Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

28. Osasun Biltzarra: Komunikazioa - Inkomunikazioa

3.13 Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina.

Egilea: Anjel Lertxundi Esnal

Idazlea, zinemagilea eta euskaltzaina


3.13. Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina

Anjel Lertxundi Esnal

Idazlea, zinemagilea eta euskaltzaina

andulertxundi@gmail.com

 

¡Jainko errukiorra! Hitz egin. Ez ezkutatu aurpegia. Hitzekin adierazte
ez den oinazea are da lazgarriagoa!

Shakespeare, Macbeth

Excusatio non petita

Zer egiten duen idazle batek hemen, medikuntza eta komunikazioa gai duen kongresu batean? Medikuntzaz ez dakit ezer eta ez naiz aditua komunikazioan. Orduan? 

 

Medikuen eta idazleen jardunak, nahiz hain ofizio eta bide desberdinetatik izan, bat egiten dugu eremu batean: sufrimenduak eta heriotzak gure lanean duten eraginean eta proiekzioan.  Oso diziplina desberdinak dira, baina bada biak elkartzen dituen bidegurutze bat: heriotzaren presentzia eta heriotzari denbora kendu nahia dago bi egitekoen nukleoan.Bai medikuntzak, baita idazkuntzak zein irakurketak ere,bisturi baten lana egiten dute gure barrenetan: bisturiaren eta lumaren xafla zorrotzak aise egiten du bidea gurebizi-mintzen amildegi sakonetan barrena, eta, bisturiak zein lumak aurrera egin ahala, gurebaitako gero eta gela ezkutuagotan sentitzen dugu altzairuaren hotza.

 

Gaitzaren amaraunean

Gaitz larriren batek medikuarengana eraman du gaixoa. Gaitzaren amaraunean harrapatuta dago, amesten zuen oro zapuztu zaio kolpean, senideen ordu arteko bizitza erdi pitzatu da, oraindik ez daki gaitzak zer ondorio ekarriko dion bere lanari. Horrek guztiak dakartzan ondorio psikologiko guztiekin. Medikuak, jakina, ez daki ezer horretaz. Medikuak dakiena da gaixoari egin dioten TACak esaten duena. Eta TACak esaten duena larria da. Oso.

Gaixoa ez da, ordea, izaki isolatu bat, ez da soilik medikuaren arreta behar duen gorputz bat. Gaixoak izaera soziala du. Familia du, lana eta lankideak ditu, lagunak ditu, beragatik sufritzen ari den jendea dauka inguruan. Baina gaixoa arriskuan sentitzen da, agian baita abandonatu egingo ote duten sentitzeraino ere.

Oraindik ez du ezagutzen tokatuko zaion medikua, baina harengan jarrita dauka bere esperantza guztia.

Asmatuko al du sentitzen duen guztia esaten? Ulertuko al dio medikuak, ulertuko al dio berak medikuari?

 

Osasuna hobetzeko

“Behin batez Konfuzioren ikasle batzuk maisuarengana joan ziren, eta galdetu zioten:

—Nondik hasiko zinateke osasuna hobetzen?

Eta Konfuziok erantzun zien:

—Hizkuntza hobetuko nuke.

Ikasleek harriturik begiratu zioten elkarri. Pentsatzen zuten: “Hizkuntza hobetzeak zer ote dakarkio osasunaren hobekuntzari?”

Konfuziok beharrezko argibide guztiak eman zizkien:

—Hizkuntza zehaztasunik gabea baldin bada, gaixoak ez du sentitutako mina behar bezala adierazten, medikuak ez du gaixoaren erremedioa asmatuko.

“Gaixoak esandakoa eta medikuaren erantzuna ez baldin badira zuzenak, ez dago benetako lanik.Benetako lanik gabe, ezin lortuko da gaixoa osatzea, ezin hobetuko da nazioaren osasuna.

“Osasuna hobetu gabe, ez dago justiziarik.Justiziarik gabe, nazioak ez du jakingo nora jo: sutan dagoen ontzi bat izango da, jitoan eta nora ezean dabilenbarkua.

“Horra, bada, zergatik hobetu behar duzuen hizkuntza. Ez zaitezte arbitrarioak izan hitzekin. Osasuna hobetzea baldin bada auzia, hizkuntzaren zehaztasuna da garrantzitsuena”.[1]

 

Hizkuntza, aingira eta aingura

Hizkuntza —edozein hizkuntza— aingira bat bezalakoa da. Ezpain artean daukazula iruditu orduko, ihes egiten dizu. Ez duzu bete-betean menderatzen, ezagutzen, baliatzen. Batzuetan hurbil sentitzen duzu, hainbatetan urruti. Testuinguru batean iturriko txorrota bezala ateratzen zaizuna, beste zirkunstantzia hartan baldar-baldar trabatzen zaizu.

“Hau esan nahi nion eta! Nola ez dut asmatu!”

Gaur garbi-garbia ikusten duzuna, bihar zikina irudituko zaizu. Hemen labur nahi zenukeena, luzatu egin zaizu, edo endredatu.

Horrelakoak gertatzen bazaizkizu, ongi etorri hiztunon plazara: hizkuntza izaki bizia baita, bizia da hizkuntzarekin bizi duzun harremana ere.Odolarena bezalako jario oharkabe batez bizi nahi genuke hizkuntzarekin dugun harremana.

Natural-natural, alegia.

Baina aldi berean, hizkuntza aingura da, komunitatearekin lotzen zaitu, ez zaitugu abandonatuko, esaten ari zaio gaixoari bere baitako ahotsa.

 

Godoten esperoan?

Bost gaude, bosgarrena naiz.

Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat.

Laugarrena naiz.

Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat.

Hirugarrena naiz.

Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat.

Bigarrena naiz.

Atea zabaldu da, irten da bat, sartu da beste bat.

Hurrengoa naiz.

Atea zabaldu da, sartu naiz.

Egunon, mediku jauna.

                                                         (ErnstJandl)

Lehen hitzordua

Gaixoak ez daki zer gertatzen zaion. Mina duela gibelaren parean eta eskanerra egin diotela, horixe daki, besterik ez. Ez du asignatu dioten medikua ezagutzen, ez daki zer esango dion, ezta zein hizkuntzatanariko zaion ere, nahiz eskatuta daukan euskaraz ariko zaion bat…

Beldur dio epaiari.

Kafkaren K gazteluko ate tzarraren aurrean bezala sentitzen da gaixoa itxarongelan.

Pasatuko zait, esaten zuen minak hasi zirenean. Pasatuko ote zait, esaten zuen gero. Ez zait pasatzen, onartu zuen azkenean.  Eta TACa egin zioten.

Orain kontsultaren zain dago… Diagnostikoaren zain…Diagnostikoaren ondoren, imajinatzen du ebakuntzaren eguna noiz izango denegongo dela… Eguna jakindakoan, ebakuntzaren zain…

Ebakuntzaren ondoren, ohera lotuko dute, Ulises mastara lotu zuten bezala. Baina sirenen kantuaren ordez, isiltasunaren erdian dago, tanta-gailuari begira. Zain dago beste tanta bat noiz eroriko… Hurrengo tantaren zain… Hurrengoaren zain…

 

Itxaroteaz

Laster ikasi du: itxarotea da gaixo baten kondizioa. Gaixoaren etorkizuna ez dago bere esku, mediku arrotz baten mende baizik. Bitartean, denbora gastatzen ari da, bizitza gastatzen ari zaio, gaixoak ez dauka batere garbi itxaroteak saririk izango duen, ez daki itxaroteak bukaera zoriontsua izango duen film klasikoetan bezala.

Laster ikasi du: denboraren kontrola ez da gaixoarena, osasun sistemarena baizik. Kafkaren gazteluko jabe misteriotsuarena.

 

Zain dagoenak zainak errotzen dituitxaroan

Zain egonaraztea boteretsuen pribilegioa da, dio Andrea Köhlerrek “El tiemporegalado” saioan. Eta Köhlerrek saio berean dio zain dagoenak askotan injustizia baten biktima gisa ikusten duela bere egoera; gertatzen denaren erruduna balitz bezala. Gaixoa harrapatuta sentitzen da ezagutzen ez duen sistema baten amaraunean. Kondena entzutea falta zaio.

Zain eta zain dagoenak zainak errotzen dituitxaroan. Gaixoa halaxe dago, zain, eta zain egote horretan inpotentziaren barne-monologo etengabea darabil buruan. Badaki gaztelaniaz, baina euskaraz ateratzen zaizkio bere kezkak, buruhausteak, arrazoiketak.

Entzule, jarri belarriak. Imajinatu gaixoaren barne-monologoa, entzun haren jario intimoa. Rousseauk argi dio: irudimenak erakus diezaguke, ezerk erakustekotan, hurkoaren oinazea. Eta zientziak ez bezala.

Alteritatea: hurko hurbila, hain urrunetan…

Gure pentsamendu, amets, egintza edo emozioak gure izaeraren ezaugarriak dira, guztiz pertsonalak, transferitu ezinak. Halaxe gaixoarenak ere. Gaixoak zer sentitzen eta pentsatzen duen jakinez gero, asko aurreratuko genuke haren ondoan egin beharreko bidean. Baina gaixoa bere baitara biltzen da, uzkurtzen da, zer gertatzen ari zaion nahi luke ulertu. Nahasmenezko garai horretan gauzatzen den barne-sentimenduen ekaitza apenas zaigu, ordea, iristen.

Diotenez, medikuntza —mediku-paziente harremana— urrutiratu egin omen da alteritatetik, hurkoarengandik. Teknologiak edo burokraziak ekarri duen subjektuaren kosifikazioa bezalako faktoreek omen dute erruaren parte handi bat. Medikuntzaren oinarrian dagoen osagarri komunikatiboa (etikoa esan behar ote nuke?) difuminatzen joan omen da denborarekin. Baina gaixotasuna hitzekin izendatzen da, hitzekin komunikatzen da. Edo ez. Edo ez hitzekin bakarrik.

Gaixo larri baten hasierako anabasa horretan gaixoarengandik hurbil daudenak ere sentimendu kontrajarrien anabasa batean daude, bizitza aldatzen ari zaie senideei ere, egoera berri bati ekin behar diote, gaixotasunak afektatu du gaixoaren inguru hurbilena ere.

Hurbiletik dator hurko hitza, baina zein urrunetan dago hurko gaixoa…!

***   ****  ***

Negarra eta intziria oinazearen manifestazioak dira, baina ez oinazea bera. Keinuak eta begiradak, halaxe. Hizkuntza ere bai, jakina. Baina horiek guztiak baino lehenago oinazea bera dago, bere alde fisikoarekin, bere alde psikologikoarekin. Nola interpretatu ondokoak adierazten ez didana, adierazteko gai ez delako batzuetan, adierazi nahi ez didalako bestetzuetan?

 

Kontaketaren terapia

Gelan,gure kontakizuneko gaixoa beste gaixo batekin. Nongoa zara?, eta abar. Nahiko bizkor heldu diote solasaren hariari. Gaitz bera dute lotura.

Esperientzia propioen kontakizunaguztiz kanpo dago parametro medikoetatik, baina gaixoak lasaitzen ditu, gaixoen arteko kidetasuna bideratzen du. Gero eta seguruago darabilte medikuei-eta ikasitako hiztegi teknikoa ere: endoskopia, kateterra, estena, bilirrubina, kreatinina… Beren historian integratu dituzte. Baina ez dauka zerikusirik medikuek osatutako historial medikuarekin, alde ederra bi historiekin. Gaixoarenak rol aktiboagoa du, pertsonalagoa. Kontatu egiten du, berbalizatu egiten du gertatzen zaiona. Eta kontatzeak lasaitu egiten du; bere egoeran daudenekin partekatzen du gertatzen ari zaiona; gaitz bera duen jendearekin egiten du topo…

AdiskIdetasun oso intentsuaksortzen dira. Heriotzaren balizko hurbiltasunak areagotu egiten ditu elkarren arteko loturak.Mediku-aktibitatetik kanpo ere badago bizitzarik. Baina adiskideren baten heriotzak erabateko abaildura eragiten du, min fisikoak baino sakonagoa, fisikaren eremua gainditzen duena.Gaixoakheriotza propioaren abisu baten moduan bizitzen du klubeko baten heriotza.

Etentxobat bide-nabarreko hiru konturekin

Bat: atentzioa deitzen du gaixo helduen arteanwassapa bezalako trepeta teknologikoek duten eraginak, jakinmina pizten dit euskal alfabetatze inprobisatu bat bideratzen ari diren gaixoen zenbatekoak eta prozesuak.

Bi: interesgarria litzateke, halaber,gela berean ostatu hartu dutengaixoen harreman linguistikoak aztertzea.

Hiru: gaixoaren historiala medikuek egina da. Gaixoaren interbentziorik gabe. Gaixoak ez du hotsik bertan. Horra gaixoa,  inoiz irakurriko ez duen txosten bateko protagonista.


Erro beretik

Medikuntza da gaixoari hilobiraino laguntzea hitz grekoekin.  (Enrique Jardiel Poncela)

Komunitate eta komunikazio hitzak erro beretik datoz. Komunikazioaz mintzatzerakoan ezinbestekoa da komunitateko hiztunen eskubideez mintzatzea, bereziki euskarak osasun-sistemaz behar lukeen —eta ez daukan— tokiaz jardutea. Ez naiz pertsonarik egokiena egin diren ahaleginei buruz mintzatzeko, baina azken sei urteotan izandako esperientzia pertsonalak banekiena sendotzen dit: asko egin da, egindakoa ez da aski. Eta ez da oso bizkorra izan behar ikusteko nagitu egin dela administrazioaren konpromisoa, beti dagoela aitzakiaren edo alibiren bat pauso ausartak emateko. (***ARGIA) Marka bat jartzen denean, laster errutina nagusitzen da, errutinak abandonoa ekartzen du. Lizardik orain laurogeitsu urte idatzitakoa datorkit gogora:

“[Herritar guztiak]euskeldunuts izan arteraño ba-gaude zai, ez "Saski-Naski" [aldizkaria] ez besterik ezta egingo. Ez-ta Aizarna'rayoan-ta ere”. (Euskera aundiki-soiñekoz, 1930 inguruan idatzia).

Batzuetan ematen du pazientzia izan behar dugula herritar guztiak euskaldundu arte. Baina benetan eskatzen zaiguna da pazientzia infinitua. Ematen du ardura gehiago eragiten digula euskaraz ez dakitenak mintzeko arrisku balizko batek, bazterketagatik dugun gure min errealak baino.

Panorama horren erdian, herritarren osasuna zaintzea —sistemaren betebehar nagusia— beti da argumentu politikoki eraginkorra betebehar linguistikoak erlatibizatzeko. Azkar eta baldar laburbilduz horren azpian dagoen argumentua: gaixoak sendatzea da sistemaren helburua, osasun zentroak ez dira euskaltegiak. Eta ez, ez dira, baina pazienteen eskubide linguistikoak eta osasun eskubideak biak dira eskubide.

 

Txapa baten inguruan

Komunikaziori buruzko hainbat alor bisitatzeko aitzakian, erizain batengana hurbildu naiz. Euskaraz egin diot. Adeitsu hartu nau. Euskaraz dakiela adierazten duen txapa bat darama uniformean. Baina txaparik eraman ez balu? Txapa baliabide ona dela sinetsi nahi nuke: informatu egiten du; erizainak euskaraz daki (baina baita gaztelaniaz ere); alferrikako pausoak eta uste okerrak saihesten ditu, eta abar… Ez naiz ezetz esateko gai, baina hainbat burutazio korapilatu zait, beste askotan bezala. Txapak markatu egiten du. Erizainarekin hizketan hasi orduko, halako aura luze semiotiko batek bildu gaituela iruditu zait: txapa ez ote da gehienengandik apartatzen gaituen ezkutu baztertzaile bat? Ghetto hitza ere etorri zait burura. Erizaina eta ni minoria gara. Euskararen premien bi mezulari.Egoera prekario batean gaude. Eta prekarietatea salbatzeko —ekitate printzipioa babesteko— geure buruak nabarmendu behar ditugu. Ez ote gara beti lantuan eta kexuz ari den giza talde batekoak,korridoreetan atzera eta aurrera dabilen jende “normalaren” artean? Etsipenaren mezulariak gara? Intolerantzia praktikatzen dugula entzungo dugu? Euskararen etorkizun zailak neurotizatutako itxura transmititzen dugu?

Nola, ordea! Erizain txapadunakez al dakizki ba bi hizkuntza ofizialak?Elebiduna da! Ni ere, halaxe. Zergatik da erizaina nabarmen agertu behar duena? Euskalduna delako?

Erizainaren txapak interpelatu egin nau, anomalia baten berri eman dit, txapa bada errespetatzen ez den eskubide baten salaketa bat ere.

Bere burua euskaldun ikusi nahi duen anomalia da komunikazio-plaza. Plaza horretan onartuko litzateke txapa eramatea gaztelania bakarrik dakienak? Mediku eta erizain ez euskaldunek onartuko lueketeez dakit euskaraz aitorpen-txapa batberenuniformeetan?

Galderek korapilatuta segitzen dute nire burutazioetan. Ez daukat gogoa asetzen didan erantzunik, baina erizainari bere zerbitzua eskertzeaz gainera, eskertzekotan egon naiz txapak eragin dizkidan galderak ere.

 

Medikuak

Pazientea kontsultan sartu da. Egun on!, esan du. Medikuaren ahots klaruak gauza bera erantzun badu ere diosalari pazientearen izena erantsiz, apenas jaso duen burua. Ordenagailuko pantailari begira dago. “Joan zen astean egin zidaten TACaren txostena irakurtzen ariko da”, pentsatu du gaixoak. Halaxe ari da medikua, TACaren txostena irakurtzen. Ez zuen astirik izango lehenago irakurtzeko. Halako batean, “Zer moduz zaude?”. Gaixoa kontatzen hasi zaio bezperan papertxo batean apuntatu zuena.

“Sukarrik ez, apetitua ondo, hobeto sentitzen naiz…”.

“Ibiltzen al zara? “

“Bai, baina gutxi, nekatu egiten naiz”.

Gaixoak pantaila seinalatu dio medikuari buru-mugimendu batez:

“Nobedaderik?”.

Medikuak begiak kizkurtu eta pazienteari begiratu dio munduaren aldirietatik agertu izan balitzaio bezala.

“Tumorra handitu egin da” esan dio. “Horregatik nekatzen zara”.

Medikuak pantaila erdi jiratu du pazienteak TACaren irudiak ikus ditzan. Argibide teknikoak ematen hasi zaio.

Gaixoak ez dakiTACeko irudiak interpretatzen, ez ditu medikuaren hitz asko ezagutzen, are gutxiago hitzen arteko loturak, baina pazienteak arreta osoz segitzen du medikua esaten ari zaion guztia: garai bateko sinestun zintzoenek latinezko meza segitzen zuten antzera. Ulertzen ez dituen hitz haietan balego bezala bere salbazioa.

Eta, jakina, gaixoak ez du protestarik egin. Salbatu nahi du. Errespetua dio medikuari, lotsa ematen dio argitasun gehiago eskatzea, eta ulertuko balu bezala egiten du.  Erizainak gero esango dizkio jarraitu beharreko pautak. Latinezko meza bukatu ondoren.

 

Ni faltsua

Etxera bueltan, pazientea kontsultaren errepasoan. Nola jokatu dut, medikuak zer inpresio hartu ote du, zer pentsatzen ote du nitaz?

Pazienteek badute medikuaren aurrean gustagarri agertzeko joera: ematen du medikua irabazi nahi dutela, esanez bezala:

“Ni ez naiz zugana datorren beste jende hori guztia bezalakoa. Zure esanak beteko ditut, ez dizut hutsik egingo”.

AnatoleBroyard idazleak “Ni faltsua” deitzen dio pazienteak inkontzienteki praktikatzen duen pantomima horri. Gaixoak sendatu nahi du eta meritu pertsonalak egin nahi ditu medikuaren aurrean, medikuaren sakralizazio halako bat gauzatuz.

Pazientea saiatzen bada bere medikua seduzitzen berez ez daukan izaera atsegin bat saiatuz, ez da leiala izango bere buruarekin eta ni faltsua garatuko du medikuaren aurrean. Oker handia pazienteak hala jokatzea eta oker handia medikuak, askotan erosotasunagatik eta arazoak saihesteagatik, jokoa onartzea. Alde bakoitzaren rolak desfiguratzea litzateke, engainu trukaketa bat.

Ondorio posible bat

Medikuak airosoago hitz egiten du gaztelaniaz euskaraz baino, eta, kontsulta aurrera, gaztelania nagusitu da euren artean. Pazienteak ez du horretaz ere ezer esan. Medikua ez molestatzeagatik.

Kortesiazko formulak kenduta, laster gaztelaniaz izango dute harremana, nahiz pazienteak seguruago jarduten duen euskaraz.

 

Debekuaren erresuma

Debekuak, aginduak, frustrazioak…: ezin duzu hau jan, ezin duzu hori egin, kontuz tentsioarekin…

Ez dakit behar bezalako garrantzia ematen zaion osasun-sistemako hizkera negatibo askotan intimidatorioari, eta horrek ez ote dion gaixoari kulparen sentimendua areagotzen.


Formazioa

Albert Einsteinek dio “Ideia batzuk heziketari buruz” saio laburrean:

“Eskolak beti bilatu behar du bertan ibilitako ikaslea irten dadila bertatik nortasun harmoniko baten jabe, ez espezialista baten moduan. Nire iritziz, hau aplikagarria da, zentzu batean, baita eskola teknikoentzat ere, zeinetako ikasleak guztiz definituriko lanbide batean arituko baitira.  Oinarrizkoa behar luke, beti: pentsamendurako eta juizio independenterako gaitasuna garatzea da helburua, ezagutza espezializatuen lorpenaren gainetik”.

Einsteinek hitzok idatzi zituenetik, asko aldatu da mundu akademikoa, ikaragarri aldatu dira lehentasunak, eta ez, hain zuzen eta zoritxarrez, Einsteinek nahi zuen bidetik. Eta, batez ere, ikaragarri aldatu da mundua bera: espezializazioen garaian gaude, gero eta interes-gune nanoagoen  bidetik garamatza zientziaren garapenak. Baina interes-gune nanoetan kontzentratu beharrak analfabeto potentzialak egiten gaitu jakituriaren gainerako alorretan. Nor bere alorrean munduko adituena izateko bidean, ezjakin eta itsu gara gainerako alorretan.

Medikuntzari ere aplika daitekeen kontua da. Medikuak gero eta espezializatuagoak daude. Bakarra, orijinala, nor bere alorreko jakitunena izateko bidean dago makina bat gazte. Espezializazioan aurrera, humanismoak nekez hartuko du tokia bere ikasketetan eta formazioan. Nola ulertu deontologia, bizitzaren ikuspegi humanistarik gabe? Utz egidazue egunotako adibide bat ekartzen: bost gaztek Iruiñean bortxatutako neskaren auzian debatea ez dakalamatika epaileen legeen ezagutzari buruzkoa, bihotzik gabeko profesionaltasun baten emaitzari buruzkoa baizik. Inolako itzal humanitariorik gabeko jarduna da deitoratzen dena. Legeak aplikatzerakoan aplikatzen denbanalitatea, mundu ikuskera baldarra.

Nik dakidala, zuzenbide- eta epaile-karrera osoan ez dute gai humanista, etiko, filosoforik aztertzen modu sistematikoan. Behin eta berriro errepikatzen diren ondorio tamalgarriak ez dira kasualitate hutsa.

Mutatismutandis: gauza bertsua esan liteke medikuntzarekin zerikusia duten ikasketez ere. Ez omen dago asignatura humanistarik, fakultatetik irtendako mediku berriek ez omen dute Albert Camusen Izurritea, Thomas Mannen Mendi magikoa edo Luis Martin Santosen Tiempo de silencio ezagutzen. Orain hilabete batzuk esan zidaten EHUko medikuntza fakultateko programan gelditzen zen azken asignatura humanista —medikuntzaren historia— kendu dute ikasketen zerrendatik.

Izurritearena

Eta zer esan medikuntzako ikasleei datorkien euskarari buruz administraziotik, Unibertsitatetik ere barne?

“Izurrite halako bat gertatzen ari zaie hizkuntzei oro har eta gureari partikularki: gero eta abstraktuagoak, artifizialagoak, anbiguoagoak dira; gauza xumeenak ezin zuzenean esan. Izen konkretu gutxiago erabiltzen da. Hasieran, izurrite honek politikoak, burokratak eta intelektualak kutsatu zituen, gero jende artean hedatu zen, gero eta azkarrago, gero eta indartsuago”.[2]

 

Hizkera burokratikoaz

Medikuntzaz soilik dakienak ez daki ezta medikuntzaz ere (José de Letamendi)

Ospitaleko korridoreetan barrena nabilela edo itxarongelaren batean gaudelarik, bertako txartelei begiratzea gustatzen zait. Eta, oro har, eskergarria egiten zait ikusten dudana. Ez da dena urre, baina nabarmena egiten zait hizkera burokratikoan ez erortzeko ahalegina. Publizitateko jardunean eta abisuetan batez ere; adierazkortasun gehien behar duten mezuetan. Hortik gora, korapilatzen hasten da gauza, nabarmenak dira hizkera burokratikoaren eta gaztelaniaren itzal luzearen garroak. Hizkera burokratikoak garro luzeak baldin baditu munduko hizkuntza hedatuenetan, are luzeagoak dira gurea bezalako gizarte txiki batean, eta euskara bezalako hizkuntza menostu batean.

Kontu jakina da: hizkera burokratikoak hizkera burokratikoa bazkatzen  eta puzten du. Adiministrazioaren indarra eta hauspoa ditu. Gure hizkera burokratikoak gaztelania baitu ispilu, gaztelania burokratikoaren akats guztiak imitatu ditugu, euskararentzat kriminala den dinamika batean. Zein zaila den itzulpenaren maizter eta gaztelaniaren mende dagoen hizkuntza bati txirbilak ateratzea!

Hizkera burokratikoa, munduko perfektuena izanda ere, horixe da: burokratikoa. Halako hizkera baten ezaugarri nagusia pobretasuna da. Monotonoa da, lexikoa unibokoa du, kate morfosintaktiko beti bera darabil, kolore bakarra, tonu elkorra, lehorra. Ez du bizitzaren beste eremuetarako balio. Baina haren itzala gizartearen beste eremuetara hedatzen bada —osasunaren eremura, kasu— hizkuntzaren sarea ahuldu egiten da.

Hizkera zurrun uniboko hori da jendearen erreferentzia nagusia. Eredua. Kode hori, errejistro hori bihurtzen da euskara estandarra, ona, imitagarria. Kaletarrak ulertzen ez duen errejistro bat da, ordea. Bere eremutik kanpo deus gutxi komunikatzen duen jardun bizipozik gabea. Tristea.

Mintzoak

Gorputzaren mintzoa, gorputzarekin mintzo.

Gure baitako mintzoa, gure baitako mintzo.

Desioaren mintzoa, desioarekin mintzo.

Oinazearen mintzoa, aieneka mintzo.

Organo guztiak sano daudenean, gorputzak ez du kexurik. Baina organoetako bat minez hasten denean, gorputz osoak sentitzen du haren eragina, hartara jartzen du arreta osoa.

Gorputzak eta etxeak

Gorputzak eta etxeak, bizitza bizitzeko habiak.

Oinazea ere toki bat da –agian tokirik etxeena–, etaoinazetua bertan instalatzen da. Hasieran oso deserosoa egitenzaio, baina oinazetua egokitu egiten da ohitu bainoago.Kartzelan lehendabizikoz sartzen dutenaren esperientziarekinkonparatu izan dute. Ez zaizu lekua gustatzen, baina ezdaukazu bertan egon beste erremediorik. Esperantza beti zugandikkanpo dago. Bisitetan, paketeetan, gutunetan, deietan,oroitzapenetan, desioetan. Konparazioak balioko lukebaldin oinazetuak ez balu min fisikorik, bizi-esperantza laburrik,amaieraren presentzia etengabea sartuta barne-muinetan. (Zu liburutik)

 

Isiltasunaren mintzoa

Isiltasuna, mintzatzeko modu bat da. Isiltasunak badaki hizketan, sufrimenduak eragindako hutsunea oihukatzen du.Aski da MunchenOihua kuadroaz gogoratzea, oinaze latzenen oihartzunak sentitzeko gure erraiak  zartatzen. Ez, ez da indiferente uzten zaituen arte-lan horietako bat. Koadroak ez du hotsik ateratzen, baina haren garrasi isilaoso baita lazgarria, ezin ozenago sentitzen dugu gure baitan.

Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina

Emakumea dardaraka ari da, oraindik belarrietan dauka jasotako jipoiaren hotsa. “Erori egin zara, entzun, puta zaharra!, erori egin zara!”. Autoan sartu dira. Behin larrialdietan, emakumeak medikuari: “Erori egin naiz!”.

Motorzale bat oihuka errepidearen erdian, motoaren ondoan. Anbulantzian sartu dute. Haren aiene lazgarriek ezin dute eman, beren lazgarrienean ere, mindura presenteen eta etorkizunekoen neurri benetakoa.

Amak ezin du burutik erauzi galdu berri duen haurra, haren ausentziaren presentzia. Ez, ez du gehiago ikusiko, baina galdu berriak utzi dizkion oroitzapenak besarkatzen segitzen du. Baina oso bere baitako hitzekin baizik ez, depresioaren zuloan.

Instant honetantxe han-hemengo ziega-zuloren batean torturatzen ari diren gazte bat hortzak kraskatzerainoko garrasiak jaurtitzen, oinazez ero eta duintasunaz beste egiteko zorian.

Wittgensteinen bidetik

Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina: horra hiztun guztion ezintasunaren zauria gure hitz zorrotzenek ere ezin dutelako sufrimendua zuzen adierazi eta guztiz islatu.

Hau da ene mina, esan nahi, eta esan ezina. Horra euskal esaera eder bat. Witgensteinek ezagutu izan balu txirbilak aterako zizkion.

Hiru momentu ditu esaldiak.

Lehena: Hau da ene mina. Hauxe da nire mina, baina ezin du konkretatu ez baitut hitz egokirik aurkitzen… Eta nik nahi bezala zehaztu ezin dudan min hori nirea da. Enea. (Ene, posesiboa, eta, aldi berean, ene! oihua, minaren adierazpena. Ai, ene!.).

Bigarrena: esan nahi: adierazteko premia, minaren berri eman nahia, haren benetako neurria adierazi beharra eta ezina.

Hirugarrena: esan ezina: komunikazioaren ezinezkoa. Berak mina dauka eta nik ez.

Gaixoak nekez hartzen du distantziarik —nekez har dezake— gaitzarekin. Hurbilegi dauka oinazea, erraietaraino sartua, eta ezin du perspektibarik hartu. Eta perspektiba hartuta ere, lanak. Klasikoek bazekiten distantzia hartzearen laguntza, urrutiratuz hurbiltzearena. Katarsia deitzen zioten. Kontakizunaren bidez lortzen da, zuloak betetzen laguntzen duen argamasa da mina berbalizatzea.

Hitzak, sendabide.

Hitz egiten hasi nintzenean hasi nintzen zulotik irteten, esaten du gaixo askok. Hitz egiteak ez du sendatzen, baina gaixotasuna eramaten laguntzen du.

Porrot sentimentalen bat bizitzen badugu, gaixotasunen bat diagnostikatzen badigute, maite genuen norbait hiltzen bazaigu, hizkuntza motz geratzen zaigu, ezin dugu gertatutakoa bere betean adierazi. Hala ere, kontatzeko premia dugu, gertatu zaiguna komunikatu nahi genuke. Eta bertsio bat elaboratzen dugu, kontakizun bat antolatzen dugu, sentimenduak transmititzen ditugu. Hitzetan jarritakoa ez baldin bada ere gertatu zitzaiguna, hitzak aterpe bat ematen dio gertatu zitzaigunari, mugatu egiten du hizkuntzaren hormetan, zentzua ematen dio, eta errealitatearen ertz berriak, ikusi ez genituenak —imajinatu ere egiten ez genituenak— aurkitzen ditugu pasioan, pasioa hitzetan jartzen badugu; sufrimenduan, gure saminaren berri ematen badugu;  gozamenean, gure poza manifestatu ezkero.

Lau kuadro, komunikazioari buruzko erakusketa baterako

LEHENDABIZIKO KUADROA, Thomas Mannen Mendi Magikoatikaterea, zeinak gaixoaren manifestazio egozentriko baten berri ematen baitu:

Gaixo batek ixa izpien plaka bat erakusten die, harro asko,osasun-etxean sartzen diren gaixo berriei, bere biriketako gaitzaren larritasun-agiri gisa.

—Begira, begira!

BIGARREN KUADROA: Gaixotu berriak gertatu zaiona kontatzen die behin eta berriro gaixotasunaz galdetzendiotenei… Tumorrarenmarkadoreak zenbat igo zaizkion, zein ebakuntza konplikatua egin dioten aortan,  nola moldatzen den giltzurrun bat galduta…

HIRUGARREN KUADROA. Hegelek emakume edadetu baten trenpuaren kasua kontatzen digu.  “Eguraldi txarra egiten duela? Eta zer? Hobe da eguraldi txarra egitea, batere ez egitea baino”.

LAUGARREN KUADROA. Hona adineko emakume batek medikuari erantzundakoa honek bota zionean ez zitzaiola hiltzea beste lanik gelditzen:

—Agian uste izango duzu arrazoi duzula, baina oso lan ederra da nire ingurukoak bizitzen ikustea.


Zer dakigu

Zer dakigu gaixoaren fantasiez, ametsez, imajinatzen duenaz, haren proiekzio erotikoez, gaitzak eragin dion moralaren pertzepzio-aldaketaz? Bere imajinazioan irudikatzen duen etorkizunaz?

Lurreko soinuak

1977 urteanespazioratu zituzten Voyager 1 eta Voyager 2 untziek 40.000 urte beharko dituzte gure eguzki-sistematik kanpoko izar hurbilenera iristeko. Bietan gramofono-disko bana dago “Lurreko soinuak” izeneko grabaketarekin: espaziora botatako botila mezudun halako bat da. Beste zibilizaziorik balego, diskoa topatu eta dezifratzeko aukera balute, 56 hizkuntzetan egindako bakearen aldeko agurrak entzungo lituzkete, eta baita hainbat soinu ere: basokoak, lurrekoak, airekoak, itsasokoak. Sua, haizea, euria. Bihotzaren taupadak, pausoak, txaloak, musuak. Animalien hotsak. Lan-tresnak, gurdiak, autoak, fabriketako sirenak, hegazkinak. Entzungo lukete Bach, entzungo lukete Chuck Berry, entzungo lukete Louis Armstrong. Diskoak jasotzen ditu argazkiak ere, hotsekin jarraitutako filosofia bertsuarekin. Baina diskoan, harrigarria da, ez dago gaitzarekin, gaizkiarekin zerikusirik duen ezer. Ez dago gaixotasunik, sufrimendurik, negarrik, ez dago tratu txarrik, torturarik, gerrarik, ez dago heriotza adieraz dezakeen ezer.

Izendatzen ez dena ez omen da existitzen, eta ez dugu sufrimendua eta heriotza gure bizitzetatik apartatu arteko onik. Garbi daukagun kontua da: beste mundurik balego eta hango jendea Voyager untzietako mezua ezagutzera iritsiko balitz, hilezkorrak garela pentsatuko lukete.

 

AHOZKO HIRU PIEZA ZAHAR

 

TXIN-TXIN-TXIN,

Umea txuloan,

Aita negarrez,

Ama dolorez,

Etxean inor ez,

Katua besterik ez!

 

(Heriotzari buruz izurik gabe mintzatzen ziren garaiko haur-kanta)

 

 

AITON-AMONA ZAHARRAK ditu hiru elementu:

Doministikua,  

Karkaxa,

Eta azken ordua tormentu.

(Zahartzaroaz dugun irudia ez da, zorionez, zahartzaroa)

 

 

OILOAK ZIZAREA JAN,

Guk oiloa jan,

Zizareak gu jan.

(Gure ziklo biologikoa ezin labur eta zuzenago adierazia)

Etorriko da herio

Cesare Paveseren poema ezagunenak dio: “Etorriko da Herio, eta zure begiak izango ditu”. Erdi aroko irudi bat baliatu zuen Pavesek bere poeman, izurriteak sekulako sarraskiak egiten zituen garaikoa. Herio hurbila da, familiarra da, naturala da. Jaiotzak heriotza du zor, hala dio gure esaera zaharrak. Horregatik, gure antzinakoek heriotza izendatzen zuten. Baina ez guztiz presente zeukatelako bakarrik. Heriotza aipatzea bazen heriotzarekin ohitzeko modu bat ere:

 

Adur, ez nauk hire beldur!

Areago haur txikiekin praktikatzen den jolas xalo uste honekin:

Txin-txin-txin, umea zuloan…

Heriotzak ba al du ahotsik? Ba al du aurpegirik, presentziarik?

Heriotza etorriko da eta zure begiak izango ditu. (Cesare Pavese)

 

Heriotza presente zegoen eguneroko bizitzan, presente zegoen baita umeen ipuin eta kantetan ere.

Joan ziren garai haiek. Urruti nahi dugu heriotza. Inoiz baino heriotza gehiago ikusten dugu, baina telebistako eta zineko pantailak gu eta heriotzaren arteko horma, galbahe, antivirus gisa hartuta. Telebistaz-eta ikusten ditugun heriotza horiek guztiak pantailaren beste aldean daude. Entretenitua da Tarantinoren pelikula bat ikustera joan eta zenbat hildako dauden kontatzen hastea.

Heriotzaren aipamenik nahi ez duen gizartean bizi da medikua, bizi da gaixoa.

 

 

Tunel bukaerako argia

Tunel bukaerako argiaren metafora baliatzen dugu desgraziaren baten amaiera ilustratzeko. Gaixo larri batentzat,gainera datorkion tren beltz batena da tunel bukaerako argia.

Tanatorio batean

Erreparatu hildakoaren hurbilenek zein zehaztasunarekin kontatzen dituzten heriotza gertatu berriaren xehetasunak. Hurrengo ezaguna hurbiltzen zaionean dolumina ematera, aurrekoari esandako hitz berdintsuekin kontatuko du hildakoaren azken arnasaldia. Inork ez dio halakorik egin behar duenik esan. Berez irten zaio, beharra du hala jokatzeko, ahaide maitatuaren heriotzaren trantzea kontatzeko. Kontaerarekin lasaitzen du barrua. Gero eta gehiagotan kontatu, hobeto kontrolatzen ditu sentimenduak, hitzak hobeto aukeratzen ditu, garrantzirik gabeko xehetasun batzuk baztertzen ditu, kontakizuna ajustatzen du,  satisfakzioa ere sentitzeraino…

Oraindik ez da dolua, benetako dolua, hasi.

 

Belaunaldiz belaunaldi, ele bakarretik eletara

Gure aitona-amonak elebakarrak ziren. Gu elebidunak gara. Gure seme-alabak eleanitzak dira. Etorkizuna ere eleanitza da, horrek ez du atzera bueltarik.

Harreman klase guztiak hizkuntza bakar batean izatetik, harremanok bi hizkuntzekin bizitzera pasatu ginen. Gure harremanen nolakoa definitu behar izan genuen, euskararen tokia erabakitzen eta zehazten ahalegindu behar izan genuen, beste hizkuntza boterearena zelako. Lehia horretan segitzen dugu.

Herderrek-eta pentsatzen zuten hura —alegia, hizkuntza bakar batenak garela— egia da neurri batean: hizkuntza baten ardatzean egituratzen dugu gure jarduna. Baina gure jarduna ez da hizkuntza bakarrekoa; ez gara hizkuntza bakarrean bizi, ezta biziko ere. Lotura sentimentalak ditugu hizkuntzekin eta hizkuntzek, aldi berean, beren esparrua hartzen dute. Dakizkidan hizkuntzek beren txokoak dituzte nire nortasunaren egoitzan.

Talaia hori gero eta gehiago zabaltzen ari zaigu, mundua eleaniztasunera doa. Aniztasun horretan ezinbestekoa dugu euskarak eta beste hizkuntzek izango duten tokiaz hausnartzea. Elebitasunaz mintzatzen gara eta elebitasuna dugu oraindik ere gure jardunaren ardatz eta joko-eremu, baina aurrera begiratu nahi duen hizkuntz politika batek zehaztu beharra du euskarak izango duen tokia etorkizun eleaniztun gero eta hurbilago batean.

Etorkizuna eleanitza izango baldin bada, horri ekiteko mentalitateak ezingo du elebakarra izan, ezta elebiduna ere. Euskara ardatz duen mentalitate eleanitz batekin ekin beharko diogu euskararen etorkizunari: hori da, nire ustez, egin dezakegun apusturik ausart aurrerakoiena; hori da, seguru asko, euskarari toki bat egiteko bide bakarra panorama eleanitz batean.

Animo, bada, eta ez etsi.

Mila esker.
Arantzazun, 2018ko maiatzaren 19an



[1]¹         Ikasleek Konfuziori galdetu ziotena da “Nondik hasiko zinateke herri bat gobernatzen?”. Testua egokitu diot kongresuko gaiari. Zuzen funtzionatzen du.

[2]²         Irakurri dizuedan paragrafoa ez da nirea, Italo Calvino idazlearenabaizik, eta italierari buruzari da. Ematen du euskaragatik ari dela bete-betean.

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan