zein den azaltzen.

 Adostutako helburuak ezartzen.

 Konpromisoa lortzen.

Jarduera fisikoko plana diseinatzen

Jarraipena ezartzen.

Gorago adierazi dugun bezala, prozesua Getxo Kirolak-eko bazkideekin zein bazkide ez direnekin egingo da, jarduera fisikoa kasu bakoitzari egokituz.

Jarduera fisikoko banan banako planak bi ardatz izango ditu: pertsona (espero diren onurak eta ariketa fisikoa egiteko mugak) eta jarduera posiblea (lehentasunak, denbora, bazkide ala ez, etab.)

Bai pertsonen, bai jardueren ezaugarriak parametrizatu egiten dira 5 adierazle giltzarritan oinarrituta:

Eragina

Intentsitatea

Maiztasuna

Iraupena

Taldeka/Banaka

 5 adierazle horiek 1etik 4ra graduatuko dira (azkena izan ezik, 1 eta 2 graduak baino ez ditu) eta jarduera fisikoko plana jasotzen duen txantiloi pertsonalizatua diseinatuko da.

Jarduerak udal zerbitzuen eskaintzaren baitakoak izan daitezke (tenisa, igeriketa, gimnasioa, aerobica, yoga, etab.) edo eskaintzatik kanpokoak (aire zabalean dauden gimnasio publikoak, ibilbideak, etab.) 

Arrakastaz abiatutako jardueretako bat izan da hitzartutako ibilbide, toki eta ordutegietan oinez ibiltzeko taldeak osatzea. Horrek aukera eman du harreman-sare pertsonalak sortzen doazen koadrila egonkor beregainak eratzeko. 

·         Jarraipena:

Jarraipen-planak fase pertsonala eta taldekako fasea ditu:

Banaka jarraipena egiten da 15. egunean, 1, 3, eta 6  hilabete igarotzean, eta urtebete igarotzean.

Taldeka 3 saio egiten dira programaren beraren “ebaluazio parte-hartzailea” egiteko. 

Gainera, osasun-zentroak ere jarraipenak egiten ditu.

·         Programaren emaitzak:

Orain arte 76 paziente bertaratu dira elkarrizketara, profesional sanitarioek bideratuta. Adin tarterik ohikoena 50-70 urte bitartekoa da; 31 gizonezko eta 45 emakumezko.

76 pazienteetatik 59k 15. eta 30. eguneko jarraipen-elkarrizketetan hartu dute parte eta hauek dira emaitzak:

39 erabiltzailek jarduera fisikoko planaren aholkuak jarraitzen dituzte.

7k onartu dute ez dituztela jarraitzen.

6 oraindik ez dira planarekin hasi.

7k ez dakite/ez dute erantzun.

Osasun- eta kirol-profesionalen inpresioa eta batez ere erabiltzaileena beraiena oro har oso positiboa da.

·         Etorkizuneko urratsak:

Koordinazio-taldeak programaren ebaluazioak egin ahala, metodologia hobetuz joango da eta eskaintza posiblea den erabiltzaile guztiei hedatzeko ahalegina egingo da.

·         Kirol Errezetaren indar-guneak:

Lortu dugu apurka-apurka osasun-profesionalek biztanleen jarduera fisikoaren diagnostikoa euren ohiko zereginen artean integratzea, eta baita dagokionean jarduera fisikoa aholkatzea ere. Mentalitate aldaketa garrantzitsua da eta espero dugu nabarmena izatea populazioaren osasunean. 

Profesionalei eta herritarrei tresna bat eman diegu kirola egin nahi, baina haien kabuz egiteko gai ez diren pertsonei laguntzeko aukera ematen duena.

Eskaintza bidezkoa da, parte hartzeko ez baita ezinbestekoa Getxo Kirolak-eko bazkidea izatea. 

Apurka-apurka, mota horretako jarduerak laguntzen ari dira profesional sanitarioak kontzientziatzen beharrezkoa dela herritarren osasun orokorrean inplikatuta dauden beste eragile eta erakundeekin koordinatzea, horrela osasun profesionalen beraien esku-hartzeen ahalmena handituz. 

Osasun arloko ikerketa eta saiakuntza kliniko gehienetan ohartzen gara ikerketak eta saiakuntzak iraun bitartean ikusten diren onurak galtzeko joera dagoela amaitu ondoren. Egitasmo honetan saiatzen gara erabiltzailea gure esku-hartzearekiko beregain egiten duten planak diseinatzen eta baita erabiltzailearen egunerokotasunean txertatzen diren gizarte-sareak eta ohiturak sortzen, jarduera iraunaraziz. Urteak joan ahala, aukera izango dugu alderdi hori neurtzeko, baina uste osoa dugu horrela izango dela.

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan