27. Osasun Biltzarra 2017: Aniztasuna osasunean
3.9 Nola orekatu gure gorputza osasuntsu sentitzeko?
Egilea: Jexux Larretxea Gonzalez
Elikagaien nahasketek gure gustua asetzeko balio baldin badute ere, hori ez da beraien egiteko bakarra ezta nagusiena ere. Zapore fuerteak alde batera utzi behar dira, eta sukaldaritza osasuntsu eta aberats batean oinarritu behar da, nahasketa sinpleak eginez. Honek itzalik gabeko osasun egoera bat bermatuko digu.
Honekin ez dut esan nahi gizakia bere elikagaiei esker soilik bizi denik. Soinu- eta argi-bibrazioek eta etengabeko bibrazio-kosmikoek eta lurrekoek gure egoera fisikoa eta espirituala elikatzen eta baldintzatzen dute. Hala ere, iruditzen zait osasunerako faktorerik garrantzitsuenetako bat aukeratzen dugun elikadura eta horiek prestatzeko erabiltzeko dugun era dela. Iritzi hau nire bizitzako azken 25 urte hauetako esperientziaren ondorioa da.
Gaixotasunak egunerokoan sortzen ditugu. Gure hilobia sardexkaren bidez sortzen dugu. Ur garbia duen edalontzi batean tanta beltz bat botako bagenu, dena belztu eta zikinduko litzateke; ur zikinez betetako edalontzi batean, ur garbi tanta bat botako bagenu, berriz, ura zikina egoten jarraituko luke. Gure gorputzean berdina gertatzen da. Sintomek gure organismoa nola aurkitzen den adierazten digute. Sintomak tapatzea ez du balio; organismoa osoa garbitu behar da. Bizi garen tokiaren arabera, gure elikadurak ezberdina izan behar du: poloen ondoan bizi direnek haragian oinarritutako elikadura egingo dute; eremu tropikaletan daudenek, fruta gehiago jango dute; zonalde epeletan bizi garenok zereal gehiago jango dugu.
Nire ustez, irizpiderik garrantzitsuena gizateriaren milaka urtetako ohituren errespetua da. Tradizio eta zibilizazio handi guztiak nekazariak izan dira, hau da, zerealak landu dituzte. Elikaduraren oinarrian dauden graminio basatietatik aukeratutako zereal horiek lekariekin, barazkiekin, frutekin, fruitu lehorrekin, haziekin eta, kopuru txikiagoan, animalietatik eratorriko produktuekin laguntzen da. Gure herrialdea bezalako toki epel batean bizi bagara bertako elikagaiak jango ditugu. Oso garrantzitsua da garaiko eta tokian tokiko elikagaiak jatea. Hori eginez gero, gure egunerokoa sortzen den klimarekin harmonian egongo ginateke. Aipatutako elikagai hauetaz gain, ondorengo beste hauek ere kontsumitu daitezke: lekadunak, algak, itsasoko gatza eta hartzituta dauden iraupen luzeko misoa, tekka, tamaria edo umeboshia.
Kontserbak, izoztutako, industrializatutako eta haztegietan sortutako elikagaiak ez kontsumitzea da egokiena. Elikadura egokia egiteko, bakoitzaren ezaugarriak ere kontuan hartu behar dira: sexua, adina, lan baldintzak, herentzia genetikoak, etab. Mekanismo hau ezinbestekoa da osasun baldintza egokiak aurkitzeko.
Barazkiak osorik jan behar dira: azenarioak, arbiak, etab. bere zuztar eta zainekin jan behar dira; hesteentzako, azalorea bere berde eta guzti; tipulak bere berde eta zainekin jan behar dira giltzurrunak estimulatzen laguntzen dutelako. Sagarraren azala eta haziak, kalabazaren eta meloiaren haziak oso onak dira oliotan, proteinetan, bitaminetan eta mineraletan aberatsak direlako. Osorik dauden elikagaiak ez dira herdoiltzen eta beharrezko energia mantentzen dute. Oliorik onena pipatik datorrena da. Elikadura-balioengatik, oleginosoak, haziak eta txigortutako fruituak osorik erabili behar dira. Olioa kopuru txikitan erabili behar da. Eltzearen ipurdian kopuru txikia isuri elikagaien tenperatura igotzeko. Animalietatik eratorritako elikagaiak zatituta jan behar dira.
Azukre hutsa saihestu beharreko kontzentratua da eta, bere ordez, melazak, amasakeak eta, osasuna dagoenean, eztia, siropeak edo maltak erabili behar dira. Sortze-prozesua sinplea da eta bertan ez dute eragiten sustantzia kimikoek.