Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

27. Osasun Biltzarra 2017: Aniztasuna osasunean

3.7 Terapia neutrala

Egilea: Markos Perez AbendaƱo


a) Kontzeptua

Nerbio Terapiagaixoa nerbio-sistemaren bidez tratatzea da, begetatiboaren bidez batez ere. Zehatzago, neurobegetatiboaren tonuan eragitean gaixotasuna piztu edo katalizatzen duten narritadurak indargabetzea du xede.

Horretarako, anestesiko lokalak erabiltzen ditu, prokaina gehienbat, oso diluituak eta oso kantitate txikian, azalean, nerbio gongoiletan, nerbio periferikoetan eta beste hainbat puntutan injektatuta, nerbio-sistema kaltetua edo narritatua izan den puntuetan, hain zuzen.

Horrela, nerbio-sarean informazio-trukea aldatzen eta bulkada kaltegarriak sortzen dituzten oztopo horiek indargabetzean, organismoari itzuli egiten zaio berez sendatzeko (osatzeko) duen gaitasuna, bere erregulazio mekanismoak sustatuz eta bizi-indarra suspertuz.Beraz, terapia erregulatzaileen partaide da Nerbio Terapia.

Bestalde, anestesiko lokalak erabiltzen dituenez, pentsa liteke Nerbio Terapiaren helburua mina tratatzea dela, eta ez da horrela. Mina tratatzen du, noski, gaitzaren adierazpen bat izan daitekeen neurrian, baina ez da medikuntza analgesiko bat. Ezaugarri hori honako puntu hauek argi erakusten dute:

ü Erabiltzen diren anestesiko lokalak ahulak eta oso diluituak dira, eta oso kantitate txikietan injektatzen dira

ü Edozein gaitzetan erabiltzen da Nerbio Terapia, baita minik gabeetan ere

ü Farmakoaren eragin anestesikoa baino aunitzez luzeagoa izaten da Nerbio Terapiak sortzen duen hobekuntza.

 

b) Nerbio-sistema

Nerbio-sistemaren ikuskera disekzionatzaile eta analitikoen aurrean, Nerbio Terapiak haren gaitasun integratzaileak lehenesten ditu. Ez da “bakarrik” gorputzak dituen sistemetako bat, gainerakoetatik bereizten ahal dena aztertzeko eta tratatzeko. Haren ezaugarri berezien artean badira batzuk batasun dinamiko bat, oso bat, bihurtzen gaituztenak, organismo guztiaren erantzuna bateratzean eta koordinatzean:

ü Identitate eratzailea da jaiotzetik, gorputzaren mutur batetik besteraino.

ü Gure funtzionamenduari koherentzia ematen dio.

ü Barneko munduarekin eta ingurukoarekin lotzen gaitu.

ü Bizi dugun egoerara egokitzen gaitu une oro, baita gaixotzean eta sendatzean ere.

Eta azken hori da Nerbio Terapia beste medikuntzetatik eta beste ikuskera holistikoetatik bereizten duen ezaugarri nagusia: gaixotze – sendatze prozesuan nerbio-sistemari ematen zaion oinarrizko eginkizuna. Beraz, pentsaera horren arabera, gaixotzen garenean (eta, ondorioz, sendatzen garenean ere bai) gure osotasunetik egiten dugu, gu garen osotik, ez gorputzeko atal bakoitzak bere aldetik gainerakoekin loturarik edukiko ez balu bezala; baina hori horrela bada, holismoak onartzen duen moduan, nerbio-sistemari esker da.

Era berean, bai emozioen somatizazioan, eta baita gertakari sozial eta kulturalek gure osasunean izan dezaketen eraginean ere, nerbio-sistemaren eginkizuna nahitaezkoa da.Hortaz, Nerbio Terapiak, nerbio-sistemaren bitartez, kontzeptu holistiko bat eskaintzen du, Izatea bere osotasunean tratatzea ahalbidetzen duelako, arlo organikoan zein psiko-sozialean.

Horregatik, bere helburu terapeutikoa ez da gaixotasunari ekitea, gaixoari baizik, haren era guztietako gorabeherak kontutan hartuta, fisikoak zein psikologikoak edo bestelakoak, berez sendatzeko (osatzeko) duen gaitasuna sustatuz.

 

c) Sistema mediko konplexua

Nerbio Terapia sistema mediko konplexua da, medikuntza “ofiziala” bezala, eta homeopatia edo akupuntura bezala.

Sistema mediko konplexuek, arrazionaltasun batetik eta eredu mediko batetik abiatuta, barne-eratze teoriko koherente bat eta proposamen terapeutiko bat dituzte, honako 5 zutabe hauetan oinarrituta: morfologia (anatomiari dagokiona), fisiologia (funtzionamenduari lotua), doktrina-corpusa (osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak zehazten dira horretan), diagnostikoa eta tratamendua.

Nerbio Terapiari dagokionez, 5 zutabe horietatik lehenbiziko hirurek XIX. mendeko Errusiar Eskolako nerbismoan oinarri sendoak dituzte. Izan ere, fisiologia-korronte horrek nerbio-sistemaren zeregina lehenesten du gainerako sistemen artean, eta haren eragina hedatzen die organismoaren funtzio gehienei, baita gaixotze – sendatze prozesuari ere. Diagnostikoaren metodoa eta tratamendua Alemaniako Huneke anaiek eta haien ondorengoek garatu zuten.

Horrela, morfologiaren alorrean, Nerbio Terapiari nerbio-sistema osoko sistematzat hartze hori nerbismotik datorkio: zentral, periferiko eta autonomoan sailkatzeak garrantzia galtzen du, prozesu erigarri baten garapena eragiten duten nerbio-funtzio trofikoek kokapen zehatzik ez dutelako eta nerbio-sistemaren eta organismoaren alderdi guztiei erasaten dietelako.

Bestalde, Nerbio Terapiarentzat oso garrantzitsua da organismoaren estrukturen jatorri enbriologikoa eta horrek garapenean nerbio-sistemarekin duen lotura dinamikoa ezagutzea, horri esker ulertzen direlako patologia desberdinen metamera-sailkapena eta barneko organoen eta dermatomen arteko harreman funtzionala.

Fisiologiaren alorrean ere nerbismoaren eragina oso handia da. Horren arabera, nerbio-sistemak organismoaren prozesu fisiologiko eta patologiko guztiak koordinatzen eta kudeatzen ditu, eta animaliek ingurunearekin duten portaera zehazten du.

Doktrina-corpusean, osasun – gaixotasun kontzeptuan, Nerbio Terapiarentzat patologia oro nerbio-sistemaren funtzionamendu “distrofiko” batetik letorke, eta funtzionamendu desegoki horiek organismoak jasaten dituen narritadurengatik gertatzen dira. Narritaduratzat ulertzen da barneko zein kanpoko estimuluek organismoan sortzen dituzten aldaketak. Narritadura horiek organismoaren ezaugarrien araberakoak izanen dira, eta baita estimuluaren izaeraren araberakoak ere, eta haien eragina bertan nabarituko da, edo urruneko leku batean.

Baina azalpen fisiko horren gainetik, gaixotzea gizabanakoa ingurunera egokitzeko prozesutzat hartzen da, non organismoak berak kanpotik etortzen zaizkion arazoak konpontzen dituen. Beraz, gaixotasuna ez da soilik osasunik eza, edo medikuntzak ezartzen dituen parametroetatik kanpo egotea, norbanakoaren ontogeniaren baitan garatzen den prozesu ebolutiboa eta dinamikoa baizik, mundura egokitzeko.

Diagnostikoa egiteko, gertakari morbidoaren agerraldien eta hasierako narritadura baten edo batzuen arteko loturak bilatu behar dira. Narritadura horiek fisikoak, mentalak edo emozionalak izan daitezke, gorputza eta gogoa bereizezinak direlako, eta prozesu patologikoaren lekuan berean, haren segmentuan edo urrunean (denboran edo espazioan) kokatzen ahal dira. Narritadura horiei interferentzia-gune deitzen zaie.

Tratamenduaren metodoa, gehienbat Alemanian garatua, anestesiko lokalen erabilera injektatuan datza, prokaina edo lidokaina ia beti. Injektatzeko lekuak gaitza agertzen den puntuan, segmentuan edo urruneko interferentziaguneetan kokatzen dira.

 

d) Nerbio Terapiaren ekintza mekanismoa

Zelulak, bateria bat balitz bezala, bere mintzean potentzial-diferentzia elektriko bat dauka, eta kanpoaldea positiboagoa da barnealdea baino, sodio-potasio ponpa batek ioi horien alde bakoitzeko kontzentrazio ezberdin bat mantentzen duelako. Horri, mintz- potentziala deitzen zaio (edo atseden-potentziala) eta 40-90 mV bitartekoa da.

Nerbio-sistemaren zeregina informazioa garraiatzea da. Horretarako, estimulu batek atseden egoeran dagoen neurona bat jotzen badu eta kitzikapen bat eragiteko nahikoa bada, mintzean aldaketa bat eragiten du, sodioaren kanalak irekiz, eta horrekin batera, kanpoaldeko sodioa bat-batean barneratuz, eta hasierako atseden-potentzialean despolarizazio egoera bat sortzen du puntu horretan. Despolarizazio horrek aldameneko puntua ere despolarizatzen du, eta, horrela, axoian zehar garraiatzen den ekintza-potentzial bat sortzen da, axoiaren bukaeraraino iristen dena eta, ondorioz, neurotransmisoreak askatzen dituena, sinapsia egiteko.

Egoera normal batean, aipatutako despolarizazioa berehala leheneratuko da, birpolarizazio baten ondoren. Baina prozesu osoa eragiten duen estimulua oso maiz gertatzen bada edo oso handia bada, nerbio-sisteman narritadura bihur daiteke, eta, horrela, mintza ez da birpolarizatuko, despolarizazio iraunkor batean geldituko da, eta, ondorioz, zelulak ezinen du bere funtzioa bete; beraz, egoera ahul, gaixo, disfuntzional batean geratuko da,eta, horrela, mintzetik ateratzen diren deskargek interferentziagune bat sortzen ahal dute.

Anestesiko lokalek potentzial energetiko handia daukate (290 mV-ekoa). Horregatik eta beren ekintza-mekanismoarengatik (potasioaren kanalak era itzulgarrian blokeatzen dituzte), zelula-mintza ukitzen dutenean, birpolarizatu egiten dute. Zelula hori neurona disfuntzional (despolarizatu) bat bada, eragin anestesikoa agortzen denean bere mintz- potentzial zuzena berreskuratzen du, eta, berriz ere, era normal batean hasten ahal da funtzionatzen. Beraz, anestesiko lokalek puntu horietan “reset” moduko bat egiten dute, eta, horren bidez, sistema neurobegetatiboa egonkortu egiten dute.

 

d) Interferentziagunea

Memorian (nerbio-sistemaren oroimenean) irauten duen narritadura bat da, hau da, era iraunkorrean despolarizatua dagoen gorputzeko ehun bat, eta une zehatz batean, bere kabuz edo beste batzuen laguntzaz, aldaketa patologikoak sortzen ahal dituena.

Edozein infekzio, hantura, trauma (fisiko edo psikiko), orbain, hortzeria arazo,…, interferentzia gune bihur daiteke eta, hortik, estimulu narritatzaileak igortzean, nerbio-sistema begetatiboaren funtzionamendua (informazio-garraioa) aldatu eta, horren ondorioz, prozesu patologikoak sortzen ahal ditu, “gaixotasunak” sortzen ahal ditu, alegia.

Interferentzia-guneak egoteak azaltzen ahal du zergatik hainbestetan ongi egindako tratamendu batek, medikuntza ofizialekoa edo bestelako batekoa izan, ez duen bere xedea lortzen.

Anestesiko lokalek interferentziagune horiek indargabetzen, deuseztatzen ahal dituzte, eta, ondorioz, organismoa, bere funtzionamendu normalerako oztopo horiek gabe, “berez” senda daiteke, hots, organismo horrek egiten zituen sintomak sortzeari uztenahal dio, edo ordura arte porrot egin duten bestelako tratamenduak arrakastatsu bihur daitezke.

Interferentziagune guztiak teorikoak dira, ezin da jakin aldez aurretik narritaduren artean zeinek eraginen duen gaixotasun bat. Badira batzuk estatistikoki beste batzuek baino maizago sortzen dituztenak gaitzak, baina gaixotzeko gaitasun horrek lotura handiagoa edukiko du organismoak berak narritadura hori hartzeko moduarekinguk ematen diogun garrantziarekin baino.

Batzuetan, gaixotasun baten edo sintoma baten eragile den interferentziagunea Nerbio Terapiaren bitartez indargabetzen denean, “Hunekeren segundotako efektua” izeneko gertakari berezia izaten da, hau da, gaixoa berehala sendatzen da, kontsultan berean anitzetan, gaixotasuna luzea edo bihurria izanda ere.

 

e) Segmentuaren terapia

Terapia-mota honetan garrantzi handia daukate metamenek (dermatomak, miotomak, esklerotomak…), bizkar-muinaren segmentu horietan informazioaren integrazio maila bat gertatzen delako eta, erantzun gisa, era anitzetako erreflexuak sortzen direlako: errai-kutaneoak, errai-erraikoak, errai-muskularrak... Esan liteke nerbio-enbor bereko bukaerek kontrolatzen dituzten alderdi guztiek halako batasun funtzionala osatzen dutela.

Nerbio Terapiaren bidez segmentuan eragiten ahal da, informazioaren bi norabideetan, bai aferentzietan eta baita eferentzietan ere. Horretarako, gaitzaren manifestazio eremuan injektatzen da anestesiko lokala (diagnostikoa edozein dela ere), larruazalean, azal azpian, giharretan edo alde horretara doazen nerbioetan, somatiko zein begetatiboetan.

 

f) Nerbio Terapiak Medikuntzari eginiko ekarpenak

ü Osasunean eta gaixotasunean nerbio-sistemak betetzen duen zeregina lehenestea.

ü Nerbio-sistemaren (eta batez ere begetatiboaren)barne egituratik gaixotasun gehienak tratatzeko aukera izatea.

ü Interferentziagunearen kontzeptua.

ü Metamera mailan (segmentuan) lan egiteko aukera.

ü Izatearen (eta, ondorioz, gaixotze – sendatze prozesuaren) ikuspegi holistikoari oinarri fisikoa ematea.

 

g) Laburpen gisara

Nerbio Terapia sistema mediko konplexua da, izaera osokoa eta sintetikoa duena, eta bere helburua ez da gaixotasuna tratatzea, gaixoa baizik, haren osotasunean, gorputzaren, gogoaren, emozioaren eta ingurunearen arteko interakzioak ondorioak baititu organismoaren prozesu fisiologiko zein erigarrien sorreran eta bilakaeran.

Prozesu horietan nerbio-sistemak esku hartzen du, sare moduan aritzean, bai norbanakoaren informazioa osatzen, bateratzen eta kudeatzen, eta baita haren egokitze-erantzunean ere. Horregatik, estimulu batek organismoa narritatzen duenean, haren osotasunean eragiten dio, baita narritaduraren hasierako puntutik urrunduta dauden prozesu patologikoak sortzen ere, eta beste egoera itzulezin batera eramaten du organismo osoa.

Beraz, Nerbio Terapia erabiltzen denean, gaixoaren bizi-historiako askotariko alderdien azterketa zehatz batetik abiatuta, organismo osoaren egokitze-erantzuna bilatuko da, anestesiko lokalen bidez.

Azken Berriak

Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...
OEEren Osasun Biltzarraren hitzaldia ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan hitzaldian parte hartu zuten osasun-arloko profesionalek esandakoak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Hitzaldia: "Historia klinikoa euskaraz: beharra e...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan